Matriuskek gorde eta mimatzen dutena

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Mihise bat da folio zuri bat, zer marrazki, zer kolore, zer tonalitate, zer tenore ekarriko duen aurretik jakiterik ez dagoena. Eta halakoa da bizitza, sormena, musika eta Mihise ere bai; sorpresaz betea. A zer aurkikuntza! 

2025eko abendua, Durangoko Azokan barrena, jende andana, produktuak ugari… Stand baten parean, Mihise izenekoa. Bi gazte bizardun. “Kaixo Iker!”. Nortzuk diren ez dakit, despistatu amorratua naiz. Agurtu eta banindoala, keinu bat egin eta CD bat luzatu didate opari. Harrituta, eskerrak eman eta poltsan sartu dut.

Pasa da denbora, pilatzen doaz entzutekoak eta halako batean, atera dut diskoa poltsatik entzuteko. Hara! Zer da hau? Entzun ahala, emaitzarekin txundituta, jakinminez bilaketa egin dut sarean: iraganean Hotzikara eta Izeberg taldean aritutako kideek osatzen dute, hurrenez hurren, 2011n eta 2016an orriotara ekarri nituen usurbildar hauen diskoak. Metalean trebatuta, bestelako koordenadatara eraman dute orain sormena. Instrumentalki oso aberatsak dira piezak, eta sorpresaz beteak; matriuskak bezala abesti bakoitzak kantu gehiago gordetzen ditu bere baitan. 

Noraezinean pop gardena da, emo-aren esentzia daukana eta jantzi orkestralarekin erritmo sarkorra duena. Bazabiltza trantsizio minimalista da, prog-etik ere baduena. Dena eman eztanda bat da: zikina, Tad eta Mudhoney-en lokaztuta eta Suicide edo Flying Nun-en sinte destroy-ak ere ibiltzen dituena. Egizu negar XXI. mendeko saeta da, intentso eta kiribildua; Usurbilgo Omega? Galduta zaude pop-rock kiribildu, jostari eta itsaskorra da, indarrez biderkatzen dena. Senda bidean trantsizio ia folky onirikoa da. Heldu beharrik gabe da Itoiz-en soiltasuna eta dotorezia biak batean ur azpitik proiektatuta. Norbera-k moog-arekin lagundutako introa, stoner pisutsua eta Prodigy-ren tamainako elektronika eztandagarria uztartzen ditu. Eta, azkenik, Aldatu zara-k konbinatzen ditu Belako-ren eskolako sinte introa, stonerra-ren presentzia eta emo-aren malenkonia sarkorra eta egiazkoa


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...