“Diskotekako atezainak azpikeriaz hil zuen Kerman”

  • Notizia ilunak Gasteiz astindu zuen. 2025eko otsailaren 23ko 04.50ean, hiriaren bihotzean zen Mitika diskotekako D.C. atezainak kolpe gogorra eman zion aurpegian Kerman Villate Beitiari. Bertan hil zuen. Azpikeriaz egindako hilketa izan zela ebatzi zuen Instrukzio Epaitegiak. Probintzia Auzitegiak, aldiz, zuhurtziagabekeriaren alde egin zuen. Delituaren izaera apaldu zuen, eta senide eta lagunen borroka abiarazi, hildako gaztearen gurasoak buru.

     

Argazkia: Dos por dos
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Arantzazu Beitia eta Roberto Villate (ARRASATE - GASTEIZ, 1961)

2025eko otsailaren 23an 05:40an Gasteizko Dendaraba galerietan kokatutako Mitika diskotekaren sarreratik 11 metrora ezarritako kontrolgunean D.C. atezainak azpikeriaz hildako Kerman Villate Beitiaren gurasoak. Mitika diskotekak izena eta gerentziak aldatuak ditu gaur egun. Kontrolgunea diskotekarena ez zen eremuan jarrita zegoen, zutabe baten atzean, zaintza-kamerek atezainen agresioak –ohikoak–, jaso ez zitzaten.

Ez duzue kasua itzaltzen utzi, plazara irten behar izan duzue behin eta berriz eta askotan, hedabideekin hitz egitera, gizarteari babes eskatzera, edo, berrikitan, Eusko Legebiltzarrean zuen egia azaltzera…
Plazara atera behar izan dugu, hasiera-hasieratik ikusi dugulako delituaren larritasuna apaltzeko joera, edo intentzioa. Gasteizko Udal Gobernuaren jarrera da adibide, eta zenbait prentsaren artikulu ere bai. Laster konturatu ginen zergatik jokatu zuen horrela udal gobernuak; alegia, bere negligentzia ezkutatu nahi zuelako. Zenbait hedabide, berriz –gehien saltzen direnak–, bestelako interes batzuen alde aritu ziren.

Kerman hil eta berehala, Ertzaintzak prentsa-oharra eskegi zuen bere webgunean…
Horrek ere ez zigun lagundu, ohar hura atezainaren testigantzan oinarrituta zegoelako –irekiera-atestatua zen–, eta esaten zuelako Kerman “istripu” baten ondorioz hil zela.

Bi egun geroago, Ertzaintzak berak atestatu zorrotz bat egin zuen eta bat etorri zen epaile instruktoreak jasotakoarekin, hau da Kerman azpikeriaz eta traizioz hil zutela. Baina, antza denez, lehengo prentsa-ohar oker hura eskegita geratu zen hainbat hilabetetan Ertzaintzaren prentsa webgunean eta EFE agentziak eta hainbat komunikabidek hara jotzen zuten informazio bila. Baina igande goiz hartan [otsailak 23, 07.00ak] etxera etorri zitzaizkigunean, horixe esan ziguten: “Zuen semea hil da, borroka baten erdian”.

Hasiera beretik, oker.
Zoritxarreko hasiera, bai. Gerora jakin duguna ez da hobea, ordea, jakin baitugu zenbait hedabidek presioa jaso duela gertatutakoaren larritasuna apaltzeko. Ez gara ezer asmatzen ari, zenbait kazetarik esan digute, behin baino gehiagotan zuzendu zaizkiela goi-kargu edo arduradunak, eta esan dietela zertan ematen dioten hainbeste tarte Kermanen heriotzari, edo guk esandakoei. Hedabideek, hasieran, zurrunbiloari segitu zioten. Gero, batzuk desmarkatzen hasi ziren. Hurrena, kaosa bizi izan zuten, ez zekiten nondik eta nora jo. Kaos horretan, ohartu ginen hedabide batzuek interes jakin batzuk babesten zituztela, eta beste batzuk, aldiz, egiaren alde ari zirela. Hala ere, hedabide handi batzuk —EITB kasu, adibidez—, gure iritzia zabaltzeko prest izan ditugu beti.

