Iraganera bidaiatzeko ahalmena izango balute historiako zein pasarte aldatuko luketen galdetuta, pertsona askok erantzungo lukete naziak boterera heldu aurreko unera joango liratekeela, eta batek baino gehiagok Hitler bera hilko lukeela ere baieztatuko luke. Liburuak eta filmak egin dira argudio horrekin. Gaurko begiradaz, ulergaitza zaigu nola izu eta heriotzaren inperioa hedatuz joan zen, gerora damutuko ziren intelektual eta agintari batzuen isiltasunaz edo, okerrago, atxikimenduaz. Belaunaldi batek prezio handiegia ordaindu zuen, nahi ez zuten gerra batean.
Bada, gaur antzeko egoeran gaudela sentitzen dugu herritar batzuek, taberna, ikasgela edota plazetan ahopeka edo ozenki adierazten den ezinegonak agerian uzten duenez. Trump eta Netanyahuren heriotza-politikaren lekuko gara, baita interes ekonomikoagatik txalotzen dituztenen oniritziaren testigu ere, gure etorkizuna bi gizon horien kapritxoaren menpe dagoelakoan. Hemen eta hor ahots batzuek galdetzen dugu nork geldituko dituen, jakin baitugu gorputzak guk jartzen ditugula eta ez gerra egiten dutenek. Eta ez, ezin dugu etorkizuneko bidaiaria etortzera itxaron hau konpon dadin.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.