Arrakasta taktikoa, amesgaizto estrategikoa

  • Larunbata zen aurtengo otsailaren 28a. Zapatua, 2023ko urriaren 7a bezala. 1973ko urriaren 6a bezala. Sabbath. Zorrotz gorde beharreko jaieguna fededun judutar ororentzat. Seguruenera horrexegatik, orain arte, Israeli eraso egiteko asmoa zutenek baliatu duten eguna izan da historian: Hamasek, Gazatik 2023an; Egiptok, Siriak eta abarrek 1973ko Yom Kippur jaialdian... Zergatik, orduan, 2026ko otsailean Israelek berak egin du sabbath betean Iranen aurkako erasoa?

Martxoaren 9an Teheranen egindako protesta, gobernuaren aldekoa.ZUMA Press
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Egungo Mendebaldeko gizarteon –eta, bide batez, Israelgoaren– ezaugarria omen dugun “zero erlijioaren” frogantza argia dela iritziko dio Emmanuel Todd historialari eta soziologoak. Litekeena da. Behintzat, fundamentalista juduak Netanyahuren aginte-kide diren arren, inork ez du fitsik esan jaiegunean gerra hasteagatik; galduz gero, agian, aterako du hitza norbaitek.

Horren sofistikatuak ez garenoi sinesterrazagoa egiten zaigu, demagun, sorpresa-faktorea baliatu nahi izan zela: aurkariak gutxien esperoko lukeen eguna izango zen zapatua. Beraz, sorpresa-premiak zurituko luke araua, erlijiosoa nahiz nazioarteko zuzenbidearena, haustea. Edo are prosaikoagoa ere izan daiteke esplikabidea: USS Gerald R. Ford hegazkin-ontzia, munduko hoberena omen, hamaika gorabeheraren ondoren, Israelen Haifako portura hurbildu eta 24 ordura hasi zuten Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoa. Pragmatismo hutseko zioa litzateke, beraz.

Halaz eta guztiz, Trumpen unibertsoan ere esplikabideren bat behar du eginbidean zen negoziaketa-prozesu baten erdian aurkariari erasotzeak. Ez da soilik, ezta nagusiki ere, hoben morala edo gaiztakeria itsusia: etorkizuneko edozein negoziazio –baita beste batzuekin ere– baldintzatuko duen aurrekari pozoitsua da. Mesfidantza ankerra ereingo duena. Lehen ere horretatik sobera duen ingurumari batean.

Kontua da Khameneiren hilketak irandar indar-egitura burugabetzea edo aginte-katea ganoraz etetea lortu ote zuen; geroztiko bilakaerak ezetz iradokitzen du

Ezingo zaio ukatu, haatik, hala nahita edo nahi gabe, arrakasta nabaria izan zuela erasoaren ezustekotasun erlatibo horrek otsailaren 28an: Ali Khamenei, Irango lider gorena, eta dozenaka goi-arduradun erail ahal izan zituzten euren etxeetan edo jardun-lekuetan AEBek eta Israelek, airetik oso arrisku gutxirekin egindako erasoekin. Argi dago ez zutela halakorik espero haiek, une hartan behintzat.

Bestelako kontua da hilketa horrek irandar indar-egitura burugabetzea edo, sikiera, aginte-katea ganoraz etetea lortu ote zuen. Geroztiko bilakaerak ezetz iradokitzen du, eta hala aitortzen dute jada begirale askok Mendebaldean ere: “pilotu automatikoarekin” jarduteko gai izan omen da sistema irandarra. Arrakasta taktikoa porrot estrategikoarekin aise uztartu baitaiteke. Eta alderantziz. Askotan gertatu da.

Trumpek negoziaketa-prozesu baten erdian aurkariari erasotzea etorkizuneko edozein negoziazio baldintzatuko duen aurrekari pozoitsua da.
Tximinoa

Otsailaren 28ko erasoaren sustraian estrategiarik ba ote zegoen argitu beharko litzateke lehenik, ordea. Eta protagonistak bi diren heinean, estrategia bat eta bateratua, edo bikoitza ote litzatekeen. Netanyahuk eta Trumpek darabilten jokamoldea ikusita, bati bururatzen zaio elefanteen arteko borrokan –tira, kasu honetan, lehoiarekin edo bestelako felidoren baten irudiarekin kidetu beharko genuke elefantearekin borrokan ari dena–, pakidermoaren buru gainera igota haren zartadak zuzendu nahi zituen tximinoaren irudia.

