Garazi Goldarazenak (Berriozar, Nafarroa, 2002) bere lehen liburua itzuli du Katakrakekin: Paul Matticken Marx eta Keynes ekonomia mistoaren krisia. Iruñeko Baratxurien plazan elkartu gara berarekin, eta luze jardun dugu liburuaren muinaz. Hain zuzen ere, itzulpen prozesuaz baino gehiago, mamiaz hitz egin nahi zuen Goldarazenak, Matticek krisiaz eta sistema kapitalistaz dioenak gaur egungo errealitatea azaltzeko balio digulako.
Zergatik da interesgarria Paul Mattick?
1904an jaio zen Pomerania eskualdeko hiri batean –garaiko Prusian eta egungo Alemania iparraldean– familia apal batean. Oso gazte hasi zen militatzen, eta bizitzaren gorabeherak eta bizi zuen garai historikoa tarteko, AEBetara joan zen. Bizitzako urte gehienak kapitalismoa aztertzeari eskaini zizkion. Autodidakta amorratua izan zen, eta ez hori bakarrik, baita militante iraultzaile oso kontsekuentea ere. Bere ibilbidean egin zuena, batez ere, izan zen Marxen metodoa barneratzea eta XX. mendean aplikatzea, momentu hartan gertatzen ari ziren fenomenoen arrazoia bilatzeko.
Mattickek idatzi zituen bi artikulu ekarri dituzu liburura. Zergatik bi horiek?
Testuinguruari begira, Mattick jada AEBetan zegoen, 1929ko krakaren eta mundu gerraren ostean, eta egoera tamalgarria zen. Hor badago premia ulertzeko krisia eta haren atzean zer dagoen. Keynesianismoa garai horretan aurkeztu zen, itxuraz, garaiko kontraesanak gainditu eta krisiari aurre egingo liokeen pentsamendu gisa. Ekonomia mistoa proposatzen du keynesianismoak, hau da, estatuaren parte hartze handiagoa ekonomian; badirudi krisiaren momentuko ondorioak leuntzeko moduko doktrina izango zela. Estatuaren parte-hartze handiagoak zentro inperialistako herrialdeetan ongizate estatuak ezartzea ahalbidetu zuen, eta horrek ekarri zuen langile aristokrazia handitzea, eta batik bat, langile mugimendu iraultzailea indargabetzea. Mattickek propio azaleratzen ditu keynesianismoaren mugak. Esanguratsua da, bi testuak idazterako orduan, Mattickek zuen izaera militantea. Tradizio marxistako komunista iraultzailea izan zen, autodidakta, bere kabuz ikasi eta sakonki estudiatu zuena Marx. Eta bi artikuluok idatzi zituen keynesianismoaren lilura garaian, asmo argiz, ohartarazteko krisia ez dela zerbait desagertu daitekeena eta ausaz gertatzen dena, baizik eta sistema kapitalistaren baitako zerbait dela, saihestu ezin dena.
Zergatik diozu dela garrantzitsua bi testuok euskarara eta gaur egunera ekartzea?
Izugarrizko gaurkotasuna dutelako. Gogoko dut Matticken aipu hau: “Izatekotan, hobe da iragana tratatzea nolazpaiteko urgentzia duten gaur egungo arazoekin lotuta”.
Oraindik ere agerian daude 2008ko krisiaren ondorioak. Garai batean famatu zen ongizate estatua akaberara heldu da Europan, eta krisi historiko horren ondorioak bizi ditugu gaur egun ere: gerra, erreakzioa, pobretzea... Horrelako egoeretan oso erraza da irakurketa sinplistak egitea eta errudunak bilatzea, eta horretan kokatzen da gaur egun ikusten dugun joera erreakzionarioaren areagotzea. Matticken testuok, beste garai historiko batean kokatuta egon arren, berdina izaten jarraitzen duen kapitalismoaren muinari heltzen diote, eta balio dute gaur egungo krisialdiak ulertzeko. Eta niri ere, Matticken izaera militante horri helduta, itzultzaile eta euskaldun gisa, baita militante sozialista gisa ere, garrantzitsua iruditzen zait horrelako hausnarketa eta analisiak gurera ekartzea, euskaraz ekartzea. Hautatu ditugun testuek ez daukate itzulpenik ez gaztelaniaz ezta frantsesez ere. Uste dut jakina dela euskal irakurle eta euskaldunok oro har baditugula mugak, eta horri ekarpen xume bat egitea zen helburua, euskaratik eta ikuspegi marxistatik, baita Euskal Herrian dagoen krisiari buruzko eztabaidari ekarpena egiteko ere.
