La haine (gorrotoa)
Mathieu Kassovitz (1995)
Zer: Filma
Herrialdea: Frantzia
Iraupena: 95 minutu
Non ikusi: Amazon Prime, Filmin (euskarazko azpitituluekin) eta Apple TV
---------------------
Eskolan ibili izan bazina, jakingo zenuke gorrotoak gorroto gehiago dakarrela.
− Ni ez naiz eskolan ibili, kalekoa naiz. Arazorik? Arazorik?”.
Esaldi horiek ezin hobeki definitzen dute La Haine, Mathieu Kassovitz zuzendariaren lan ezaguna. Vinz, (Vincent Cassel) Saïd (Saïd Taghmaoui) eta Hubert (Hubert Koundé) dira protagonistak, Parisko aldirietan gizartetik baztertuta bizi diren hiru gazte. Hiruen bizitzak biolentziari gogor lotuta daude, bai elkarri hitz egiten dioten moduan, bai Poliziarekin dituzten liskarretan.
Bortxa hori, noski, ez da kasualitatezkoa; gazteak ez dira arrazoirik gabe erradikalizatzen. Parisko tentsioa izugarria da, eta Poliziak aurreko egunetako batean Abdel izeneko gaztea larri zauritu du, eta ospitalean koman utzi. Ondorioz, liskarrak daude kalean, eta kotxeak, autobusak eta dendak erre eta txikitzen ari dira protestariak. Bortxa ia indiskriminatua bihurtu da, gainera: Huberti autoa eta boxeoko gimnasioa erre dizkiote, esaterako. Eta, halaber, polizia batek pistola galdu du liskarretan, eta inork ez daki nork aurkitu duen. Hortik abiatuta, filmak hiru protagonisten egun bat erakusten du, goizean goiz Vinz bezperako liskarrak kontatzen hasi eta hurrengo eguneko goizera arte.
Benetan, ikusi beharreko pelikula da La Haine, gogora dezagun gauzak ez direla horrenbeste aldatu: Jean-Marie izan zen, eta Marine da orain; bazen Fronte Nazionala, eta bada Bilgune Nazionala, baita Frantziatik kanpo ere. Filmak errudun batzuk argi seinalatzen dituela iruditzen bazait ere, ikusleari arreta eskatzen dion lana da, ez behin bakarrik ikustekoa; eta oso zaila da bi mila karaktere inguru erabilita deskribatzea.
Batez ere, biolentziak auzoan jaio eta hazi diren gazteen bizitzei eman dien forma aztertzen da. Nondik datorren eta zein eragin duen beren bizitzeko moduan. Eta, bereziki, nola kaltetzen duen gizartearekin duten harreman oro: nola harremantzen diren elkarrekin, auzokideekin eta familiarekin, eta nola zipriztintzen duen bortxak segundo bakoitza.
Ordu eta erdi inguru irauten du La Haine-k; horregatik, agian, ez du nahikoa denbora gizarte problematika muineraino aztertzeko. Bai, ordea, problematika horri Vinz, Saïd eta Huberten izena jartzeko, eta ondo idatzitako, garatutako eta grabatutako istorioa kontatzeko. Denbora nahikoa ez badu ere, ez da azalekoa, baina, ez da dokumentala ere. Egiatan, film gomendagarria nire aburuz, bizitzan ikusi behar diren horietako bat, ezbairik gabe.