Argi dago Israelen partetik egon, badagoela Iranen aurkako estrategia politikoa, militarra, diplomatikoa..., esan dezagun, orotarikoa. Eta aspaldikoa dela. Mehatxu existentzialtzat jo du Tel Avivek erregimen islamista irandarra, sortu zenetik; eta hark ere ez du inoiz ezkutatu berretsi egiten duela hori bera.

Baina aurtengo otsailaren 28an hasitako eraso zehatzera etorrita, zailagoa da ebaztea 2025eko ekaineko hamabi eguneko gerran bezala helburu militar jakin batzuk –Irango instalazio nuklear eta misil-ekoizpen eta -jaurtiketako azpiegiturak suntsitzea, nagusiki– liratekeen jo-puntuan, ala erregimena eroraraziko lukeen kolpe askoz bortitzagoa zertu nahi ote den. Lehenengoa balitz, zeharbidez, aitortuko litzateke iazko erasoak oso arrakasta mugatua izan zuela, baldin eta halakorik izan bazuen. Orduan erdizka utzitako langintza burutzea izango litzateke eginkizuna orain, AEBen esku-hartze askoz irmoagoari esker.

Litekeena da hemendik urte batzuetara aitortu behar izatea Ali Khamenei izan dela joan diren hamarkada hauetan Iranek arma atomikoa eskuratu ahal izatea eragotzi duena

Operazioaz ezagutzen dugunak, ordea, zalantzan jarrarazten du aukera hori. Ezagutu ahal izan ditugun jo-puntu gehien-gehienak Iran mendebaldean aurkitzen dira, Israeldik abiatutako hegazkinekin edo jaurtikitako misilekin egindako erasoei legokiekeen moduan. Eta eraso-egunak igaro ahala, ondoriozta liteke, lehen orduetako xede militar estrategikoak lirudikeenak baino gehiago, azpiegitura zibilak eta ekonomikoak suntsitzea dutela helburu. Iran pobretzea, funtsean.

Deigarria egiten da, bestalde, herrialde zabala –Iberiar Penintsula halako hiru, gutxi gora behera– izanik Iran, eta bidenabar, “sakonera estrategiko handikoa” –1.500 bat kilometro inguru, alderik alde–, nola haren ekialde guztia erasoetatik ia guztiz kanpo geratu den. Orain arte, bederen.

Maxhad bezalako hiritzar batean –hiru milioi bizilagun, herrialdeko bigarrena populazioz, eta Khameneiren sorterria–, edo Zahedanen, interes estrategikoko ezer ez legokeela pentsatu behar ote da? Ala, Israelen irismenerako urrutiegi geratuko lirateke, eta haiek kolpatzeko betekizuna izango luketen AEBetako gerra-ontzidiak –beren-beregi USS Abraham Lincoln hegazkin-ontziaren eraso-taldeak– aparteko zailtasunen bat aurkitu du hartarako? Diego García irlako basearen erabilera dela-eta Trumpen eta Keir Starmerren artean izandako ika-mika, adibidez, ulergarriagoa izango litzateke horrelako tenore batean.
Baina Irango indar armatuak jada suntsituta edo suntsitzear leudekeela dioten aldarriak oso kolokan uzten ditu, itxuraz, iazko ekainean gertatu zen bezala.

Zein zen asmoa?

Edonola ere, ez da argi geratzen Netanyahuren egitasmoa ote zen Irango erregimenaren programa nuklearra eta misil-ekoizpeneko azpiegitura –biak ala biak baitzaizkio “existentzialak” Israeli)– birrintzea, edo erasoaren lehen ordu eta egunetan ozen aldarrikatu zuen eran, erregimena bera erauzi eta haren ordez esaneko “zintzo” bat ezartzea.

Baina, sinesgarria al da bigarren hori benetan? Zinez uste ote dezake Tel Avivek Reza Pahlavi xah aliatu ahaltsua zuen garaiak itzul litezkeela Ekialde Ertainera? Herrialdea gaztetan utzi eta sekula bertaratu ez den haren semea lehen planora ekarri dutenek halako zerbait oldozten zutela ematen du. Baina hartarako, lehenik, erregimen islamistak lur jo beharko luke; eta bertako errealitatea gertutik ezagutzen duen ezein begiralek ez du hori gertagarri ikusten, ezta Iranek jipoi militar latzena jasota ere. Estutasun ekonomikoek eta gazteriaren ezinegonak elikatzen duen oposizio sozialak apenas duen antolamendu politiko sendorik; eta horrexegatik zukutu ahal izan du birritan hura sistemaren errepresioak.