Argazkia: Dos por dos

2025eko otsailak 23, igande goiza. Etxera joan zaizkizue bi ertzain, berri iluna ematera…
Ezin sinistuta gelditu ginen, eta Kerman ikusteko beste obsesiorik ez genuen izan. Azken agurra eman nahi genion. Aurretik, alabaren etxera joan behar izan genuen, hari ere esatera. Oso-oso-oso gogorra izan zen. Haien semeak 3 urte zituen, alaba jaioberriak 3 hilabete. Suhia eta alaba, biak harrituta, igande goizean goiz gu han ikusita. Suhia egongelara joan zen, mutikoa hartuta. Alabari Kermanena esan, eta ziplo erori zen lurrera. Kermanek eta Iliak bi urteko aldea zuten, oso harreman ona izan dute beti…

Alaba ziplo erori zen… Zenbat aldiz erori zarete zuek joan den hamabi hilabete honetan?
Erori? Ez gara altxatu! Ez dakigu nola igaro genuen Kerman hil eta ondoko hilabetea. Hurrena, apartamentu bat hartu genuen Zarautzen, Gasteiztik alde egin behar genuela sentitzen genuelako. Hiru hilabete eman genituen Zarautzen, eta negarrez oheratu, eta negarrez esnatzen ginen. Gero, denborak bere lana egin du, egoerara egokitu gara nola edo hala, baina ez gara sendatu. Kontrakoa, esango nuke: gero eta xehetasun gehiago dakizkigu, eta amorrua handitu besterik ez da egin.

"Zenbait kazetarik esan digute, behin baino gehiagotan zuzendu zaizkiela goi-kargu edo arduradunak, esanez zertan ematen dioten hainbeste tarte Kermanen heriotzari, edo guk esandakoei"

“Gero eta xehetasun gehiago”, esan duzue. Besteak beste, ez zela borrokarik izan. Besteak beste, Gasteizko Udaltzaingoko kide batek Mitika diskotekako atezainen indarkeria salatua zuela, eta udalak ez ziola kasurik egin. Besteak beste, diskotekak ez zuela autobabes plana abiarazi, ez behar bezalako asegururik, segurtasun enpresak ez atezainek zutela behar den bezalako akreditaziorik… “Xehetasun” inportanteak.
Bai. Ertzain bi haiek borrokaren kontua aipatu zuten orduko, gezurra zela esan genien. Bagenekien. Kerman ez zen borrokatzen. Eta zuzen geunden. Kerman hil eta seigarren egunean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin jarri ginen harremanetan, eta esan genien Kermanen hilketaren inguruan indar ilun batzuk gertatutakoa manipulatzen ari zirela, eta babesa behar genuela. Berehala hartu gintuzten, eta eskertu egiten diegu, erakunde guztiek ez baitute berdin jokatu, nahiz eta erakunde guztietan ere pertsona batzuek gurekin jator jokatu duten. Baita Gasteizko udaletxean ere. Han eta hemen, pertsona zintzoak topatu ditugu, baina baita maltzurrak ere. Eta maltzurrak, kasu honetan, da benetako maltzurrak.

Bat: ez zen borrokarik izan. Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak “azpikeriaz egindako hilketa” izan zela adierazi zuen, hilketa-delituaren zantzuak ikusita.
Lehenengo astea orduko ebatzi zuen: hilketa edo homizidioa. Epaileak bere lana egin zuen, eta kamerek grabatutako irudiak ikusi eta aztertu zituen, epaile instruktore haren atzetik etorri direnek egin ez dutena. Seguru gaude. Txostenak irakurriko zituzten, baina irudiak ikusi ez, bestela ez da posible esatea Kermanena hilketa ez zela izan. 
Eta seguru gaude Mitika zegoen tokira ere ez direla joan.

Argazkia: Dos por dos

Bi: Fiskaltzak helegitea jarri, eta Arabako Probintzia Auzitegiak Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak esana ukatu zuen, “zuhurtziagabekeriaz egindako hilketa” izan zela adieraziz.
Eta euren ebazpenek guri juizio oso bat izateko eskubidea ukatu digute. Instrukzio epaitegiak herri-epaiketa nahi zuen. Fiskaltzaren helegitea dela-eta, agerraldi terriblea egin zuen Jesus María Izagirrek [garaian, Arabako fiskal nagusia izandakoa]. Gure abokatuak ere harrituta! Erasotzailearen alde egin zuen, nabarmen, esanez atezain hark askotan jo izan zuela jendea, eta inoiz ez zuela inor hil. Esan hori genero indarkeriara ekarriko bagenu, onargarria izango litzateke?

