Azken urteotan euskararen aurkako “oldarraldi judiziala” euskaltzale denen ahotan dago. Merezita, epaiz epai egin du adierak toki nabarmendua gure hiztegian. Baina judiziala abizenak bistatik galdu arazi digu maiz oldarraldiaren orokortasuna eta bere fronte ugariak. Oldarraldia judiziala ere bai baita, baina norabide berean ari dira arraunean zenbait sindikatu, alderdi politiko, elkarte, hedabide eta pertsona. Euskararen aurkako fronteak jomugan ditu administrazio publikoko hizkuntza eskakizunak, euskarazko irakaskuntza eta osasun arreta, edota udalen kanpo eta barne jarduera. Baina, sakonean, pribilegiatutzat aurkezten duten euskara bera dute helburu. Are larriagoa: euskararen aurkako fronteko eragileetako asko ezkerreko baloreen izenean elikatzen ari dira euskarafobia. Martxoaren erdialdean, Euskara: nor dago oldarraldiaren atzean? ikerketan, euskararen aurkako fronteak administrazio publikoko euskara eskakizunak sabotatzeko erabiltzen dituen modu, pertsona eta eragileetako batzuk identifikatu ditugu. LARRUN monografiko honetan fokua zabaldu dugu, esan dugun moduan oldarraldia orokorra baita.
Batzuen ustez oldarraldia Espainiako Estatu mailakoa da, eta gutxitutako hizkuntza guztien aurkakoa. Eva Pons Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslearen esanetan, esaterako, 2010ean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren aurka emandako epaia litzateke abiapuntua. Edonola ere, hurrengo lerroen aztergaia mugatuagoa da denbora-tarte zein lurralde aldetik: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zentratuko gara, eta 2021etik aurrerako gertaeretan.
Zerrendatu ditzagun data, gertaera eta diskurtso batzuk, ondoren lotzen dituzten hariak argitara ekartzen saiatzeko.
Egonkortze prozesuak, helegiteak, eragileak
2021eko maiatzean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Irungo Udalak udaltzainen hamabi lanposturako ateratako lan-deialdia, euskara ez dakitenentzat “diskriminatzailea” zela argudiatuta. Oldarraldi judizial gisa ezagutzen dugun epai katearen lehen katebegia izan zen. Irungo Udalaren aurkako helegitea Francisco López Lera abokatuak aurkeztu zuen.
2021eko ekainean Euskal Federalistak elkartea sortu zen, Espainia mailako Por una España Federal elkartearen kide gisa eta, “euskal gizartean ideia federalistak eta europazaleak zabaldu eta balio humanistiko, demokratiko eta eta kulturalak garatzen laguntzeko” helburuarekin, elkartearen estatutuen arabera.

2021eko abenduan eta Europako aginduei erantzunez, 20/2021 Legea argitaratu zuen BOE Espainiako Estatuko Aldizkari ofizialak, “enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei” buruzkoa. Horren ondorioz eta ordutik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lanpostu publikoetan langileak finko egiteko oposizioak biderkatu egin dira.
2022ko irailean Euskara Denontzat, por un euskera sin barreras (barrerarik gabeko euskararen alde) elkartea aurkeztu zuten Bilbon, “Euskadiko hizkuntza-politikari buruzko eztabaida oinarri pluralistekin sustatu nahi duen taldea”, estatutuetan dioenez.
2024ko azaroan Hiztunen Berdintasunaren Alde-Unidas por la Igualdad Lingüistica plataforma (HBA) sortu zuten Osakidetzako zenbait profesionalek. “Osasun arloko 685 kideko profesional talde bat gara, eta 1.927 sinadurarekin, bat egin behar izan dugu euskararen hizkuntza-eskakizunen politikari buruzko kezka sakona adierazteko”, irakur daiteke beren webguneko aurkezpen manifestuan.
Euskal Federalistak-en esanetan, badira “gizarte homogeneoa ezarri” nahi duten sektore batzuk, “batez ere hizkuntza- eta nortasun-eremuan”
Pertsonak eta diskurtsoak
2021eko Irungo sententzia “inflexio puntua” izan zen euskara eskakizunen aurkako sententzien eremuan, “gerora etorri diren epai guztiak eragin zituena”. Hitz horiek helegitea aurkeztu zuen López Lera abokatuarenak dira, baina iritzi berekoak dira, oro har, euskararen aldeko zein aurkako eragile eta pertsonak. Ordutik, abokatuak beste helegite ugari aurkeztu ditu, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioaren 32 lanpostuen aurkakoa. 1990-2014 bitartean Irungo udaltzain izan zen López Lera, eta ordezkari sindikal. Eszedentzia hartu zuen orduan, eta ogibidez abokatua da ordutik. Egun eskuin espainolistatik hurbilago kokatu daitekeen diskurtsoa darabil, baina 2014an Irungo Podemoseko Herritarren Kontseiluko kide gisa hautatu zuten, eta Euskadiko Herritarren Kontseiluko kide ere izan zen. Gaztelaniaren aurkako “apartheid linguistikoa” salatzeaz batera, defendatu du gaztelania dela “Espainian ezagutzeko obligazioa dugun hizkuntza bakarra”, eta Espainiako Konstituzioa “denok betebeharreko lehen araudia”.
UEF-Euskal Federalistak (EF) elkartea PSE-EEtik gertu dauden edo egon diren herritarrek osatzen dute oro har. Presidentea Alberto López Basaguren da, besteak beste Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna EHUn, EEko zinegotzi izandakoa 1980ko hamarkadan, eta Jaurlaritzaren aholkulari Patxi Lópezen agintaldian. Bera da elkarteko bozeramaile eta erreferentzia publiko nagusia. Zuzendaritza batzordeko kide dira ere, esaterako, Antonio Rivera eta Merche Agundez PSE-EEko legebiltzarkide ohiak, Patxi Lópezekin Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde izandako Lourdes Auzmendi, edo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohi Juan Luis Ibarra.
2025eko otsaileko IV. Ohiko Batzarrean onartutako adierazpenean elkarteak adierazi zuen ETA desagertzearekin “lasaitasun-garaia” bizi dugula eta “komunitate demokratiko ‘normala’” bihurtu garela, baina badirela “gizarte homogeneoa ezarri” nahi duten sektore batzuk, “batez ere hizkuntza- eta nortasun-eremuan”. Euskarari dagokionez, López Basagurenek hainbat aldiz salatu du, maila pertsonalean zein EFren bozeramaile gisa, euskara “inposatu” nahi dutela euskalgintzak eta abertzaleek, besteak beste hezkuntzan eta administrazio publikoan.
