24. Korrika Atharratzetik (Zuberoa) abiatuko da martxoaren 19an. Urte asko igaro dira Korrika inguru hartatik azkena pasa zenetik. Badute beharra. Lapurdirekin alderatuta, Zuberoa eta Nafarroa Beherea dira proportzioan euskal hiztun gehien galtzen ari direnak. Kontzientzia pizteko behar dute Korrika, eta baita sosak biltzeko ere. AEKk gero eta ikasle gehiago ditu gau eskoletan, baina igoeraren araberako dirulaguntzarik ez dutela kexu dira. Euskal Konfederazioak (AEK partaide da) baliabide eskasak salatzeko, manifestaziora deitu du azaroaren 21erako. Bixente Claverie mauletarrak helduen alfabetatzearen eta egoera orokorraren argi-itzalak kontatu dizkigu.
Zergatik abiatuko da aurten Korrika Atharratzetik?
23. Korrika Baionan bukatu genuen, eta Iparraldean bukatzen delarik, hurrengo edizioa Iparraldetik hasten da. Hainbat eskaera jaso genituen eta 2024ko ekainean, AEKn bozkatu genuen Atharratzetik partitzea.
Arrazoietariko bat izan zen Basabürüa eskualdetik [Atharratze da eskualdeko hiriburua] ez zela pasatu Korrika 1985etik. Laugarren Korrika hura Atharratzetik abiatu zen. Oraingoan, Atharratzeren eskaera zehatza baino gehiago, hainbat herritako hautetsien eta herritarren eskaera izan da, hala nola Lexantzü-Zunharre, Atharratze-Sorholüze, Etxebarre, eta Ligi-Atherei. Bigarren arrazoia Atharratzen euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra da, periferian baita, eta azken hiru hamarkadetan hiztun anitz galdu du. Etxeko transmisioa eten da eta Xiberoa, bereziki Basabürüa eskualdea, biztanle kopurua kontuan hartuta, azken hiru hamarkadetan euskal hiztun gehien galdu duen lurraldea da. Eta justuki Korrika baliatzen dugu kontzientzia pizteko, euskara karrikaratzeko eta sustatzeko. Arrazoi horien guztiengatik erabaki genuen Atharratzetik partituko zela 24. Korrika.
Zuberoan gau eskola bat daukazue. Nola ari zarete lanean?
Xiberoko gau eskola du izena eta egoitza Maulen dago. Xiberoa osoa estaltzen du. Ikastaro gehienak Maulen pasatzen dira, aldiz, badira klase desplazatuak. Aurten herri hauetan dira eskolak: Maule, Atharratze, Barkoxe eta Lexantzü. Urte guziz herri guzietan bada sartze kanpaina bat, helburua baita herrietan klaseak sortzea. Herritarrek osatzen dute talde naturala eta talde natural horri euskarazko klaseak ematea da helburua. Horrek eragina du herrian: herritarrek haien artean ikasten dutelarik, lotsa gutxiago dute haien artean mintzatzeko. Arrakasta dute, ez baitira baitezpada Mauleraino joan behar Basabürütik.
"AEKtik 300 euskaldun oso ateratzen dira. 2050erako 40.000 hiztun sortu behar baditugu, urte guziz 1.500 beharko genituzke"
Gero eta ikasle gehiago dituzue Ipar Euskal Herriko gau eskoletan. Horiei erantzuteko irakasleak eta baliabideak badituzue? Zein dira euskaltegien zailtasunak?
AEKn, azken urteetan, urte guziz, gutxi gorabehera %5 ikasle gehiago dugu. Handitzen ari gara, seinale ona da, 1.800-1.900 ikasle ditugu gau eskoletan, ikastaldi arruntetan, ikastaldi trinkoetan, lan mundurako ikastaldietan... Kontua da errealitatea gordina dela: EEPk [Euskararen Erakunde Publikoa] ematen digun laguntza kasik ez da emendatu 2015etik. Ematen digute dirulaguntza, baina irizpiderik gabe. "Arazoa", kakotxen artean, baita ez dela emendatzen gu handitzen garen arau, ez da kalkulatua gure ikasle kopuruaren arabera.
Herri batean ikas-talde bat sortzen dugunean baliabideak ezarri behar ditugu, irakasle bat ezarri behar dugu, formatu behar dugu. Dirulaguntza ez bada emendatzen, gu pobretzen gara zeren eta klase gehiago ditugu.
Ikasleek euskara ikastea eskuragarri izan dezaten saiatzen zarete. Matrikulen prezioak handitzea ez da irtenbidea?
Ez dugu nahi dirua arazo izatea euskara ikasteko, horregatik, Korrika antolatzen dugu, beharrezkoa zaigu gure aurrekontuak orekatzeko. Korrikak bi ardatz nagusi ditu: bata da euskara sustatzea, ari baikara euskararen irakaskuntzan, normalizazioan eta erabileran, baina dirua biltzeko ere antolatzen dugu, gure jarduerak eta klaseak segurtatzeko. Dena den, argi dugu prezioak ezin ditugula goregi ezarri, oztopo bat izanen delako euskara ikasteko.
