“Disidentzia sexuala ez da ezkerraren ondarea”

  • 1940, Kanariar  Uharteak. Gizonezko jantzitako emakumea epaitzen ari da epaitegi frankista bat, identitate iruzurra egin duelakoan. Epaitzen ari diren hori Margarita Beese da, Espainiako bando frankistaren jarraitzaile sutsua, Falangeko eta Sección Femeninako kidea. Edo agian Juan Carlos da. Gertakari horretatik tiraka, memoria historikoa ardatz duen bere bigarren liburua kaleratu du Andrea Momoitio (Ortuella, Bizkaia, 1988) kazetariak: Farsante, Una historia queer en la Falange (Iruzurtia, istorio queer bat Falangean) (Libros del KO, 2026).

Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nor izan zen Margarita Beese?

Oraindik ere misterio bat da. Hala zen duela hiru urte bere bizitza ikertzen hasi nintzenean, eta neurri batean hala izaten jarraitzen du orain ere. Ez nekizkien gauza asko aurkitu ditut, baina beste galdera asko erantzun gabe geratu dira. Noizbait zirriborroa ontzat eman behar nuen, aurrera jarraitu eta liburua argitaratu, baina egia da ez naizela iritsi nahi nuen bezain urrun. Beraz, oraindik ez dakit oso ondo nor zen. Badakizkit, ordea, gauza batzuk: pertsona kontserbadorea zela; bere aberri ideiari oso lotuta zegoela; Espainiako Estatua sakonki maite zuela; Espainiako Estatuaren iragan kolonialaz oso harro sentitzen zela; oso katolikoa zela; eta gerra irabazi zuten horietako zela, eta ondoren estatu osoa urte askoan miseria absolutuan murgildu zutenetakoa. Ez zen gureetakoa, hori argi. 

Istorio queer bat Falangean da azpititulua. Bada, nolakoa zen queer izatea 1920ko hamarkadan?

Liburuaren azpititulua probokazio bat da, Margaritak seguruenik ez baitzekien zer zen queer. Baina gaurkora ekarriko bagenu, “zu pertsona queer bat zara” esango genioke. Garai hartan, zailtasunak edo arau oso murriztaileak egon arren, baziren arrakalak eta erresistentziak: Madrilen, 1920ko hamarkadaren amaieran eta 30ekoaren hasieran dokumentatuta daude “zirkulu safikoak” deitzen zituztenak. Baina nik ez dut horretan asko sakondu, ez baitut uste bera zirkulu horietan askorik ibili zenik. 
Margarita ingurune oso boteretsu batean bizi izan zen, nolabait esateko, boterea bere alde zuen: ekonomikoa, soziala eta kapital sinbolikoa. Horrek askatasun tarte batzuk ere sortuko zituela irudikatzen dut. Esaterako, beti esan izan da Sección Femeninan lesbiana asko zeudela. Beraz, uste dut nahi izan balu, bere desioa nolabaiteko askatasunez garatzeko aukera izan zuela.

Margarita iruzurtia izan zen Falangean ala queer munduan?

"Pertsona queerrok
gure memoria
berreskuratzea merezi
dugula uste dut, gu
garen horretatik
gertuago edo
urrunago egon"

Ez dakit. Nik uste dut bera oso falangista zela. Bere ekoizpen intelektuala handia da,  gaiaz testu eta gogoeta asko idatzi zituen. Niri zalantza gehiago sortzen dizkit egun batean epaitegira joan eta bere izena Juan Carlos dela esateak. Zergatik egin zuen hori? Sentimendu trans bat zuen, nahiz eta hala deitzen ez jakin? Benetan nahi zuen une horretatik aurrera bere bizitza Juan Carlosen identitatearekin bizi? Oso kezkatuta zegoen emakumeek feminitatea gal ez zezaten, eta feminitatea oso balioan jartzen zuen. Orduan, hori guztia gezurra zen? Agian zerbaitetik ihes egin nahi zuen, edo Alemaniara joan eta armada naziarekin borrokatu?
Niri, egia esan, azalpen horietako bat bera ere ez zait erabat baliagarria egiten, elkar kontraesankorrak direlako. Eta epaimahai baten aurrean eskubide osoa duzulako gezurra esateko. Bere itxura maskulinoagatik kalean berataz barrez ibiltzen zirela ere kontatzen dute. Hor dago zalantza, eta ez dut uste inoiz jakin ahal izango dugunik.

Janira Hermida ikertzailearen bidez iritsi zinen istoriora.

