Neguko Olinpiar Jokoetako fokuek itzalpean utzi dute Alpeetako kultur aniztasuna

  • Kirol proba gehienak ladiniarren lurraldean egin dituzte, baina Dolomitetako jatorrizko herri horretako kideek salatu dute haien hizkuntza guztiz bazterrean geratu dela. Turistifikazioa areagotzeak ladinieraren geroan izan dezakeen eraginaren beldur ere badira.

Union de i Ladis de Anpez

2026ko martxoaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Olinpiar izpiritua ekarri du aurtengo neguak Alpeetako hegoaldeko isurialdera, munduko kirolaririk onenak batu baititu Milan-Cortinako ekitaldiak eski-pista ikusgarrietan zein izotz-pabilioi dotoreetan. Milan hiri kosmopolitaz eta Cortina d’Anpezzo oporleku ezagunaz gain, 2026ko Neguko Olinpiar Jokoek Italiako beste zenbait eskualde alpino ere bisitatu dituzte otsailaren 6tik 22ra. Paralinpiarren txanda martxoaren 6tik 15era izan da. Halako ekitaldi erraldoien distiraren atzean, ordea, beti egoten da alde iluna, herritar arrunten iritzia eta gizartearen oinarrizko beharrak baztertzen baitira gutxi batzuen interesen mesedetan.

Kirolarien balentrien eta ahalik eta dominarik gehien irabazteko lehia patriotikoaren artean, albisteetan tartetxo bat egitea lortu dute herritarrek antolatutako protesta batzuek. Dirua modu izugarrian xahutu dela salatu dute, hasierako aurrekontua nabarmen gaindituta eta oinarrizko beharretan errekorteak eginda. Ingurumenari eragindako kalteaz ohartarazi dute beste batzuek, Alpeetako ekosistema zaurgarria kolokan jarri delakoan. Amerikako Estatu Batuetako ICEko agenteen presentzia gaitzetsi duenik ere izan da. Baina bada albistegietan aipamenik jaso ez duen beste kalte bat ere: kultura eta hizkuntza txikiek jasaten duten gutxiespena eta halako ekitaldi globalek haientzat dakarten arriskua. Cortinako jatorrizko herria diren ladiniarrek ozen salatu dute hori, baina ia inork ez die entzun.

Izan ere, Neguko Jokoak Italia uniforme batean egin direla saldu diguten arren, dena italierazko lelo sinpatikoz eta bandera berde, zuri eta gorriaren kolorez apaindua, Alpeen hegoaldeko isurialdeko errealitate kulturala askoz konplexuagoa da. Cortina d’Anpezzon ez ezik, Dolomiten inguruko eskualde guztian ladiniarrak bizi dira, erromatarren garaitik mendiarekin estu lotutako bizibideari eutsi nahian. Bestetik, Olinpiar Jokoetako biatloiko probak Rasen-Antholz herrian egin dira, eta han alemanieraz hitz egiten dute gehienek, ez italieraz.

Jokoak antolatzeaz arduratu den batzordeak, ordea, ezikusiarena egin dio aniztasunari eta italiera izan da hizkuntza nagusia, ladinieraren aldeko elkarteek salatu dutenez. Nazioarteko Olinpiar Batzordearen hizkuntza ofizial diren frantsesarekin eta ingelesarekin batera, estatuko hizkuntzak hartu du espazio guzti-guztia, eskualdeko komunitate linguistikoak ezabatuz.
“Gure herriaz ematen den irudia ez da erreala, benetako errealitatea beste bat da”, azaldu dio ARGIAri Chiara Olivierik, Union de i Ladis de Anpezo (ULDA) elkarteko idazkariak. Cortina d’Anpezzon (ladinieraz, Anpezo) bertako hizkuntza eta kultura babesteaz arduratzen da ULDA eta gogor salatu du Olinpiar Jokoen Batzorde antolatzailearen jarrera. “Ladinierak ez du inolako espaziorik izan Jokoetan”.

Argazkia: AP

Ladiniarrak izan badirela eta euren kulturaz harro daudela munduari erakusteko modu ia bakarra haien bandera izan da. ULDAk eta beste elkarte batzuek herritarrei dei egin diete bandera berde, zuri eta urdina etxe eta kaleetan jar dezaten eta erantzuna primerakoa izan da. “Bisitarien artean gure inguruko jakin-mina piztu nahi izan dugu eta, nonbait, bete dugu helburua, atzerriko kazetari askok gugana jo dutelako banderaren esanahia ezagutzeko eta elkarrizketak eskatzeko”, kontatu digu Olivierik.