Euskara Denontzat (ED) enplegu publikoan behin-behinekotasuna murriztera behartzen duen Espainiako 20/2021 Legea indarrean sartu eta bederatzi hilabetera aurkeztu zen. Jaurlaritzaren Elkarteen erregistroaren arabera, elkartearen presidentea Sabin Zubiri da, eta idazkaria Andoni Basterra. Biak dira CCOO sindikatuko kide esanguratsuak, eta besteak beste Ezker Anitza-IUko EAEko exekutiban arituak. EDren erreferentzia publiko nagusia Zubiri presidentea da.
“Euskal hizkuntza-politika berritzeko” hamabi puntu aurkeztu zituen EDk bere jaiotzan, elkartearen webgunean daude irakurgai. Besteak beste: euskara ikasketak doakoak izatea; enpresa pribatuetako langileek ikasteko lan-baimenak izatea; azterketak alboratu eta euskararen ezagutza “ikasketak, oposizioak eta lanbide jarduna euskaraz eginez” egiaztatu ahal izatea... Baina urteotan praktikan zerbait landu badu, hori enplegu publikoetarako hizkuntza-eskakizunak dira, eta eremu horretan honakoa proposatzen du: profil berriak aitortzea (“ahozkoa, belarriprest, A1 eta A2”) eta horiek lanpostu batzuetarako nahikoak izatea; hizkuntza-eskakizunak –euskararenak– tokian tokiko errealitate soziolinguistikora egokitzea (“Ez da beharrezkoa Azpeitiko edo Gasteizko anbulatorioetan derrigorrezko profila duten lanpostuen proportzio bera, pazienteen eskaria oso bestelakoa baita”), edo “arreta elebidunerako beharrezkoak diren” lanpostuetan euskara merezimendu gisa baina ez baldintza gisa baloratzea. “Hizkuntza eskakizunek hizkuntza hautaketaren berme proportzionala izan behar dute, eta ez dira erabili behar funtzio publikoan sartzeko justifikaziorik gabeko oztopo gisa”.
“Osakidetzako langileek salatu dute euskara exijentziek ‘diskriminatu’ egiten dutela eta ‘giza kapital galera’ eragiten dutela” (El Correo, 2025-2-17)
2022ko urriaren 8an aurkeztu zuten publikoki ED, Bilbon burututako jardunaldi batzuetan. Fabian Laespada bozeramaileak hizkuntza-eskakizunak murriztea eskatu zuen bertan. “Plataformako kideen hitzetan, ‘gehiegizkoa’ da euskararen ezagutza mailaren eskakizuna, eta oztopo bat da administrazio publikoan lanpostuak lortzeko orduan; haien iritziz, horrek hizkuntzaren arbuioa eragiten du biztanleriaren zati batean”, jaso zuen Berria-k. 2024ko irailean EHUko Udako Ikastaroetan parte hartu zuen EDko presidente Zubirik, EHE eta ELAko ordezkariekin batera, Osasuna eta hizkuntza VII: hizkuntza eskakizunez harago ikastaroan. Oldarraldi judiziala dagoenik ukatu zuen, eta hizkuntz-eskakizunen aurkako epaiak administrazioak legeak baimendutakoa baino eskaera handiagoak egin izanari leporatu zizkion. Sestaon eta Azpeitian eskakizun berdinak ezartzea “diskriminatzailea” dela defendatu zuen, eta “derrigortasunaren” aurka egin zuen: “Hizkuntza politika kaltegarria da derrigortasuna; horrekin galtzen da gizartearen atxikimendua, gizartearen bultzada” (euskararen inguruko hizkuntza politikaz ari zen, ez gaztelaniaren edo frantsesaren ingurukoaz).
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako CCOOk hizkuntza-eskakizunen aurkako hainbat helegite aurkeztu ditu azken urteotan, eta eskakizun horien aurka egin du adierazpen publikoetan, sare sozialetan edo iritzi artikuluen bidez. Nafarroan UGT bada sindikatu saiatuena euskarazko hizkuntza-eskakizunen aurka, EAEn CCOO da. Sindikatuaren euskara idazkaria ofizialki Alfonso Rios da, baina, EDn bezala, Sabin Zubiri da publikoki protagonismo handiena hartu duena. CCOOren ordezkari gisa hitzaldiak eman ditu, sindikatuak euskara eskakizunen aurkako sententzien balorazioak berak egin ohi ditu komunikabideetan, edo Jaurlaritzak bultzaturiko Osasun Itunaren prozesuan CCOOko ordezkaria izan da Pazienteen eta Profesionalen Hizkuntza Eskubideak lantaldean. Besteak beste, euskara eskakizunek enpleguaren eremuan “klase-arrakala” sortzen dutela salatu du EAEko CCOOk, edo hezkuntzan euskara irakas-hizkuntza gisa orokortzearen aurka dago.
Osakidetzako HAB plataformak defendatzen du “langile bakar bat ere” ez litzatekeela “diskriminatuta sentitu beharko gutxienez autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat erabiltzeko gai bada”. Hau da, gazteleraz soilik badaki, ez baitago euskaldun elebakarrik (2021ean euskal herritarren %0,2 ziren euskaldun elebakarrak; %61,9 erdaldun elebakarrak). Euskara eskakizunak murriztea eskatzen dute. HBAk bi kontzentrazio deitu ditu Osakidetzan euskara eskakizunak murriztea eskatzeko –bakoitzean hamar pertsona biltzea ere ez zuten lortu, sare sozialetan etsipenez adierazi zutenez–, bilerak egin ditu alderdi politikoekin eta Mikel Torres Jaurlaritzako Bigarren Lehendakariordearekin, edo Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azaldu ditu bere aldarrikapenak. Legebiltzarreko HABren interbentzioaren albistea horrela titulatu zuen El Correo-k: Osakidatzeko langileek salatu dute euskara exijentziek “diskriminatu” egiten dutela eta “giza kapital galera” eragiten dutela.