Krisiari buruzko liburua da. Baina krisia ulertzeko, zer ulertu behar dugu?
Beharrezkoa da kapitalismoaren funtzionamendua ulertzea. Laburbilduta, Marxen teoriaren arabera, aberastasunaren iturriak bi dira: natura eta giza-lana. Bi faktore horien artean, funtsezkoena giza-lana da, naturan dauden lehengaiak lanaren bidez transformatzen baitira. Lana da, beraz, aberastasun guztien iturria. Kapitalismoaren aurreko ekoizpen modu guztietan, klase zapaltzaileek ekoizleen lana esplotatzen zuten; izan esklaboak, izan nekazariak edo izan jopuak. Esplotazio mekanismo horiek bortizkeria zuzenean oinarritzen ziren. Kapitalismoan, aldiz, esplotazio hori ekoizleen desjabetzean eta ekoizpen bitartekoen jabetza pribatuan oinarritzen dira. Prozesu historiko luze baten bidez, dirua kapital bihurtzen da; hau da, harreman sozial bat non ekoizpen bitartekoen jabeek desjabetutako langileak kontrata ditzaketen, lan horrek sortzen duen balioa berenganatzeko, soldata baten truke. Marxek horri soldatapeko esklabotza esan zion. Soldata horrek ez du langileek sortutako balio guztia barnebiltzen. Gainbalioa esaten zaio lan indarraren bitartez ekoitzitako langileari ordaintzen ez zaion zati horri. Gainbalioak berebiziko garrantzia du, esplotazioaren oinarria delako, baita burgesiaren boterearena ere, eta hortaz, kapitalaren bizi iturri da. Esplotazio mekanismoak aurreko gizarte klaseetan baino ezkutuago daude egun, baina zapalkuntzak berdin jarraitzen du.
Garapen teknologikoari esker, gero eta gehiago eta azkarrago hazten dira ekoizteko baliabideak. Zergatik da arazo bat?
Arazo bilakatzen da sistema kapitalistan. Kapitalismoaren funtsa azaldu dugu, eta funtzionamendu horrek muinean kontraesan gaindiezin bat du. Marxek bere obra nagusia hori azaltzera bideratzen du, labur esanda: kapitalisten arteko lehian, merkatuan nagusitzeko giltza lanaren produktibitatea da, merkantziak merkeago ekoitzi eta merkatuan saldu ahal izateko. Horretarako, zientzia eta teknologia hobetu behar dira etengabe, baina horrek kapitalaren barne-oreka aldatzen du. Alde batetik, badagoelako kapital finkoa (makinak), eta bestetik, kapital aldakorra (giza-lana); eta horien arteko oreka aldatu egiten da zientzia eta teknologia garatzen diren heinean.
Lehen aipatu bezala, balioaren iturri bakarra giza-lana da, hau da, kapital aldakorra; hortik ateratzen baitu burgesiak gainbalioa. Kapitalaren osaeran, kapital finkoaren ehunekoa handitzen den heinean ‒hau da, egun gertatzen ari dena: makineria eta teknologian gero eta inbertsio handiagoak egitea, lehian nagusitzeko‒, kapital aldakorraren ehunekoa jaisten dela. Ikusten da makina batzuek gizakiak ordezkatu dituztela. Eta horrek zer esan nahi du? Bada, giza-lana murrizten den heinean, gainbalioaren ehunekoa ere murrizten dela. Marxek fenomeno horri irabazi-tasaren beheranzko joera deitu zion. Funtsezkoa da hori ulertzea, hori baita kapitalismoaren funtzionamenduaren muinean dagoena, behin eta berriz kolapsora eramaten duena. Irabazi-tasa jaisten den neurrian, errentagarritasuna jaisten da eta kapitalismoa krisian sartzen da.
Zergatik jarri parez pare Marx eta Keynes?
