“Duintasunaren aldeko borroka da”

  • Protestez, aldarriz eta memoriaz betetzen ari dira Euskal Herriko kaleak azken egunotan: martxoaren 3an Gasteiz, martxoaren 8an mundua, eta martxoaren 17an badator greba orokorra Hego Euskal Herrian. Bertan, gutxieneko soldata propioa erabakitzeko aldarria kalera aterako da. Baina, zer da zehazki gutxieneko soldata bat? Zertarako balio du? Nori eragiten dio? Badu arriskurik? Eta nola lortzen da hori? Korapiloa askatu eta nondik eta nora goazen deszifratu nahian, ARGIAk sindikatu eta adituekin hitz egin du: Peio Igeregi (ELA), Oihana Lopetegi (LAB) eta Niko Cuenca ekonomialariarekin.

2026ko otsailean sindikatuek manifestazioa egin zuten, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak gutxieneko soldata Confebask patronalarekin adostu daitekeela berretsi ostean. Argazkia: ELA Sindikatua
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Greba Orokorra deitu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, modu bateratuan, eta dagoeneko antolatu dira langileak Hego Euskal Herriko txoko askotan. Zehazki, 1.757 enpresa batzorde eta langile ordezkaritza organok bat egin dute, herri eta auzoetako asanbladez gain. Denen artean, presio egin nahi diete patronalari, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, Hego Euskal Herrian hemen bertan erabakiko den Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioa edukitzeko.

Horrexegatik, Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko! izango da erabiliko duten leloa. Hori lortzeko, sindikatuek denbora daramate borrokan, eta fronte asko dituzte irekita, helburuaren bidean zirrikituak aurkitu nahian. Hala, labirinto bat diruditen hainbat bide daude jokoan. 

LGS

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata langile orok jaso behar duen gutxieneko soldata da, eta teorian behintzat, ezein langilek ezin du muga horretatik behera kobratu, haren egoera, sektorea, edo kontratu mota edozein dela ere. 

Horrez gain, LGSren araberakoak dira, adibidez, pertsona bati enbargatu ahal zaizkion ondasun kopurua edo beste hainbat prestazio ere. Muga hori legez ezartzen da, Madrilen, estatu osoko langileentzat. Baina badago Europar Batasunaren irizpide bat, dioena LGS herrialdeko soldaten batez bestekoaren %60 izan beharko lukeela.

Greba, zertarako? 

Egun, Espainiako Estatuan dagoen gutxieneko soldata 1.221 eurokoa da, hamalau ordainsaritan –otsailaren 17an 1.184 euroko zifra zertxobait igo berri dute–. Sindikatuen esanetan, baina, Espainiako Estatuak ezartzen duen LGS ez da eraginkorra Hego Euskal Herriko langileak pobreziatik atera eta aberastasuna birbanatzeko; funtsean, hemengo errealitate sozioekonomikoa eta estatuko beste hainbat lekutakoa ez delako berdina. Horregatik, sindikatuek zifra hori 1.500 eurora igotzea bilatzen dute Hego Euskal Herrirako. Are, aipatutako Europar Batasunaren irizpidea Hego Euskal Herrira ekarrita, LGS soldaten batez bestekoaren %50 inguru da soilik.

"Patronalak alderdi politikoei botatzen die pilota, eta alderdi politikoek patronalari, bakoitzak bere eremuan egin dezakeena saihesten"

Oihana Lopetegi (LAB)

Gure egoeraren argazkia osatzen duten datu batzuk badaude. Esaterako, EAEn, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak berak adierazi zuenez, bizi kostua estatuan baino %7-11 garestiagoa da. Nafarroan, besteak beste, etxebizitzaren prezioa %26 hazi da, eta alokairuarena, %46. Halaber, 2008ko krisi ziklotik hona, KPIa –oinarrizko produktuen prezioen bilakaera adierazten duen indizea– %25 baino gehiago igo da, baina soldaten igoera ez da %17ko igoerara iritsi.

461 milioi euroko gainbalioa

Egitura ekonomikoari erreparatuta ere baditugu arrakalak. Niko Cuenca ekonomialariak aipatu digu Hego Euskal Herriko ekonomia industrializatuak dakarrela bertako langileen produktibitate maila estatuko beste tokietan baino handiagoa izatea.