Loturak
HBAko arduradunetako bik behintzat harremana dute CCOO sindikatuarekin: María Teresa Perales CCOOren zerrendetan joan zen 2024ko Osakidetzako hauteskunde sindikaletan; María Isabel Veirasek idatziz adierazi du “sindikatuta” dagoela, baina ARGIAk horrengatik galdetu zionean ukatu egin zuen CCOOeko afiliatua denik, zein beste inongo sindikatura sindikatuta dagoenik ere. Horretaz harago, martxo erdialdean argitaratutako ARGIAren ikerketak frogatu zuenez, bi pertsona horiek eta plataforma bera EDrekin elkarlanean aritu zen Errenteriako Udalaren LEPa sabotatzeko, eta lotura oso estua du Sabin Zubiri EDko presidente eta CCOO euskara arloko arduradunarekin: “Sabin, denean laguntzen didana”, adierazi zuen Peralesek audio batean.
EDk zortzi solasaldi, aurkezpen edo jardunaldi publiko antolatu ditu bere sorreratik, elkartearen webguneak jasotzen duenez. Azken lauak, 2023ko maiatzaz geroztik, EFrekin batera antolatu ditu, lauetan parte hartu du Alberto López Basaguren elkarteko presidenteak, eta bitan solaskide guztiak EFko kideak izan ziren: López Basagurenez gain, Juan Luis Ibarra eta Lourdes Auzmendi. Eldiariok solasaldi horietako baten kronika egin zuen, eta horrela laburbildu zuen entzuleen perfila: “Bertaratutakoen artean PSE-EEko kargudunak, EEko historikoak eta Podemoseko kargudunak zeuden”. Azken solasaldia 2025eko ekainean antolatu du EDk, ¿Se acabó el consenso lingüistico vasco? (Amaitu al da euskal kontsentsu linguistikoa?) izenburupean. EFko presidente López Basaguren eta EDko presidente Zubiri izan ziren hizlariak. Aurrerago jaso ditugu hitzaldi horren hainbat pasarte.
'Errenteria kasu' gehiago daude? Nekez pentsa daiteke ARGIAk identifikatutakoak direnik bakarrak
Azken urteotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara eskakizunen aurka aurkeztu diren helegite gehienen atzean CCOO dagoela salatu dute hainbat sindikatuk eta euskaltzalek, baina hori ukatzen du sindikatuak: “Azkenaldian parametro hauetan atera diren 23 sententzietatik lau bakarrik izan dira CCOOren errekurtsoak. Gehienak abokatu pribatuekin langileek egin dituzten errekurtsoak izan dira. Euren lanpostuak arriskuan ikusi dituzten pertsonek beren burua babestea erabaki dute”, ziurtatu zuen EAEko CCOOko Lan Osasun, Ingurumen eta Euskara idazkari Alfonso Riosek 2025eko martxoan, Berria-ko iritzi artikulu batean. “Euren lanpostuak arriskuan ikusi dituzten pertsonek” aurkeztu omen dituzte helegiteak, hortaz, “abokatu pribatuekin”, beren poltsikotik ordainduta, beraz. ARGIAren Euskara: nor dago oldarraldiaren atzean? ikerketak baieztapen horiek gezurtatzen ditu.
Helegiteak aurkezteko sare ezkutua
Ikerketak hainbat gauza utzi ditu agerian. Errenteriako Udalaren lan deialdiari dagokionez, frogatu du deialdia etetea ekarri duen euskara eskakizunen aurkako helegitea enpleguan interesik ez zuen María Isabel Veirasek aurkeztu zuela, EDk ordaindutako abokatuaren bitartez. Veiras langile finkoa da Osakidetzan. Frogatu du ere helegitearen eta Veirasen atzean talde antolatu bat zegoela, hainbat pertsonak eta elkartek osatutakoa: Unidas por la Libertad Lingüística plataforma, ED, CCOOko hainbat kide esanguratsu eta, bereziki, Zubiri bera.

Errenteriaz harago, ikerketak frogatu du Errenteriakoa ez dela kasu isolatua. Urteotan aurkeztu diren helegiteak ehun baino gehiago dira, ARGIAk horietako gutxi batzuetan eskuratu ahal izan du demandatzaileen edota abokatuen nortasuna, eta hala ere emaitza esanguratsua da. ‘Errenteria auziko’ abokatu Emilio José Aparicio Santamaríak euskara eskakizunen aurkako gutxienez beste lau helegite deigarri aurkeztu ditu 2022tik. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren aurka jarri zituzten eta 345 enpleguri eragin zioten. Identifikatutako bi demandatzaileak esanguratsuak dira: batetik, Andoni Basterra Urrutia, CCOOko militantea eta liberatu izana, Euskara Denontzat elkarteko idazkaria, EAEko Ezker Anitzako zuzendaritzako kide izana, eta IUren Espainiako zuzendaritzan ere egona; bestetik, Irkus Larrinaga San Felices, nafar herritarra, 2021ean Nafarroako Ezker Batuko zuzendaritzako kide hautatua eta 2023an Contigo-Zurekin koalizioaren zerrendan aurkeztu zena Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Zubiri Ezker Anitzako militantea da ere, eta Basterra bezala alderdiaren EAEko zuzendaritzako kide izan zen.
Zenbat Errenteria kasu gehiago daude? Gaur gaurkoz ez dugu jakiterik, baina nekez pentsa daiteke horiek direnik bakarrak. Izan abokatu eta demandatzaile berdinekin, izan beste batzuekin.
Horrek ez du esan nahi administrazioko euskara-eskakizunen eremuan dena ondo egin denik beti. ARGIAri euskalgintzako edo sindikatu batzuetako zenbait pertsonak azaldu diotenez, kasu gutxi batzuetan denbora oso gutxian eskatu zaie langileei euskara egiaztatzea hainbat urtez lanean egon eta inongo profilik eskatu gabe egon ostean, eta lanpostua galdu dute. Erandio eta Barakaldo jarri dituzte horren adibide. Horrelakorik gertatzea ekidin behar da, eta gertatzen badira salaketa beharrezkoa da. Baina ezin da baliatu salbuespena dena oro har euskara-eskakizunen aurka egiteko, eta are gutxiago euskararen aurka.
PSOEtik ezkerreragoko estatu mailako indar politikoak
Zubirik EAEko Elkarrekin-Podemosekin ere baditu loturak. Esaterako, 2024ko azaroaren 11n Donostiako Udaleko Euskararen Kontseilu Sektorialean parte hartu zuen alderdiaren ordezkari gisa. Edo Podemosek urtarrilean egin zuen kongresuan parte hartu zuen Euskara Denontzateko ordezkari gisa. Alderdiak Zubiriren, CCOOren edota Euskara Denontzaten arrazoibideak bere egin ditu.