Izan ere, herri txikia izanagatik, ladiniarrek sendo eutsi diote berezi egiten dituen nortasunari. Ladiniako udalerri gehienetan %80tik gorakoa da hizkuntzaren ezagutza, erabilera handia da etxean zein kalean baina, biztanle gutxi direnez, guztira 30.000 eta 40.000 hiztun artean baino ez direla diote estatistikek. Horrek zaurgarri bihurtzen du gertakari handien aurrean, adibidez, Olinpiar Jokoak egiten badira edo, orokorrago, turistifikazioa bultzatzen bada.

Gainera, Cortina d’Anpezzo da ezagutza datu bikain horietan salbuespena: %16ra ez da iristen, izan ere, 1956an Neguko Olinpiar Jokoak bertan egin zirenetik neguko kirolen paradisu bihurtu zen ingurua, jende ezagunaren oporleku eta, pixkanaka, bigarren etxebizitzek eta Italiako beste eskualde batzuetatik etorritako biztanle berriek jatorrizko ladiniarrak irentsi dituzte.

Prozesu horri buelta emateko, administrazioa ez da ladiniarren aliatu izan. Veneto eskualdeko Belluno probintziaren mutur batean dago Cortina eta, Chiara Olivierik salatu duenez, beraien ibarra da ladinieraz eskolarik ez duen bakarra, ondoko Fodómekin batera. Ladiniarren lurralde historikoa osatzen duten beste hiru ibar edo eskualdeetan (Gherdëina, Val Badia eta Fascia) eskolako hizkuntza da ladiniera, haurtzaindegitik hasi eta Bigarren Hezkuntzaraino. Autonomia zabala duten Trentino eta Hego Tirolen kokatuta daude, biak ere kultura txikiekin sentsibilitate handiagoa duten eskualdeak.

Dolomitetako Sella mendigune ikusgarriaren inguruan, beraz, bost ibar ladiniar zabaltzen dira lau haizetara. Estatu boteretsuen arteko gatazkek eta zatiketa administratiboek baldintzatu dute haien historia, ladiniarrentzat elkargune diren mendiak muga direlako kanpotarren begietara. Napoleonen porrotaren ondoren, Tiroli lotuta geratu ziren Ladiniako bost ibarrak, Austria-Hungariako Inperioaren barruan. Lehen Mundu Gerraren amaieran, ordea, Italiari eman zioten Tirol hegoaldea eta, beraz, ladiniarrek ehun urte pasatxo baino ez daramatzate Erromaren menpe. Azken mende honetan pairatu dituzte Benito Mussoliniren italiartze politika bortitzak, neguko kirolen loraldia eta turistifikazio neurrigabea.

Veneto, Trentino eta Hego Tirolen artean zatituak egonik, ladiniarrak aspalditik ari dira bost ibarrak elkartuko dituen egitura administratiboa eskatzen edo, gutxienez, Cortinari utz diezaiotela Hego Tirolen sartzen, hor ladiniarrek Veneton baino eskubide gehiago dituzte eta. 2007an erreferendumean onetsi zuten asmoa, baina harrezkero egoera ez da aldatu.

Kulturaz eta historiaz tiroldar eta austriarrengandik gertuago italiarrengandik baino, hizkuntza ere familia erromantzearen barruko aparteko adar batekoa dute ladiniarrek. Alpeetako eremu zabalean latinak izan zuen berezko eraldaketaren fruitu dira hizkuntza erretorromaniarrak izenekoak, alegia, ladiniera eta haren ahaide gertukoenak: Suitzako erromantxea eta Italia ipar-ekialdeko friulera.

Argazkia: Union de i Ladis de Anpez

Antolatzaileen laguntzarik ez
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak honako hau adierazi zuen 2026ko Jokoak hastear zirela: “Italiako mendietako hizkuntzak mila urte inguruko ondare baliotsua dira eta errotutako tradizioak, sekretuak, arauak eta kulturak gorpuzten dituzte”. Hitz politak baina hutsalak, ladinierari eta jatorrizko beste hizkuntzei eman dieten tratamendua ikusita. Europako Nazionalitateen Batasun Federala erakundeak (FUEN, ingelesezko sigletan) ohartarazpen zuzena egin dio Olinpiar Batzordeari, esanez hizkuntza minorizatuen aurrerabidearen ardura guztia ez dela hiztunen gain utzi behar, ekitaldi handiak antolatzen dituzten erakundeek ere erantzukizuna hartu behar dutela.

“Olinpiar Jokoak eta halakoak herri minorizatuen lurraldeetan antolatzen direnean, haien kultura eta hizkuntza azpiegitura ofizialaren parte izan behar dira”, dio FUENeko presidenteorde Bahne Bahnsenek. “Hizkuntzok ikusgai bihurtzea ez da keinu sinboliko hutsa, errespetuaren eta berdintasunaren adierazpena baizik”. Dibertsitateaz hitz egitea alferrik da baldin eta ez badira ekintza zehatzak egiten, FUENen ustez: “Ziurtatu behar da hizkuntza gutxituek era naturalean lekua dutela espazio publikoan eta ekitaldi ofizialetan”.

