Kooperatibak greban (edo ez)

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Libreta eskutan, ea zertan nabilen galdetu dit semeak. Grebari buruz artikulua idazten, erantzun diot. “Aizu, ama, zuk noizbait egiten duzu artikuluen greba?”. Ba ez, seme, oraingoz ez. Baina... zer egingo dute ARGIAko errotatibek? Nola erantzungo dio mugimendu kooperatiboak greba orokorrari? 

Olatukoopeko Batzar Nagusian, soldata duinen aldeko Greba Orokorra bultzatzeko erabakia hartu genuen. Interkooperazioa, elkartasuna eta eraldaketa soziala oinarri eta ipar izanda, gure erantzukizuna da sindikatuek egindako deiari erantzutea. Are gehiago mahaiaren beste aldean inor ez dagoenean. Are gehiago zaurgarriak zaurgarritasunera eta ertzekoak ertzetara kondenatu nahi dituzten bitartean. Gutxieneko soldata duinaren aldarrikapenak justizia sozialaren aldarrikapena duelako oinarrian, langileen arteko elkartasun eta borroka zutabeen gainean sendotzen dena.

kooperatibak ulertu behar genituzke langile mugimenduaren garaipen gisa, eta, ondorioz, baita langile mugimenduaren eskaerei erantzuten dien subjektu gisa ere

Dena den, tamalez, lan-elkartuko kooperatiba gehiegitan greba orokorren deialdiek ez dute atxikimendu handiegirik izaten. Geldituko ginen akaso langile-jabe izaera horretan ataskatuta, lau pareten arteko elkartasunean igerian, burbuilatik kanpo dagoenak eragingo ez baligu bezala. Sindikatuen borroka gizarte osoaren aldeko borroka dela ikusi ezinik. Hortxe beste motibazio bat kooperatibetako gobernantzan sindikatuek parte-hartzeko aukera planteatzeko. Izan ere, kooperatibak ulertu behar genituzke langile mugimenduaren garaipen gisa, eta, ondorioz, baita langile mugimenduaren eskaerei erantzuten dien subjektu gisa ere.

Martxoaren 3aren urteurren gordina pasa berritan, langile mugimenduaren indarra oroitarazi, eta eraldaketa eta justizia soziala gure esku ere badagoela sinestea dagokigu. Izan artista, futbolari edo kooperatibista, krisi sistemiko eta ekosozialak guztioi eragingo digulako. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Langile borroka Ekonomia
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.