Hori da Mattickek egiten duena, kontrakotasunean ipini. Testuinguru historikora etorrita, ikusten da keynesianismoak indarra hartu zuela 1929ko krakaren ostean. Momentu horretan, [John Maynard] Keynes krisiari aurre egiteko ekonomialaritzat jotzen zen. Eta bazen jendea, garai horretan bere burua sozialistatzat jotzen zuena, saiatu zena Marx eta Keynes konbinatzen, esanez Keynes zetorrela Marxek alde batera utzitako gauza batzuei heltzera. Mattickek parez pare jartzen ditu ideia horren aurka egiteko, ez baitira bateragarriak.
Keynes pentsamendu ekonomiko burgesaren teoriko handienetakoa izan zen XX. mendean, eta Marx pentsamendu ekonomiko iraultzailearen teoriko nagusia da. Keynesek onar zitzakeen nolabait kapitalismoak sistema ekonomiko gisa izan zitzakeen mugak, esaten baitu: “Egungo oreka ziurtatzeko inbertsioak handitzen ditugun aldiro, biharko oreka segurtatzeko zailtasunak larriagotzen ditugu”. Baina zailtasun horiek gobernu-politiken bitartez gaindi zitezkeela pentsatzen zuen; gobernuaren esku-hartze handiagoaren alde egin zuen, ekonomia mistoaren alde. Marxek, kontrara, esaten du krisiaren arrazoi eta ondorioak kapitalismoak bere baitan duen kontraesan horren adierazle direla. Keynesek kapitalismoa orekatu daitekeela eta krisiak saihestu daitezkeela sinesten zuen, eta Marxek zientifikoki frogatu zuen hori ezinezkoa dela, eta kapitalismoa, bere barne kontraesanaren ondorioz, kolapsora doala ezinbestean. Marxek sistema horrekin berarekin amaitu beharra dagoela aldarrikatu zuen.
Keynesianismoa, beraz, erreforman kokatzen da, eta marxismoa hausturan?
Bai. Matticken hitzak ekarri nahi nituzke, uste dudalako bete-betean asmatzen duela, zera esaten duenean: “Gobernuak erregulatutako ekonomia kapitalista baterako trantsizio egoeratzat ere har daitekeenez keynesianismoa, sistema kapitalistaren barreneko erreforma sozialaren teoria bihurtu da. Hortaz, marxismoarekiko aurkakotasun hertsian dago, azken horrek ez baitu gizarte erreformarekin zerikusirik, sistema kapitalistaren abolizioarekin baizik”.
Ekonomiaren teoria burgesak merkatuari begiratzen dion bitartean, zergatik begiratzen dio Marxek ekoizpenari?
Matticken ustez, Keynesek ez zuen kapitalaren berezko kontraesana azpimarratu, ekoizpena baita gizarte guztien muina. Ekoizpen materialik gabe, ez dago bizitzerik. Ekoizpena merkatuaren aurretik dator: lehenik ekoiztu eta gero saltzen da merkatuan. Beraz, merkatu-mailako kontraesanak ekoizpen prozesuaren kontraesanen ondorio dira. Nire ustez, gauza interesgarri eta inportante bat da ideologia ekonomiko burgesak klase-esplotazioaren mekanismoak ezkutatu behar dituela, kosta ahala kosta, ezin baita agerian egon esplotazioa dagoela tarteko. Eta horregatik kokatzen da beti merkatuan, eta ez ekoizpenean.
Marxen teoriak, aldiz, kapitalismoaren muinaren azterketa zientifikoa egiten du, eta sistemaren kontraesanen iturria ekoizpenaren prozesuaren bihotzean kokatzen dela erakusten du. Hori da zientzia eta ideologiaren arteko aldea: arlo ekonomikoan, burgesiak ideologia egiten du; Marxek, aldiz, zientzia. Mattickek eta Marxek diote teoria ekonomiko burgesa David Ricardorekin (1772-1823) amaitu zela, ez baitzen kapaza izan teoria hori garatzen jarraitzeko kapitalismoa bera zalantzan jarri gabe.
"Esplotazio mekanismoak aurreko gizarte klaseetan baino ezkutuago daude egun, baina zapalkuntzak berdin jarraitzen du"
Kapitalismoan beharrezkoa da etengabe merkatu berriak bilatzea.