2025eko abenduaren 29an elkarrizketa egin zion El Correo-k Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile orokorrari. Honakoa adierazi zuen, besteak beste: “Ez dut uste [euskararen aurkako] ofentsiba bat dagoenik, ideia hori saltzea eta konfrontazio bat aurkeztea interesatzen zaien talde politiko jakin batzuk daude. Guk defendatzen dugu euskararen ezagutza doakoa izatea eta ez dadila bi ahoko arma edo jaurtigai bihurtu 'ni zu baino euskaldunagoa naiz' esateko. (...) Ez da normala eremu oso euskaldun jakin batzuetan eskatzen den euskara maila beste batzuetan eskatzen den bera izatea, adibidez nire herrian, Sestaon, non euskara ez dagoen oso presente egunerokoan nahiz eta hala egotea gustatuko litzaigukeen”. Urtarrila amaieran ospatu zuen bere kongresua Podemosek Bilbon, eta prentsari bidalitako oharrean adierazi zuen: “Zonaldeetara eta lanpostuetara egokitutako beharrezko ehunekoak eta profil asimetrikoak ezarri behar dira (...) hizkuntza-eskubideak behar bezala bermatuko dituztenak, baina baita lan-eskubideak eta aukera-berdintasuna ere”.
PSOEtik ezkerreragoko estatuko indar politikoetan oro har dute ideia horiek zabalpen handia. Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean? ikerketaren edukiak argitaratu ziren aste berean, martxoaren 12an, euskaraz ikasteko doakotasunaren inguruko eztabaida egon zen Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Sumar alderdiko eledun Jon Hernándezek Euskara Denontzat eta bere lana defendatu zituen: “Elkarte horrek doakotasunaren eta hizkuntza politika inklusiboen bidez euskarak aurrera egin dezan neurriak proposatzen ditu (...) kontuz euskararen etsaiak direla esatearekin”. Sumarren kasuan inboluzioaz hitz egin daiteke: 2023ko azaroan Euskalgintzaren Kontseiluak deituta dozenaka mila euskaltzale batu ziren Bilbon oldarraldi judizialaren aurka, Sumarrek atxikimendua eman zion manifestazioari eta ordezkariak bidali zituen.
Lan egiteko euskara jakin beharrak “arrakala” sortzen du; ez, aldiz, gaztelania jakin beharrak
Argudioak eta tranpak 1: ezagutza vs erabilera
1997ko 86/1997 Dekretuak arautu du ia 30 urtez euskararen erabilera EAEko administrazio publikoan. Dekretuaren arabera, “nahitaez bete beharreko indizeak” zehazten zuen euskara-eskakizuna izan behar zuten lanpostu kopurua. Nola zehazten zen indize hori? Erroldako datuetan oinarritutako formula batekin: euskaldun kopurua + “ia euskaldun” kopuruaren erdia. Esaterako, herri batean “euskaldunak” herritarren %30 badira, eta “ia euskaldunak” %20, honakoa litzateke eragiketa: 30+ 10 (20/2). Hortaz, lanpostuen %40ak izan beharko luke derrigorrezko euskara-eskakizuna. Azken urteotan, oldarraldiaren eta epai euskarafoboen testuinguruan, eztabaida nagusietakoa honakoa izan da: indize horrek minimoa ezartzen du ala maximoa? Jaurlaritzak atzera egin eta eredua aldatzea erabaki du. Eredu berria zehazteke dago, Eusko Jaurlaritzan irekita dagoen Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko prozesuan erabakiko da. Gaur gaurkoz, EAJk eta EH Bilduk soilik aurkeztu dituzte proposamenak, EAJk derrigortasun indizea kentzea eta euskara eskakizunak erakunde bakoitzak erabakitzea proposatzen du. EH Bilduk euskara eskakizuna lanpostu guztiei ezartzea defendatzen du, eta ondoren eskakizun horren gauzatze praktikoa “malgutzeko” aukera ematea.
Indargabetuta egonik, ez gara derrigortasun indize sistemaren indargune eta ahulguneen eztabaidan sartuko. Baina komeni da arreta jartzea euskararen aurkako frontea garatzen ari den tranpa batean: euskararen ezagutzaren datuen ordez erabilerarenak baliatzea, hizkuntza politika euskarafoboak justifikatzeko.
Euskara profilen indizea euskararen 'ezagutzaren' arabera ezartzen zen, baina batzuk ezagutza alboratu eta 'erabilera' hasi dira erdigunean jartzen. Jakina, erabilera datuak ezagutzarenak baino nabarmen txikiagoak dira
Enplegu publikoetarako euskara profilen indizea euskararen ezagutzaren arabera ezartzen zen, baina batzuk ezagutza alboratu eta erabilera hasi dira erdigunean jartzen. Jakina, erabilera datuak ezagutzarenak baino nabarmen txikiagoak dira, euskaldun batek beste euskaldun bat behar baitu euskaraz aritzeko, edo, taldean bada, sarritan gertatzen den moduan, taldekide guztiek jakitea euskaraz. Are tranpa handiagoa da euskararen erabilera motibazio pertsonalarekin eta hautu aske batekin soilik lotzea, baldintza kolektiboak, minorizazio egoera, euskarafobia edo muga administratiboak alde batera utzita.
Esaterako, oldarraldi judizialari hasiera eman zion kasu gisa hartzen den Irungo Udaltzaingoaren epaian, euskara eskakizuna “gehiegizkoa” zela argudio horretan oinarrituta erabaki zuen epaileak: "Euskara komunikazio-hizkuntza gisa ez da %8ra iristen". ED ere ari da ikuspuntu hori elikatzen, hemen horren bi adibide: batetik, bere webgunearen hasiera orrian mapa handi bat dago ikusgai, Erabilpena, ezagutza eta hizkuntza eskakizunak Euskadiko udalerrietan, izenekoa. Izenburuak dioen moduan, euskara-eskakizunak ezagutzarekin ez ezik erabileraren datuekin lotzen ditu, eta lehentasuna, izenburuan zein mapa interaktiboan, erabilerari ematen dio. Bestetik, hamabi puntuko bere proposamenean grafiko bat agertzen da hizkuntza-eskakizunak erabilerarekin soilik lotzen dituena, Euskararen erabilera aitortua, eta hizkuntza-eskakizunen legezko eskakizuna eta praktika udalerri bakoitzean izenekoa.
Ezagutzaren datuen ordez erabilerarenak baliatzearen tranpa beste eremu batzuetan ere aplika lezake euskararen aurkako fronteak, politika euskarafobo berriak justifikatzeko.
