Euskal kultura autogestionatua eta kolektiboa izango da, edo ez da izango

  • Makrofestibalen eta oholtza handien garaiotan, kulturaren funtsa –autogestioa eta sorkuntza, alegia– galtzeko arriskuaz hausnarrean ari dira kultur munduko zenbait eragile. Horietako zenbait elkartu zituen Markina-Xemeingo (Bizkaia) Okerra kolektiboak bertako Akerbeltz gaztetxean Kultura kolektibotasunetik: proiektu autogestionatuez hausnarrean mahai-inguruan, urtarrilaren 24an. Kultura autogestionatuak dituen erronkez, euskarak bertan duen zentralitateaz eta hori dena hiri eremutik kanpo zelan egin hausnartu dute Okerra kolektiboko Jon Arriagak eta Udane Barinagarrementeriak, Amets Aznarez musikari eta mugimendu transfeminista eta autogestionatuko kideak, Maider Arregi Señora Sariketako kideak eta Gorka Intxausti Murgiako (Araba) Hil da Laboa kolektiboko kideak. 

Odei-ren kontzertua 2025eko EHZ jaialdian, Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa-Beherea).
Dani Blanco/ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ezin dugu gaur egungo deribaren esku utzi gure kultura. BEC betetzeak ez du esan nahi euskal kultura indartsu dagoela, baizik eta produktu bihurtu dela hor atzean dauden enpresek aukera bat ikusi dutelako. Ez dago interesik kulturarekiko”. Gorka Intxaustiren hitzek laburtu dute bost hizlariek ordu eta erdi pasatxoan erabili duten eztabaida. Kultura autogestionatuaren ingurumarietan dabiltza mahai-inguruko bost hizlariak –ARGIAkoetan ere bai, bertako kolaboratzaile finko baitira hizlarietako bi: Intxausti bera eta Barinagarrementeria–. Parean dute dinamika “desertifikatzaile eta oasi-sortzaile bat”, eukaliptoa, Nando Cruz kazetariaren kontzeptua erabilita: alegia, hazkunde bizkorreko kultur dinamika erraldoiak, ez jasangarriak, baliabide asko xurgatzen dituztelako eta inguruko kultur eszena desagerrarazten dutelako. “Heltzen dira herri batera, urtean behin, dirua hartu eta badoaz. Hor ez da ezer ereiten, ez dago inpakturik herriaren kulturan ez euskaran”, laburtu du Barinagarrementeriak. Horren aurrean, kolektibotasunetik eta autogestiotik zelan eragin, hori dute gakoa.

Ertz askotarikoak aipatu badituzte ere, guztien ahotan egon da presente eta horixe azpimarratu dute gehien: zaintza. Besteren artean, zaintza baita bi eszenen arteko arrakala nagusia, eta horixe jarri dute erdigunean kultura autogestionatuan sakontzen jarraitzeko. “Kojo-k ARGIAko elkarrizketan zioen esperientziak erakutsi diola jendearentzat behar dela zaintza pixka bat, afari eder bat eta gastuak ordaintzea. Oso ideia sinplea da, baina oso indartsua: gauza gutxirekin asko egin daiteke”, azaldu du Intxasutik. Lehen pertsonan bizi izan du hori Amets Aznarezek tronboi jole gisa, eta berak ere horixe berretsi du, zaintzak duela garrantzi handiena, alegia: “Zentralitatea du niretzat, horrek aldatzen duelako ez bakarrik kontzertura joatea, baita ere gustura egotea bertan, inguruarekin... Dena aldatu dezake zaintzak”. 

"Heltzen dira herri batera, urtean behin, dirua hartu eta badoaz. Hor ez da ezer ereiten, ez dago inpakturik herriaren kulturan ez euskaran"
Udane Barinagarrementeria