Janira Hermida unibertsitateko ikertzailea da eta Kanarietan ezagutu nuen berak kongresu batean Gizon trans bat Tenerifeko Santa Cruzeko emakumeen espetxean izeneko hitzaldia eman zuenean. Harrigarria iruditu zitzaidan, eta interes handia sorrarazi zidan istorio txiki horrek. Berak ezin izan zuen ikerketan oso urrun iritsi; besteak beste, ikerketa akademikoa egiten duelako, eta ikertzeko moduak oso desberdinak direlako. Kazetaritzak beste ikerketa modu batzuk ahalbidetzen ditu: familia bilatzea, txirrinak jotzea edo auzo batean atez ate galdetzea. Margaritaren istorioan gehiago sakondu ahala, gero eta gehiago txunditzen ninduen. Eta hori guztia nik pentsatzen dudanaren antipodetan egonda. Hala ere, uneren batean –eta liburuan ere esaten dut–, Margarita hurbil sentitu dut, kide bezala. Margarita bera ez, baina pertsona querrok gure memoria berreskuratzea merezi dugula uste dut, gu garen horretatik gertuago edo urrunago egon. Merezi dugu. 

Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Nolakoa izan da ikerketa eta nola sentitu zara zu prozesu osoan zehar? Frustrazio asko ere izango zenituen.

Bai, hala da. Artxiboan uneoro egin dut topo Margarita Beeseri buruzko informazio faltarekin; eta hori oso harrigarria da, kontuan hartuta bizitza politiko eta sozialean oso modu aktiboan parte hartu zuela. Baina badago artxibo mota bat non gauzak ezin diren desagerrarazi: hemeroteka. Iturri zaila da, baina, hala ere, beste batzuen bidez mugatzen joan nintzen garrantzitsuak izan ziren pasarte batzuetara heltzeko.

Eta gero, jakina, informazio iturri handiena bere ilobak gordetzen duen artxiboa izan da: bere aitonaren familia-artxiboa. Han informazio asko zegoen berari buruz, batez ere aitarekin izan zuen gutun-harremanari lotutakoa. Gutunen zati bat baino ez dut, hala ere; gutun horiek gauza batzuk ondorioztatzen lagundu didate, datak pixka bat zehazten eta bera non kokatu ulertzen. 

Nolakoa izan da familiarekin izan duzun harremana?

Jakin-min handiko jendea eta oso eskuzabala aurkitu nuen, horrek ere hunkitu egiten nau. Gauza batzuk entzunak zituzten; bazekiten izeba bat zutela, baina ez zekiten oso ondo aitonaren alaba zen edo ez. Aitonari diru asko lapurtu ziola, lesbiana zela zioten zurrumurruak bazeuden, baina ez zekiten, inondik inora ere, Madrilen bizi izan zenik, aldizkari bat zuzendu zuenik, postako funtzionarioa izan zenik, eta are gutxiago Falangearekin hain modu aktiboan lotuta egon zenik.

Irekitasun eta laguntzeko gogo handiak aurkitu nituen. Eta, aldi berean, uste dut paraleloki beraiek ere beren liburua eta beren ikerketa egiten joan direla, nondik datozen pixka bat hobeto ezagutzeko. Hori polita izan da. Elkar laguntzen joan gara bidean.

"Niretzat, gaur egungo
feministen arteko
alde nagusia ez da
ideologikoa: batzuk
transfoboak dira eta
beste batzuk ez"

Margarita bizi izan zitekeen etxeetara joan zinen, eta “hello” [kaixo, ingelesez] asko entzun omen zenituen. Zein modutan eragiten dio gentrifikazioak memoria historikoari?

Asko zailtzen du. Margarita Madrilen erroldatuta egon zen Preciados kalean eta bere jaioterria Tenerifeko Santa Cruz da; turismoak memoria erabat ezabatu duten lekuak dira. Ez dakit zer gertatuko den Facebook desagertzen denean; gaur egun iturri ikaragarria da jendea aurkitzeko. Nik bere familia Facebook bidez aurkitu nuen. Atzerritarrek hiriak husten doazen heinean eta Metak Facebook ixtea erabakitzen duen egunean, zailtasunak izango ditugu istorio batzuetara iristeko. Baina tira, pentsatzen dut beste modu batzuk asmatuko ditugula.

Hutsune asko topatu dituzula diozu. Zenbat du fikziotik, orduan, kontakizunak?

Eraikuntzan, noski, niretik asko dago; gauzak ulertzeko dudan modutik asko dago. Baina ez dago guk fikziotzat ulertzen dugun ezer. Kazetaritza kronika hutsa da. Kontua da iraganari buruzko kazetaritza kronika egitea nolabait kontraesan bat dela, ezta? Kronika batean leku batera joaten zara eta ikusten ari zarena kontatzen duzu, eta nik ezin izan dut 1930eko hamarkadara joan.

