‘Che tortura questa campagna elettorale’

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aprile (Apirila)
Nanni Moretti (1998)

Zer: Filma
Herrialdea: Italia
Iraupena: 78 minutu
Non ikusi: Apple TV eta Amazon Prime Video 

----------------------

Suposatzen dut gauzak galtzeko beldurretik jartzen dugula “Ikusteko azken egunak” filtroa ikus entzunezkoen plataformetako bilatzaileetan. Zer den bizitza hau, ez daukagu egin nahi dugun guztia egiteko denborarik eta hala ere, erlojuari ziria sartzeko gai sentitzen gara batzuetan. Edo autofikzio horretan babestu nahi genuke.

Aprile Filminen ikusteko azken egunak zirelako egin nuen klik. Eta italiarra zelako ere bai. Eta zuzendariari norbaiten antza hartu izan diodalako igual. Gainera, dokumental bat zelakoan hasi nuen ausardia osoz. Geroago konturatu nintzen ez dela dokumentala bere horretan. Italiarrarena autofikzioa da, sasidokumentala. Egunaren hogeita lau orduei 78 minututako ziria. 

1994ko martxoaren 27an hauteskunde eguna izan zen Italian. Berlusconik lideratutako Forza Italia alderdiak jaso zituen bozka gehien. Gau horretan Nanni Moretti zinegilea bere amarekin telebistaren aurrean eseri zen emaitzen berri jasotzeko. Momentu horretan hasten da filma, telebistako aurkezlearen mezuarekin. Berlusconiren telebista kate pribatuan, presidentegaiari eskainitako miresmen hitzekin. 

Hauteskunde gauaren ondoren, Moretti kazetari fantses batekin hizketan ari dela, interpelazio zuzena jasoko du. “Konturatzen al zarete? Oso xelebrea da: alderdi faxista batek gobernatutako demokrazia batean bizi zarete eta herri bezala, zuen buruaz hausnartu beharko zenukete”, botako dio parekoak handikeria tonuarekin.

Gobernu berriak ez zuen asko iraun. 1996ko apirilean bozkatzera deitu zituzten italiarrak berriz ere. Urte horretan bertan okupatu zen Meloniren gobernuak desalojatu berri duen Torinoko Askatasuna Zentro Soziala –hori ez da filmean azaltzen baina aipatzea behar nuen–. Eta sasoi berdintsuan beste gertakari bat espero du Morettik: bere bikotea haurdun dago eta guraso izateko prozesuan murgiltzen hasiko dira. 

Kazetari frantsesaren hitzek oraindik ere oihartzun egingo diote zuzendariari eta hurrengo hauteskunde kanpaina dokumental batean jasotzen hasiko da. Errodaje bat, aita izatearen erabakiarekin nahastuta. Autofikzio galanta.

Allora, berbontzikeria italiarra nonahi. Badakizue, esaldi adimentsu, intimo eta umoretsu horiekin. Dokumentalaren sormen prozesuan garaiko egunkarietako portadak erregistratuko ditu eta politikariengana hurbilduko da elkarrizketak grabatzera. Eta Ludovico Einaudiren piano doinuekin lagunduta jolastuko da zuzendariarena egitera, aita ezegonkor eta urduriarenarena egitearekin batera. Jolasa baita Morettiren erraminta handienetako bat, tarte batez ziria sartzeko baldin bada ere. 


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.