Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Egun handia otsailaren 28a. Markatu egutegian. Batzuek uztailaren 18a markatu zuten debozio eta kandela berberaz. Bazen garaia, esango duzu, Iran ere “demokratizatzeko”. Zerbait ospatu behar da ostiraletan, eta Teherani su ematea ez da plan txarra asteburua hasteko. Zain-zain zeundela esango nuke, herdoildutako mapamundian fitxa berriak mugitzeko irrikaz. Txikitu ditzatela bazter guztiak Israelek eta AEBek; suntsitu ditzatela parean jartzen diren matxino, terrorista edo, besterik gabe, negoziatu nahi ez duten satankume horiek guztiak.

Errukirik gabe erakutsiko diegu gure teknologia militarrak zer dirdira egiten duen basamortuko eguzkipean. Hondoratuko ditugu gerraontziak, eraitsiko herriak, bonbardatuko Gernika berriak, baina oraingoan 4K bereizmen handiko kamerekin, streamingean. Gosea, mendekua eta sumina zabalduko dugu, bakea zer den Tomahawk misilekin esplikatzen dugun bitartean. Indarra delako, azken finean, ulertzen duten hizkuntza bakarra.

Eta biharamunean, garrantzitsuena: eskoletan bullyngaren aurkako protokoloak aktibatuko ditugu. Tailerrak emango ditugu gatazkak hitzaren bidez konpontzeko, enpatia sustatuko dugu eta hezkidetza-balioak zabalduko ditugu plastilinazko gelatan. ”Ez da jo behar, maitea, hitz eginez konpontzen dira gauzak”. Zuek zuen zakil erraldoiak ateratzen segi dezazuen, handiena nork duen erakusteko. Hiroshima bat daramazue beti errekamaran, inori kontra egitea bururatuko balitzaio ere.

Horrela bakarrik da bideragarri gure erosotasuna. Horrela bakarrik da posible gure "demokrazia" hau. Parean jartzen den guztiarekin amaitzea, biziko bagara. Gure eskutik baino ez da etorriko mundu hobea, hilkutxa batean bada ere. 

Errege magoak ohi baino lehenago iritsi zitzaizkizun aurten: Maduro ekarri zizuten opari paperean bilduta, lazo eta guzti. Noiz deituko zaituzte Etxe Zurira berriz? Noiz makurtuko zara berriro, petrolio zaporeko “Thank you, Mr. President” esatera? Pozik egongo zara ezta, Josu Jon? 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.