Abantaila hori enpresariek baliatzen dute irabaziak pilatzeko, eta hala, langileek sortzen duten gainbalioaren lapurreta estatuko beste txokotan baina handiagoa da. Sindikatuen kalkuluen arabera, 2025ean 461 milioi euroko gainbalioa bereganatu zuten enpresariek, 1.500 euroko soldata ez ordaintzegatik. Hala ere, LABeko Oihana Lopetegik ohartarazi digu Hego Euskal Herria ez dela soilik industria, eta sektore prekarizatuenak zerbitzuetan eta nekazaritzan daudela. Esaterako, Nafarroako nekazarien hitzarmenetan soldatak oraindik 1.500 eurotik behera daude.

Irabazien gaineko zergak, beherantz

2008ko datuekin alderatuta, gaur egun enpresen irabazien bitartez biltzen den dirua izugarri jaitsi da Hego Euskal Herrian, soilik EAEn azken urtean %17. Osotara bildutakoa, ordea, inoizko maximoetan dago, lan errentek –langileek– ordaintzen dituztelako zergen %85 baino gehiago.

Hain zuzen, zergen bilketa ere mahai gainean jarriko da M17ko greba orokorrean, soldata ez delako aberastasuna banatzeko mekanismo bakarra. Bizitzaren garestitzea langile klasea erruz pobretzen ari da, eta zerbitzu publikoak gainbeheran daude. Horregatik, ezinbestean gizarte eta zerga politikei ere begi bat jarri beharko litzaiekeela esan dute sindikatuek.  "Soldatak igoko balira zerbitzu publikoak indartzeko aukera handituko litzateke, diru sarrerak handituko liratekeelako", esan digu Cuencak.

"Hego Euskal Herrian langileek sortzen duten gainbalioaren lapurreta estatuko beste txokotan baina handiagoa da" 

Niko Cuenca (ekonomialaria)

Hala, LGSren igoerak “diru-sarrera baxuagoak dituzten langileen bizi-baldintzak zuzenean hobetzeaz gain, gizarte babeserako sistema publikoa indartu, genero-desberdintasunak murriztu, produktibitatea suspertu eta ekonomia bidezkoagoa eta erresilienteagoa sustatuko” lukeela diote sindikatuek. Baina funtsean, LGSren borroka duintasun kontua ere badela iradoki digu Cuencak, izan ere, “badago ezer ere ez duen jende asko, eta edozein soldata onartuko luketenak”.

“Nola egin daiteke greba orokor bat gutxieneko soldata EAEn langileen %3ak soilik jasotzen badu?!”, adierazi zuen Mikel Torres

Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak, agian zertxobait larrituta, grebaren atarian. Hain zuzen, horrexegatik deitu dute grebara sindikatuek, gaur egungo gutxieneko soldata ez delako tresna eraginkorra Hego Euskal Herrian langile kopuru garrantzitsua pobreziatik atera eta aberastasuna birbanatzeko. LGS tresna esanguratsua izatea bilatzen dute. Halaber, ELAk eta LABek adostu zuten 1.500 euroko LGSk langileen %15ari eragingo lioke.
bideragarria da?

Enpresa handiei begira, bai, bideragarria da, eta ez legoke arriskurik. Enpresariek, ordea, diote lehiakortasun arazo bat egongo litzatekeela LGS igoko balitz, eta ondorioz, kontratazioa murriztuko dela. Baina LGS igo den azken urteotan ez da halakorik gertatu. Are, Igeregik iradoki du enpresariek lan baldintzak hobetu beharko lituzketela, lanerako prest dauden langileak erakartzeko.

Bestalde, Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomiko antzekoa duten herrialdeetako gutxieneko soldata Espainiako Estatukoa baino 600-700 euro altuagoa da. "Hendaia eta Irun artean 600 euroko aldea dago. Ipar Euskal Herrian posible bada, Hegoaldean zergatik ez?", esan digu Igeregik.

