Dolu(min)en artea kolektibizatzen

  • Tabuak tabu, geroz eta gehiago dira heriotzari eta doluari begira sortzen dutenak. Urtzi Ugalde, Ilargi Arrizabalaga eta Uxue Juarez Gaztelu sortzaile euskaldunekin mintzatu da ARGIA. Artea eta dolua elkar gurutzatzen direnean sortzen diren sinergiak, isiluneak, emozioak eta bideak izan dituzte hizpide.

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hiltzea, lo luzea da. Inork ez zaitu gosaritarako esnatzen”, dio Hili album ilustratuak (Elkar, 2021). Uxue Alberdi Estibaritz idazleak eta Araiz Mesanza Iturritxa ilustratzaileak eginiko liburua da, eta heriotza du hizpide. Haren bueltan sor daitezkeen galdera ugari biltzen du: “Izarretan dauden hilak itzali egiten al dira goizetan? Zeruan daudenak ez al dira erortzen? Hil eta gero, nola berdintzen da gosea? Hotz egiten ahal du zeruan? Hildakoek ametsik egiten ahal dute? Hilek nondik hartzen dute arnasa?”. Erantzunak ematea baino, gogoeta bultzatzea du helburu.

Heriotzak berez dakar dolua, baina doluak ez du zertan heriotza bati lotuta egon. Bular baten galerak, hiriz aldatzeak, gurasotasunak eta bestek ere eragin dezakete dolu prozesua. Alaine Agirre Garmendia idazlea dolu perinatalaz mintzo da Karena eleberrian (Elkar, 2021). Bertan modu askotara definitzen du dolu prozesua: “Dolua da pasatzen ari dela iruditzen zaizunean minak atzera zu hartzea, zu harritzea, zu harrapatzea. Dolua da abiapuntura bueltatu zarela pentsatzea eta, halere, bidean egotea. Dolua da zirriborro nahasi bat, inoiz ez marra bakarra”.

Heriotzak berez dakar dolua, baina doluak ez du zertan heriotza bati lotuta egon. Bular baten galerak, hiriz aldatzeak, gurasotasunak eta bestek ere eragin dezakete dolu prozesua

Forma asko izan ditzake doluak, eta bakoitzak bere bidea egiten du. Alabaina, Urtzi Ugalde, Ilargi Arrizabalaga eta Uxue Juarez Gaztelu sortzaileen ustez, antzekotasunak egon daitezke sormen eta dolu prozesuetan. Uste dute doluaz eta heriotzaz mintzatzea zaila den arren, eta oraindik tabu asko badaude ere, poliki-poliki ateak irekitzen ari direla. Horren adibide dira Ugalderen Ama artefaktua (2025, Izan Iñurri eta Trinchera), Juarezen Etxe bat Husanviken poesia liburua (Balea zuria, 2025) eta Ilargi Arrizabalagaren Dolu(s)min diskoa (2025, autoekoizpena). 

“Mina ez zidan kentzen, baina arintzen zuen”

Itzalean bizi izan ditu idazketa eta marrazketa Urtzi Ugaldek (Bilbo, 1984). Ez du bere burua artistatzat edo idazletzat, eta sentitzen du horrek askatasuna eman diola Ama "artefaktua" sortzeko. “Aske bizi, aske hil eta aske egin, eta eman baimena zure buruari”. Hori da Ugalderen leloa. Urte luzez ordenagailuan gordeta izan dituen olerkiak zein marrazki edo zirriborroak biltzen ditu liburuak. Bizitzaz, heriotzaz, amatasunaz eta maitasunaz mintzo da. Amari –Edurne Ugalde Zubiri aktibistari– minbizia diagnostikatu ziotenean egindako oparia da liburua. “Ama eta semearen arteko opari intimo bat izan zen. Etxera ekartzen ez genituen gaiak agertzen dira. Hor zeuden, baina ez genituen hitzez adierazten. Ordura arte erakutsi ez nion nire parte bat erakutsi nahi nion”. 

