Beldurra, ikara, laztura, lotsa ere erabiltzen dute Iparraldean. Horixe da Petronor enpresak (Muskiz, 1968-) Enkarterrietako biztanleriarengan sortzen duen sentimendua.
Azken 58 urteetan petrolioaren birfindegi horren inpaktu toxikoak jasan dituzten herritarrak gogora ekarri nahi ditugu. Pairamen horiek ederto islatzen dira Hil ala bizi meatzaldean? Tximinien azpian Meatzaldea Bizirik talde ekologistak 2007an sortutako liburua.
Hiru ataletan herriak izandako borrokako momentu ezberdinak biltzen ditu: hain zuzen ere, Repsol-Petronorrek birfindegia eraikitzerakoan, birfindegia bera zabaltzerakoan, IGCC (termika) eraikitzeko saiakeran eta Coke Planta inposatzerakoan, guztietan egindako gehiegikeria, abusu, eraso eta larderiak eta mehatxuak.
Greba luzeak eta birfindegian izandako istripuek eta benzeno isurketek ondo adierazten dute multinazional boteretsu baten jarrera autoritario eta agintzailea
Galdu genuena kapituluak, garaiko tokiaren eta birfindegia eraiki ostean desagertu zen ibarraren irudiak eskaintzen ditu. Padura ederra izan zen leku hartan, itsasoa zuela zerumugan, ke eta suz betetako ikuspegi samingarria marrazten du Descosido izeneko artista grafikoak. Somorrostroko haranean, Euskal Herriko mugan Burgosekin eta Kantabriarekin topo egiten, mendietan burdinaren erauzpenagatik izandako garapen historikoa polito deskribatzen dute. Trianoko mendi horietan burdinaren beta onak topatzerakoan “All Iron” pintatzen omen zuten Ingalaterratik etorritako teknikariek eta hortik datoz, antza, “Aliron, Aliron” Athletic-en bertsoak.
Herriak bere burua antolatzen du kapituluan, auzokideek bost hamarkadatan egindako lana agertzen du. Kanpainaz kanpaina, hasieran Planta katalitikaren aurka, geroago IGCC termikaren aurka eta azkenean Coke plantaren kontrako kanpaina luzea.
Borrokak jarraitzen du kapitulua zenbait kontaera hunkigarriren bilduma da eta instalazioen hurbilekoek adierazten dute zer suposatzen duen tximinien eta kutsaduraren azpian jaio, bizi eta hiltzea, eta zer dakarren gure funtsezko balioen espoliazioak, hau da, ingurumenarenak eta osasunarenak.
Azken hilabeteetan langileek lan baldintzengatik egindako greba luzeak eta birfindegian izandako istripuek eta benzeno isurketek ondo adierazten dituzte multinazional boteretsu baten jarrera autoritario eta agintzailea, instituzio autonomiko eta klase politikoaren zabarkeria eta osasunaren suntsiketa. Testuinguru honetan aztertu beharko ditugu otsailean hasitako petrolioaren gerra berriak ekarriko dituen kalteak mundu osoan eta, aldiz, Petronor-Repsol enpresarentzako negozio eta dirutza izugarriak. Hor dago koxka!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.