Francesca Albanese NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziak aurkeztu du 21 orriko txosten berria martxoaren 23an. 2023ko urriaren 7az geroztik egoera are okerrago bihurtu dela frogatzen du: "Plan koordinatu bat" dauka estatu sionistak, "mendeku kolektiboa eta suntsiketa-intentzioa" ardatz hartuta. Azken bi urte eta erdian, 18.500 palestinar atxilotu dituzte –horietan 1.500 bat haur–, sistematikoki torturatuta; eta datu zehatzik ez bada ere, ordutik, 84 eta 94 artean dira presondegian hil direnak.
Jakina da bere kargua behar bezala betetzeko trabak, zigorrak eta presioak etengabekoak dituela Francesca Albanesek. Nazioarteko estatuak eta instituzioak zentzu batera doaz, eta bera beste aldera, korrontearen kontra. Baina lortu du: Israelera eta Palestinara sartzeko debekua izanda ere, 300 bat lekukotasun bildurik osatu ahal izan du Israelgo Estatuaren torturaren erabilpenari buruzko azterketa. Emaitza argi da: "Israelek bideraturiko genozidioaren eta populakuntza bidezko apartheid kolonialaren ezaugarri estruktural bat da torturarena".
2023ko urriaren 7az geroztik, estatu sionistak palestinarrei begira bideratu errepresioa intentsifikatu eta nolazbait ofizializatu dela dio Albanesek bere txostenean: "Palestinarrak menperatzeko, umiliatzeko eta xehatzeko aspaldian erabilitako sistema eboluzionatu da, eta gogortu egin da estatu doktrina bihurtzeko". Hain zuzen, data horretatik geroztik, 18.500 palestinar atxilotu ditu estatu sionistak –horietan 1.500 bat haur– eta tortura "zigor kolektibo bezala" bideratu zaie, argiki "suntsiketa-intentzio" bati segika.
Txostenean zehazturiko gehiegikerien zerrenda jasanezina da: bortizki atxilotuak eta espetxealdian jipoituak; biluziak; israeldar soldaduen pixa gainera biltzea; irainak; heriotza-mehatxuak; abisurik gabeko leku-aldaketak kartzela ezezagunetara; aire zabaleko atxiloaldiak aterperik gabeko edota ximino-kaiola izeneko kaioletan; batzuetan lurpean preso; txakurren erasoaldiak; loa, zaintza, janaria, higienea kenduta...
Bortxaketaz ere aipatzen dira txostenean: "Israelgo pertsonalek bortxaketak egiten dituzte, baita taldekako bortxaketak ere; anitzetan burdinazko barrak, borrak, eta metal detektagailuak bezalako objektuak erabilita. Atxilotuek kolpeak eta deskarga elektrikoak pairatzen dituzte genitaletan edo uzkian, eta indarrez eta jendaurrean biluzten dituzte. Atxilotuei biluzik ateratzen dizkiete argazkiak, eta emakume eta neska batzuk gizonen aitzinean beloa kentzera behartzen dituzte". Datuak eta informazioak lortzea izugarri zaila izanda ere, NBEko kontalari bereziak dio azken bi urte eta erdian 84 eta 94 artean direla presondegian bizia galdu dutenak.
Hori guztia, presoentzako laguntza juridikoa oztopatuta izanda. Bestela erranda, Israelek inpunitate osoz segitu ahal izateko mekanismoa dute landuta, torturaren erabilpena estrukturala bihurtuta. Funtsean, Albanesen datuei begiratuta, agertzen da 2023ko urriaren 7az geroztik preso sarturiko 18.500 palestinarren artean, aurtengo otsailean 9.245ek segitzen zutela atxiloaldian, eta horietan 3.358 inolako epaiketarik gabe eta beste 3.308 agian noizbait etorriko zaien auzi baten esperoan. Preso horien artean, "4.000 bat bortxaz desagerrarazita" izandakoak direla ere irakurri dezakegu txostenean, "eta aukera handiak daude, horietarik anitz hilda egotea".
Baina tratu txarrena ez da presondegitik jalgitzean gelditzen: abisurik gabe, senideak jakinean jarri gabe eta edozein lekutan uzten dituzte preso ohiak, noiztenka biluzik eta troxatuta edota azpiko arropaz bakarrik jantzita.
“Palestinarrak menperatzeko, umiliatzeko eta xehatzeko aspaldian erabilitako sistema eboluzionati da, eta gogortu egin da estatu doktrina bihurtzeko”
Francesca Albanese
Israelek bideratu biztanleria bidezko kolonizazioari lotzen du palestinar presoen duintasunaren urraketa sistematikoa eta torturaren orokortze hori Albanesek. Beraien lurrak uztera bideratzeko instrumentutzat dauzka Albanesek.
Torturaren parte kokatzen ditu preso izan gabe ere, egunerokoan palestinarrek pairaturiko gehiegikeriak: etxe lapurketak, gosea, kolonoen eta militarren indarkeriak, izu orokortua... Albanesek argiki dio: "Zigor kolektiborako espazio bihurtu da Palestinako lurralde okupatua; bizi-baldintzen suntsiketak indarkeria genozida tortura kolektiborako tresna bihurtu du, eta epe luzera ondorio fisiko eta mentalak ditu populazio okupatuarentzat".
Ez da lehen aldia nazioartearen konplizitatea salatzen duela Albanesek, eta txostenean ere horretaz ari da: "Mundu mailako segurtasunaren industria" eta "estatuen gelditasuna" ohartarazten ditu, Israelek bere gehiegikeria guztiak inpunitate osoz bideratzeko ahalaren baldintza gisa jarrita. Nazioarteko enpresen esku-hartzea salatu zuen iazko uztailean, Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara izeneko txostenean eta Genozidioaren ekonomia Palestinan: Francesca Albanesek lotsagarri utzi ditu multinazionalak erreportajean laburbildu zuen guztia ARGIArako Urko Apaolaza kazetariak.
"Israelgo Estatuaren zilegitasuna deuseztatzeko asmoz bideraturiko joera obsesibo eta herradunaren baitan" kokatu du idatzi berri hori NBEn dagoen israelar misioak. Sekulako zikintze eta gezurtatze kanpaina abian dute sionistek Albaneseren kontra, baina italiar jurista aitzina doa, kosta ahala kosta. Iaz plazaratu zuen Quando il mondo dorme [Mundua lo denean] liburua. Hain justu, hori da guztiaren gainetik jasanezina zaiona: palestinarren kontrako kolonizazioa eta genozidioaren berri badugula, eta hala eta guztiz ere aitzina doala egunez egun, Mendebaldeko estatu eta instituzioen konplizitateari esker.