Desberdintasunak eta generoa

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

2026ko Munduko Desberdintasunen Txostenaren hirugarren argitalpena kaleratu berri da. Txostenaren koordinatzaileen artean daude desberdintasunen azterketan ospea duten Lucas Chancel eta Thomas Piketty, besteak beste. Txostenaren ondorio nagusia indartsua da: munduko biztanleriaren %10ak gainerako %90ak baino gehiago irabazten du, eta munduko biztanleriaren erdiak munduko sarreren %10 baino gutxiago eskuratzen du. Zenbaki horiek errentaren ingurukoak dira, baina aberastasunaren datuak hartzen badira, desparekotasunak are handiagoak dira.

Nolanahi ere, txostenak ekarpen berri bat dakar, genero desberdintasunen azterketa, alegia. Azpimarratzekoa da ahalegin hori, desberdintasunen inguruko ohiko azterketetan hutsune nabaria baita generoaren perspektiba barneratzea. Azterketaren arabera, emakumeak gero eta kualifikatuagoak eta lan merkatuan aktiboagoak izan arren, eta ardura handiko funtzioetan presentzia handiagoa izan arren, desberdintasunek bere horretan diraute. Nahiz eta Europan eta beste lurralde batzuetan aurrerapausoak bistakoak diren, emakumeek gizonek baino lan gehiago egiten dute eta azken horiek baino gutxiago irabazten dute.

Ordaindutako lanaren denbora ez ezik, etxeko lanaren eta zainketarako denbora ere kontuan hartu dute. Munduan ordaindu gabeko lan denbora murriztu den arren, emakumeen kasuan ez da hori gertatzen, horiek egiten baitute ordaindu gabeko lanorduen zatirik handiena. Txostenak paradoxa hau aipatzen du: lan merkatuan egindako orduak bakarrik hartzen badira, orduan gizonek eskaintzen diote lanari denbora gehiago, baina ordaindu gabeko jardueren denbora ere aintzat hartzen bada, emakumeak gailentzen dira.

Lan denbora erreala –ordaindua eta ordaindu gabekoa– hartzen badugu, emakumeek gizonen soldataren herena soilik eskuratzen dute eta arrakala %68ra igotzen da

Arrakala hori mundu osoan gertatzen da, nahiz eta sakonagoa den Hego Globalean eta, batez ere, Asiako hegoaldean (asteko 20 orduko diferentzia); Europan, aldiz, leunagoa da (7 orduko diferentzia). Arrakala horrek desberdintasunak are gehiago indartzen ditu. Izan ere, emakumeek ordaindutako lanerako eta lanbideko curriculuma jorratzeko denbora gutxiago dute eta sarritan kualifikazio urriko enpleguak eta, oro har, lan eskasak onartu behar izaten dituzte.

Diru sarrerei dagokienean azken hiru hamarkadetan munduan aldatu ez den errealitate batekin egiten dugu topo: ordaindutako lanetik eratortzen den sarrera guztien laurdena soilik jasotzen dute emakumeek. Zati hori apalagoa da Ekialde Hurbileko emakumeentzat (%16) edo Afrikako iparraldekoentzat (%20). Mendebaldeko herrialdeetan, Errusiako eta Asia erdiko herrietako emakumeek %40 eskuratzen dute. Nolanahi ere, mundu osoan ez dago soldata parekidetasuna lortu duen herrialderik.

Diru sarreretako genero desberdintasunak hedatu egiten dira lan denbora guztia kontuan hartzean. Mundu mailan, ordaindutako lana oinarritzat hartuta, emakumeek gizonen orduko soldataren %61 irabazten dute, hots, arrakala %39koa da. Baina lan denbora erreala –ordaindua eta ordaindu gabekoa– hartzen badugu, emakumeek gizonen soldataren herena soilik eskuratzen dute eta arrakala %68ra igotzen da. Arrakala lausoagoa da Mendebaldean, baina esanguratsua da hemen ere. Europan soldatapeko lanaren arloko arrakala %18koa da, baina ordaindu gabeko lan denbora barneratzen denean %47koa da.

Txostenak zera ondorioztatzen du, biztanleriaren erdiaren lana azpibaloratzen duten ekonomiek hazkunde eta erresilientziarako ahalmena zalantzan jartzen dutela eta zaintzarako politika berriak behar direla. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.