Mapa baten gainean erregelarekin lerroak marraztuta banatu zuten pastela. Lehen Mundu Gerra amaitu eta Otomandar Inperioa erori zenean, Frantziak eta Britainiako inperioak beren aldetik lehenik; eta ondoren, 1923ko Lausanako Akordioan, herrialde gehiagoren parte-hartzearekin, Ekialde Hurbila partitu zuten. Potentzia kolonialistek ez zituzten bilerara gonbidatu marra horiek zeharkatuko zituzten herriak, jakina, eta garai hartako kurduen independentzia proiektua lau estatutan zatituta utzi zuten orduan: Turkia, Iran, Irak eta Siria. Guztietan gutxiengoan, kurduen aurkako genozidio politikak egin dituzte hamarkadotan lauek. Eta hala ere, bizirik eta borrokan jarraitzen du herri horrek, askoz ere ederragoa izan daitekeen mundu beldurgarri hau egunez egun behetik gora eraikitzen. Rojavako Iraultza da horren erakusle.
Abdullah Öcalanen argazki erraldoiak estaltzen du pareta zuria. Asteazken gaueko 21:00 dira. Qamishli hiriko (Siriaren menpeko Kurdistan) Heleliye auzoko batzarrean, euskal delegazio sozialaren bisitaren zain daude hamar bat pertsona, gizon eta emakumeak, guztiak adinez nagusiak. Kurdistango historiaz hitz egin eta ea Euskal Herrian Öcalanen proiektua eta filosofia jendeak ezagutzen ote dituen galdetuko dute, baina batez ere, Rojavako Iraultzaren alde auzotik egiten duten lana azaldu nahi diete hain urrundik joandako pertsona horiei. Txikitik egiten duten ekarpenaz harro daudela sumatzen zaie. Bilerarako kokatu dituzten aulkietako batean kalashnikov bat dago zutik, aterki bat uzten den bezain lasai, iskina batean. Urtarril erdialdean erresistentziarako deia egin zenetik, gauetako auzoen autodefentsa txandak antolatzen dabiltza buru-belarri. Baina bestela ez da horrela izaten, auzoko arazoak konpontzen aritzen dira normalean, izan espaloia puskatuta dagoela, eskolan arazoak daudela, auzora familia berri bat iritsi dela bizitzera edo auzoko kide bat borrokan hil delako senideak lagundu behar direla.
Rojavan munduko esperimentu demokratiko erradikalenetako bat garatzen ari dira. Sistema politikoaren oinarria herritarrak dira, ez estatua, eta egitura osoaren muina komuna edo batzarra da. Kurduen askapen mugimenduak hamarkadetan egin duen inurri lanari esker, sare moduan funtzionatzen duten 4.000 komuna inguru daude aktibo Rojavan, herriz herri edo hirietako hainbat kale elkartuta sortuak, normalean 30 eta 150 familiaren artean kudeatzeko. Orotariko komunak daude: arestian aipatutako auzoetakoak bezalakoak, gazteenak, emakumeenak, kulturgileenak, kooperatibenak... Herritar guztiek daukate bertan parte hartzeko eskubidea eta foro horietan erabakiak modu zuzenean hartzen dira, asanblada bidez.
