Borroka iraultzaileagoa

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza
Mariarosa Dalla Costa eta Selma James 
Itzultzailea
Aiora enparantza
Katakrak, 2025

-------------------------

Nola hasten dira herri-mugimenduen ideiak forma hartzen, zabaltzen, erreplikatzen? Hori da ikusten duguna Emakumeen boterea-n, Italian oinarrizko den testu feministan. Katakrakek argitaratu du eta Aiora Enparantzak itzuli. Liburuko atal nagusiak Selma Jamesek eta Marirosa Dalla Costak idatzi dituzte, baina argi uzten dute lan kolektiboa dela. Hitzaurrea Silvia Federicik egin dio, eta haren lanengatik liburuko ideiak hurbilekoak egingo zaizkie irakurle feministei. Idazleek ordura arteko sistema kapitalistaren analisi marxistak osagarritu eta lan erreproduktiboaren zentraltasuna ikusarazten dute. Fokua etxekoandrean jartzen dute lantegiko langilean beharrean. 

Ideiek, mugimendu feministatik sortuak, bor-bor egiten dute testuan. Bilakatzen dira tresna mugimendu sozialen artikulaziorako, eta horrela sortuko da 1970eko hamarkadan Etxeko Lanen Soldataren Kanpaina, erreklamatzen duena ordainsari bat etxeko lanak egitearen truke. Izan ere, liburu hau da ondoren etorriko zen iraultza prozesuaren hasierako momentuetako bat. Bertan, familia eredu burgesa deskribatzen da, eta emakumeek eta gizonek bete beharreko genero-rol zurrunak ere. Momentu batzuetan testuak zaharkitu itxura izan dezakeen arren, irakurlea azkar konturatuko da muinean dauden ideiak oraindik direla borroka eremu. “Etxeko lana ez da funtsean ‘emakumeen lana’ […] gizarte zerbitzuak dira, lan-indarren erreprodukziorako balio baitute” diote. Eta badakigu nolako garrantzia duen oraindik familia instituzioak eta aurresuposatzen zaizkion doako lanek sistema produktiboari eusteko.

Liburua etxeko lanen iraultza prozesuaren hasiera erakusten ari bazaigu, noraino heldu dira ideia horiek gaur egun? Liburu-lagun bat proposatzen dugu guk: After Work, Helen Hester eta Nick Srnicek-ena. Bertan, autoreek mugimendu teoriko antzekoa egin eta esfera erreproduktiboa jartzen dute lanaren aboliziorako borrokaren erdigunean. Denbora librearen aldeko borroka etxeko lan gutxiago egitetik ere igarotzen delako, eta Etxeko Lanen Soldataren Kanpainaren muinak oraindik bizirik dirauelako: “Ez dugu lan produktiboagoa egin nahi, borroka iraultzaileagoa baizik"


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.