Libanon dena da harea mugikorra

Nina Kfar Kilako bere etxeko hondakinetan, Israelgo armadak suntsitu eta aste gutxitara.Andoni Lubaki / Ronak Press (Creative Commons By-Nd-Nc 4.0)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Denek, Patil Chakakerianek izan ezik, ospatu zuten Homenmen Beirut futbol taldearen gola armeniarren Bourj Hammoud auzoan. 2025eko martxoaren erdialdean, gol hori baino minutu batzuk lehenago, Patilek, armeniar errefuxiatuen ondorengo gazteak, Eli lankidearen deia jaso zuen. Bere lagun musulman sunitak, Rob-ek, bere buruaz beste egin zuen. “Denbora zeraman isilik”, bere ahaideen arabera. “Bizitzeko gogo gutxi”, Nabatiehko institutuko lankideen arabera. Libanoko medikuntza-zerbitzuko psikologo klinikoen arabera, hilabete batzuk lehenago baja eman zioten PTSD zuelako (Estres Post Traumatikoa, ingelesezko sigletan). Rob gazteak bere izena gehitu zuen Libanoko Gobernuak abandonatutako funtzionarioen zerrenda batera. Bere buruari tiro egiten diote askok, gizarte eta ekonomia aldetik kolapsatuta dagoen herrialde batean laguntzarik jaso gabe. Suizidioa, ikusitakoaren eta bizitakoaren irtenbide bakarra.

"Gaur egun Libanoren balkanizazioaz hitz egiten da Europako hedabideetan. 1980ko hamarkadaren amaieran, Balkanetan, titularrek zioten saihestu egin behar zela Jugoslavia ohia Libanokoa bezalako gatazka bihurtzea. Hemen Libanon egoera askoz zailagoa eta konplexuagoa da. Erlijio gehiago daude; interes kapitalista basatiak aurrez aurre; Hezbollahren moduko armada ez-estatalak (nazionala bezain ahaltsuak); Sabra eta Xatilako palestinarrak bezala, belaunaldiz belaunaldi luzatzen den errefuxiatuen arazoa; inguruko herrialdeen, israeldarren eta oraintsu arte Siriaren, esku-hartze atzerritarrak; eta abar. Gure arazoaren balkanizazioa hobekuntza litzateke orain dugun egoerarekin alderatuta", azaldu du Hagop Pakradounian Armeniako Federazioa alderdi ezkertiarreko parlamentari eta bozeramaileak.

Israelgo armadak  Kfar Kilako paretetan utzitako pintadetako bat. Andoni Lubaki / Ronak Press (Creative Commons By-Nd-Nc 4.0)

32 urte dituen Sabrinek Tiron du etxea, eta hegoaldetik zetozen familiak babesten ziren eta GKEen laguntza jasotzen zuten eskolan aritzen zen boluntarioki lanean. Premiazko laguntzari leku egiteko, hezkuntza alde batera uztea (herrialde bat sostengatzen duen epe luzeko inbertsioa) herrialdea lokatzetan abandonatzea bezalakoa da. Bertatik ateratzea urtez urte zailtzen da, gainera. Goseak eta beldurrak, etsaien soldaduak balira bezala, eraso egiten jarraitzen dute armada inbaditzaileek hanka egiten dutenean. 2025ean, haurrak eskolara joateaz eta haien osasuna ahalik eta onena izateaz arduratzen zen Sabrine. Orain bera da errefuxiatua eta laguntza eskean dabilena.

"Duela bi aste dena okertu zen etsaiak aurrera egin eta hegoaldean eremu gehiago okupatu zituenean. Buffer eremua (Libanoko armadak ezarritako segurtasun eremua) handitu egin zen eta errefuxiatuak tsunami gisa iristen ziren. Egun batean mezu bat iritsi zen gure mugikor guztietara. Ez zen SMS bat, ezta aplikazio zehatz batetik jasotako mezua ere. Telefonoaren sistema eragilea bera zen, honako hau zioena: "Joan zaitezte orain. Gero berandu izango da. Ez da barkamenik egongo geratzen direnentzat. Denak hartuko ditugu terroristatzat". Gure telefonoan etsaia sartuta zegoen! Gogoan dut anabasa, mehatxu orokor hori iritsi eta minutu gutxira. Ez zegoen telefonorik hegoaldean abisu hori gabe. Tiroko errefuxiatuentzako zentrotik irten zitezkeenek hanka egin zuten. Beste asko autobusez eraman zituzten iparraldera. Inbaditzailea zetorren eta heriotza zen hori hemengo askorentzat", azaldu du Sabrinek telefonoz.

