Astero-astero zutabetxo hau idazteko bizipenak hartzen ditut gaitzat. Bizipen horiek leku oso anitzetatik datoz eta nolabait nire buruan zentzu bat haritzen joaten dira. Idaztera esertzen naizenean, idatzi beharrekoaren haria azalarazten doa. Aste honetan, hari hori ordea oso korapilatsua izan da nire buruan: nahiz eta hautematen nuen zenbait bizipen modu ikusezinean haritzen zituen gai bat bazegoela, ideiak pilatu egin zaizkit... kalera irten naizen arte. Gaur martxoak 8 da eta emakume gazte batzuk pankartak eskegitzen ikusi ditut, arretaz irakurri ditut euren mezuak, beste batzuk eguna musikaz girotzen zebiltzan, kolore morea jantzita, begirada konplizeekin... Feminismoak, beste behin ere, askatu du buruan nuen korapiloa.
Harilkatu nahi nituen gaiak bi ziren. Alde batetik, Olatukoopek publikaturiko Lan desiragarriak liburuxkan garai hauetan lanaren eta bizitzaren inguruan pentsatzen jarraitzeko egiten dan gonbidapena, eta bestetik, Miel Angel Elustondok Manu Agirre Eskisabeli eginiko elkarrizketan irakurritako honako esaldia: "... gizarteak leku huraxe eman zigula, bazterrekoa". Itsuek lanerako dituzten aukera mugatuen inguruko hausnarketa.
Bi gai horiek lanaren inguruan pentsatzen jarri naute, eta dugun digitalizazio eredu inperialistak egungo lanetan duen eraginaz. Munduko inperio handiak gainontzeko herriekin egiten ari direna ulertzeko balio izan dit: herriak bazterretara eroan. Sistema baten baitan zapalduak eta sistema berean baztertuak, zein lan, zein etorkizun irudikatu dezakete herri horietako pertsonek?
Aurten martxoaren 8ak burujabetza feminista ekarri du eztabaidara. Munduan dugun korapiloa askatzen hasteko bidea iruditu zait.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.