Boterea oinarrizko asanbladetan hasten da eta eguneroko bizitzarekin lotutako erabakiak hartzen dituzte. Zazpi-hamar komuna elkartuta Auzo edo Herri Kontseiluak dituzte. Komunetako ordezkariak biltzen dira hor, eta koordinazioa eskatzen duten aferak kudeatzen dituzte, ur hornidura orokorra edo auzo arteko garraioa kasu. Horren gainean Barrutiko Kontseiluak daude herri eta hiri osoak kontutan hartzeko. Arlo bakoitzeko batzordeak indartzen dituzte horietan, izan osasuna, hezkuntza edo ekonomia, adibidez. Horren gainetik, Eskualdeko Kontseilua edo Herriaren Batzar Nagusia dago eta azkenik, Administrazio osoaren mailarik altuena. Horrek koordinatzen ditu defentsa estrategiak eta kanpo harremanak, besteren artean. 2012an hasi ziren sistema honekin eta bi urtean antolatu zuten egitura osoa. Ordutik, beraz, gobernatzeko bi sistema daude indarrean Rojavan. Batetik, aipatutako administrazio herrikoia, komunen bidez antolatua; eta bestetik, Siriako Estatuaren administrazio instituzionala, funtzio mugatuekin: erregistro zibileko bulegoak, posta zerbitzua eta estatu mailako bankuaren kudeaketa, batzuk aipatzearren. Rojavako Iraultzaren egiturak, beraz, estatu zentralistaren ordez federazioa proposatzen du. Horregatik du izena Konfederalismo Demokratikoa, eta Abdullah Öcalan buruzagi espetxeratuak PKKren estrategia independentista berrikustean jarri zuen mahai gainean, bere defentsa gisa planteatu zituen bost liburukitan xehe azalduta. Helburuak aldatu zituzten. Estatu nazioak krisian daudela ulertuta, estatu sozialista lortzera bideratutako ordura arteko estrategia aldatu zuten eta indarrak gizartea eraldatzera bideratzea erabaki zuten, hiru oinarriren gainean: demokrazia erradikala, ekologia politikoa eta emakumeen askapena. Paradigma aldaketa izan zen mugimendu kurduan eta lanean jarraitzeko bide oparoa ireki zuten.
Jineologia hitza, kontzeptu politiko zentrala Rojavako Iraultzan, Jin (emakumea kurdueraz) eta logia (zientzia) elkartuta sortu dute. Aldi berean, jin hitzaren erroa jiyan da (bizitza). Emakumea eta bizitza. Dialektika horretatik abiatuta ari dira pentsamendu askatzaile hori garatzen Jineologî akademian.
Malda Kosar Rojavan Jineologia lantzen hasi ziren lehen emakumeetako bat zen. Emakumeen askapenarekin loturiko ikerketan buru belarri zebilen 2019an, lanera zihoala, Estatu Islamikoak bere aurkako atentatuan mina bat leherrarazita hil zuenean. 21 urte zituen.
Nagihan Akarsel idazlea, kazetaria eta editorea, aipatutako akademiako eta Kurdistango Emakumeen Mugimenduko kidea zen. 2022an emakumeentzako liburutegi bat irekitzeko lanean zebilen buru-belarri, urriaren 4an mertzenario turkiar batek hamabi bala sartu zizkionean bere etxeko atarian.
Emakumeen askatasunaren aldeko martiriak dira, eta Qamishliko Jineologî akademiaren egoitzan beren argazkiak daude sarreran, beste batzuenekin batera. Izan ere, jihadisten lehen mailako helburu dira emakume hauek, eta kontziente dira patriarkatuari boterea kentzeko lan egiteagatik bizia jokatzen dutela. Halere, irribarrea galdu gabe jarraitzen dute lanean. Iraganaren interpretazio feminista berri baterako ikerketez gain, ondorengoekin ari dira lanean egun: batetik, 7 eta 12 urte bitarteko Rojavako haur guztiei eskolan Jineologia azaldu eta emakumekiko egiturazko zapalkuntzaz hitz egiten diete akademiak propio prestatutako ikas materialarekin. Bestetik, liburutegi eta ikerketa zentro feministak eraikitzen ari dira. Hirugarrenik, sendabelarrak eta batez ere emakumeek izan duten naturaren ezagutzan sakontzeko proiektuak dituzte. Eta azkenik, Jinwar izeneko emakumeen herria sortu dute Rojavan, indarkeria matxistaren biktimak eta nora jo ez duten martirien senideak hartu eta bizi proiektuak berdintasunean garatzeko aukera ematen duen lekua.
Kongra-Star du izena Rojavako emakumeen eragile guztien konfederazioak, eta bere boterea ez da sinbolikoa, betearazlea baizik. Munduko beste sistema politikoetan ez bezala, emakumeek egitura paralelo eta autonomoa dute sistema honetan, botere politiko "orokorraren" gaineko beto-eskubidearekin emakumeen eskubideei eragiten dien edozein erabakitan. Euren oniritzirik gabe, legeak ez du baliorik. Mugimenduak bultzatuta, Emakumeen Etxeak ireki dituzte herri guztietan eta indarkeria matxista, ezkontza behartuak eta gainerako zapalkuntza kasuak kudeatzen dituzte. Gizonen parte-hartzerik gabeko bitartekaritza eta babes guneak dira.