Artikulu honetarako elkarrizketatu batek ere ez du inoiz Israel hitza erabiltzen. Lana Yasminek izan ezik. Tiroko Udal Institutuko historia irakaslea da, argi eta garbi Hezbollahren aldekoa, sunita izan arren. "Israel sortu zenetik gerra izan dugu beraiekin. Sortu bezain laster, kolono batzuek hegoaldearen zati bat hartu eta olibondoak eta abereak lapurtu zizkieten han bizi zirenei. Beti izan da gerra. Gerra izan zen Hezbollah existitzen ez zenean, gerra izan zen Iran Persia zenean eta ez zion Libanori laguntzen (sic), gerra izan zen ekialdean lurrak kendu zituztenean, gerra izan zen milaka palestinarrek bonbetatik ihes egin zutenean. Hezbollah aitzakia da, Hamaseko palestinarrak bezala. Inperialismoa da, faxista eta musulman fedearen aurkakoa", dio Lanak bideo-dei bidez Batrounetik. Iparraldeko hiri horretan familia du eta bertan babestu da. Elkarrizketa amaitu eta minutu gutxira, Netanyahuk, Israelgo lehen ministroak, nahi duen gauza bakarra Hezbollah desagertzea dela esan du, ez duela asmo espantsionistarik inguruan.

Kfar Kila sarreran dagoen biribilguneko bandera gorri xiita. Andoni Lubaki / Ronak Press (Creative Commons By-Nd-Nc 4.0)

Dronea nagusi buffer eremuko hondakinetan
Hondakinek Kfar Kila irentsi zuten Israelek bere kaleak zapaldu zituenean. Ondoren (Libanoko eremu subiranoa inbadituz) eraiki zuten harresiaren bestaldera erretiratu zen. Atilaren armada balitz bezala, suntsituta geratu zen herrialdea. Pintadaz beteriko paretak, biztanle musulmanei trufa egiteko. Nasrallahren heriotzaz barrezka. Kale denak hutsak. Haien barrenean zebiltzan pertsona bakanen urratsen oihartzuna entzuten zen. Ozta-ozta geratzen zen biribilgune bat, non bandera gorri batek hondakinen subiranotasuna adierazten zuen etsipenezko erresistentzia-ahaleginean. Gerran hondakinak ere erreklamatzen baitira. Nekatu aurpegia zuten gizon batzuk eguzki gupidagabetik babesten ziren, aterpea eskaintzen zuen eta zutik mantentzen zen eraikin bakarrean. Noizean behin itzaletik atera, zerura begiratu eta "hor jarraitzen du" esaten zuten. Israeldarren zaintzarako drone arin bat zelatan zegoen goitik, udako eltxo gogaikarri baten antzeko zarata eginez. Noizean behin jaitsi, lurretik metro gutxitara kaleetan zehar hegan egin, eta berriro igotzen zen, edozein mugimendu zelatatzen zuen lekura.

Gizon batzuek ileordea zeramaten eta kotxez eta lekuz aldatzen zuten etengabe, armada sionistak bere begi elektronikoekin antzeman ez zitzan, dena ikusten eta jakiten baitute. Hauek herriko alargunei laguntzen zieten hilerrirantz. Beltz sakonezko nikabak estaliak, lur freskoko hilobietan pausatzen ziren. Kalera irten, bidea seinalatu eta eraikinaren sabel irekira itzultzen ziren. Ikusle bakar batentzat eginiko koreografia ezin hobea; Israel. Behin eraikinak izan ziren altzairuzko nerbioetatik hegan egiten zuten droneek. Asmatutako hizkuntza bat elkarrekin komunikatzeko bide bakar gisa. Distopia bat hondakin multzo batean, egun batean bertan bizi izan zirenengatik ohorez mantendua.

Bandera gorria mugitzen zen biribilgunearen ekialdean, bideak Israelen defentsarako harresira zeraman. Hameedek honela zioen txantxetan gaztelania perfektuan: "Juduek eraikitzen dute, beraiek hain azkar aurrera egin ez dezaten. Harresia beraientzat da!". Real Madrileko txandal bat jantzita, Espainiako armadarentzat askotan lan egiten zuela esaten zuen. Baina aspaldi ez zuela egiten: "Jada ez didate deitzen. Zer itzuli behar da inor bizi ez den lekuan?", eta inguruan eroritako etxeen basamortua seinalatu zuen.