Argudioak eta tranpak 2: administrazioa euskaldun pribilegiatuen gotorleku
Euskara eskakizunen aurka egiteko beste argudio errepikatu bat horien itzalean leudekeen ustezko gibel asmoena da: administrazio publikoa euskaldun –pribilegiatuen– gotorleku bilakatzea; euskaldunena, hortaz, alderdi eta, batez ere, sindikatu abertzaleena. Hiru adibide:
Baga: EDk eta EFk Juan Luis Ibarra, Lourdes Auzmendi eta Alberto López Basagurenekin antolatutako hitzaldian, Eldiario-k jaso zuenez, López Basagurenek salatu zuen gaztelaniar hiztunei “lanpostuetarako sarbidea mugatzen” zaiela, besteak beste EDk askotan errepikatu duenean oinarrituz: “Euskara Denontzaten arabera, hizkuntza-eskakizunak dituzten biztanleen ‘%15-18k’ postuen ‘% 90’ hartzen ditu”.
Biga: EH Bilduren eta EAJren arteko “akordioak” jorratu zituen El Salto-ko erreportaje luze batek 2024 maiatzean. Hiru esparrutan ematen ari omen ziren akordioak, EITBn, EHUn eta hizkuntza-eskakizunetan. “Administrazioa hartu gehiegizko hizkuntza-eskakizunak ezarriz”, zen euskara-eskakizunen eremuko ustezko akordioak (gerora gauzatu ez direnak) jasotzen zituen erreportaje zatiaren izenburua, EDren eta CCOOren ikuspuntua bere egiten zuena. “EH Bilduk, ELAk, LABek eta EAJko sektore batek hizkuntza-eskakizunen sistema erreformatzea eta administrazioan sartzeko oztopoak blindatzea eskatu dute, biztanleria helduaren ia % 85 kanpoan uzteko”, zioen, besteak beste.

Higa: Legez kanpoko kaleratze linguistikoak euskal ‘Kibutz’ean artikuluan, besteak beste honakoa salatu zuen EAEko CCOOren euskara arduradun Alfonso Riosek El Salto-n: “Hizkuntza-politika demokratiko-pluralista batek euskara sustatu beharko luke euskal herritargo errealetik, eta ez instituzio komunak bunker linguistiko artifizial bihurtu, gure herria legez kanpo bereizi eta anputatzen duena”.
Eztabaida batzuen edo besteen interesen eremuan kokatuz gero, alde guztien balizko interesak jarri beharko lirateke mahai gainean. Esaterako: Hego Euskal Herrian euskararen aurka ari diren CCOO eta UGT sindikatuen ordezkaritza sindikala, handitu edo murriztu egiten da administrazioa euskaldundu ahala? Epaileen interesez ere hausnar liteke: zer gertatuko litzateke euskararen ezezagutza ia erabatekoa den eremu horretako langile publikoekin, euskaldunen eskubideak errespetatzeko neurriak hartuz gero? Zer, ordezkatzen dituzten elkarte oro har kontserbadoreekin?
Nork bere interesak izan ditzake. Baina eztabaiden eta politiken enborra justizia eta eskubideak izan behar dira. Eta, atzo bezala gaur ere, administrazio publikoan euskaldunen eskubideek errespetatuak izatetik oso urrun jarraitzen dute.
Nola bermatu eskubide horiek administrazio publikoan? Zubirik adierazpen argigarriak egin zituen EFko presidente López Basagurenekin batera eman zuen hitzaldian. Youtuben ikusgai dago solasaldia. Bere esanetan, bi “mutur” daude: batean, estatu administrazioa, euskara eskakizuna lanpostuen %0ari ezartzen diona; bestean, EAEn aurrera begira ezarri nahi omen dena, eskakizuna lanpostuen %100ari ezartzea. Eta mutur horien “erdian” kokatzen du Zubirik bere proposamena: tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera erabakitzea zein izan behar duen portzentaia, Sestaon gutxi, Azpeitian gehiago... Gaztelaniaren ezagutzaz ez zuen aipamenik ere egin Zubirik, jakintzat, naturaltzat ematen baitu: mutur batean, bestean, zein bere “erdian”, gazteleraren beharrezko ezagutza beti da %100.
Nork bere interesak izan ditzake. Baina eztabaiden eta politiken enborra justizia eta eskubideak izan behar dira.
Pareko muturkeriak dira, hortaz, euskal hiztunen eskubideak %0ean eta gaztelaniazko hiztunenak %100ean bermatzea, batetik, eta guztienak %100ean bermatzea, bestetik. Pareko muturkeriak ez al lirateke, izatekotan, euskara %0 vs gaztelania %0? Jakina, horrela planteatuz gero euskara eta gaztelera langile guztiek ezagutzeko helburua, erdian geratzen da, ez muturrean. Eta Zubiriren, López Basagurenen, HBAren, CCOOren, eta EDren ustezko posizio zentratua nabarmen lerratua, euskararen aurka eta gazteleraren alde.
Argudioak eta tranpak 3: euskara eta “klase-arrakala”
Euskara-eskakizunek “klase-arrakala” sortzen duten ideia ere saltzen digute: euskaldunak eta ez-euskaldunak daude, lehenak pribilegiatuak eta bigarrenak baztertuak; baztertu horietako asko, gainera, sozioekonomikoki pobretutako herritarrak dira.
CCOOk garatu eta erabili du klase-arrakalaren argudioa hitzez hitz. Esaterako, 2023ko abenduaren 3ko Euskararen Eguna Euskarari bai, klase-arrakalarik gabe jardunaldiekin ospatu zuen sindikatuak, Bilbon. “Euskara enplegagarritasun faktore bat da, zeinaren inguruan arrakala sortzen ari den langile klasearen barnean”, azaldu zuen sindikatuak, administrazioko hizkuntza-eskakizunetan zentratuz. Ordezkari sindikalekin solasaldia egin, eta kontzentrazioa burutu zuten ostean, kalean, lelo berdina zeraman pankartaren atzean.
Erderekin nolabaiteko parekidetasunean elkarbizitzetik baino heriotzatik askoz hurbilago dagoen –irakurri Esnatu ala hil liburu ezinbestekoa– hizkuntza gutxitu baten aldeko eskakizunek klase-arrakala sortzen dute. Ezkerreko posizio batetik ezkerreko balioekin identifikatzen diren herritarrei zuzendutako kezka ematen du... kezka mugatu edota interesatua: administrazio publikoan lan egiteko euskara jakin beharrak arrakala sortzen du; ez, aldiz, gaztelania jakin beharrak. Ez dute arrakalarik sortzen ere goi-mailako ikasketak izateko eskakizunek, herrialde pobretuetako migratzaileei goi-mailako ikasketak baliozkotzeko traba ikaragarriek, edota eskuratzen horren zaila den nazionalitate espainiarra izateko exijentziak.
