Sulawesi uhartea (egungo Indonesia), duela 67.800 urte. Gizaki batek, ahoa pigmentu gorriz beteta, eskua Liang Metanduno kobazuloko horman jarri eta putz egin zuen, eta, hala, orain arte ezagutzen den margolanik zaharrena sortu zuen.
Arkeologoek aurkikuntza hau egin baino lehen, Cáceresko (Espainia) Maltravieso kobazuloan aurkitutako eskua zen ustezko margolanik zaharrena. Esku horrek 66.700 urte zituela esan zuten azterketek, baina hainbat adituk zalantzan jarri dute datazio horren fidagarritasuna. Margolanaren adina egiaztatuko balitz ere, Sulawesiko eskua zaharragoa litzateke.
Nature aldizkarian aditzera eman duten aurkikuntza honek, batetik, inguru haietako giza migrazioen kronologia jartzen du ezbaian. Berriki arte, Homo sapiens-a egungo Australiara eta Ginea Berrira duela 50.000 urte inguru iritsi zela uste zen. Kontuan hartu behar da, garai hartan eremu hartako uharte gehienek Sahul izeneko masa kontinentala osatzen zutela, Izotz Aroan itsas mailak behera egin zuelako. Azken urteetan data hori atzeratzen duen hipotesia indarra hartzen ari da, eta eskuaren aurkikuntzak horren alde egiten du. Sulawesiko margolana egin zen garaian gure espezieak kontinente osoa hartua zeukala pentsatzea logikoa da. Eta, hortaz, horrek gutxienez uste baino 15.000 urte lehenago iritsi zirela esan nahi du.
"1990eko hamarkadan, hori irakasten ziguten: gizakion eztanda sortzailea Europako zati txiki baten gertatu zen. Baina orain Indonesian gizaki modernoaren jarreraren zantzuak topatu ditugu, arte narratiboa barne, eta horrek zail egiten du argudio eurozentriko horri eustea"
Baina bereziki artearen sorreran eta, beraz, pentsamendu sinboliko eta abstraktuaren hastapenetan du eragina aurkikuntzak. Gainera, kontuan hartu behar da artista hura ez zela eskuaren negatiboa margotzera mugatu. Ondoren, ukitu batzuk egin zizkion hatzak zorroztuta, animalia atzapar itxura emanda. Horrek esan nahi sormenezko transformaziorako gaitasuna zeukatela.
Luzaroan uste izan da labar arteak Europako hego-mendebaldean bat-batean egin zuela eztanda. Australiako Griffiths Unibertsitateko ikerlari Adam Brummen esanetan, “unibertsitatean ikasten ari nintzen garaian, 1990eko hamarkadan, hori irakasten ziguten: gizakion eztanda sortzailea Europako zati txiki baten gertatu zen. Baina orain Indonesian gizaki modernoaren jarreraren zantzuak topatu ditugu, arte narratiboa barne, eta horrek zail egiten du argudio eurozentriko horri eustea”.
Horrek ez du esan nahi eztanda-gune hori Indonesiara mugitu denik. Afrikako hainbat aztarnategitan, esaterako, Hego Afrikako Bomblos kobazuloan, duela 70.000 eta 100.000 urteko grabatu eta marka abstraktu batzuk aurkitu dira. Horiek lirateke pentsamendu sinbolikoaren lehen aztarnak, eta giza espeziarekin batera, handik zabaldu eta garatuko ziren gainerako kontinenteetan.