Ama hiltzean, Ugaldek inguru hurbilarekin oparia partekatzeko beharra sentitu zuen. “Ikusten nuen dolua bideratzen nuela, eta ez zidan mina kentzen, baina arintzen zuen”, dio. Ostean, zortzi ale anonimo inprimatu eta zenbait lekutan utzi zituen lore batekin. Adibidez, txikitako etxeko atarian, onkologikoan eta umea zeneko eskolan. QR kode bat jarri zuen jendeak iruzkinak uzteko: “Jendeak flipatzen zuen, eta batzuek kritika politak bidali zizkidaten. Ikusten hasi nintzen agian besteentzat ere lagungarria izan zitekeela”. Izan Iñurri elkartearekin partekatu zuen bizitakoa, eta elkarteko kideen harrera beroa dela eta, liburua argitaratzea pentsatu zuen: “Laguntzen ninduen, eta horrek betetzen ninduen, baina ordura arte ez neukan horren argi besteentzat ere lagungarria izan zitekeela”.

Urtzi Ugalde, 'Ama' liburua eskuetan duela / ARITZ LOIOLA - FOKU

2024ko uztailean hiru eta hamabi hilabete arteko bizi-itxaropena eman zioten Ugalderen amari. 2024ko abenduan zendu zen. “Data bat izatea oso gogorra izan daiteke, baina agurra planifikatzeko eta gauzak ondo eta era ordenatuan egiteko aukera ere ematen dizu. Edo, behintzat, saiatzeko eta ez geratzeko hitz egin gabeko gauzarik. Bizitzako beste etapa batzuetan izan ez dugun lotura bat sortu zen”, esan du. Diagnostikoa jaso eta berehala baja hartu zuen Ugaldek. Ostean, atzera begirako irakurketa egiten hasi, eta amarekin bizitakoa aztertzen hasi zen: “Nire bizitzan birkokatzen eta zer egin dudan ikusten lagundu dit. Ez nengoen uneoro amari begira, gizarteak, agian, hori espero duenean”. 

Liburua ama “infinitu” eta “betierekoa” bihurtzeko modua izan dela sentitzen du. Gaineratu du terapeutikoa eta askatzailea ere izan dela, barrutik ateratako zerbait: “Zein polita den autoterapia, auzoterapia bihurtzen denean. Feminismoak erakutsi digu pertsonala, politikoa ere badela”. Kontatu du aurkezpenetan sinergiak sortzen direla eta liburua aitzakia dela minbiziaz eta heriotzaz hitz egiteko. Iruditzen zaio doluaz geroz eta gehiago sortzen den arren, informazioa “estalita” dagoela: “Gauza potente asko daude, baina ez daude lehenengo lerroan. Heriotzak eta doluak, zaintzak bezala, generotik du asko, eta emozioak ateratzeko artean batez ere emakumeak dira erreferenteak”. Uste du oso zaila dela horrelako gaiak sozializatzea, tabu asko daudelako oraindik. 

“Doluari beldurra eduki baino, igaro egin behar da”

Tabuarekin amaitu eta doluaren inguruko unibertso bat sortzea du helburu Ilargi Arrizabalaga musikariak (Lezo, Gipuzkoa, 2000). Ilargi da bere izen artistikoa. Dolu pertsonalaz gain, beste batzuen doluez mintzatzen da Dolu(s)min diskoan. Aitaren –Mikel Arrizabalagaren– heriotza du abiapuntu. 2022an zendu zen, buruko isuria izan eta lau egunetara. “Beti kezkatu nau heriotzaren gaiak eta ez agurtzeak”, esan du. Azkuna Zentroko Arte eta Kultura Garaikidearen Teoria eta Praktika Masterra burutu zuen 2023tik 2024ra, eta Amaierako Lanaren bueltan sortu du diskoa. Aitaren heriotzak eragindako doluaz gain, dolu perinatala eta minbiziak eragindakoa landu ditu: “Nire asmoa ez zen doluaz hitz egitea. Beharra sentitu nuen, batez ere, ez dugulako espaziorik zaurgarri izateko eta kontatzeko dolua nola pasatzen ari garen”.