Horrela, bada, gauza txikietatik hasi eta handietaraino, diferentziak egon badaude, zaintza ardatz hartuta. Jatekoa da horietako bat, “oso garrantzitsua” Aznarezen hitzetan, “dena” markatzen duena: “Boloak izan ditut onak izan direnak bakarrik afaria eman digutelako. Agian lau egun jarraian daramatzazu solomo ogitarteko bat jaten, eta bolo batean afari on bat izatea oso garrantzitsua da”. Eta hori nabaritu dute Okerrakoek ere, beren afarien aipamenak aurkitu baitituzte Markina-Xemeingo gaztetxera ekarritako taldeek emandako elkarrizketetan. Horrez gain, lotarako lekua eskaintzea, harrera egiterako orduan harremanak zaintzea ere aipatu ditu Aznarezek, eta horrekin batera, sortzaile, antolatzaile eta publikoarekin sortzen diren sinergiak. Alegia, harremanaren zentroan ez dagoela ekonomia, kulturarekiko interes komun bat baino. Eta hierarkiak ere aipatu ditu, edo horien falta, hobeto esanda: katxearen arabera ordaintzea, talde handiak eta txikiak izatea, kartel buru eta “teloneroak” egotea... Hori guztia ez da gertatzen eszena autogestionatuan, edo behintzat, hierarkia horiek hausteko saiakera egiten dute. 

Horrela, mahai-inguruan dauden hiru kolektibo antzolatzaileek –Okerra, Hil da Laboa eta Señora Sariketa– ordainsari bera ematen diete parte-hartzaileei, sarreretatik lortutako dirua banatzen dute euren artean. Bertsolaritzaren kasuan ohikoa da praktika hori, erakundeek antolatutako ekimenetan baino ez baitute katxeekin lan egiten; dena den, Señora Sariketan pauso bat harago joan dira, eta bertsolariak soilik ez, gainontzeko parte-hartzaileek ere (gai-jartzaileek, epaileek eta beste) ordainsari bera jasotzen dute. Aipatu antolatzaileek erabaki hori hartu zuten eszena mainstream-eko logikak ez erreproduzitzeko, Barinagarrementeriaren berbetan: “Modu bat da industriaren logikak apurtzeko eta ez egiteko handiagoak handi eta txikiagoak txiki”. 

Horrela, bada, eszena mainstream-aren zirrikituetatik ari dira alternatiba berriak eraiki nahian. Baina denei berdin ordaintzearenak badu bere tranpa. “Esan dugu hona taldeak sarreren truke etortzen direla; orduan, ez da gauza bera hamar ikusle etorri edo 110. Gu beti saiatzen gara taldeei gutxieneko bat bermatzen: orduan, minus egiten dugunetan, gure poltsikotik ipintzen dugu diru hori”, azaldu du Arriagak. 

Transmisioan etena
"Duela hamar urte mundu guztiak nahi zuen underground izan,  baina orain denek nahi dute Kafe Antzokia talde txikientzat; eta erdikoentzat, Miribilla"
Amets Aznarez

Eta hortxe nabaritzen dute hutsune eta eukaliptoaren eragin handienetako bat: kultura produktu gisa ulertzea, arduragabe jokatzea berekin. Honela laburtu du Arriagak: “Gaztetxe honetara inoiz etorri ez den jende bat orain pixka bat urduri dago Zetak San Mamesen ikusteko sarrerak lortzeko”. Alegia, kontzertu handi eta ezagunetara joateko joera dagoela, baina lurra landu eta ereitekorik ez. Kulturarekiko begirunea eta ardura galdu direla uste du, baina argi du hori ez dela bere kabuz etorri: “Ez da bat-batean gertatu hori, hautu eta erabaki politiko batzuen ondorioa da. Ez da kasualitatea, esaterako, albistegien amaieran egotea kultura zatitxo bat eta kirolek zati oso bat izatea. Hori guztia mekanismo bat da, eta guk ezin dugu gure herria ulertu hori dena barik”. 

Egungo “deriba” horrek, gainera, kultura ulertzeko moduan zuzen-zuzenean eragiten duela diote. Liz Pelly kazetariaren lana gogora ekarrita, Barinagarrementeriak aipatu du makrofestibalek eta streaming plataformek irudimena ere baldintzatzen dutela, kultura eta musika ulertzeko moduan eragiten dutela; horixe da arriskutsuena, bere aburuz. 

