Fikzioa dirudien errealitate aztoratu honetan, gaiztakeria klase arteko kontua dela dirudi, gizateria klasetan banatzeko aitzakia ugari sortzen direla, “gutakoen” alde, edo “besteen” kontra egiteko.
AEBetako Alex Karp-ek, Palantir enpresako zuzendari nagusiak, AAren eragina gizartean azaltzeko bi klase definitu ditu, “The new rebublic” webgunean irakurri dudan artikuluan: akademikoki humanitateetan heziak izan diren emakumeak alde batetik, eta euren kabuz ikasiak diren gizon langileak bestetik. AEBetan ICE (Immigration and Customs Enforcement) zelataritza softwarea baliatzen duen enpresa da Palantir.
Karp jaunak dio AAk akademian heziak izan diren emakumeei boterea kenduko diela, eta euren kabuz ikasiak izan diren gizonezko langileei boterea handituko diela, "... horregatik bilatu behar direla moduak gizarteari azaltzeko teknologia hauek nortzuk onuratzen dituen”.
Batzuetan, iruditzen zait eredu zentralizatu hauen sortzaileek hain dutela sartuta muturra euren makro-feudo digitaletan, ezen ezin duten ikusi euren herriak kakaztu dituzten sistema zibernetikoetatik kanpo bestelako dinamika eta gizarte ereduak daudela. Euren herrietan, euren teknologiek eta politikek sortu duten bizimodua ikusten gabiltzala eta ez zaigula gustatzen. Erresistentziak existitzen direla, eta erresistentzia horietan akademian akademikoki humanitateetan heziak izan diren emakumeek zeresan handia dutela. Edo beharbada bai, ohartu dira... eta holako agerraldien helburua da, beldurra medio, emakumeak euren AA zentralizatuen bidera erakartzea, euren erresistentziak eta alternatiba bideak higatzeko. “Emakumeak teknologian” baino, “emakumeak gure teknologian” estrategia.
Kontuak kontu, badirudi emakumeok ez garela zapaltzaile hauen teknologien baitan inola ere irabazle suertatuko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.