Santa Marta (Kolonbia), 1830eko abenduaren 17a. Simon Bolivar hil zen tuberkulosiak jota, 47 urte zituela. 2004an, Quiton (Ekuador) emandako hitzaldi batean, Venezuelako orduko presidente Hugo Chavezek, zera esan zuen Askatzailearen heriotzari buruz: “Bolivar aberatsa zen jaiotzez (…) eta, azkenean Santa Martan hil zen, eta gorpua janztean beste norbaiten alkandora jarri behar izan zioten, geratzen zitzaion alkandora itxuroso bakarra urratuta baitzegoen (…) Urratutako alkondara zeukan gizon hark zeukan guztia eman zuen”.
Bolivar pobrezian hil zela dioen bertsio hori ez zuen Chavezek asmatu; hamarkada luzez zabaldu den ikuspegia da. Baina azken urteetan historialariek eta Bolivarrek utzitako testamentuak berak gezurtatzen dute.
Alkandoraren pasadizoa Alejandro Próspero Révérend mediku frantziarrak jaso zuen, Bolivarren gorpuari autopsia egin zion berak. Baina, Ines Quintero historialari venezuelarraren ustez, ez zuen zerikusirik izan Bolivarren egoera ekonomikoarekin. “Bolivar txuri kreolea zen eta ondasun handiak zituen, nagusiki, familiarengandik jasoak”. Hil zenean, Bolivarrek Europara erbesteratzeko asmoa zeukan eta, ziurrenik, jantzi gehienak Cartagenako aduanan gordeta zeuzkan ordurako. Zehazki Londresera joatea zen bere asmoa eta, Quinteroren esanetan “pobreek bazekiten ez zutela halako hiri garestian bizitzeko inolako aukerarik”.
Aroako meatzeak
Baina Bolivarren egoera ekonomikoa islatzen duen froga garbiena hil baino astebete lehenago, abenduaren 10ean, sinatutako testamentua izan zen: “Adierazten dut: Caraboboko probintzian dauden Aroako lurrak eta meatzeak besterik ez dauzkadala jabetzan”. Eta egia zioen, 1827an, Venezuelara egindako azken bidaian, gainerako ondasun guztiak arreben eta iloben artean banatu baitzituen. Baina Aroako meatzeak ez ziren huskeria.
Venezuelan, Caracastik 350 kilometro ingurura zeuden kobre meatzeak XVII. mendean deskubritu zituzten. 9.000 hektareatako azaleran, 61.500 kilo mineral atera zituzten lehen hamarkadatan. 1663an Espainiako errege Filipe IV.ak meatzeak Francisco Marín de Narváezi eman zizkion. Haren alaba Josefa Bolivarren birramona zen. Eta, hala, 1811n, Simonen anaia nagusi Juan Vicente hil zenean, Aroako lurrak Askatzailearen esku geratu ziren.
Meatzeak agortu ahala, Bolivar pobrezian hil zeneko mitoa elikatuz joan zen. Independentzia gerrak bere ondasunekin finantzatu omen zituen. Quinteroren hitzetan, "hori ez da egia. Gerraren gastuek zorpetzea eragin zuen, eta dirua ez zen pertsona bakar baten poltsikotik atera"
Ordurako Simon Bolivar Amerikako herrialdeen independentziaren aldeko ahaleginean buru belarri zebilen eta meatzeei ez zien jaramonik egin. Baina urte batzuk geroago The Bolívar Mining Association enpresa ingelesak hartu zituen alokairuan. Horren truke Bolivarrek urtean 10.000 peso jasoko zituen –egungo 250.000 euro, gutxi gorabehera–. Beraz, gaixotu zenean, Bolivarrek Ingalaterran erretiro erosoa hartzeko baliabideak zituen. Lehenago, 1825ean, Bolivarrek arrebari idatzi zion meatzeak 100.000 libera esterlinaren truke saltzeko asmoa zuela esanez –egungo 18 milioi euro inguru–, baina azkenean familiak Simon hil eta bi urtera, 1832an, lortu zuen Aroa saltzea aurreikusi baino askoz merkeago: 38.000 libera. Prezio oso txikia zen hurrengo urtetan ustiaketak emango zituen etekinak kontuan hartuta. 1836rako guztira 200.000 tona mineral erautziak zituzten. Inguruko populazioa izugarri hazi zen jarduera ekonomikoak bultzatuta: 1828ko erroldak 812 biztanle jaso zituen; 1833koak, aldiz, 4.460. Baina XIX. mende bukaeran ustikaetak gainbehera egin zuen.
Meatzeak agortu ahala, Bolivar pobrezian hil zeneko mitoa elikatuz joan zen. Independentzia gerrak bere ondasunekin finantzatu omen zituen. Quinteroren hitzetan, "hori ez da egia. Gerraren gastuek zorpetzea eragin zuen, eta dirua ez zen pertsona bakar baten poltsikotik atera".
Historialariak ez du Bolivarren eskuzabaltasuna eta ahalegina zalantzan jartzen, baina haren pobreziaren mitoa "eraikia" dela dio. "Gizon hark askatasunaren alde bizia eta ondasunak sakrifikatu zituela ikusarazi nahi duen kultuaren parte da".