Hiru: Gasteizko Udalaren jokabidea.
Jakin dugunez, 2023an hogei interbentzio baino gehiago egin zituen Gasteizko Udaltzaingoak Mitika diskotekan. 2024an, hamabi. 2025eko otsaila baino lehen, eginak zituen bi interbentzio. Udalari esan, eta lesio arinak izan zirela adierazi du. Gure ustez, tolerantzia eta permisibitatea izan zituzten Mitikako atezainek, eta Kerman hil zuen D.C. horrek, zehazki. Eta Kerman hil dute, eta, hala ere, larritasuna kendu nahi diote kasuari? Azpikeriarik ez dagoela? Benetan ari al zarete!?

Lau: Udaltzain baten idatzia, “Hau [Kermanen hilketa] eragotz zitekeen?”, eta udaltzain beraren erantzuna, 2024an idatzitako txostena gogora ekarriz, non adierazten baitzuen Mitikan gauza larriak gertatzen ari zirela, eta okerragorik ere gerta zitekeela ohartarazten.
Oso larria da. 2024ko maiatzaren 3koa da udaltzain horren instrukzioa. Atezainen biolentzia aipatzen zuen, eta biolentzia hori toki zehatz batean gauzatzen zela ere esaten zuen, kontrolgunean, alegia, diskotekako atetik 11 metrora, zutabe bat dagoen tokian. Eta, hain zuzen, zutabe horrek espazio hori grabatu behar duen bideo-kameraren lana galarazten zuen! Udalak bazekien, eta ez zuen ezer egin! Kerman hil eta gero, udal gobernuari idatzi genion, kontrolguneaz eta beste, eta kontrol hartan ez zela okerrik erantzun ziguten. Hilabetera, segurtasun batzordean hartu gintuzten, eta ikerketa sakona egingo zutela agindu ziguten. Ikerketaren ondorioa? Kontrolgunea zuzen jarrita zegoela. Baina ez da egia.

"Epaileak bere lana egin zuen, eta kamerek grabatutako irudiak ikusi eta aztertu zituen, epaile instruktore haren atzetik etorri direnek egin ez dutena"

Egia ez bada, gezurra da.
Hasieran, Arabako Ertzaintzak zuzendu zituen kasuaren diligentziak. Gero, Ertzaintzaren   Segurtasun Pribatuan espezializatutako unitatea arduratu zen enpresen ikerketaz, eta, besteak beste, Mitika diskotekaren enpresaren jabea, eta Lebasque Zerbitzu eta Segurtasun enpresa –atezainak kontratatzen zituena–, ikertu zituen. Eta irregulartasun asko agertu dira bi enpresen inguruan. Adibidez, autobabes planak diskoteka barrua baizik ez zuela kontuan hartzen, eta ez, adibidez, gauzak gertatu ziren kontrolgunea, atetik 11 metrora eta zutabe atzean ezkutatuta dagoena, gainera! Ertzaintzak leku arriskutsutzat identifikatzen du, hain zuzen ere aurretik Gasteizko udaltzain batek bere txosten batean jaso zuen bezala.

Bost: hilketa gorabehera, erasotzailearen perfila gorabehera –zilindro altxatzen Espainiako txapelduna izana, 165 kg-ko markarekin, eta 330 kilogramoko marka pisu hila jasotzen–, D.C. libre da azaroaren amaieraz gero, fidantzapean.
6.000 euro ordainduta. Kerman hil eta gero ere, 6.000 eurokoa fidantza, ez 60.000 eurokoa!