Ezin esango da Iran menderatuta dagoenik, ezta menderatua izateko bidean ere. Gerra, bera ahaltsua den esparrura eramatea lortu duelako: ekonomiaren alorrera

Bestalde, Washingtonen, Mike Pompeo, Rudy Giuliani eta gisakoen laguntza erosita, lobby lana gogotik egiten ari omen Mariam Rajaviren MeK –Irango Mujahidinen Antolakundea, Irango Gobernua eraitsi nahi duena atzerritik–, ia sekta hutsa da gaur egun. Eta, gainera, Israelek begi onez nekez ikusiko lukeena, historikoki sionismoaren etsai nabaria izan delako.

Hilketa “selektibo” andanaren emaitza politikoa izan da Khamenei aitaren ordez haren gerizpean lehen ere, Pasdaranen bitartez, benetako agintea zuen Khamenei semearen protagonismoa lehen planora ekarri izana; eta emaitza hori ez da Israelen itxaropena piz dezakeen aldaketa. Litekeena da Mokhtaba Khamenei ere erail ahal izatea erasotzaileek; baina zendu diren goi-koadro irandarren lekua hartu duen belaunaldi berriak beste inora baino gehiago begiratuko du datozen urteetan Ipar Koreara. “Hori” ez badugu, ez gaituzte errespetatuko, deritzon belaunaldia. “Hori”, arma nuklearra da. Alboan duten Pakistanek, 70eko hamarkadan, “belarra jan behar badugu ere” (Ali Bhutto dixit), berea erdiesteko egin zuen moduan. Eta litekeena da, halaber, hemendik urte batzuetara aitortu behar izatea dagoeneko batzuek jada dioten hori: Ali Khamenei izan dela joan diren hamarkada hauetan Iranek arma atomikoa eskuratu ahal izatea eragotzi duena.

Teherango protestetan Netanyahu eta Trumpen figurak erre dituzte irandarrek. / Argazkia: Alaa Al-Marjani / Reuters.

Irandarrei matxinadarako deiak egitea, edo kurduei kartsuki iradokitzea “aukera balia dezatela” euren helburu estrategikoetara hurbiltzeko, benetako plangintza politikoa baino gehiago dirudi Teherango erregimenari buruhausteak biderkatuko lizkioketen kanoi-bazka metatzeko ahalegina. Baina alferrikakoa da: oraingoz matxinada zantzurik ez dago irandar hirietan; eta kurduak ez dira %10era iristen gehiengoa persieradun xiitena duen herrialde batean; non, gainera, azeriak ere kurduak baino gehiago baitira. Kurduen edozein mugimendu kezkagarriagoa da Turkiarentzat, Teherango agintari islamistentzat baino.

Hori bai, zuzena nahiz okerra izan bere estrategia, bizkitartean, bere biziraupen politikoa ziurtatuko du Netanyahu Bibi-k etxean.

Elefantea

Baina zer gertatzen da elefantearekin? Eginahal zabarrak egin arren, NATOko kideak ere borrokara erakartzea lortu ez duen biko aliantza horren beste atalarekin? Iruzkingile gehienek erasoaren lehen unetik esandakoaren ildoan, eskarmentu handiko kazetari britainiar batek zioen: “Badirudi AEBak, munduko herrialderik boteretsuena, gerrara joan direla estrategia politiko koherenterik gabe, frogek aditzera ematen dutenez, aurrera egin ahala halako zerbait asmatzen ari dela dirudien presidente baten mende”.

Trumpek –oso argi baitago erabakia guztiz berea izan dela– erasoari inolako estrategiarik gabe ekin diola deritzon aburua hain da orokorra, ezen galderak hortik aurrerakoak baitira: zergatik sartu da horretan? Zer eratortzen da estrategia gabetasun horretatik? Zein izan daiteke honen guztiaren akabera?

Gerra Trump-Hegseth bikotearen ateraldi hutsa balitz bezala ari da kudeatzen Washingtongo elite gorena

Otsailaren 28aren aurreko egun eta asteetan AEBetako goi-esferetan gertatuez –adibidez, Trump eta Netanyahuk otsailaren 11n Etxe Zurian egindako bileraz; edo hilaren 25eko Batasunaren Hitzaldian gaia aipatu ere ez egiteaz kasik– jakinbide xeheagoak jasotzen ditugun arte, dakiguna da aurreko asteetan AEBen bidali bereziek –Steve Witkoff eta Jared Kushner suhiak– hainbat negoziaketa-bilkura egin zituztela Abbas Araghchi Irango Kanpo-arazoetako ministroarekin; eta azken hori bederen baikor agertu zela, erasoaren bezperan ere, mahai gainean zituzten hizketa-gaien –programa nuklearra, misilak eta beste herrialde batzuetako miliziak– inguruan. Aldi berean, AEBek itsas-armada handia bilbatu zutela Iran inguruan. Eta Trump bera etengabe adierazpenak egiten aritu zela makila eta azenarioaren antzezpen lotsagabean. Beraz, eraso militarra egingarria zen, baina negoziaketak emankorrak ziruditen.