Hala ere, Rojavako gizartean ere patriarkatua sutraituta dagoela agerikoa da eta gizonek lan handia daukatela egiteko, Euskal Herrian eta mundu osoan bezala. Rojavako Iraultza hamabost urte besterik ez dituen esperimentu politiko eta soziala da dena den, baina garapena hain izan da handia, egoera iraultzen ari direla. Duela hamasei urte gizon batek hainbat emazte izan zitzakeen han, haurrekin ezkontza behartuak eguneroko ogia ziren eta emakumeek oro har ez zuten eskubiderik onartuta. Gaur egun komuna guztietan kopresidentetza sistema daukate; hau da, ardura kargu bakoitza emakume eta gizon banak partekatu behar dute derrigor, bermatzeko gizarteko erabaki garrantzitsu guztietan emakumeak parte direla. Ehunka emakumez osaturiko YPJ armada ere badute emakumeak babesteko. Rojavako Iraultza zerbait bada, hori emakumeen iraultza da eta horrek ematen dio eraldaketarako horrenbesteko potentziala.
Arabiar Udaberria deituriko matxinadaren abaroan, 2011n guda zibila hasi zen Sirian eta 2012an milizia kurduek Baxar al-Assaden erregimena Rojavatik kanporatu zuten. Han de facto autonomoa zen lurralde egitura bat sortu zuten, arestian azaldu bezala, Öcalanen filosofian oinarrituta. Kurdistan osoan konfederalismo demokratikoa gehien garatu den lurraldea da eta 5 milioi pertsonaren aterpe instituzional izatera iritsi da. Eremuari Siria Ipar Ekialdeko Administrazio Autonomo Demokratikoa (SIEAAD) izena jarri zioten eta gehiengo arabiarreko eskualde ugari ere barne geratu ziren. Jihadisten mehatxuei aurre egiteko, bere autodefentsa indar propioa antolatu zuten eta Siriako Estatua aitortu izan dute funtzio jakin batzuetarako.
Askatasun grina oso garesti ordaindu dute, dena den, Mendebaldeko Kurdistanen. 2014an Estatu Islamikoaren aurkako guda hasi zenetik 15.000 pertsona hil dira borrokan, gehienak kurduak, baina baita arabiarrak, asiriarrak edo internazionalistak ere. Herriaren martiriak dira eta presentzia izugarria dute gizartean, izan kaleetan ikusten diren argazkietan, izan toki izenetan. Kopuruak hain direnez handiak, martirien familien elkarteak sortu dituzte eta auzoetako komunekin batera egiten dute lan.
Egoerak astindu handia hartu zuen 2024ko abenduan, Sirian hamalau urteko guda zibilaren ostean, Baxar al-Assadek Errusiara ihes egin eta bere gobernua erori zenean. Agintera iritsi zen HTS, al-Qaedaren Siriako adar gisa hartzen dena, eta FBIk Bilatzen da kartela egina zion Ahmed al-Sharaa bilakatu zen presidente –Abu Mohammad al-Golani bere guda izenez ezagunagoa–. Mendebaldeko estatuen konplizitatea bilatu du hasieratik eta zilegitasun osoa eman diote Europar Batasunean eta AEBetan, besteren artean. Trumpek otsailaren 20an hitzez hitz, ondorengoa esan zuen publikoki: “Garbi esan daiteke nik jarri dudala hor Siriako presidentea, morroi gogorra da eta lan ona egiten ari da”. Orain arte, kurduek nolabaiteko hitzarmena izan dute AEBekin lankidetza taktiko eta militarrerako, Estatu Islamikoaren aurkako borrokaren harira. Ikusteko dago zer eragin izango duen Siriako Gobernuaren nazioarteko aliantza horien aldaketak, noiz eta Trumpen aroan.