Eta ez entzuleen partetik soilik, sortzaileen partetik ere nabaritu dute badutela xedea oholtza handi horietara heltzeko: espazio autogestionatuak “tranpolinak” direla horietako askorentzat. “Oso ondo dago Hil da Laboan jotzea 2025ean, kapital soziala eta solidarioa emango dizkidalako, euskaldun eta militantearenak. Baina ikusten dut mundu guztiak sentitzen duela manager bat badu, dirua sartzen badu Instagramen eta Spotifyra igotzen baditu kristoren abesti mainstream-ak, badakiela jo dezakeela Kafe Antzokian hemendik urtebetera”, dio Aznarezek. Eta hori kontu berria dela dio: “Duela 10 urte mundu guztiak nahi zuen underground izan, baina orain denek nahi dute Kafe Antzokia  talde txikientzat; eta erdikoentzat, Miribilla”. 

Bi eszena horien artean, beraz, ezinbesteko talka egon badagoela argi diote hizlariek. “Eukaliptoa dagoen lekuan ezin da beste ezer erein”, dio Barinagarrementeriak. Estraktibismoaz mintzatu da Intxausti, eszena makroak autogestionatuari eragiten dionaz: “Bizikidetza posible da bakarrik eredu honetan, eredu estraktibistan: eurek guretik jaten dute, guk erein egiten dugu, eta jende asko dagoenez tranpolin gisa ikusten duena, makroari jaten ematen diogu. Makroarentzat sekulako mauka da eszena autogestionatua, parasito bat da”. 

“Ez da kasualitatea albistegien amaieran egotea kultura zatitxo bat eta kirolek zati oso bat izatea. Hori guztia mekanismoa bat da”
Jon Olabarria

Markoa beste nonbait kokatu duen “parasitoa” da. Ikusi besterik ez dago, Arriagak azpimarratutakoa: “Azkenaldian euskal artista asko Espainiako ez dakit ze abeslarirekin kolaborazioak egiten ari dira, edo La Revuelta-ra joaten dira; baina ez Maulera. Eta batzuetan badirudi behar dugula ez dakit zein abeslarik gure abesti baten remix bat egitea horrek zilegitasun bat hartzeko”.

Hizkuntza zapaldu eta gutxietsia izaki, hizkuntza bera instrumentalizatzen dutela, alegia. “Iraingarria da euskara eta kultura bera merkantzia bihurtu izana. Mingarria da errentagarria den bitartean iraungo duela, eta momenturen batean ez bada, desagertu egingo dela”, adierazi du Arregik, Intxaustiren hasierako esanarekin bat etorrita. Gainera, paradigma hori ez da zuzena, bere hitzetan: “Euskararen zapalkuntza proiektu moderno, kapitalista, heteropatriarkal eta kolonial batekin dago lotuta. Euskara salbatzeko ezin da fidatu kapitalismoan txertatzearekin”. Eta horren aurrean, aukera bat baino ez dago: proiektu ilusionatzaile autogestionatuak. 

TEA taldea, Laudioko (Araba) Gurdi gaztetxean. Argazkia: Gorka Intxausti/ARGIA CC-BY-SA
Euskara, proiektu ilusionatzaileekin bat

“Sentsazioa dut azkenaldian euskararen normalizazioaren alde kokatzen direnez, adibidez Zetak edo BBK Liven euskaraz kantatzen duten taldeak, baleko direla”, dio Barinagarrementeriak. Zapalkuntzak elkarlotzen direla aspaldi ikasitako kontua da, eta, hain zuzen ere, ikuspegi intersekzional feminista ardatz hartuta, zapalkuntza gehiago ere kontuan hartzearen alde agertu da: “Ikusten badugu euskarazko talde bat BBK Liven jotzen, euskararen aldea ondo dago, baina klase ikuspegiarena ez, BBK Liven esplotatzen diren langile guztiak kontuan hartuta, esaterako”. Aspektu horretan asmatu zuten pasaden mendeko proiektu autogestionatuetan, Arregiren hitzetan: lortu zuten proiektu iraultzaileekin bat joatea euskara, eta horrek indartu zuen hizkuntza. 