Zergatik orduan zapatuko erasoa? Trumpen fededunenek ere erosi ez duten “eraso egiteko zorian genuen Iran” asmakeria zakarrontzira botata, pentsa liteke sorpresa-faktoreari ahalik zuku gehien ateratzearren erabili zela negoziazioa. Amarrurako. Baina etorkizunerako oso ereintza gaiztoa izateaz gain, ez dirudi hori egia denik. Beste datu askoren artean, ekintza militarrerako prestamenen gabeziak ere agerian geratzen ari direlako gerra-egunak igaro ahala. Hego Koreatik presaka ekarri behar izan diren THAAD baterien –aireko defentsa sistema– kasuan, demagun.

Geroak argitu beharko du noraino zen egia “gurekin edo gu gabe, Israel hastera zihoan eta...” aurreratu den esplikabide moduko hori. Ezbairik gabekoa da, hala ere, Netanyahu erabakigarria izan zela Trumpek tupustean hartua dirudien eraso-erabakian. Zer dela-eta? Ahapeka, Jeffrey Epstein izena entzun zaio bati baino gehiagori, lotura imajinazioaren mende uzten duen misterio-kutsuarekin.

Arrakala, etxean

Batere imajinazio beharrik gabe antzematen da, ordea, erabakiak AEBetako goi-administrazioan eta MAGA mugimenduan sortu duen arrakala. Gerra egoerek berez sorrarazten duten “banderaren inguruan biltzeko joerak” lausotzen duena, oraingoz. Baina gerra Trump-Hegseth bikotearen ateraldi hutsa balitz bezala ari da kudeatzen Washingtongo elite gorena. JD Vance presidenteordea, horrelako egitasmoen arbuiatzaile ohikoa betiere eta Ekialde Ertainean gerra batean murgiltzearen etsai porrokatua, desagertuta dago erasoaren lehen unetik. Marco Rubio, Estatu-idazkaria eta Segurtasun Nazionaleko aholkularia, profil baxuenarekin ari da.

Bakanen batzuk izan ezik, gainerako goi-arduradun errepublikanoak aldentzeko ahalegina egiten ari dira. Jakitun direlako gerrak zein aldekotasun eskasa duen beren bezerian ere... azaroan hauteskundeak direnean eta gogorrak izan daitezkeen kalte ekonomikoak nozitzen hasi direnean. Diru-merkatuen dardarizoak eta jendearen estutasunak baretzeko presidentea ia egunero egiten ari den adierazpen optimistek talka egiten dute haren beraren eta, batez ere, Hegsethen ahotik ateratzen diren larderiekin. Eta mundu zabalean ez ezik AEBetan bertan iritzi publikoa jabetzen hasi bide da aterabide onik ez duen lakio batean harrapatuta dagoela Godzilla dirudien hori. “Aurpegia salbatzea”, bere horretan, benetako helburu bihurtzen hasi dela dioten aztarnak biderkatzen ari dira.

Trumpen fededunek ere erosi ez duten "eraso egiteko zorian genuen Iran" asmakeria zakarrontzira botata, pentsa liteke sorpresa faktoreaz baliatzeko erabili zela negoziazioa.
Bazen plangintza

2025eko ekaineko gerraren hamabi eguneko iraupena gaindituta eta gatazka areagotze bidean dagoenean, ezin esango da Iran menderatuta dagoenik. Eta, agian, ezta menderatua izateko bidean ere. Gerra, bera ahaltsua den esparrura eramatea lortu duelako: ekonomiaren alorrera. Eta hor, denborak bere alde jokatzen duelako, gogotik, gainera.

Erasoaren ezustearekin nozitutako galerak –batik bat, goi-koadroen alorrean; instalazio eta arma estrategikoen atalean jasandakoak ebaluatzea ezinezkoa da, gerra-propagandaren bidez baino ezagutzen ez direlako– nabariak diren arren, errepublika islamikoak, “pilotu automatikoari” edo plangintza errealista bati esker, erantzuna emateko gai dela erakutsi du. Eta erantzun horrek inprobisaziotik gutxi eta plangintza doitua zuela ikusten ari gara. Ezusteko taktikoaren ondoren, bere aurreikuspen estrategikoen zuzentasuna aitortu behar zaio Irani.