Bide korapilatsua: labirintoa desegiten

Gure errealitate sozioekonomikoari erantzungo dion LGS propioa ezarri ahal izateko bidea ez da xamurra izaten ari. Duela urte eta erdi, beraien harremana onenean ez bazegoen ere, ELAk eta LABek indarrak batu eta pausoak ematea erabaki zuten, helburu berarekin.

LGSren erreferentzia 1.500 euroan finkatu zuten, hamalau pagatan, eta orduz geroztik, bi bide paralelo bezain osagarri ontzen dabiltza.

Sindikatuek agerraldia egin zuten Bilbon, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa "aldarrikapen masiboa" dela azpimarratzeko. Argazkia: LAB sindikatua. 

Lehen bidea: negoziaketa

Alde batetik, sindikatuak saiatu dira Lan Harremanen Kontseiluan patronalarekin lanbide arteko akordio bat adosten, Hego Euskal Herrian hitzarmen baten pean dauden langile guztiek gutxieneko soldata bera izan dezaten. Lopetegik esan digu EAEn, gehiengo sindikalak –ELA, LAB, CCOO eta UGT– Confebaski eskatu ziola negoziatzera esertzeko, baina patronalak uko egin diola –gutxienez hiru bider– mahaian esertzeari, argudiatuta gutxieneko soldata estatu mailako eskumena dela, eta ez daudela halakorik negoziatzera derrigortuak. Nafarroan, CCOOk eta UGTk dute gehiengoa, eta ez dute patronalarekin negoziazio mahaia deitu ere egin.

Sindikatuek jakin badakite ez dutela eskumenik LGS adosteko, baina bai hitzarmen bidezko lan harremanak arautuko lituzkeen gutxieneko soldata bat ezarri ahal izateko, prestazio eta abarrei eragiten ez dien bitartean. Horregatik, Confebask auzitara eraman zuten mahai negoziatzailean esertzera derrigortzeko, baina magistratuak patronalaren alde ebatzi zuen, eskumenaren kontu bera aipatuta. Hala ere, sindikatuek sinesten dute epaia kontraesankorra dela, ez baitu ukatzen patronal eta sindikatuek lan hitzarmenetan gutxieneko soldata negoziatu dezaketenik. Horregatik, sententziaren araberako negoziazio-mahai deialdi berri bat luzatu diote Confebaski, martxoaren 24an, greban metatutako indarra lagun izanda.

"Langileen pobretzearen kontrako neurriak hartzen diren heinean faxismoari aurre egiten zaio"

Peio Igeregi (ELA)

Bide hori, baina, ez da mundu guztiaren begiko. Lanbide arteko akordioa lortzeko prozesu horrek kanpoan uzten baititu sektore zaurgarrienak: hitzarmenik gabekoak, eta soldata baxuenak jasotzen dituztenak. Egun, 48.000 lagun daude –soilik EAEn– egoera horretan, eta erdia baino gehiago etxeko langileak dira. Gainera, lanaldi partziala duten 180.000 langile inguru daude Hego Euskal Herrian, ez luketenak gutxieneko soldata jasoko. Horietatik hiru laurden inguru emakumeak dira.
bigarren bidea: Legea aldatu

Aurrekoarekin konforme ezin egonda, sindikatuen helburua da LGS Hego Euskal Herrian erabakitzeko burujabetza lortzea, dakartzan ondorio guztiekin. Horretarako, Espainiako Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatu behar da –eskuduntza autonomia erkidegoek izan dezaten–, eta hori Madrilen egiten da. Hemen, badugu beste bidegurutze bat. Bide batetik, EAEko eta Nafarroako parlamentuek euren eskakizunetan sartzea, eta bestetik, zuzenean Madrilen eskatzea. Horretarako, baina, nekez ikusi den gutxieneko borondate politikoa behar da.

Lehenengo bidea abiatu zuten sindikatuek HEL Herri Ekimen Legegilea aurkeztuta. EAEn, 138.495 sinaduren babesarekin, langa pasa, eta legebiltzarraren txanda zen. Bertan, uko egin zioten eztabaidatzeari, Jaurlaritza osatzen duten EAJren eta PSE-EEren ezezko botoekin. PPk eta Voxek ere ezezkoa eman zuten. Horrela, proposamena bera eztabaidatu ere egin gabe itxi zioten atea, hilabete eskas lehenago pentsiodunen HELarekin egin moduan. 