Buffer zonaldea segurtasunagatik izendatutako zonalde bat da, non armada batek hil dezakeen, su-etenik hautsi gabe. Burutik sano dagoen inork ez luke aldean armarik eramango, heriotza segurua izango litzatekeelako. Arma bat bilakatzen da dena bertan; balio bera dute AK-74, makila edo harriak jaurtitzeko uhinek. Bitxia da nola beldurtzen den Israel XXI. mendean bere mitoa sortzen lagundu zuten armak ikusita. Alderdi galtzailearen lurraldean hildako biktima gehienak zibilak dira. Nekazariak eta artzainak gehienbat. Sionek tiro egiten duenean hiltzeko da, Sionen mitoarentzat dena baita mehatxua. Navatiyah inguruko buffer eremua, eraitsitako Kfar Kila herria dagoen tokia, Libanoko armadak kontrolatzen zuen. Soldadu libanoar bat patruilatzen ari zen abisurik gabe eta inpunitate osoz tiro bat jaso zezakeen eremu gris horretan, Israelek eraiki zuen harresiari begira: "Tiro baten zain egongo bazina bezala da, eta ez da inoiz iristen. Baina badakizu iristen zaizunean ez duzula sentituko". Iristen zitzaionean sentituko ez zuen zerbaiten zain zegoen. Eta horrela hilabeteak zeramatzaten heriotzaren zain hormatik gertu. Jakin bazekien, hiltzen bazuten, bere izena folio arin bezain merke bateko protesta formal bat baino ez zela izango, eta gaizki argiztatutako eta aire girotuzko bulego zaratatsu bateko paper pilo batean amaituko zela protesta ofiziala. Buffer eremuko heriotza bat folio pila batean amaitzen da beti.

Orain, martxoaren amaieran, ez dago buffer eremu hori. Posizioa aldatu zen inguru horretan Hezbollahren eraso gehiago ez zegoelako. Israelgo makineria nekatu egin zen ibiltariak hiltzeaz, eta hiltzeari utzi beharrean, Libano are gehiago inbaditzea erabaki zuen. Hondakinak errauts bihurtu zituzten eta beste buffer eremu bat ezarri zuten segurtasunagatik. Orain legezkoa da nekazariak eta artzainak hiltzea pixka bat aurrerago.

Herritarrek Kfar Kila argazkien bidez bakarrik gogoratzen dute. Milaka errefuxiatu eta hilketa geroago, Israelek biztanleria zibilean eragindako kalte desproportzionatuak agerian geratu ziren. Kfar Kila mapa ofizialeko orban batean baino ez da existitzen. Gaur egun inork ez ditu ospatzen Homenmen Beiruten golak eta Rob (bizitzeko gogo gutxi zuen irakaslea), estresak eragindako suizidio-indize altuenak dituen Ekialde Ertaineko beste izen bat da.

Kfar Kila erdialdean zutik geratzen den etxe bakarra. Goian Hezbollahko martirien argazkiak ageri dira etxeko hondakinen artean. Andoni Lubaki / Ronak Press (Creative Commons By-Nd-Nc 4.0)

Sistema politiko berezia eremu gatazkatsu batean
Libanoko sistema politikoa sistema berezia da. Urte askotako gatazka batetik sortu zen, hain zuzen ere "balkanizazio" arazo hori amaitzeko eta herrialdeko (ia) talde etniko eta erlijioso guztiei lekua emateko. Arazoak parlamentuan konpon zitezen, eta ez kalean. Eredu hori ez da denen gustukoa, baina denek onartu zuten gaitz txikitzat. Ekialde Ertaineko Suitza izenez ezagutzen zen Mediterraneoko herrialdea kontsumitu zuen indarkeriari amaiera emateko bide bakarra izan zen. 1975eko gatazka armatua amaitu zenean, brotxakada lodiz eraberritu zuten sistema hau, ia lehen zegoen bezala utzi eta arazoaren konponbidea atzeratuta. Presentzia handiagoa eskatzen zuten herrialdeko zenbait hegali lekua egitea funtsezkoa izan zen, eta politikarien artean eskua emanda makillatu zuten borrokaren amaiera. Baina arazoaren muina ez zen konpondu.

Presidentea beti izan behar da kristau maronita eta parlamentuko bi herenek hautatu behar dute. Parlamentu hori hauteskunde irekietan aukeratzen da, eta hauteskunde horietan alderdiei egindako dohaintza opakoak legezkoak dira. Presidente horrek aukeratzen du presidenteordea, indarrez sunita izan beharra duena. Parlamentua (ez dago senaturik) 128 diputatuk osatzen dute; 64 kristauk eta 64 musulmanek. Hauek, aldi berean, sekta erlijiosoen arabera banatzen dira: maronitak, sunitak, xiitak, drusoak, ortodoxoak, etab. A Grosso Modo. Libanon dena da A Grosso Modo inor ez haserretzeko, eta sakoneko itunak, hala nola ekonomikoak, sozialak eta sanitarioak, gainazalean geratzen dira. Aldaketa txikiak hitzartzen dituzte muinean ezer alda ez dadin. Ustelkeriari sekula ez diote aurre egin, adibidez, eta hori da estatu honen minbizia. Dena A Grosso Modo. Horrela, sistema arazo eta konponbide da. Kanpoko interesentzat oso iragazkorra da. Estatuaren erregulazio gutxi edo batere ez duen kapitalismoa da jaun eta jabe. Zapaltzen duzun tokian zapalduta ere harea mugikorra da Libanoko politika.


Libano kanalean gehiago
2025eko uztailaren 17
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

2025eko urtarrilaren 16
Izan zitekeen

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.