Trump: "The president of Syria, who I essentially put there, is doing a phenomenal job."
— Kevork Almassian (@KevorkAlmassian) February 20, 2026
Takebeer! pic.twitter.com/9QtL65A6E8
Nazioarteko harremanak aipatuta, ezin kanpo utzi azken urteetan mundu osotik Rojavara bizitzera joan diren milaka boluntarioak, Euskal Herrikoak barne. 1936ko Gerrako Nazioarteko Brigaden antzeko mugimendua sortu dute eta batzuk borroka militarrera joan dira, eta beste asko lan politikoak edo zibilak egiten ari dira buru-belarri. Denei formazio politikoa emateaz gain, kurdueraz irakasten diete.
Rojavan kurduen indar politiko nagusia da PYD eta bertako kontseilu nagusiko kide da Aldar Xelil. Gizon errespetatua, bizitza osoa borrokan eman duen pertsona horietakoa da. Alderdi horrek Öcalanek proposatutako Konfederalismo Demokratikoarekin bat egiten du eta euskal delegazio sozialarekin bi orduko egoeraren analisi politiko zorrotza partekatuko du; kontatuko du zer gertatu den berriki eta nola ikusten duten etorkizuna.
Xelilek kokatu duenez, Siriako Gobernu berriarekin harremanak hasi ostean, iazko martxoaren 10ean SIEAADeko ordezkariek eta Damaskok akordioa sinatu zuten "Siria deszentralizatu batean demokratikoki integratzeko", baita urte amaiera arte su-etena adostu ere. "Ordutik urtebete pasatu da eta azpijoko handia egon da", dio. Aurtengo urtarrilaren 4an, AEBek Nicolás Maduro Venezuelako presidentea bahitu biharamunean, akordio berri bat sinatzear zirela, bileran supituki pertsona bat sartu eta sinatzeko lau egun gehiago behar zituztela esan zien. Delegazio kurduak gogo txarrez onartu zuen. Gerora jakin dute, baina, AEB, Israel eta Frantziarekin bildu zela Siriako Gobernua Parisen hurrengo egunean. Eta egun bat geroago, urtarrilaren 6an, ezustean Alepoko auzo kurdu Sheikh Maqsoud-en aurka erasoa hasi zuten eta berehala, Rojavaren aurkako guda. Egunez egun, Mendebaleko Kurdistanen barneratzen joan ziren jihadistak, SDF armada –YPG eta YPJ-z gain bestelako indarrek osatzen duten koalizioa– atzera zihoan bitartean.
"Guk ere aukera genuen beraiei beste lekuetan eraso egiteko, baina ez genuen gudarik nahi. Sei egunez Alepoko auzoetan gure barne segurtasun indarrek erresistentzia handia egin zuten, baina erabaki genuen hortik erretiratu behar genuela. Horretarako 48 ordu behar genituela esan genien AEBei. Horiek Damaskora deitu zuten. Ongi ikusi zuten Alepotik ateratzea eta 48 orduko su-etena adostu genuen urtarrilaren 10ean", dio Xelilek. Biharamuneko 07:00etan hasi zen su-etena, baina 08:00etan hitza jan eta Siriako Gobernuaren indarrek eraso egin zieten. "Gure jende asko hil zuten, bahituak... bideoak zabaldu zituzten eta gure moralean eragin handia izan zuen traizio horrek. AEBek ez zioten garrantzirik eman. Hasieratik hasi ziren kanpo indarrak esaten arabiarrek traizionatu egin gintuztela, baina guk ez dugu sekula guda hau kurduak versus arabiarrak planteatu, horiek herria zatitzeko estrategiak dira. Etsaiak erasoan jarraitu zuen eta frontea hautsi egin zen Rojavan, lurraldea erditik moztea lortu zuten. Kobane alde batean geratu zen eta gainontzeko lurraldeak bestean".
Egun oso gogorrak izan zirela gogoratzen dute guztiek. Herritarrak asko beldurtu ziren, sare sozialetan kurduei eginiko izugarrikeriak zabaldu zituzten jihadistek, eta ez zen amaierarik ikusten.
