Mugikorrak, dominazio arma

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Teknologia kritikatzea ez dago ondo ikusia. Beti dago argudio hau: kontu bat dira aurrerapen teknologikoak, eta beste bat, nola erabiltzen diren. Armen kasuan, aitzakia hori berehala deuseztatzen da: pistola batek zertarako balio dezake, hiltzeko ez bada? Mahai baten herrena berdintzeko erabil genezake, edo zartagin bat zulatzeko gaztainak txigortzeko; baina erabilera burugabeak izango lirateke, eta pistola egiteko prozesu industrial osoa zentzugabea eta alferrikakoa bihurtuko litzateke.

Martxoan, Mugikorren Munduko Biltzarra (MWC) egin da Bartzelonan. Komunikazio-teknologiaren hitzordu globala da, eta telebista bidez iragartzen digute, tolesten diren pantailei, urperatzeko gailuei eta deiak kudeatzen dizkiguten robotei buruzko erreportaje hutsalekin. Prou Complicitat amb Israel eta La Fira en la Mira antolakundeek biltzarraren atarian salatu dutenez, Israelgo Esportazio Institutuaren stand bat egoteaz gain, erregistratutako 37 enpresa israeldarren artean “bederatzik zuzeneko loturak dituzte armadarekin eta Israelgo Defentsa Ministerioarekin”. Hauexek lirateke enpresa horiek: Wearable Devices, Heqa Security, Gilat Satellite Networks, MTI Wireless Edge, FirstPoint Mobile Guard, DeepKeep, Checkpoint, SpaceCom eta Symmetrium.

Orain, borondatez, gure poltsikoetan jartzen ditugu gure mugikorretako mikrofonoak, eta aplikazioen jabeei eta telefonia enpresei gure pribatutasun osoa ematen diegu

John Hoffman MWCren antolatzailearen erantzun zinikoa izan da konpentsatzeko hamar bat enpresa palestinar gonbidatu dituztela. Israelgo enpresa teknologikoen presentziaren arazoa ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Bartzelonako Udaleko espazio batera gonbidatu al daitezke lurralde okupatuetako apartheidean eta sarraskian aktiboki parte hartu duten enpresak? Israelgo enpresa handiek garatutako softwareak erabili dituzte Gazako eta Zisjordaniako ehunka, milaka, herritar geolokalizatu, identifikatu, monitorizatu, jomugan jarri eta suntsitzeko. Haurtxoak ere bai. Basakeriaren industria teknologikoa zigorgabe mugitzen da planetan, alfonbra gorriak zapaltzen, Israelgo inteligentziaren 8200 Unitatetik sektore pribatura pasatu diren –Pegasus, Oracle edo Palantir-en bidez– administratzaile eta programatzaileekin.

Bizi dugun pantomima beldurgarria da. Hamarkadak eman ondoren mikrofono ezkutuak bilatzen eta infiltratuak azaleratzen aktibismo politiko eta sozialean, orain, borondatez, gure poltsikoetan jartzen ditugu gure mugikorretako mikrofonoak, eta aplikazioen jabeei eta telefonia enpresei gure pribatutasun osoa ematen diegu. Eskrupulurik gabeko pertsonaiek, hala nola Elon Musk, Mark Zuckerberg, Jeff Bezos eta Larry Ellison, Donald Trump autokrata inperial berriaren zerbitzura lan egiten dutenek, datuak kudeatzen dituzte eurek nahi dutena kontsumitu eta pentsatu dezagun eta eurek nahi duten bezala mugi gaitezen lortzeko. Euren interesentzat deserosoak bagara, lehenengo mehatxatu egingo gaituzte, eta gero ez dute dudarik egingo katua sakatzeko. Eta oraindik ere bada demokrazian bizi garela pentsatzen duenik.

Mugikorren teknologia, gaur egun, dominazioaren teknologia da. Berandu baino lehen, askatasun sentimendu minimo batzuk ez galtzearren eta konplize izateari uzteko, amarru hau guztia alde batera utzi beharko dugu, erabateko adikzio fasean gauden arren. Sektatik ateratzea posible da eta alternatibak behar dira. Milaka pertsona sare sozial berrietan pentsatzen eta lanean ari dira, inperiotik askatutako beste mundu baterako. Ez egin uko komunikatzeari, belaunikatu gabe GAFAM –Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft– erraldoien aurrean eta beste txikiago baina arrisku bereko batzuen aurrean. Bitartean, antidoto ona izan daiteke bizilagun, lagun edo lankideekin hitz egitea, pantaila bidezko bitartekaririk gabe. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2026ko martxoaren 15
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.