Hizkuntza gutxituen aldeko politikak justiziarekin, antirrazismoarekin eta inklusioarekin lotzen ditu CCOOk Herrialde Katalanetan
Euskal Herriko CCOO vs Herrialde Katalanetakoa
Klase-arrakalaren ideia eragile gehiagok ere egin dute bere, modu batera edo bestera, euskara sustatzearen eta lan eskubideak edota justizia soziala bultzatzearen arteko talka irudikatuta. Baina bada Hego Euskal Herriko CCOOren erabat kontrako ikuspegi, jarrera, eta proposamen zehatza duenik, esaterako, Herrialde Katalanetako CCOOk. Urtarrilaren 30ean Balear Uharteetako, Kataluniako eta Valentziako CCOO sindikatuko federazioek Proposta integral per les llengües pròpies i cohesió social (Berezko hizkuntzen eta gizarte-kohesioaren aldeko proposamen integrala) izeneko dokumentua aurkeztu zuten. “CCOOren ustez, lantokietan eta bizitza sozialean norberaren hizkuntzak erabiltzea ez da soilik kultura kontua, langile klasearen eskubideen ardatz nagusia baizik”. Gutxitutako hezkuntzak “integraziorako erreminta” dira hiru federazioen ustetan. “Bere erabilera sozialak segregazioa saihesten du, eta langile guztiek, jatorria edozein dela ere, bizitza demokratiko eta sindikalean bete-betean parte hartzea ahalbidetzen du”.
Herrialde Katalanetako hiru federazioek hiru neurri zehatz proposatzen dituzte, horietariko bi lan esparruari begira. Batetik, administrazio publikoan lan egiteko hizkuntza gutxituaren ezagutza “ezinbesteko baldintza izan behar du, norbere hizkuntzan artatua izateko eskubidea bermatzeko”. Bestetik, oraindik haratago joan eta eskatzen dute “hitzarmen kolektiboetan hizkuntza gutxituen erabilera babesten eta sustatzen duten hizkuntza-klausulak sustatzea”. Herrialde Katalanen errealitateari soilik erantzuten dioten ikuspuntu eta proposamenak ote, eta, hortaz, bertan soilik aplikatzekoak?
Bueltatu gaitezen Zubirik eta Basagurenek eman zuten hitzaldira. Bere hitzartzean Kataluniako eredua aipatu zuen Zubirik, zeinean administrazio publikoko langile guztiei eskatzen zaien katalana. EDko presidenteak ontzat eman zuen eredua, bere eginez Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaiaren inguruan eman zuen epaia. Espainiako auzitegi nagusiaren arabera eskaera hori konstituzionala da bi hizkuntzen arteko “gertutasun linguistikoa” dela eta: gaztelera dakien edozeinek jakin dezake katalana erraztasunez. Baina euskara eta gaztelera ez dira gertuko hizkuntzak, beraz ezin da neurri bera ezarri. Beste era batera esanda: hizkuntza gutxitu batek eta bere hiztunek eskubide gehiago edo gutxiago dute... hizkuntza hegemonikoarekin duten antzekotasunaren arabera. Berriz ere gaztelera zentro grabitazional, hizkuntza unibertsal eta, jakina, apolitiko; berriz ere hizkuntza gutxituak partikular, bazter-nahastaile eta politiko. Ez du ematen oso bidezkoa, eta ez dute berdin pentsatzen Zubiriren Herrialde Katalanetako sindikatukideek: “Proposamena ez da soilik katalan hizkuntza defendatzeko, baizik eta gaztelaniaz besteko Espainiako hizkuntza guztiak defendatzeko”, azpimarratu du Valentziako CCOOren idazkari orokor Ana Garcíak.
Gurean, CCOOk –eta euskararen aurkako fronteak oro har– euskararen aldeko politikak inposizioarekin, arrazakeriarekin eta esklusioarekin lotzen ditu. Herrialde Katalanetan, kontrara, diskurtso hori PP eta Voxena da, eta CCOOk –zein alderdi sozialistatik ezkerrera kokatzen diren eragile ez independentistak oro har– hizkuntza gutxituen aldeko politikak justiziarekin, antirrazismoarekin eta inklusioarekin lotzen dituzte. Administrazio eta lan munduan bezala, hezkuntza arloan ere bai.
Hezkuntza, oldarraldiaren hurrengo helburua?
Hezkuntzan ere euskarak gehiegizko presentzia duela salatzen dute administrazioan hizkuntza-eskakizunen aurka ari diren berberek. Berriz ere, honatx adibide batzuk:
“Asko dago egiteko: berdintasunerako eskubidea lanpostu publiko baterako sarbidean, zure seme-alabak zein hizkuntzatan heziak izan behar duten erabakitzeko orduan...”, azaldu zuen López Lera abokatuak sari baterako hautagaitza eskertzeko grabatutako bideoan.
López Basagurenek dio EAEn %30eko eskola porrota dagoela, eta errua euskararena dela. Adibidez, El Correo-n argitaratutako Salto al vacío linguístico (Jauzia zulo linguistikora) iritzi artikuluan: “Irakaskuntzan, euskara hutsezko ereduaren orokortze progresiboak, familia hizkuntza eta tokian-tokiko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu gabe, porrotera kondenatzen ditu ikasleen heren bat gutxi gorabehera, eta kaskarkeriara sistema osoa”. Zubirirekin batera emandako hitzaldian EAEko hezkuntza sistema “koertzitiboa” dela ere salatu zuen, euskara inposatzen omen duelako. Selektibitatean Bizkaiko bigarren nota altuena atera zuen ikasle bat jarri zuen adibidetzat.
