Forma
Forma
DDT. Afterpost, Polz de lamort, Dispear Records, 2025
------------------------------------------------
Pasoliniren testu batetik lapurtua: “Zentralismo faxista bakar batek ere ez du lortu kontsumo-gizartearen zentralismoak lortu duena. Faxismoak eredu bat proposatzen zuen, erreakzionarioa eta monumentala, gero ahuntzaren gauerdiko eztulean geratzen zena. Kultura partikularrek (nekazariek, proletarioek, langileek) antzinako ereduei men egiten jarraitzen zuten, irmo. (...) Gaur egun, aldiz, zentroak proposatutako ereduekiko atxikimendua erabatekoa eta baldintzarik gabekoa da. (...) Beraz, botere berriak ezarritako ideologia hedonistaren tolerantzia giza historiako errepresiorik okerrena dela esan daiteke. Nola gauzatu ahal izan da errepresio hori? Erakunde burgesaren barruan bi iraultza eginez: azpiegiturena eta informazio sistemarena”.
Zer esango luke gure idazle kortsario italiarrak, ai, Instagram, Spotify eta Google Mapsen diktaduran eroritako gizarteaz? Harrituta legoke kontsumismoak kontsumitu dituen espazio guztiekin. Adimena eta kultura dira esanguratsuenak.
Forma talde jaio berriak (baina ez hasiberriak) Bilbotik ematen dizkigu galdera horien oihartzunak. Ez da alferrikakoa lotura: euskaraz eta italieraz eskaini dute euren lehen EP-a. Kantu labur, zorrotz, malaostiako eta melodikoekin. Punk berriaren ildoan, jarrera bat da, eta doinua beste bat. Alegia: melodia eder asko batzuek ez dutela punk gutxiago esan nahi.
Eta posea apurtzen dute. Punkaren oinarrian, zerbait balego, jarreran eta etikan legoke, eta ez akorde progresioetan. Horregatik, zaharrik zaharrena izanda ere, da berririk berriena, eta zatarra bezain freskoa da lehengo lan labur hau.
Punka da aldarrikapen bat: “Beti izan dadila uztaila”. Eta tatuajeak eta pogoak eta izozkiak, demagun. Punka da pena bat: “Esan genuen ez ginela inoiz aldatuko. Orain aldatu zarela, nor da arraroa?”. Punka da antsietate soziala eta beti sentitzea dela berandu: “É taaardi”. Punka da oinarrizko afirmazio bat aldarrikapen bihurtzea: “La sessualità non é una performance”. Noski dela punka “eraikinak erortzen ikusi nahi izatea”. Eta falta zena, “senza tempo para pensare” bizitzea. Baina (eta batez ere) punketan punkena da sarean sortu eta aurkeztea Forma. Kontsumismoaren fabrikan ludita talde bat gehiago. Kantu kortsarioak.