“Aniztasunari lekua egin nahi diogulako sortu behar ditugu narratiba berriak, ez ongi geratzeko”

  • Txiki-txikitatik literatura zalea da Ana Zabalza Izko idazle, aktore eta kazetaria (Iruñea, 1990). Fantasia gustuko du bereziki, eta bere mundu propioa sortu du Lafken: La esperanza del traidor ("Lafken, traidorearen itxaropena") nobelaren bitartez (2022, Hebras de tinta). Momentuz liburu bakarra argitaratu du, baina saga bat sortzea du helburu. Zabalza pertsona itsua da, eta esan du normalean desgaitasuna duten pertsonaiak “oso estereotipatuta” daudela.


2026ko martxoaren 11n
Olaia L. Garaialde
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hitzak ez dira inozenteak Ana Zabalza Izkorentzat. Nabarmendu du hitzek kategorizazioak sortzen dituztela. Horregatik, pertsona itsuez mintzo denean, “pertsona” hitza lehenesten du. Hau da, “desgaitasun bisuala duen pertsona” edo “pertsona itsua” bezalakoak erabiltzen ditu: “Agerikoa dirudien arren, askotan ‘itsu’ etiketa hotzean erabiltzen da eta gizatasuna kentzen digu”. Hitzen artean aritzen da Zabalza, eta jolasaren bidez bestelako munduak eraikitzen ditu. Hamar urterekin bere lehenengo pertsonaia sortu zuen eskolarako egin behar zuen ipuin baterako: “Ahalduntasunetik asko zuen pertsonaiak, eta horrek on egin zidan autoestimurako”. Horrez gain, Harry Potter saga ere inspirazio iturri izan zen berarentzat.

Fikziotik eta bereziki fantasiatik edaten eta sortzen du Zabalzak, uste du aukera asko eskaintzen dituen generoa dela: “Fantasiarekin pop musikarekin bezala gertatzen zait: oso konplexua izan daiteke eta narratiba berriak sortu daitezke, baina aldi berean betikoa erreproduzitzen da”. Esate baterako, J. R. R. Tolkien idazlea “oso gustuko” du, baina uste du ez lukeela zentzurik gaur egun beste norbaitek antzeko zerbait egitea edo jada eginda dagoena birmoldatzea. Horregatik, nabarmendu du askotariko mundu berriak zerotik sortzeko tresna bat izan daitekeela.

Narratibak geroz eta gehiago aldatzen direla gaineratu du: “Ez dut esan nahi orain bat-batean Eraztunen Jauna liburuan pertsona beltz bat sartu behar dela. Ez luke zentzurik, mundu hori jada eraikita dagoelako. Aniztasunari benetan lekua egin nahi diogulako sortu behar ditugu narratiba berriak, ez ongi geratzeko”.  Bide horretan, The House on the Cerulean Sea ("Etxea itsaso urdinenean") liburua gustuko du Zabalzak. 

“Helduentzako literaturan ilustrazioen falta nabaritzen dut. Moduren bat bilatu beharko genuke marrazkiak hautemateko”

Desgaitasuna duten pertsonak nola irudikatuak dauden aztertzen du, eta normalean ez da fio, iruditzen zaiolako “oso estereotipatuta” daudela: “Askotan oso tolesgabeak edo gizajoak dira. Beharrezkoa ez den arren, behin eta berriz gogorarazten diote irakurleari desgaitasuna duen pertsona bat dela.  Gainera, ematen du trama soilik horren inguruan dela, eta pertsonaia horrek ezin duela bestelako kezka edo bizipenik izan”. 

Lafken liburuko unibertsoa sortzerako orduan, gauza asko hartu zituen kontuan, hala nola kutsu mistikoa eta espirituala izatea, eta ez sortzea bi munduren arteko dualtasuna, non bata ona den eta bestea txarra, baizik gogoetarako ateak zabaltzea. Fantasia epikoa gustuko du bereziki, baina Lafken fantasia garaikidea da. Kontatu du fantasia epikoan klasismoa “nabaria” dela, eta berak ez zuela nahi klasista eta etnozentrikoa izatea: “Fantasia epikoan normalean xumea den pertsonaia bat agertzen denean, azkenean noble baten semea zela ondorioztatzen dute. Ematen du pertsona xume bat izatea fase bat dela. Lafken-en, langile klasekoa den pertsonaiak langile klasekoa izaten jarraitzen du”.

Zentzumenak zabaltzen

Liburu batetik bestera, espazioak deskribatzeko moduez hausnartu du, eta kontatu du kosta egiten zaiola lekuak fisikoki deskribatzea. Aldi berean faltan botatzen ditu deskribapen sentsorialak: “Idazlea agian pertsona itsu bat da, baina narratzaileak ez du zertan itsua izan. Orduan, hori ere kontuan hartu behar dut eta ongi islatu. Jendearen gehiengoak jasotzen duen informazioaren %90 bisuala da, eta faltan nabaritzen dut, adibidez, jakitea lekuek zein usain eta soinu dituzten”. Horregatik, uste du hartu-eman bat izan behar dela, eta elkarrengandik ikasi. 

Fantasiazko literaturan oso ohikoak izaten dira ilustrazioak, ez, ordea, helduentzako literaturan, braillez idatzita dauden liburuetan. Zabalzak azaldu duenez, liburu batek braillez bi edo hiru bolumen okupatzen ditu: “Badakit kontu praktikoa  dela, baina helduentzako literaturan ilustrazioen falta nabaritzen dut. Moduren bat bilatu beharko genuke marrazkiak hautemateko. Adibidez, Lafken egin nuenean, ezin izan nuen nire pertsonaia ukitu”. Zabalzak digitalean edo audio-liburuan irakurtzen du bereziki. Braillez idatzitako liburu fisikoak ere baditu, baina ez dira nahi beste, asko okupatzen dute eta etxean ez du sobera leku. Lafken audio-liburuan dago. 

Gorputzeko atal bat?

"Aurpegia, zentzumen guztiak daudelako bertan. Denok batzen gaitu eta gauza asko adierazten ditu. Uste dut edozer gauza adierazi dezakezula aurpegiarekin".


Gorputz hotsak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.