“Barakaldon txinerazko hezkuntza sistema jartzen baduzu, jakina ehuneko batek arrakasta izango duela (...) baina gutxiengo bat izango da” (Alberto López Basaguren, Euskal Federalistak)
Perutik etorrita, bigarren hezkuntza D ereduan egin zuen gazteak, bere inguruan ez omen zegoelako beste aukerarik; baina “zorionez” batxilergoa A ereduan egiteko aukera izan zuen, nota hain ona ateratzea “ahalbidetu” ziona. Ez zukeen lortuko batxilergoa “D eredu hertsian” egin izan balu, “irakasle fundamentalistekin”. Aurrerago, Barakaldon euskaraz irakastea txineraz irakastearekin parekatu zuen López Basagurenek: “Barakaldon txinerazko hezkuntza sistema jartzen baduzu, jakina ehuneko batek arrakasta izango duela (...) baina gutxiengo bat izango da”. Hori guztia, datu ofizialek aspaldi frogatu dutenean D ereduak ere ez dituela euskaldun osoak lortzen. Zer esanik ez, milaka ikasle izanagatik ere euskara eskaintza hutsaren hurrengoa duen Lanbide Heziketak.
Galdera zenbait: koertzitiboa da perutar bati euskaraz irakastea, baina ez magrebtar edo pakistandar bati gaztelaniaz irakastea? Euskara ez dakien migratzaileari hezkuntza euskaraz emateak porrotera eramaten du, baina gaztelaniaz ez dakienari gaztelaniaz emateak ez?
Eta, galderak egiten hasita: perutar bat zergatik heltzen da espainolez hizketan Euskal Herrira? Latinoamerika osoko errealitate linguistikoa, gure herrikoa bezala, kulturen arteko harreman aberasgarrien eta hiztunen hautu pertsonal libreen ondorio delako? Mendetako politika linguistiko eta indar harreman horiek sortutako “errealitate soziolinguistikoa” euskararen aldeko politikentzako sabai gisa jartzea, EDk eta EFk egiten duten moduan, naturala, zentzu komunekoa, apolitikoa al da? Ala indar harreman horiek betikotu eta sakontzeko apustu politikoa?
Euskara arazo, segregazio eta porrot iturri da berez? Ala konponbide da, segregazio kultural eta sozioekonomikoaren aurka borrokatzeko erreminta? Galdera bestela formulatuta: ikasle batek, eta zehazki ikasle arrazializatu batek, nola izango du aukera gehiago lagunak egiteko, kulturaz gozatzeko, enplegua lortzeko... segregazioaren murru sendoak pitzatu eta gizarte honen parte izateko eta sentitzeko? Euskararekin edo euskararik gabe?
Arazoak egon badaude hezkuntzan, asko, eta ikasle batzuentzat horietariko bat da euskararena, bereziki migratzaile pobretuen umeentzat: baina arazoak euskara gehiegi ematearen ondorio dira, edo gutxiegi ematearena? “Euskarak ume horiek behar ditu, eta ume horiek euskara behar dute” idatzi zuen Amelia Barquinek Etorkinen seme-alabak D ereduan egotea nahikoa izango al da? iritzi artikuluan, Berria-n. Tamainako erronkari heltzeko abiapuntu zoragarria. “Baina”, gehitu zuen jarraian, “ondo ikastea erabakigarria da”, eta horretarako, “ez da nahikoa” D ereduan matrikulatzea: behar dira aisialdia eta kirola euskaraz, poltsiko guztientzat irisgarriak eta ghettoak ekidinez; behar da familiekin euskara eta bere beharra landu; behar da ume horiek euskal herritar gisa eta ez atzerritar arrazializatu gisa aitortu; behar da familia horien etxeko hizkuntzak aintzat hartu (etxeko hizkuntza gaztelera ez denean ere)... behar dira gauza asko, eta euskara gehiago.
“Koertzitiboa” da perutar bati euskaraz irakastea, baina ez magrebtar edo pakistandar bati gaztelaniaz irakastea?
Zubiri CCOO klase sindikatuko kidea Anton Arriola bankari eta Kutxabankeko presidentearen defentsan aritu zen 2025eko martxoan. Arriolak adierazi zuen euskara “oztopoa” dela, “faktore mugatzaile oso garrantzitsua”, atzerriko talentua erakartzeko orduan –atzerritik heldutako pobretuak migratzaile edo MENA baitira, baina aberatsak “talentu”–. "Euskara ardatz duen hezkuntza-ereduaren alternatibak” eskatu zituen Arriolak, besteak beste, ingelesezko hezkuntza. Euskalgintzak eta euskaltzaleek haserrea adierazi zuten Arriolaren adierazpenengatik. Beste batzuek, PPk esaterako, “poza” adierazi zuten. Sare sozialetan, Zubirik Kutxabankeko presidentea “dozenaka eraso” jasotzen ari zela salatu zuen, zergatik eta “perogrullada” (pellokeria edo ageriko egia) bat esateagatik. “Supremazismo espainola” leporatu zion Rober Intxauspek ED elkarteko presidenteari, eta honek erantzun zion Arriolaren hitzak “zentzuzkoak” irudituko litzaizkiokeela “taliboinismo itsua” alde batera utziz gero. “Gaztelaniari buruz berdina esan izan balu zentzuzkoa irudituko litzaizuke?”, galdetu zion Intxauspek Zubiriri segidan. Ez zuen erantzunik jaso.
Herrialde Katalanetako CCOOren federazioek beren dokumentuan proposatu duten hirugarren neurria, aurretik aipatutako lan eremurako biez gain, hezkuntza arlorako da: irakas-hizkuntza tokiko hizkuntza izatea, hizkuntza ofizial guztietan “gaitasun osoa” bermatuta. Baina, berriz ere, haientzat “integrazio sozialerako faktore” dena, inposizio eta bazterketa faktore da Hego Euskal Herriko CCOOrentzat, Basagurenentzat edo Zubirirentzat.
Euskara denontzat, aldarrikatzen du CCOOk sortutako eragileak, barrerarik gabe. Ematen du hori lortzeko bide errazena hezkuntzak euskararen ezagutza haur guztiei bermatzea litzatekeela, gero askatasunez erabaki dezaten hura erabili edo ez. Baina euskarazko murgiltze eredua orokortzearen aurka egin du sindikatuak, eta ez segregazio iturri diren A eta B ereduen aurka.
Euskara pribilegio, euskaldunak pribilegiatu
Hezkuntzan eta administrazio publikoan jarri du foku zehatza euskararen aurkako fronteak, oro har sakoneko korronte bat elikatzen duten bitartean: euskara hizkuntza pribilegiatua da, eta euskaradunak herritar pribilegiatuak: klase-arrakala, gehiegizko laguntzak, inposaketa hezkuntzan, administrazio publikoa “bunker linguistiko” bihurtuta...