Ez. Pertsona hori libre uzteko asmo sendoa izan dute Fiskaltzak eta Arabako Lurralde Auzitegiak. Oker ari dira, edo gezurretan oinarrituta. Auzitegiaren diligentzietako bat Kerman modu tematsuan zebilela diskoteka inguruan, eta haietako batean, erasotzaileak jo egin zuela, eta hori dena Ertzaintzaren fotogrametan ageri dela. Ez dago hiru lerrotan gezur gehiago esaterik! Nola liteke, ordea!? Gezur horien gainean eraiki dute autoa fiskaltzak eta lurralde auzitegiak! Erasotzailea kaleratzeko erabili dituzte argudiook! Zergatik? Horixe da galdera!
(…)
Hasieran, Ertzaintzak guk ikusi gabeko fotogramarik bazuela pentsatu genuen, eta, badaezpada, harremanetan jarri eta galdetu egin genien. Ertzaintzak esan zigun ezetz, ez zegoela beste fotogramarik, ordurako geure esku genituenak besterik ez zeudela. Kerman hil eta gero, neska batek gurekin harremanetan jartzeko modua egin zuen. Kontaktatu egin gintuen. Esan zigun gau hartan Kermanekin egon zela tarte batean –Aguraingo kuadrilla bateko beste lagun bat tarteko–, lasai zebilela, ez zela ezertan tematu –insistentzia hitza darabilte diligentzietan-eta–, eta, are, horrexek harritu zuela, alegia, ez zuela atezainen aitzakiarik ere eman. Zain egon zela, besterik gabe, sartzen utzi zain. Atezainak, bitartean, bildu egin ziren: Kermanen hilketa prestatzen ari ziren!

Argazkia: Dos por dos

Horixe adierazi zenuten Gasteizko parlamentuan ere. Kermanen hilketa prestatzen!
Bata besteari keinuka. Batek –erasotzaile izango zenari begira–, esku-mugimendu bat egin zuen bere aurpegiaren alde bat atzamar puntekin seinalatuz eta eskua, lokitik behera, masail hezurreraino eramanez. Erasotzaileak bere aurpegiaren alde batean bi ukabilkada simulatuz erantzun zion. Handik minutu erdira –bi pertsona igaro ziren, pantaila lanak eginez, gertatzera zihoana ikus ez zedin–, Kerman hil zuten, gure semea lasai-lasai zegoenean. Atezainak aurpegian jo zuen Kerman, gogor jo ere, bertan hil zuen! Haustura bikoitza eragin zion masailean, beheko masaila lehertu zion, 1,5 zm-ko hezur-ezpala sartu zion mingainaren oinarrian!
(…)
Eta, Kerman hil, eta barrura egin zuen atezainak, gure semea, zerraldo, bertan utzita. Han ziren neska batzuek-edo hots egin zioten anbulantziari. Gauza asko dira bata bestearen atzetik: erasotzailearen prestaketak –gaiztakeriazkoak, erabat–, haren indar handia, buruan jasotzen diren kolpeek duten arrisku handia, Kermanek kolpea jaso orduko konortea galtzea, erasotzaileak Kerman bertan abandonatzea… Instrukzio epaitegiak horiek denak ikusi, eta, nola liteke fiskaltzak horiek denak ez kontsideratzea!?

Bi pertsona igaro zirela esan duzue, pantaila lana egin zutela…
Eta uste dugu haietako bat, behintzat, krimenari lotuta dagoela, atzerantz begira ari dela sartzen baita, gertatu behar zuenari begira.

Diotenez, egia da bat, egia juridikoa beste bat.
Gauza batzuk objektiboak dira, instrukzio epaitegiak berretsiak: gaiztakeriazko hilketa –ez zuen debaldetan esan, bideo-dokumentuak eta testigantzak zituen oinarri–, erasotzailearen prestaketa-lanak, itxaronaldia, basakeria, erasotzailearen aitortza, autopsia… Horiek denak frogatuta daude, instrukzio epaitegiko lehen epaile hark ondo bete zuen lana. Alabaina, atzetik beste batzuk etorri dira, kargu handiagokoak, eta epaile haren lana ukatu dute.

"Erasotzailearen prestaketak, Kermanek kolpea jaso orduko konortea galtzea, erasotzaileak Kerman bertan abandonatzea… Instrukzio epaitegiak horiek denak ikusi, eta, nola liteke fiskaltzak horiek denak ez kontsideratzea!?"