Matticken hitzetan, aipatutako irabazi-tasaren jaitsiera hori saihesteko, metaketa ezin da eten; gainbalioa metatzen jarraitu behar da, kosta ahala kosta. Gero eta gainbalio handiagoa erauzi beharra dago, eta horrek egiten duena da ekoizpena pixkanaka goitik behera aldatzea, baita merkatuak etengabe hedatzea ere, gainbalio horren bila. Kontraesan hori gero eta nabariagoa den heinean, eta kapital finkoa proportzionalki handitzen den neurrian, sistema kapitalistak beste nonbaitetik lortu behar ditu irabaziak, eta orduan, merkatuaren hedapenera jotzen du. Hil ala biziko kontua da; metaketa ahalbidetu behar du, bai ala bai. Metaketa etenez gero, krisia eta depresioa datoz.
Mattickek deskribaturikoa nola lotzen da gaur egun bizi dugun errealitatearekin?
Bete-betean. Aipatu bezala, gaur egungo kapitalismoa krisi historiko sakonean sarturik dago, eta krisi horren ondorioak bizi ditugu egun. Kapitalismoa itxuraz alda badaiteke ere, garaian garai egondako baldintzen arabera, erroan duen funtzionamenduak eta horren mugek bere horretan jarraitzen dute. Horregatik, beharrezkoa da krisiaren analisi eta lanketa sakona egitea, historikoki egin izan den bezala, egungo fenomenoen jatorria eta arrazoiak kokatzeko eta ulertzeko gai izan gaitezen.
Eta gaur egun, ikusten dugun beste zerbait da potentzia inperialisten arteko lehia. Hori ere ekonomia kapitalistaren ondorio da?
Matticken analisitik ondoriozta daiteke logika ekonomikoak gerra ere behar duela sistemak iraun dezan. Kapitalismoaren kolapsoa saihesteko burgesiak edo oligarkiak ezartzen dituen kontra-neurriek ekarri dute egungo inperialismo kapitalista. Horren adibideak edonon ikus ditzakegu gaur egun: enpresa industrialak periferiara deslokalizatzea irabazien tasa igotzeko, AEBek Groenlandia anexionatu nahi izatea eta Venezuelako petrolioa lapurtzea esku-hartze militarraren bidez, Palestinaren kolonizazio genozida eta Mendebalde kapitalistaren babesa eta kolaborazioa… Uste dut fenomeno horiek kapitalismoaren funtzionamenduaren baitan kokatu behar ditugula.
Bukatzeko, liburuaren kontrazalean agertzen denaz zer erranen zenuke: ongi kudeatutako kapitalismoak gaitasuna izanen du krisi ekologikoa konpontzeko, pobrezia mundutik erauzteko eta gerra desagerrarazteko?
Mattickek ongi dioenez, inondik inola ere ez da posible. Kapitalismo orekatua ez da erreala, objektiboki; horregatik ekartzen du Marxen teoria, eta berak egiten duen krisiaren teoria ildo beretik doa: sistema kapitalistaren bizkarrezurra den sistema ekonomikoak berezko kontraesana du, eta horrek bere desagerpena iragartzen du. Hori bai, aipatu dugun bezala, ez da egun batetik bestera kolapsoa helduko, baina gure esku dago hiltzera kondenaturik dagoen sistemaren gainbehera ahalik eta gehien luzatzea saihestea, horrek miseria besterik ez duelako ekarriko: ekosistemak suntsitzen jarraituko du, pobrezia eta gerrak areagotuko dira...
Mattick militante iraultzailea izan zen heinean, berak ere ikusten zuen antolatzearen beharra. Uste dut Mattickek testuok horregatik idatzi zituela. Esaten dugu sistema kapitalista kondenatuta dagoela kolapsora, baina ez dakigu noiz kolapsatuko duen; dakiguna da kolapsatze prozesu hori latza izanen dela, eta ez duela basakeria besterik ekarriko. Orduan, ongi kudeatutako kapitalismo bat ezinezkoa den heinean, uste dut argi geratzen dela guri dagokigula posible den zerbait irudikatzea eta horren alde borrokatzea.