López Basagurenen irudiko, politika linguistiko “errealista” bat egin ezean euskara bihurtuko da hizkuntza bat “ia jende guztiak” ezagutuko duena “zertxobait”, baina “komunikazio-hizkuntza betea” gutxituz jarraituko duen gutxiengo batentzat soilik... gutxiengo hori “pribilegiatua bada ere”. Hizkuntza politika errealistak migratzaileen defentsaren izenean ere eskatzen ditu López Basagurenek, bestela euskara bihurtuko baita “haien inklusioa zailduko duen elementu funtsezkoa”. Ez Atzerritarren Legea, ez arrazakeria sozial eta instituzionala, ez eskuin muturraren gorakada, ez bere artikuluak argitaratzen dituen hedabidearen kriminalizazio etengabea edo Poliziak delitu jakin batzuen delitugileen jatorriaren datuak ematea, ez lan berdinagatik gutxiago kobratzea eta alokairuagatik gehiago ordaintzea... migratzaileek inklusiorako duten “funtsezko” traba euskara da.
Juan Alemanek horrela laburbildu zuen diskurtso eta politika mota horien atzean ezkutatzen diren baloreak Eldiario-ko iritzi artikulu batean: "López Basagurenen PSOEk, PPk, Voxek edo estatuko ezkerrak bezala, uste du euskaldunen komunitatea ez dela gehiago hazi behar; izatekotan,"indartu" egin beharko litzateke gaur egun duen neurrian, eta, akaso, kopuru “arrazoizkoan" handitu, beti ere borondatez, izan ere, inposaketaren monopolioa, indarkeriarena bezala, Espainiako Estatuak du (eta Frantziakoak...). Gainerako guztia ‘irreala’, ‘inposatzailea’, ‘boluntarista’... litzateke. Eta kontuz, horretaz guztiaz ohartarazten gaituztenak ‘intelektual’ progreak baitira, zeinak ohartarazten baikaituzte, gainera, belaunaldi-aldaketa kaltegarri batez eta immigrazioaren ondorioez, zeinari ez litzaiokeen eskatu behar euskara ikas dezan (a zer burutazioa!), baina zeini espainolez hitz egitea exijitzen baitiote".
Euskarafobia ezkerretik? Ez, eskerrik asko
Euskararen aurkako frontea zabala eta askotarikoa da. Eskuinera begiratuta betiko ezagunekin egiten dugu topo: Vox, PP, Vocento taldea... Baina fronteak ezker hegala ere badu, hegal bereziki militantea azken urteotan, batzutan publikoki eragiten du eta bestetan itzaletik, eta bere ideia eta arrazoibideetako zenbait hedatzea lortu du hainbat sektore aurrerakoi edo ezkertiarretan, izan alderdi, sindikatu, komunikabide, mugimendu herritar... baita euskaldunen eta euskalgintzaren artean ere neurri batean, konplexuak garatuz.
Kontrako erreakziorik ere sortu du euskaltzaleen artean, gaur egun minoritarioa bada ere: edozein arazo, akats edo gabezia propio ukatzea, edo, are arriskutsuago dena, euskararen arazo nagusitzat migratzaileak hartzea –eta bereziki migratzaile pobretuak, ematen baitu euskalduntzen ez diren migratzaile ez pobretuei ez zaiela deus eskatu behar... are gutxiago bertan jaiotako euskal herritar ez arrazializatuei–.
Edonola, geroz eta beldurgarriago agertzen zaigun mundu honen bilakaera ikusita, zeinaren joeretatik libre ez gauden, hausnarketa parea tentazio arrazisten aurrean. Esnatu ala hil liburuak –errepikatu dezagun, ezinbestekoa– oso egokiro gogoratzen digun moduan, 1960-70eko hamarkadetan migrazio fluxua egungoa baino are handiagoa izan zen Euskal Herrian, eta heldu berri ia guztiek gaztelania zekarten ahoan, gaur ez bezala. Euskaltzaleek testuinguru hartan eraman zuten euskara, heriotzaren amildegiaren ertzetik, pizkundera. Hortaz, eta aurkako korrontearen indar izugarria gutxietsi gabe, euskararen etorkizunak euskara maite dutenen eskuetan jarraitzen du. Horrez gain, migratzaileek euskara jasotzea ez da soilik interes kontua, justizia kontua ere bada. Euskara, eta eskubide zibil eta politikoak, eta bizitzeko baldintza materialak, eta ingurune abegikor bat.
Euskararen alde egiteak jarraitzen du izaten ahularen eta zapalduaren alde egitea
Euskaldunak, euskara-dunak, pribilegiatu? Zentzu askotan eta batez beste, bai. Baina gutako askoren pribilegioak zuritasunari eta mendabaldar izateari lotuta daude –ez denenak, badirelako ere euskaldun baztertuak, arrazializatuak...–, ez euskaldun izateari. Are gutxiago, euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duen euskalduna baldin bazara. Langile zuri mendebaldar baten pribilegioak langile izatearekin lotuta ez dauden moduan, ezta ere emakume zuri mendebaldar batenak emakume izateari. Bere kontraesan, ertz eta konplexutasun guztiarekin, baina euskarak eta euskal hiztunek jarraitzen dute izaten gutxituak, azpiratuak, mespretxatuak, seinalatuak. Edo, bestela esanda, euskararen alde egiteak jarraitzen du izaten ahularen eta zapalduaren alde egitea, aniztasunaren, justiziaren, mundu hobe baten alde egitea. Norbere pribilegioek ez dute ekarri behar norbere zapalkuntzen aurreko konplexurik; norbere zapalkuntzek ez dute balio behar norbere pribilegioak zuritzeko.
Euskalgintzan arrazakeria dagoela? Jakina. Eta klasismoa, eta matxismoa... Eta ez al da langile mugimenduan matxismorik edo euskarafobiarik? Eta feminismoan klasismorik edo arrazakeriarik? Eta antimilitarismoan, antikapitalismoan edo dekolonialismoan hamaika keriarik? Zer egin horren aurrean? Euskara, klase borroka, feminismoa... baztertu? Edo guztietan sakondu eta elkar elikatu? Euskara dekolonialismoz, feminismoz, antimilitarismoz, langile borrokaz blaitu; dekolonialismoa, feminismoa, langile borroka, antikapitalismoa euskaraz blaitu: elkar aberastu, indartu eta txirikordatu, etxeko eta munduko oldarraldi faxistari aurre egin eta alternatiba sendoagoak eta eraldatzaileagoak indartzeko.