Ez dut ulertzen.
Ezta guk ere. Orain, berriz, gauza gehiago ere deskubritu ditugu. Beharbada 2.000 ordu baino gehiago eman ditugu [Roberto] bideoak bisionatzen. Eta orain arte esan ez badugu ere, esateko moduan gara: kamerek zenbait jenderen mugimendu arraroak erakutsi dizkigute, Kerman hil aurrekoak. Guardia zibilak diren? Poliziak? Ezin esan oraindik. Bi neska, berriz, diskotekaren sarrera ondoko eskailera mekanikoetan gora jarrita daude, dena ikusten. Mugimendu arraroak egiten dituela esan dugun haietako pertsona bat, neska bat, Mateo Moraza kalerantz doa, Kermanen kuadrilla badatorrela egiaztatzera. Neska hura etorri orduko, hilketaren prestaketa hasten da, bata besteari agurka edota keinuka.

Testiguak badira, hala ere: eskailera mekanikoetan gora diren bi neska horiek.
Ez dira testigu, dira ikusle. Neska haiekin batera, gizonezko bat dago, punky itxurakoa, baina, egiaz, jarduneko guardia zibila Sansomendiko kuartelean. Haren izena ere jakin dugu.

Estoldak, berriz ere?
…Kerman hil baino segundo batzuk lehenago, pertsona batzuk ateratzen dira diskotekatik, hilketa ikustera. Haietako batek, txano bat-edo janzten du. Eta Kerman hil baino lehen, eta ondoren ere, bata besteari keinuak egiten dizkiote. Ez gara ezer asmatzen ari, kamera-grabazioek erakusten dute.

Argazkia: Dos por dos

Ertzaintzaren lana egiten ari zarete…
Familia ari da hau dena egiten. Ezer aurkitzen dugun aldiro, Ertzaintzari, abokatuei eta behar denari jakinarazten diegu.

Fiskaltzari ere bai?
Bai, ontzat eman du gure lana, baina besterik ez. Hiru fiskal ere ezagutu ditugu: bata, lekualdatu zuten; bigarrenak, ez zuen astirik izan; hirugarrena, delako Jesús María Izagirre, kasuan azeria oilategian bezala sartu zena. Oraintsu jakin dugu, berriz, modu kolegiatuan hartu zutela erabakia [zuhurtziagabekeria] Carmen Cotelo Arabako Fiskal Nagusiaren onespenarekin. Irekiera-atestatua kaxkar samarra izan zen, baina, hurrengoan, proaktibo jardun zuen Ertzaintzak. Gero, fiskaltzaren jarrera aldatzen hasi zen, eta Ertzaintza ez da ausartu aurrerago joaten, edo ez diote utzi.

Konturatuak zarete, noski, zer esaten ari zareten: Kermanen hilketa, instrukzio epaitegiak halaxe ikusia; erasotzailearen perfila eta jokabidea, egun hartan, eta aurrekoetan, salaketa bat baino gehiago jasoa baita D.C.; hilketaren prestaketa eta mugimenduak, guardia zibil bat inguruan eta hau eta hura; Lebasque segurtasun enpresaren lan narrasa, eta Alaves, Baskonia eta Gasteizko Udalarekin duen kolaborazioa; batzuen eta besteen izen-deiturak…  Kontrario handiak. Justizian sinisten duzue?
Ez gara orain dela urtebeteko pertsona berak. Esan dugu Gasteizko udaletxean izan ginela, segurtasun batzordean, eta ikerketa zorrotza egingo zutela agindu zigutela. Handik irtetean, prentsako batek galdetu zigun ea sinisten genuen ikerketa egingo zutela. Guk baietz erantzun genion. Orain pentsatu ere ez baietz erantzutea! Ez dugu ezertan sinisten. Lehen, nahiko sinesgabeak ginen, orain ateo totalak gara, justizia etsai dugu, eraso egiten digu. Eskerrak, hala ere, toki guztietan pertsona zintzoak topatu baititugu, konprometituak, bere burua egoera deserosoan ikusi dutenak, zeren gu defenditzea ezatsegina da, gure kasua arantzaz betea dago. Hala ere, esan dugu, pertsona zintzoak topatu ditugu toki guztietan, baita erakundeetan ere. Baina justizian sinestea, edo ezertan sinestea, zaila zaigu.

 


Gizartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.