‘Ahozko handia’ euskaraz… Hegoaldean ere bai

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Seaskako kideak (irakasle, ikasle, guraso) protestan ari dira berriro ere: euskaraz egin gura dituzte Batxilergo amaierako azterketak, unibertsitatera joan aurretik egin beharrekoak.

Urteroko kontua den arren, aurten deigarria egin zait Seaskakoek emandako arrazoietako bat: “Hiztun oso bilaka daitezen; horretarako, azterketak ere euskaraz izan behar dira”. Hiztun osoaren kontzeptua darabilte, aurten ahozko handia euskaraz egiteko eskubidea jarri dutelako aldarriaren muinean. Izan ere, Ipar Euskal Herrian ahozko proba egiten dute baxoa edo selektibitatean.

Hego Euskal Herrian, esan barik doa, selektibitatean ez da ahozkorik egiten, ezta egingo ere. Iparraldean ez bezala, Hegoaldeko ikasleei euskarazko B2 maila onartzen zaie Batxilergoa D ereduan amaitutakoan, nahiz eta ez dakigun sistematikoa ote den ikasleek hizkuntza-trebezia guztietan lortzea maila hori, ahozkoan ere bai. Ez dakigu, neurtzen ez dugulako. Ez Eusko Jaurlaritzak, ez EHUk, ez NUPek. Ez dugu neurtzen, selektibitateak irudi zehatza izateko aukera emango ligukeen arren: oso-oso gutxi dira Batxilergoa gainditu eta unibertsitatera sartzeko proba egiten ez duten ikasleak.

Ez dakit ikasleen euskara maila jakitea ez zaigun interesgarria iruditzen edo, beste barik, gurago dugun benetako maila zein den ez jakin.

Nonbait, berdin dio sistema publikoko ikasleek zailagoa izatea unibertsitate publikoan gustuko karrera aukeratzea. Penagarria, benetan

Beharbada sinpleagoa da kontua, eta ahozko azterketarik ez egitearen atzean Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoen geldotasuna baino ez dago: hartu beharreko erabakiak atzeratzeko joera.

Esate baterako, 2023an, Nafarroako Arartekoak ebazpena argitaratu zuen, zeinean argi eta garbi zioen neurriak hartu behar direla unibertsitatera sartzeko prozesuan berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak urra ez daitezen. Ebazpenaren oinarrian dago zenbait ikastetxe pribatu kontzertatuk Batxilergoko notak puztu egiten dituztela.

Hau da, Nafarroako Arartekoak dio unibertsitate publikora sartzeko prozesuak diskriminatu egiten dituela eskola publikoko ikasleak. Eta inork ez du neurririk hartu, ez, itxura batean, hartuko. EHUk ez ei daki diskriminaziorik dagoen ere. Zergatik? Bada, gaia ikertu ez duelako. Nonbait, berdin dio sistema publikoko ikasleek zailagoa izatea unibertsitate publikoan gustuko karrera aukeratzea. Penagarria, benetan.

Are penagarriagoa, konponbidea erraza delako: unibertsitate publikoetako 1. mailako matrikulan, gorde publikoko ikasleentzat Batxilergoko bigarren mailako matrikularen arabera dagokion portzentajea: %47. Baina euskarazko karreretan %63, D ereduko ikasleen %61 publikoan dago eta. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Hezkuntza Gizartea Euskara
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.