Margaritaren aitak pisu handia du istorioan.

Deseroso sentiarazten nau liburuan hain presentzia handia izateak; kanpoan uztea gustatu izango litzaidake. Baina egia da ia dena berarekin lotuta zegoela eta bera zela Margaritarengana eramaten ninduen lotura. Amari buruz ez dago ezer; behin patatak garestiago saltzeagatik isuna jarri ziotela baino ez. Beraz, isiltasun horren aurrean, eta ezer fikzionatu nahi gabe, ez zait beste aukerarik geratu Don Brunori nahiko nukeena baino leku eta pisu handiagoa ematea besterik. Farsante liburuan Don Brunoren presentzia itogarri hori Margaritarentzat zein itogarria izan zen ulertzeko balio izatea espero dut: bere presentzia, etengabeko kontrola, bere zorroztasuna.

Zer emozio sortu dizu queerra eta Falangea nahasteak?

Egia esan, morbo handia. Sección Femeninak asko harritu nau. Baina harrigarria izateak ez du esan nahi gustatzen zaidanik. Baina interesgarria egin zait ezagutzea nola lan egiten zuten eta zein diziplinarekin egiten zituzten beren ekintzak. Falangean zegoen Mercedes Formicak, esaterako, orduak eta orduak Francorekin eserita egonda, lege batzuk aldatzea lortu zuen. Horri esker, emakumeek ez zuten zertan etxetik alde egin senarrengandik banantzen zirenean. Hori feminismoaren historiaren parte da. Hortik gatoz.

Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Zer erakusten digu kontakizunak queer izatearen eta Falangearen arteko bizikidetzari buruz?

Falangearen eta disidentzia sexualaren artean nolabaiteko lotura egon izana ez da hain harrigarria. Disidentzia sexuala ez da ezkerraren ondarea. Disidentzia hori garatzeko edo adierazteko modua desberdina izan daiteke ideologia progresistagoak edo kontserbadoreagoak ditugunon artean. Queerra ez da ezkerrarena.

PPko homosexual batek eta ezkerreko marika batek adierazteko duten modua oso desberdina da; horretan bai, disidentzia hori adierazteko modua oso desberdina dela uste dut. Javier Maroto, Fernando Grande-Marlaska edo Rita Barberá ditugu adibide moduan: modu askoz normatiboago batean adierazten dira, baimendutako markoaren barruan, haurrak erosita, ezkonduta eta beren pluma guztia ezkutatuta. 

Garai hartako feminismoa sufragisten eta katolikoen artean banatuta zegoen. Badago paralelismorik gaur egungo feminismoarekin?

Zailagoa egiten zait haien arteko haustura harekin enpatizatzea; baina egia da gaur egungo testuingurua askoz hobeto ezagutzen dudala. Niretzat, gaur egungo feministen arteko alde nagusia ez da ideologikoa: batzuk transfoboak dira eta beste batzuk ez. Eztabaida daiteke ea hilekoa dugunean baimenak eskatzearen alde gauden ala ez. Baina niretzat askoz larriagoa den zerbaiti buruz ari gara: emakume transak emakumeak diren ala ez. Horretan ez dago eztabaidarako tarterik.

"Memoriarekin,
erokeriarekin, drogen
erabilerarekin,
queerrekin, kartzelarekin,
psikiatriarekin lotutako
gaiek erakartzen naute"

Memoria historikoa da berriro ere zure ardatz nagusia. Aurreko lanean sexu langile bati buruz idatzi zenuen, eta orain falangista bati buruz. Gizartearen bazterretatik zoaz.

Kasualitatea izan da. Uste dut halako istorioak ezin direla bilatu. Batzuetan artxiboetan bilaketak egiten ditut ea zerbait aurkitzen dudan, baina uste dut istorioak bere kabuz iristen direla. Bere garaian María Isabel eta puta greba izan ziren, orain Margarita. Hurrengoa batek daki nor izango den. Memoriarekin, erokeriarekin, drogen erabilerarekin, queerrarekin, kartzelarekin, psikiatriarekin lotutako gaiak erakartzen naute.

Aldaketarik egon da zuregan liburu honen aurretik eta ondoren?

Uste dut hobeto ulertu dudala zein neurritan egin zuen kalte altxamendu militarrak, eta are beldur handiagoa diot hemendik aurrera etor daitekeenari. Hortxe zeuden lotan, eta orain berriro itzultzen ari dira. Oso diziplinatuak dira eta oso argi dute zer nahi duten. Kontu handiz ibili behar da jende diziplinatuarekin.
  
 


LGTB mugimendua kanalean gehiago
2025eko ekainaren 18
Meloi saltzailea
Harro

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.