Euskalgintzaren Kontseiluak bezala, AEKk ere, herritar orok euskara jakitea aldarrikatu du. Hori lortzeko bidean, eskolak doakoak izatea eskatzen diezue administrazioei. Zein laguntza dituzte Ipar Euskal Herriko euskara ikasleek?
Jasotzen ahal du dirulaguntza bat langile delarik, baina A2 mailatik goiti. Eta guk ikasle anitz dugu zero eta A1 mailan. Hori da gure arazo handiena.
Langile ez direnak ere kanpoan dira? Erretretan direnak, ikasleak…
Horiek ez dira batere lagunduak. Horregatik, gure borroka tarifa publiko ahal bezain apalenak izatea da. Euskararen ezagutza unibertsalizatzea eskubide bat da, eta horretarako euskara ikastea doan izan behar da, nahi badugu gure hizkuntza salbatu. Azken azterketa soziolinguistikoek ematen dituzten prospektibak hein horretan gertatzen badira, maleruski, goiz ala berant, ez dut erranen desagertuko, baina ez gara izanen gure plazetan eta gizartean.
Ezagutza unibertsalizatzea eta erabilerarako espazio erosoak izatea aldarrikatzen duzue. Zuberoan zein dira espazio horiek? Nola ugaldu?
Espazioak gau eskolekin jarduerak eginez sortzen ditugu guk. Jarduerak kanpora eramaten ditugu eta ez gara beti klaseetan egoten. Euskaldunak badirelarik, de facto espazioak sortzen dira. Gure helburua da euskaldunak sortzea.
Baina ez dira nahikoa. Administrazioan, lantegietan, aisialdian, kirolean... euskaraz aritzeko espazio gehiago sortu behar ditugu. Familietan transmisioa eten zen eta orain euskara ikasteko bi aukera dira, edo ikastoletan eta eskoletan, edo helduen euskalduntzean. Guk heldu euskaldunak sortzen ditugu eta horiek daude administrazioan, lantegietan, aisialdi zentroetan...
VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Zuberoa eta Nafarroa Beherea dira Ipar Euskal Herrian euskaldun gehien (%47,5) duten lurraldeak eta, era berean, proportzioan, lurralde horietan ari da gehien apaltzen hiztun kopurua.
2021eko Inkesta Soziolinguistikoak ehuneko hori eman zuen, Xiberoan eta Baxenabarren. Lapurdin anitzez gutxiago [%16,1]. Euskaldunen ehunekorik handiena 65 urtetik gorakoenetan dago eta adinean behera egin ahala euskaldunen ehunekoa behera doa. Aldiz, 16 eta 24 urte arteko gazteetan euskaldun osoak irabazi ditugu. 1996an, 16 eta 24 urte artean %11 ziren euskaldun osoak. 2021ean, %21 dira. Zinez, euskaldun osoak irabazteko eskolak egin duen lana ikusten dugu. Gazteak euskalduntzen dira. Euskaldun anitz baditugu 76 urtetik gora, baina, maleruski, desagertzen dira goiz ala berant, eta familietan transmisioa eten da. Dena den, seinale batzuk onak dira, batez ere gazteena.
Inkesta soziolinguistikoek ere larrialdia azpimarratu dute, baina larrialditik pasatu behar gara indarraldira, ekitera, sortzera. Horretarako jauzi bat egin behar da hizkuntza politiketan. Zenbakiak hartu eta norabide bat finkatu behar da... norabide bat finkatua da 2050erako.
Horixe galdetu nahi nizun. 2024an aurkeztu zuen EEPk ‘Euskara 2050eko epemugan’ txostena. Horren arabera, euskarak biziraungo badu, 2050erako hiztun kopurua %20tik %30era pasatu behar da. Alegia, 40.000 hiztun gehiago. Badira baliabideak horretarako?
EEPk 2024ko ekainean esan zuen hori prentsan. Iparraldean, urtero, AEKtik 300 euskaldun oso ateratzen dira 16 urtetik goitikoak. 40.000 sortu behar baditugu 2050erako, 1.500-1.600 euskaldun oso beharko genituzke sortu urte guziz.
Hori hizkuntza politikarik gabe... badugu hizkuntza politika, baina ez dakit erran dezakegun badugula hizkuntza politika bat. AEKn apustua onartzen dugu, prest gara euskaldunak sortzeko, baina baldintzak behar dira, hizkuntza politika sendoak, baliabide errealak, lidergo politikoa, instituzioak hor izan behar dira desafioari erantzuteko. Mementoz prentsan atera zen 2024ko ekainean, erranaldi bikaina EEPrena, baina bi urtez ezer ez da aldatu.
EEP osatzen duten lau erakundeei eskatu zitzaien bakoitzak 650.000 euro gehiago jartzea, baina 100.000 eurotan gelditu da.
Horrek argi eta garbi erakusten du borondate eskasa. Borondatearekin hizkuntza politika ausarta eta sendoa garatzen ahal dugu. Nahi baldin badugu, lortuko dugu 2050ean hiztunen kopurua %30 izatea, arazorik gabe, baina borondatea behar da. Orain kartak haien eskuetan dira.