Urtarrilaren 18a tentsio handiko eguna izan zen, akordioa sinatu zutela zabaldu baitzen, baina indar kurduentzat oso akordio txarra zen. Puntu batek zehazki ondorengoa zioen: "SDFko militar eta segurtasun indarretako kide guztiak Siriako Defentsa eta Barne Ministerioen egituretan integratzea adostu da, modu indibidualean". Orduak aurrera joan ahala, ordezkari kurduen baieztapena falta zen dena den eta tentsioa igotzen joan zen, harik eta hurrengo egunean, hilaren 19ko arratsean, Fawza Yusuf negoziazioetan inplikatua ibili den kurduak telebistan publikoki esan zuen arte Damasko "errendizioa inposatzen" ari zela. Jarraian SDFko komandante orokor Mazloum Abdi mintzatu zitzaion herriari: "Nahiago dut borrokan hil, etsi baino. Herritar guztiak deitzen ditut herria defendatzera eta ardurak hartzera erresistentziarekin batera". Zirrara eragin zuten hitzok eta herritarrengan berehalako eragina izan zuten. Gau hartan mila bat autoko karabana ibili zen Rojavan herriz herri, banderak eta armak hartuta, bozina joka, kantuan eta herritarrak animatzen. Hunkigarria izan zela oroitzen du Rojavan bizi den internazionalista euskaldun batek.
Egun horretatik aurrera, auzoz auzoko autodefentsa taldeak antolatu eta kalera ateratzen hasi ziren Iraultza defendatzera. Gainera, SDF-k armak banatu zituen herritarren artean. Funtsean, mobilizazio orokorrerako deiak egoera argitzen lagundu zuen eta erresistentziak babesa behar zuela argi geratu zen. Deiarekin bat egin zuen Kurdistango beste lekuetatik muga legez kanpo gurutzatu eta Rojavara borroka egitera joandako jende askok ere, eta Kurdistanen batasuna irudikatu zuten aspaldian gertatzen ez zen bezala. Nazioartera SOS deia zabaldu zuten eta batean eta bestean delegazioak antolatzen hasi ziren, tartean euskal delegazio soziala.
"Komunak gaueko txandak antolatzen hasi ziren, familiak desplazatuei etxeak irekitzen, artistak gerrarako propio pentsatutako musika egiten, eta martxak antolatu ziren. Jendeak bertan geratzeko eta geure buruak defendatzeko borondatea adierazi zuen bereziki", irakur daiteke Kongra Star emakumeen federazioaren webgunean, erresistentziari buruzko artikulu batean.
Egun horietan, gainera, Xelilek jakinarazi duenez, Abdullah Öcalanek gutuna bidali zion espetxetik Turkiako Gobernuari, esanez: “Rojava da gure marra gorria. Geldiarazi gerra edo PKK-ren armagabetzea bertan behera utziko dugu”. Xelilek kokatu duenez, Turkia buru-belarri dago sartuta Ekialde Hurbileko lehen potentzia izateko lehian Israelekin, eta ez du inondik ere nahi berriro ere borroka armatua hasterik bere mugen barruan. Turkiak hariak mugitu zituen eta eragina berehalakoa izan zen. Urtarrilaren 20an su-etena sinatu zen Siriako Gobernuaren eta Rojavako ordezkarien artean, hasieran lau egunekoa, eta hori amaitzean, beste hamabost egunekoa. Urtarrilaren 29an, azkenean, Su-eten eta Integrazio Akordioa sinatu zuten bi aldeek. Baina elkarrekiko konfiantza oso baxua da eta tentsio handiko bakea bizi da Rojavan. Hori da behintzat bertara joandako euskal delegazio sozialak otsailaren erdialdean astebetean sumatu zuen giroa.
