Mamarruak uxatu, udaberria ekarri

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aro ona ez da berez etorriko, guk ekarri beharko dugu. Giro onak dakar berezko aro egokia, baina gurean eta munduan ez da giro azkenaldi honetan.

Gure etxea girotzen hasi beharko, ingurugiro egokia sortzen. Euskaldunontzat ekosistema aproposa lortu.

Mamarruak uxatu beharko ditugu, ezer baino lehen. Mozorroturik datozenak, batzuk: “euskara denontzat” (sic!), “elkarrekinsumarbai”, “kokoak” eta antzeko izen-deiturez euskarari hegoak ebakitzera datoz gupidarik gabe. Beste batzuk, lotsarik gabe, non eta Jaurlaritzaren egoitzan “en castellano!” orro eginda isilarazten digute euskara, bideak itxi.

Mamarruei mozorroak kendu beharra dago, baina. Horiek guztiek ontzat ematen dute gazteleraren-frantsesaren inperioa Euskal Herrian hedatu izana mendeetako linguizidio, etnozidio eta genozidioaren emaitzak “berdintasun naturala” ekarri digutelakoan, hots, guzti-guztiok gazteleraz edo frantsesez mintzatzea bedeinkazio demokratikoa bailitzan. Euskara Euskal Herrian berreskuratu eta hedatzea, ordea, “esentzialismoan” erortzea, bazterkeria sortzea eta, are, “arrazakeriatik hurbil” kokatzea dela esango dizute, gainera, zapalkuntza sistemikoari irain mingarria gehituta.

Baina ulertu behar dugu larrialdiaren dimentsioa. (...) Euskal kultura sistema osoa, euskal nortasuna eta gure nazioaren artikulazioa bera dauzkagu egoera larrian

Printzipioak argi eta egintzak zuzen, guztiz irauli behar dugu euskaldunok giro itogarri hori. Udaberria ekarri. Badugu indarra eta kemena larrialditik irten eta euskal pizkundea hedatzeko, uhin berria zabaltzeko. Izan ere, euskalgintza eta naziogintza positiboak abian dira gurean. Erreparatu inguruari, hasi da Korrika berria, Atharratzetik Bilbora Euskal Herri osoan euskara abiadan jarriko duena. Hasi da, halaber, hamabigarrenez, Loraldia berria; Errigora ere badabil eskutik eskura. Zuberoan Xiru iragarri dute apirilerako; EH Batera jokatzeko aberri eguna bilduko da Lizarran; Naziogintza elkartea euskara bidegurutzetik aurrera abiatzeko hitzaldi ziklo osoa garatzen ari da Azpeitian; Nabarralde elkarteak programazio betea antolatzen dihardu udaberrirako. Euskalgintzaren Kontseiluak ekainerako deitu gaitu Iruñean euskaldunok euskaraz bizitzeko bideak zabaltzera; Euskaltzaleen Foroa ekinean ari da noiznahi eta nonahi; Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia etengabe ari dira ETB El Conquis noraezetik bide euskaldunera erakartzeko; Historiazaintza ekinean ari da Euskal Herriaren Historia, tokikotik orokorrera, ikerketan, heziketan zein zabalkundean garatzeko lanetan…

Herritarren mugimendu eta mobilizazio zabal horri norabide, antolatze-sistema eta estrategia egokiak eman behar dizkiogu, zalantzarik gabe. Euskaldunok ekosistema egokia behar dugula esan dugu hasieran, baina ideia horrek gogoeta sakona eskatzen digu. Euskara larrialdian dagoela diogu eta jarraian euskararen aldeko lanetan abiatzen gara. Baina ulertu behar dugu larrialdiaren dimentsioa. Larritasunak ez du, besterik gabe, euskara, gure hizkuntza, bere horretan soilik harrapatzen. Euskal kultura sistema osoa, euskal nortasuna eta gure nazioaren artikulazioa bera dauzkagu egoera larrian. Ekosistema hori da, osotasunean, antolatu behar duguna, euskararentzat eta euskaldunontzat etorkizun emankorra nahi badugu behintzat. Herri mugimendu zabal hori motor izanik, euskal nazioak behar dituen erakunde, instituzio, subjektu eta euskarri guztiak inplikatu behar ditugu sinergia horretan. Euskal nazioari antolaketa demokratikoa eta etorkizun oparoa eskaini behar dizkiogu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.