Oro ez da urre hezkuntzan


2026ko martxoaren 18an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Elkar, 2025

------------------------------------------

Irakasleok azken urteotan berrikuntzaren izar distiratsuari jarraitzen ari gara etengabe. Etapa guztietan metodologia berriak ezagutu, erabili eta lehenetsi behar dira: mugimendu librea, material ez egituratuak, gamifikazioa, gaien eremukako lanketa, esperimentazioan oinarritutako ezagutza... 

Hezitzaileok etengabeko prestakuntzan gabiltza beti, azken korronte eta joera metodologikoak ikasturtez ikasturte ikasten. Zaharra bazterrean utzi eta berria besarkatzea eskatzen zaigu. Batzuetan erlijio kutsua hartzen diot metodologia berrienganako fede sutsuari. Ia tabua da horiek auzitan jartzea edo aurrekoa, “tradizionala”, hobestea. 

Ikasleen ikasturte amaierako ebaluazioak jasotzean nagusi da, ikasgaia eta irakaslearen lana positiboki baloratzen badute, “dinamikoa, aktiboa edo praktikoa” izan dela adieraztea. Horregatik da hain beharrezkoa Maldonadoren liburu hau irakurtzea eta irakasleok gaiaz hitz egitea.

Egileak eztabaidarako eta hausnarketarako gonbidapena egiten digu egungo hezkuntzaren egoerari arretaz begiratzeko eta zenbait “aurreiritzi desmaskaratzeko”. Besteak beste, hezkuntzaren ilustrazioaren eta erromantizismoaren oinarriak esplizitatzen ditu, metafora, lelo eta termino zenbait aztertu, teoriaren eta praktikaren edo pribatuaren eta publikoaren arteko harremanei buruz pentsatzen du, edota emozioek, psikologiak eta zapalkuntzen kontrako mugimenduek pedagogian nolako eragina izan duten aipatzen du.  

Berrizalekeria itsua kaltegarria dela esaten digu eta hezkuntza gaur egun zertan den eta zer izan beharko litzatekeen erabaki behar dugula ondorioztatzen du. Egungo metodologia berriek neoliberalismoaren eta kontsumismoaren interesei erantzuten dietela salatzen duelako, eta filosofiako irakasle gisa eta beste irakasle batzuekin honetaz berba egin ostean, bere kokapena erakusten duelako, gurea topa dezagun. 

Galdera formatuan ekarri ditugu azpimarratutako aipu batzuk elkarrizketa abiatzeko: "‘Nola’ irakasten eta ikasten den galdetzen dugu azkenaldian, baina ez genuke ‘zer’ ere galdetu beharko? Zergatik ez dago apenas ikuspegi kritikorik metodologia berriekiko? Nondik datorkie ospe txarra pentsamendu, teoria edo banakako irakurketa-idazketari?".


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.