Semeak duela gutxi iragan du, Frantziako Estatuak derrigorturik, Defentsa eta Herritartasun Eguna. Izan ere, 16 eta 25 urte bitarteko gazte guztiek derrigorrez parte hartu behar duten eguna da, horrek baldintzatzen baititu hainbat eskubide, hala nola gidabaimena edo azterketak iragan ahal izatea.
Egitasmo hori 1998an sortu zen, lehenagoko urtebeteko zerbitzu militarra ordezkatzeko. Orduan, gazteek derrigorrez armadan zerbitzua bete behar zuten; gaur egun, aldiz, egun bakarreko deialdia dute jasotzen eta horretan, diotenez, formakuntza zibiko eta praktikoa eskaintzen zaie. Azken hamarkadan bertsio ezberdinak izan baditu, azken moldaketa iragan urtekoa da, 2025ekoa. Inoiz baino gehiago, egunaren herritartasun kontzeptuari erantsi zaio hamarkada batzuk lehenago baztertu zen defentsaren kontzeptua.
Programa irakurtzen denean, argi da egun horren helburua frantses herritartasunaren kontzientzia piztea dela, baina, horren iragan moldea zein izan den entzun dudanean, iduritu zait atzerakoia, bortitza eta, edozein ikuspegitik, errespetu eta probetxu arras gutxikoa.
Molde formal, baztertzaile, kulpabilizatzaile eta militarizatuan gauzatzen da. Oroz gainetik, molde armatuan. Armak manearazten zaizkie adingabeei
Eguna goizetik hasi da, deituak diren tokira heldu eta harrera jaso ondoan, betiere funtzio eta jantzi militarrak dituzten jendeen ardurapean, gazteek tailer teorikoak eta praktikoak egiten dituzte: herritartasunari, eskubideei eta betebeharrei buruzko azalpenak jasotzen dituzte, zertarako ez dakigun test txiki batzuk egiten dituzte eta antzekoak. Bestalde, egun horretan zehar eta jarduera ezberdin horien artean, badira, adibidez, bandera altxatzea eta himno kantatzea, gazteek ongi bizitzen ez dituzten moldeetan (lerrokaturik, hitzak ez dakizkitenei ohar txarrak eginez…), armadaren erakusketak, munduko interbentzioen aipamen lauso eta partisanoak, eta tiroketa entseguak arma ezberdinekin, bai mitrailetekin, bai arma motzekin, bai gauez baliatzeko materialekin.
Hori guztia bukatzean, gure gaztea etxera sartu zaigu zenbait gauza eskutan. Hasteko, funtsezkoa duen parte hartze agiria, zeinek ahalbidetuko dion gidatzea, ikasten segitzea eta abar. Hots, bizitzen segitzen ahal du normalki. Gero, zaku zolan bilduak zituen tiroketa saioetan erabilitako paperezko jomuga, bala inpaktuz josia, eta errazio militar bat, 24 ordu irautekoa. Batez ere, etxera sartu da herritar txarra delako sentsazioarekin, defendatua izatea merezi ez duela adierazi zaion irudipenarekin.
Egun hori izan zitekeen zerbait ez txarra, molde baikorrean, sinpleki, gazteei azaldu balio batzuk, gizarte eredu jakin batean dituzten eskubideak eta betebeharrak aipatu, parte hartzea eta errepresentazioa nola gauzatzen diren esplikatu, kultur erreferentzia batzuk transmititu, herritartasun aktiboa eta elkartasun printzipioak aipatu, gizartearekiko konprometitzea bilatu. Baina, horren ordez, molde formal, baztertzaile, kulpabilizatzaile eta militarizatuan gauzatzen da. Oroz gainetik, molde armatuan. Armak manearazten zaizkie adingabeei, gehiago dena, gurasoen oniritzirik gabe; bat-batean gure haurrak gure ardurapean ez baleude bezala, eta maila batetik hara, haurrengan autoritaterik ez bagenu bezala. Egun horretan, estatuaren arrazoiak gu guztion, gazteen nahiz gurasoen, printzipio eta onespenak zangopilatzen ditu, haren ikuspegi eta egitasmoak inposatuta.
Izan zitekeen zerbait ona, probetxuzkoa, eta gertatzen da zerbait zikina, beste behin.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.