“Gaur egungo gizarte ereduak berak eramaten gaitu etengabe hirira, denerako; Araban, are, hori muturrekoa”
Gorka Intxausti

1970eko eta 1980ko hamarkadak izan ditu hizpide Arregik. Hamarkada horietan euskararen erabilerak “loraldia” izan zuela dio bertsolariak, eta hori izan zela proiektu “ilusionatzaile” batekin egin zuelako bat hizkuntzak, “dena aldatzeko pretentsioa” zuen proiektu batekin: “1970-80ko hamarkadetan zeozer ondo egin bazuten izan zen euskara lotu zutela errebelde izatearekin eta ilusio politikoarekin”. Eta proiektu horietatik loratu ziren intersekzionalitate berriak, kuir mugimendua, adibidez: “Kuir mugimendua duela hamarkada bat kanpotik etorritako zerbait gisa irakurtzen zen, euskalduntasunaren ideiaren kontra zegoen zerbaiten gisa. Mugimendu transfeministak dena euskaraz egiteari eta euskalduntasunari esanahi berriak emateak ekarriko du ilusioa eta salbatuko ditu bai bata eta bai bestea”. 

Kultura politiko horretatik edan behar dela argi dute hizlariek, duela hamarkada batzuk ereindako haziak oraindik baduelako gorputza Euskal Herrian. “Zorionez” Euskal Herrian badago oraindik kultura horren tradizioa, hori uste du Arregik: “Nik sentitzen dut gure belaunaldian kultura politiko hori jaso dugula momenturen batean: Euskal Herrian gaztetxe, bertso eskola pila bat daude. Ez daukagu hain lur txarra ereiteko. Eukalipto asko dago, baina ez hainbeste”. 

Baina mezua argi, batez ere euskararen izenean kultura makroa kontsumitzen dutenei: “Euskara barik ez dago bertsolaritzarik, ados, baina kultura autogestionatu barik euskarak ere ezingo du”. 

Hori dena, hiritik kanpo

Eta hori dena hiritik kanpo zelan egin, horixe mahai-inguruaren azken korapiloa: Hil da Laboa eta Okerra, biak baitira hiritik kanpo eratutako kolektiboak, eta hirietako agenda zalapartatsutik urrundu nahi dute. “Gaur egungo gizarte ereduak berak eramaten gaitu etengabe hirira, denerako; Araban, are, hori muturrekoa da”, dio Intxaustik. Kultur munduan ere horrela dela dio, baita autogestioarenean ere: dena Gasteizen zentralizatzen dela dirudi. Horregatik, hortxe erronka: 1.000 biztanle pasatxoko udalerri batean, logika guzti horiei aurka egin, eta kontzertu zikloak antolatzea.

Hori horrela, kultur programazioa eskaintzen diote herriari, urtean barreiatuta, eta ez urtean behineko ekitaldi makro batean. Eta autogestioari ere egiten diote ekarpena: “Inguruko herrietatik jendea etortzen da, ikusten du bost lagun batzen bagara eta gauza konkretu batzuk ondo egiten asmatzen badugu, ahal dela lortu gustuko edo intereseko kontuekin distantzia apurtzea”.

“Euskara barik ez dago bertsolaritzarik, ados, baina kultura autogestionatu barik euskarak ere ezingo du”
Maider Arregi

Sinpletasunean, baina herriari begirako eta herritik sortutako kultura. Eta komunitatea sortzen duena ere bai, zentzu batean: “espektakuluagatik” baino, herriko kultura bultzatzeagatik sortzen dena. Okerran ere horretan ari dira buru-belarri. Badute korapiloa kontzertu handietan dabiltzan izen handiak ekartzen dituztenean sarrerak, ezinbestean, gehiago mugitzearena; eta, era berean, ezinbestean, marko horretan erortzearen arriskuarena. Horretarako ere badute formula, Barinagarrementeriaren berbetan: “Kultura praktika orokortu batzuk aldatu nahian gabiltza. Badugu asmoa jendea saiatu dadin kontzertuak ikustera etortzen taldeak ezagutzu barik, deskubritzen uztearen kultura zabaltzea nahi dugu”. 

"Mundiala", "bakarra" eta "ahaztezina" denaren apologia egiten duen kontsumo ereduaren aurrean, ehundaka euroko "Michelin menuen" gainetik, eguneroko ogia aldarrikatu dute mahai-inguruko kideek: itzal handirik barik, su artifizialik edo bolanderarik gabeko kultura nahi dute. Eguneroko bazka, herriari eta lurrari jaten emango diona, otordu handi eta gainontzeko gosearen gainetik. 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.