Udaberrirako fedea

DOM CAMPISTRON
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Heldu den larunbatean, gure herriko haurtzaindegiak solasaldi berezia antolatua du Elorri Arin Elizagoien pedagogo eta psikopraktikatzailearekin: “Mugak eta onginahia: oreka nola atzeman”. Hezkuntza munduan, ikastetxean zein etxean, haurrekiko harremanen muinean datzan erronka da: lehenagoko hezkuntza autoritario bortitza eta utzikeria hutsaren artean, non kokatu behar da? Aske eta beren buruaren jabe nahiko genituzkeen gazteak loratzen laguntzeko, arau egokiak nola eraiki? Horretaz, irakasleok hausnartzeko hainbat erreferentzia eskura dauzkagu, adibidez Hik Hasik 2019an argitaratu zuen Pedagogoak bilduma, zeinetan hainbat teorialari edo praktikatzaileren proposamenak aurkitzen diren; Ane Ablanedoren lanak, Zapalduon pedagogia (Herrima, 2024) eta Heziketa librea (Hik Hasi, 2025); edo UEUk 2024an argitaratu Summerhill. Haurren hazkuntzari buruzko ikuspuntu erradikal bat, L. Santi Angulo Martinen itzulpenarekin, A. S. Neill-en eskola libertarioaren printzipio eta funtzionamendua azaltzen dizkigunak. Hain zuzen ere, eskola horretan, arauak helduek eta gazteek elkarrekin eta manera arrunt demokratikoan hautatzen dituzte: ez da hierarkia edo botere harremanik. Anitz dira alternatiboak deitutako pedagogia horiekin hazi direnen lekukotasun baikorrak. Horietarik bat Ekaitz Bergaretxerena da, Masusta Erreximenta (Herrima, 2024) autobiografian kontatzen baitu zoin uros izan zen Angeluko Oihana ikastolan, aire hartzeak oihanean pasatzen zituela.

Egun, bizkitartean, pedagogia askea aplikatzea aldagai politiko-ekonomiko-sozialen menpeko dagoen hezkuntza sistema nagusian ezinezkoa iruditzen zait. Sistema horrek eskatzen digu irakasleoi ikasleak onginahiz tratatzea, baina berak ez ditu ikasleak ez eta irakasleak ere zaintzen. Behartzen gaitu enpatiaz aritzera, harreman indibidualetan, irakasle eta ikasleen artean, ikasleen artean, galdegiten ditu, beraz, enpatia hitzaren etimologiaren arabera, hurkoaren sufrikarioa senti dezagun; baina botereak berak denok sufriarazten gaitu, etengabeko estres egoeran atxikita. Preseski, hor dago koxka: helduok (burasoak edo pedagogoak), onginahizkoak izateko gogoa ukanik ere, nola izan gaitezke egiazki enpatikoak, haurrei begira, egunero frogatzen dugularik bizi garen gizartean eta sistema ekonomikoan boteredunak gero eta tiranikoagoak direla, muga etiko eta politiko guziak gainditzen dituztela, gizakiak eta bizidunak oro mespretxatuz, mundu osoa su eta gar ezartzeraino? Etsituek liekete Elorri Arinek eskainiko duen hitzaldien gisakoek deus ez dutela balioko, gerla giroa denetara hedatu den garai honetan: mugek ez dute gehiago zentzurik, onginahia kontzeptu utopiko edo hipokrita da.

Etsitzeko eskubiderik ez dugu, eta fedea atxiki behar dugu gure haurrak onginahian eta gure balioei helduta hezten baditugu, zinezko udaberririk ezagutuko dugula

Baina hor dugu literatura: literaturaren bidez, froga dezakegu jende soilaren heinean giza enpatia posible dela eta gaurik ilunenean ere gogor egin daitekeela. Ekialde Hurbilean iragaten ari diren izugarrikeriek Forugh Farrokhzad emazte irandarraren poesia berriz irakurtzera bultzatu naute, Miren Agur Meaberen itzulpenarekin (Susa, 2020):

“Agian, esku gazte bi hauek ziren egia, / elurraren mara-mara atergabean / lurperatutako esku gazteok / eta datorren urtean, udaberriak / zerua besarka dezanean leihoaz bestaldean / eta zurtoin arinek gorputzean kimeztu, / birloratuko dira agian. / Ai, laguna! Ai, lagun bakar bakana! / Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran...” (Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran).

Askatasunik gabeko herrialdean hazitako emazte batek, idazketari esker nolabaiteko itxaropena baldin bazeukan, guk etsitzeko eskubiderik ez dugu, eta fedea atxiki behar dugu gure haurrak onginahian eta gure balioei helduta hezten baditugu, oztopoak oztopo, zinezko udaberririk ezagutuko dugula, bai Ekialde Hurbilean, bai eta Euskal Herrian ere. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.