Diskoa sortzea ikasketa prozesua izan da Arrizabalagarentzat. Heriotzaz beste dolu asko daudela deskubritu du, eta doluan ez daudela soilik itzalak: “Negar pila bat egin behar duzu eta gaizki egon behar zara, baina bada bide bat sendatzeko ere. Doluari beldurra eduki baino, igaro behar da”. Indarkeria obstetrikoaz eta onkologikoaz ere jabetu da. Ikusi du haurra hilik jaiotzen denean, batzuetan, gurasoei ez dietela hura ikusten uzten, eta horrek dolu prozesuari eragiten dio.

Ilargi Arrizabalaga musikariak 'Dolu(s) min' diskoa plazaratu du. / IBAI ARRIETA

Uste du geroz eta gehiago hitz egiten dela heriotzaz, baina tabuak pisu handia duela oraindik. “Diskoak lagundu dit prozesua eta errealitate berria ulertzen", esan digu, "hainbeste min ematen duen zerbait bizi dugunean, batzuetan aparkatu edo atzeratu egiten dugu. Nire egunak dauzkat, mundu guztiak bezala, baina lagundu dit onartzen”. 

Jaizkibel izan da aita hil ostean sortu duen lehenengo kanta. Aitarekin izan zuen amets batetik abiatzen da. Epai du izena azkenak: “Kantak denbora-marra batean jarriko bagenitu ikusiko genuke zeintzuk dauden doluaren hasieratik gertuago. Uste dut ona dela, distantzia eman didalako gauza batzuk lantzeko”. Azken kantan erruaz mintzo da. “Kezkatzen nau ongi egoteak, gaizki egon behar naizenean. Eliza nigan ez eduki arren, erruak pisua du nigan”, dio abestian. 

Dioenez, denbora behar da zenbait gairi heltzeko, batzuetan mingarriegia delako eta emozioekin konektatzea beldurgarria izan daitekeelako. Atzean diskoetxerik ez izatea positiboa dela dio: “Sorkuntza prozesu batean inportantea da zure erritmoak errespetatzea, zure gorputza entzutea eta ikustea zer behar duzun. Zaila da, egungo gizarte kapitalistan etengabe produzitu behar dugulako”. 

Bere ustez, musika mina kolektibizatzeko eta doluen sakontasuna hobeto ulertzeko tresna izan daiteke. Hala ere, zaila iruditzen zaio jendearengana iristea: “Aztertzen badugu zein diren antzezlan edo pelikula komertzialenak, ikusiko dugu mina saihesteko joera dugula”. Alabaina, ez du esperantza galdetzen.

Dolua eta amatasuna, kontrako noranzkoan

Olatuen artean murgildu eta ur azpiko unibertso oso bat sortu du Uxue Juarez Gazteluk (Iruñea, 1981) Etxe bat Husaviken poesia liburuan. Gizon elefantea, balea andrea eta baleakumea protagonista, suizidioaren osteko doluaz eta amatasunaz mintzo da jostari. Duela zazpi bat urte bikotekidea suizidatu egin zen, eta dolua eta amatasuna elkar gurutzatzen hasi ziren: “Beste proiektu batzuekin ez nuen argi nora noan, baina hemen argi zegoen dolua eta amatasuna kontrako norazkoan doazela. Alde batetik bikotekidearen heriotza zegoen, eta bestetik bizitza sortzen ari nintzen. Batek behera egiten zuen eta besteak gora”. Tentsio hori idazketaren bidez lantzen hasi zen: “Behar bat baino, idazketa bizitzako zutabe edo hirugarren beso bat da”.

