Gidoia

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Eduardo Galeanok 1998an argitaratu zuen Patas arriba: la escuela del mundo al revés [Hankaz gora: mundu aldrebeseko eskola]. Galeanok dio urte horretan bertan, 1998an, “pantailaratu” zuela Etxe Zuriak orduko “bilau” berria: Osama bin Laden (orduan Bill Clinton zen presidente). Liburuan, Galeanoren orduko galdera: bilakatuko da Bin Laden izar berria beldurrezko generoan ala bigarren mailako aktore geldituko da? Orain, badakigu erantzuna.

Eduardo Galeanoren liburuak osorik gorde du, damuz, mundua interpretatzeko balioa.

Orain AEBetako beste presidente bat, D. T. (eta enparauak), dugu ageriko gidoilari (auskalo nor-zer dituen atzean, backstage-an), eta estilo zinematografikoa aldatu da. Gustua hartu dio intriga zapuzteari: garai batean aitortzeko pentsaezinak ziren mehatxuak jaurti eta erasoak gaztigatzen ditu lehenik, eta gero, mehatxuak betetzen ditu, erasoak gauzatu. Axolarik ez zenbat gizaki behar dituen hil, estra behartuak baitira, tokian tokikoak, eta merke ateratzen zaio ekoiztetxeari.

Eta ikusleok, zuzeneko ekintzak ukitu gabe pasatzen dugunok, zineman bezala ari gara, irrealtasunak jota, harri, zur, sinesgaitz. Mina sentitzen dugu, baina min-klase hori, non drama handiko pelikula bat ikustetik irten, lagunartean sentipenak partekatu eta lasai samar etxeratzen baikara, filmak utzitako samin-arrastoa gurekin daramagula, baina betiere jakinda istorioak eragindako inpresioak ez duela momentuz irauliko gure eguneroko bizitza.

Dena irudi bidez iristen zaigu, eta gure burmuin-bihotzek ez dituzte ongi bereizten fikzioa eta benetakoa. Irentsi dugu “gaiztoen” eta “txintxoen” arteko logika sinplista

Pelikularen gidoia zorrotza eta malgua da aldi berean, eta badu atzean produkzio-lan handia: baliatu beharreko baliabideak, ekonomikoak eta bestelakoak, aktore nagusiak aukeratzeko castingak (antagonistak tentuz hautatu behar…) eta eszenatokien hautespen egokia.

Eta, batez ere, badauka publikoa aldez aurretik hezteko lana.

Galeano bideo-jokoez mintzo zen haur eta gazteak gerrekin eta hilketekin ohitzeko tresna gisa. Helduok ere aspaldi jarri ginen bortizkeriaz eta hilketez mukuru datozkigun film eta telesailetara. Halakoetan, ontzat ematen da bilauak akabatzea balizko justizia baten izenean. 

Antzeko ekintzak albistegietan ikustean, ez zaizkigu hain gogorrak iruditzen, “desentsibilizatuta” gaude. Dena irudi bidez iristen zaigu, eta gure burmuin-bihotzek ez dituzte ongi bereizten fikzioa eta benetakoa. Irentsi dugu “gaiztoen” eta “txintxoen” arteko logika sinplista, eta ohartu gabe galdu, ugaztun eta gizaki egiten gaituzten sentipenak eta ñabardurak. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.