Aurretiazko teorien arabera, espero beharrekoa zela zirudien “eskualde osoko gerra irekia”, lekuan lekuko armada nahiz milizia ezberdinen esku-hartzearekin egindako “guztiak guztien kontrako gatazka militarra”, galgatu egin du Teheranek hasierako fase honetan bederen. Agian, bazekielako “guztiak bere kontrako gerra” sutzea izango zela. Inguruko herrialdeen aurkako erasoak doitu egin ditu, haietan dauden base erasotzaileak kolpatuta, baina bertakoen jo-puntuetara “abisuak” besterik bidali gabe, erasoarekin bat egin gabe kikildu eta begirale bihurtu daitezen. Oraingoz, funtzionatzen ari dela ematen du.

Beraz, Irakeko milizia xiitak edo Yemengo huthiak ere begiraleak baino asko gehiago ez dira izan orain arte. Hezbollahrena da salbuespen bakarra, guztiz ulergarria denagatik: harentzat bai dela existentziala egungo borroka, Israelek “gutxieneko helburutzat” izango duelako hura desagerraraztea.

Estutasun ekonomikoek eta gazteriaren ezinegonak elikatzen duen oposizio sozialak apenas duen antolamendu politiko sendorik Iranen

Jakina, egoera hori ez da egonkorra ez iraunkorra. Ormuzeko itsasartea buxatuz, ekonomiaren alorrera eraman du gerra Iranek, espero izatekoa zen –baina, agidanez, erasotzaileek aurreikusi ez duten– moduan. Eta munduko ekonomiaren atal funtsezkoa lepotik harrapatuta daukala argi geratu denean, herrialde bakoitzak bere kontuak ateratzeari ekin behar izan dio, nazioarteko araudi eta adiskidetasunetarako tarterik ez dagoelako.

Egoera bereziki itogarria da Ormuzetik barrena erregaiak esportatu eta ia zernahi inportatzetik bizi diren guztientzat. Irani ere ez zaio komeniko haien estualdia muturreraino eramatea; baina bai motz lotzea, egin dezaketen presioa –finantzen mundutik, batik bat– beste alderantz egin dezaten; milizien “menia” tenore horretan ulertu behar da. Aldiz, herrialde horiek badakite –eta Iranek gogorarazten die– beren azpiegitura ekonomiko eta soziala oso zaurgarria dela. Golkoko herrialdeak bete-betean inplikatuta daude gatazkan eta tentu handiz erabaki beharko dute eman beharreko pauso bakoitza. Gerra nola amaituko den jakingo balute, errazagoa litzateke...

Interesdunak eta garrantzi gabeak

Zuzenean –behintzat, agerian– inplikatu gabe, baina gatazkan interesdun nabariak direnen zerrendak, noski, mundu osoa hartzen du. Oso maila eta alde ezberdinetatik. Asko dira, Asia osoa, hein batean, ekonomikoki galtzen ari direnak; erruz batzuk. Baina badira irabazleak ere: Errusia eta beste zenbait erregai-ekoizle, AEBak barne. Politikoki, kontuak ez dira horren gardenak: Txinari ez lioke graziarik egingo Iranen erregimena erori eta ezegonkortasun-foku bat sortzeak; baina seguruenera pozgarria irudituko zaio Trump horrelako zama batekin esertzea bi aste barru Xi Jinping presidentearekin aurrez aurre. Pakistan-Saudi Arabia eta India-Israel ententeak beste tenkada bat erakartzen ari dira oso urruti ez dagoen beste gune arriskutsu batera...

Bai ordea gardena dela Europaren... garrantzirik eza. Batasuna bera ez ezik, batzuen ustez haren “beso armatua” izan behar lukeen NATO guztiz alboratua izan da beretzat ere arrisku larrikoak izan behar duten erabakiak hartzeko orduan. Eta gehienera, ezkutari-lanak esleitu nahi izan zaizkio gerra sututa zegoenean, Ukrainako gerra linboan geratu ahala. Burujabetasunik ez dagoenean, estrategia autonomoa amestea entelekia da, bai, baina lotsagorritu egiten du autoestimua ere galtzeak. 


Irakurri gehiago: Iran Nazioartea Asia
Iran kanalean gehiago
2026ko urtarrilaren 25
Muturreko tentsioa

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.