Duela hiru urte idatzi zuen liburua, baina kosta egin zaio argitaletxe bat aurkitzea. Kontatu du poesiarekin ohikoa izaten dela. “Biografikotik oso gertu idazten duzuenean, lan literarioa zerbait terapeutikoa bezala ulertzeko beldurra dago”. 

Bere hitzetan, garrantzitsuena ez da zer gertatu zen, baizik eta gaiaz hitz egiteko aitzakia izatea: “Idazten duzunean fikzioarekin jolasten ari zara, orduan, asmatutako zerbait izan zitekeen. Kontua da helduleku bat izatea gaiaz hitz egiteko. Lan literarioak askotan abiapuntu biografikoa dauka, baina aitzakia bat da unibertsala den zerbaiti buruz hitz egiteko, minaz, adibidez”.
Hasieran poema solteak idazten zituen, ez ziolako doluari begiratu nahi. Aldi berean, umearengatik, haurrentzako ipuinak egiten hasi zen: “Ipuin bat sortu nuen. Familian suizidio bat dago, eta umeak horretaz hitz egiten du eta aurre egiten dio”. 

Ur azpiko unibertso oso bat sortu du Uxue Juarez Gazteluk 'Etxe bat Husaviken' poesia liburuan. / DANI BLANCO - ARGIA CC BY-SA

Bere lanetan puntu fantasiosoa eta jostaria du Juarezek, eta bide bera jarraitu du azken obran. Natura oso gustuko du, eta azken urteotan beste leku batetik ezagutu du itsasoa. Txikitan udan hondartzara joateko ohitura zuen, baina ez neguan edota udazkenean: “Eszedentzia hartu nuen haurra zaintzeko, eta maiz joan nintzen itsasora. Ikusi nuen itsasoak doinu propioa duela, eta bat egiten duela doluaren doinu poetikoarekin”. 

Ikusi du doluan dena ez dela iluntasuna, kolore asko egon daitezkeela. Hori islatu nahi izan du liburuan: “Umorea nire bizitzaren egunerokoa da. Gainera, dolua oso bitxia izan da, oso triste nengoelako, baina aldi berean energia pila bat nuelako mundua arakatzeko, ikertzeko, begiratzeko… Haur bat hazten ikusten duzunean argi pila bat dago. Horri buruz ere hitz egiten nuenez kolorea ateratzen zitzaidan”.

Hasieran ez zuen argi esplizitatu nahi suizidioa zuela hizpide liburuak. Hautu politikoa izan da aipatzea: “Horretaz hitz egiteko beharra duten ikasleak daudela ikusten dut. Oso estalita dagoen gai bat izaten jarraitzen du. Aldi berean, suizidioak izugarrizko morboa duenez, lan literarioa albo batean geratzeak kezkatzen ninduen. Ez da edozein dolu”. Suizidioa normaltasunez landu behar dela dio, nahiz eta batzuetan kostatzen zaion,  beldur asko pizten zaizkiolako. 

Iruditzen zaio literaturan erreferentzia gutxi daudela doluari dagokionez. Gainera, argitaratzeko zailtasunak daude; esate baterako, haurrentzako duen liburuaren kasuan, editoreak gustuko duen arren, ez du argitaratuko, ez delako salduko: “Orokorrean asko kostatzen da heriotzari buruzko lanak erostea, guraso bat ez da joango suizidioari buruzko liburu bat erostera”. 

Tabuak tabu, geroz eta gehiago dira doluari begira eginiko lanak, eta horrelakoen bila ari direnak. Hiru sortzaileek nabarmendu dute disko eta liburu aurkezpenetan sinergiak sortzen direla eta elkarren istorioak partekatzeko beharra dagoela. Mintzatzeko premia dagoenaren seinale izan daiteke. 


Kultura kanalean gehiago
2026ko apirilaren 1
Lurraldea eta arkitektura
estadio Shakira

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.