"Administrazio autonomoa jada ez da hala deituko, baina hemendik kudeatuko dugu", hasi da akordioak xehetzen Xelil, isil-isilik adi dituen entzuleen aurrean. "Guk integrazio demokratikoa nahi dugu, ikusiko dugu hori ea nola lortzen den. Hala ere, akordioa ez da betetzen ari". Xelilek aitortu du lurralde handia galdu zutela urtarrileko guda egun horietan. "Baina integrazioaren ostean berriz joango gara bertara eta agian hobeto joan ere, lehen agintarien klasea bagina bezala ikusten baikintuen askok han. Gizartean lan egiten jarraituko dugu, antolakuntzan eta eraldaketan", dio.
Damaskoko mahaian defendatzen ari diren eskaera nagusiak aipatu ditu PYDko goi-karguak: kurduera, demokrazia, Kobane eta emakumeak. Jarraian bakoitza pixka bat garatuago.
Hasteko, kurdueraz hezkuntza guztia egin ahal izatea eskatzen dute, iraultzaz geroztik Rojavan indarrean dagoen bezala, unibertsitatea barne, eta estatuak beren hizkuntzari ofizialtasuna aitortzea nahi dute. Damaskotik ezetz diote, kurduerak hautazkoa izan behar duela eskolan, astean bi orduko eskolak gehienez, eta ofizialtasuna ezetz.
Bigarrenik, Siria demokratizatu behar da PYD-ren ustez. "Konstituzioa aldatzeko lanean ari gara. Horren ostean, Damaskon parlamentua osatu behar da eta guk jendea bidali dugu hara lan horretan laguntzera. Siriaren parte garen herriek ordezkatuta egon behar dugu", azaldu du.
Hirugarrenik, Kobane. "Ez dago batere argi zer gertatuko den hemen", dio. Izan ere, erreportaje hau inprentara doan egunean, 49. eguna bete dute Siriako Gobernuaren aldeko miliziek setiatuta. Nahiz eta sinatu zuten hori amaituko zutela, inguraturik jarraitzen du Estatu Islamikoaren aurkako batailan mundu mailako sona hartu zuen hiriak. 600.000 pertsona daude bertan harrapatuta, bizkarrean Turkiak eraikitako hesiaren eta hiria inguratzen duen Siriako Gobernuaren armadaren artean. Jakina, Kobanen beldurra dute jihadistek akordioa apurtu eta hirian sarraskia egingo ote duten, alauitekin eta drusoekin egin zuten bezala, 2025eko martxoan eta uztailean, hurrenez hurren. Sarraski hauetako bakoitzean 2.000 pertsona hil zituzten. "Kobane setiatuta eta inguratuta dago, itxita. Ez badute beraiek irekitzen, guk irekiko dugu". Rohilat Efrinek, YPJ emakumeen armadako komandanteak eta Damaskon negoziazioetan ibili denak, ARGIAri eginiko adierazpenak dira, eta erreportaje honekin batera elkarrizketa topatuko du irakurleak.
Laugarrenik, emakumeen eskubideak. "Beren sisteman ez dira existitzen emakumeak, ez politikan, ez indar militarretan... Adibidez, kopresidentetza sistema onartzen dutela diote, baina emakumeek ezin dutela agindu, laguntzaile gisa aritu baizik. Edo, bestetik, guk diogu YPJ armadan egon behar dela eta autonomoa izan behar dela. Haiek diote ezetz. Guk, ez dugula atzera egingo. Haiek, jende hori Polizian sartzeko. Guk, ezetz. Guk esan diegu indar militarren posizioetan edo politikako beste zenbait kontutan malguak garela, prest gaudela kontzesioak egiteko, baina emakumeen eskubideena gure marra gorria dela. Guk argi dugu emakumeak askatu gabe gizonak ere ez direla askatuko. Bizitzaren printzipioa da Jineologia. Hori gabe ezin da iraultza ulertu".
"Gerra hasiko da berriro. Ez genuke nahi, ez dago gure esku, baina ez gaitu besoak gurutzatuta harrapatuko". Aldar Xelil
Desplazatuen itzulera da beste korapiloetako bat. Nahiz eta urtarrilaren 29ko akordioetako puntuetako bat izan, eta nahiz eta Afrin eskualdeko 400 familiak adierazi itzultzeko prestutasuna –Turkiak inbaditu zuen eskualde hori 2018an–, ez da burutzen. Arrazoietako bat omen da Estatu Islamikoaren bueltako mertzenario taldeak –Siriako Gobernua "traidore" moderatua dela irizten dutenak– inguruetan darabilten aktibitatea eta okupazio turkiarrarekin kolaboratzen duten mertzenarioen familiak daudela afrindarren etxeetan, horien buelta galaraziz.