Sindikatuek diote hori demokraziari “ostikoa” ematea dela, jendarteak ez duelako, bozkez aparte, demokrazian zuzenean parte hartzeko beste modurik. Kexu dira joko horretaz: “Patronalak alderdi politikoei botatzen die pilota, eta alderdi politikoek patronalari, bakoitzak bere eremuan egin dezakeena saihesten”, esan digu Lopetegik. Egoera ikusita, sindikatuek bi parlamentuetan eskatu diete alderdiei HELaren testua berena egin, eta lege proposamen bezala tramitatzeko. Nafarroan Geroa Baik eta EH Bilduk dagoeneko tramitatu dute, eta EAEn, atzera bota dute EH Bilduren eskaria.

Sánchezen gobernuari hiru arrazoi

Beste bidean, zuzenean Madril. Sindikatuak seguru daude posible dela Espainiako Gobernua konbentzitu eta Madrilen legea aldatzea. Izan ere, aurrekariak badaude –amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsen legea–, eta Sánchezen gobernua ahul badago ere, arrazoiak ez ditu falta sindikatuen eskakizunak aintzat hartzeko.

Sindikatuetako ordezkariek Madrilera egin dituzten bidaietan zuzenean interpelatu dute Espainiako Lan Ministerioa, eta gaia  mahai gainean jarri dute. Galdetu diote ea greba orokor baten ostean korrontearen kontra egin nahi duen edo aliantzak eraiki nahi dituen aldaketak egin ahal izateko. Gero, ea Espainiako Gobernuak nazio aniztasunaren eztabaida sindikatuen eremura eraman nahi duen. Eta, azkenik, azaldu diote langileen pobretzearen kontrako neurriak hartzen diren heinean faxismoari aurre egiten zaiola. Eta horrek norbaiti onik egiten badio “inoizko gobernu aurrerakoienari” da.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuetako ordezkariak Eusko Legebiltzarrean, HELaren sinadurekin. LAB sindikatua

Greba ostean, zer?

Epe laburrean, batetik, Lopetegi sinistuta dago greba orokorrak bultzada emango diela egun borrokan dabiltzan hainbat sektoretako hitzarmenei: jangeletako langileenari edo Bizkaiko garbitzaileenari kasu. Bestetik, Madrilen Langileen Estatutua aldatzeko borondate politikoa mugitu, eta “geroz eta ahulago dagoen patronala” mahaian esertzera bultzatuko duela dio. Hala ere, elkarrizketatuak bat datoz greba orokorrak eskaera zehatzak baino gehiago direla: "Langileen politizaziorako aukerak dira: asanbladak egiteko, jendearekin egoteko, eztabaidatzeko... oro har, kontzientzia kolektiboa sortzeko eguna da”, dio Igeregik. Gogoratu digu, halaber, grebaren egunean bertan badagoela beti arraro eta zalantzati sentitzen denik, "baina kalera atera eta bera bezalako milaka pertsona ikustean esaten duena: hara, ez gaude horren bakarrik!"

Bestalde, epe luzera begirako garaipenen inguruan galdetzean, Igeregik denboran atzera egin, eta lan-hitzarmenek lehentasuna izateko borroka gogoratu du: “Gaur egun dagoeneko ez du inork zalantzan jartzen hitzarmenak berebizikoak direla”. Oraingo borrokarekin ere antzeko zerbait proiektatu du: “Irabazi dezakegu gutxieneko soldata gure gizartean ezinbesteko elementu bilakatzea”. Izan ere, grebaren aldarria ez da gutxieneko soldataren zifra zehatz bat defendatzera mugatzen, aberastasunaren banaketari, enpresen botereari eta lanaren zereginari buruz eztabaida piztu nahi du gaur egungo euskal gizartean.

Beste gauza askorekin bezala, ukaezina da eztabaida dagoeneko hor dagoela, baina haren dimentsioa da jokoan dagoena. Sindikatuek argi dute inork ez duela ezer oparitzen, eta 140.000 sinadurek eta greba orokor handi batek ekarriko dutela borroka irabaztea. 


Langile borroka kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Betikoak

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.