Bistan da eskari horiek ez direla bete. 2021eko Eski Alpinoko Munduko Txapelketa hartu zuen Cortina d’Ampezzok, aurten Olinpiar eta Paralinpiar Jokoen txanda izan da eta ladinierak ez du dagokion tokia izan ez batean ez bestean. 2031n Val Gherdëinan egingo den Eski Alpinoko Munduko Txapelketarako ere ezin esperantza handirik izan. Fondazione Cortinak, Jokoen hautagaitzaren bultzatzaileak, ez duela inplikatu nahi izan salatu du ULDAko Chiara Olivierik. Ohiko ukitu folklorikoa emateko baino ez dira ladiniarrez gogoratzen: “Batzuetan, lore-sortak eta dominak emateko ekitaldietara gure jantzi tradizionalekin joateko eskatzen digute, eta Olinpiar Jokoetan ezta hori ere”.

Estatu boteretsuen arteko gatazkek eta zatiketa administratiboek baldintzatu dute haien historia, ladiniarrentzat elkargune diren mendiak muga direlako kanpotarren begietara.

ULDArekin batera, Ladinia guztiko herritar eta elkarteak batzen dituen Union Generala di Ladins erakundeak bertako kulturaren eta hizkuntzaren berri emateko jarduerak jarri ditu martxan, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoez gozatzera doazen bisitarientzat. Txoko guztietan ladiniarren bandera ageri da eta, gainera, ladinierazko oinarrizko hiztegitxoak banatu dituzte, material informatiboa prestatu dute eta ibar bakoitzeko ohitura bereziak erakutsi dituzte. “Jakin-mina eta interesa nabaritu dugu jendearengan”, azaldu du Olivierik.

Epe luzera, kezka
Ladiniarren komunitate linguistikoari bizirik eusteko bidean Jokoak ez dira momentuko eragozpen bat, suziri olinpikoa itzaltzearekin desagertuko den mehatxua. Izan ere, neguko kirolek eta turismoak hainbeste baldintzatutako eskualdean, bertako identitatearen aldeko borroka etenik gabea da. Dolomitak Italia guztiko zein beste herrialde batzuetako bisitariak hartzen hasi zirenetik, gero eta zailagoa bihurtu da ladiniarrentzat arbasoen lurraldean duintasunez bizitzea: hotelek eta oporretako etxeek hartutako herrietan ez dago bertakoentzat nahikoa etxebizitza; prezioak gero eta garestiagoak dira; eta politika publikoak turismoari begira egiten dira maiz. 2026ko Jokoek joera hori areagotu baino ez dutela egingo salatu dute ladiniarren aldeko elkarteek.

Talde Etnikoen Hego Tirolgo Institutuak zabaldutako datuen arabera, 2018an Cortinako etxeen %60 bigarren etxebizitzak dira. Halaber, 1991tik 2021era nabarmen handitu ziren kanpotarren egonaldiak Ladiniako bost ibarretan eta ia neurri berean egin zuen behera ladiniera hiztunen proportzioak. Ez ladiniarrek hitz egiteari utzi diotelako, tinko eusten baitiote hizkuntzari, gero eta italiar gehiago hara bizitzera joaten direlako baizik, ladiniar gazte askok beste norabait alde egin behar duten bitartean, aukera hobeen bila.

Oro har, Italiatik Ladiniara lekualdatzen den jendeak ez du interes handirik izaten bertako hizkuntza ikasteko. Are, seme-alabak italiera hutsez hezten dituzte, Fascian, Badian eta Gherdëinan eskolan ladinieraz ikasteko aukera dagoen arren. “Bikote mistoek, italiar eta ladiniarren artekoek, galera handitzen dute, horietan italiera delako etxeko hizkuntza eta, ondorioz, belaunaldi berriek italieraz baino ez dute egiten”, gaineratu du ULDAko Chiara Olivierik etsipenez. “Gure inguruko taberna, denda eta jatetxeetan pilo bat italiar langile daude eta horiek ez dakite ladinieraz”.

Lehendik ere egoera hain latza izanik, ladinieraren aldeko elkarteak beldur dira 2026ko Neguko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak komunikabideen bidez izaten ari diren mundu mailako ikusgaitasun itzelagatik, turistifikazioa neurri gabe areagotuko duelakoan. Dolomiten altzoan belaunaldiz belaunaldi iraun duten hizkuntza eta kultura bereziaren geroak kezkatzen ditu, baina, Olivierik ohartarazi duenez, baita etxe eta babesleku izan duten eremu naturalarenak ere: “Lurraldea nola ustiatzen ari diren ikusita, arduratuta gaude, naturan izango duen eragina egundokoa izango da”. 


Ladinia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.