Damaskorekin harremana ez da ona, beraz, argi geratu denez. Urtarril hasierako Alepoko traizioa, Kobaneren setioa, edo beren hildakoen gorpuak ez itzultzea aurrekari txartzat dituzte kurduek. Azken batean, proiektu antagonikoak dituzten bi alde horiek Siriako integrazioaz ari dira negoziatzen. "Beraiek estatuari ofizialki Siriako Estatu Arabiarra izena jarri nahi diote, eta guk Siriako Estatu Demokratikoa. Gu ez gara arabiarrak eta beste asko ere ez. Hor argi geratzen da nola pentsatzen duten", dio Xelilek.
Gauzak horrela, PYDko kideak jakinarazi du guda espero dutela etorkizun hurbilean. "Oraintxe impasse egoeran gaude, baina gure aurkako plan bat egiten ari direla aurresikusten dugu, lehen guk zaintzen genituen Estatu Islamikoaren presoak mugitzen amaitzean guri eraso egiteko. Eta, beraz, gerra hasiko da berriro. Ez genuke nahi, ez dago gure esku, baina ez gaitu besoak gurutzatuta harrapatuko".
"Zer moduz nagoen? Ekaitzak iraun bitartean aurrera zoaz, nahikoa lan daukazu bizirauten eta borrokatzen. Baina ondorengoa gogorra da, suntsipena ikusten duzu, zer gertatu den konturatzen zara. Lagun asko galdu dugu hemen. Asko. Gauza oso itsusiak egin dizkiete. Beraietako bakoitzak bizitzea merezi zuen, izugarri. Eta niretzat orain gauzarik zailena injustizia sentimendua kudeatzea da. Hemen jendeak zergatik sakrifikatu behar ditu beren bizitzak gizateriaren alde, jendearen gehiengoak beren bizitzaren esanahiaz pentsatu ere egiten ez duen mundu honetan?".
Europa iparraldetik duela zenbait urte Rojavako Iraultzarekin bat egitera joandako emakume baten hitzak dira, eta anonimotasuna gordetzeko eskatu du. Espero du Kurdistango emakumeek askatasunaren alde eginiko sakrifizioek eragina izango dutela zapaldutako pertsona guztiek –eta bereziki emakumeek– beren bizitzei balio handiagoa emateko, baita "patriarkatu globalaren adierazpenei aurre egiteko beharrezkoak diren borondatea eta determinazioa garatzeko" ere, eguneroko erasoetatik hasi eta krudelenetaraino. Bere hitzekin itxiko dugu erreportajea:
"Urtarrilean, gu denok oso egoera larrian egon ginen: aurrez aurre ikusi genuen heriotza, gure aurkako eskala handiko sarraskia, tortura eta muturreko sexu biolentzia. Nire familiari agur gutuna idatzi nion eta guda hasi zenean herrialdea uztea erabaki zuen lagun batekin bidali nuen. Amaieraraino borroka egiteko prest geunden. Eta nahiz eta gure ondorengoek bizitza aske bat izan dezaten hiltzeko prest gauden, nahiz eta nahiago dugun hil arte erresistitu duintasunik gabe esklabo bizi baino, guk ere bizi nahi dugu. Eta bizitzea merezi dugu. Prest gaude bizitza emateko iraultzaren, askatasunaren, herri kurduaren eta emakumeen mugimendu autonomoaren alde; horretan zalantzarik ez. Baina argi izan behar da gure borroka bizitzaren aldekoa dela. Beraz, jakin, guda berriro hasten denean, borrokatuko dugula zuekin eta askatasunaren alde borrokan ari diren pertsona guztiekin partekatu nahi dugulako bizitza askea. Bizi nahi dugu! Bizitza askea!".