‘Pride’, edo ogia eta larrosak

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Pride  (Harrotasuna)
Matthew Warchus (2014)

Zer: Filma
Herrialdea: Erresuma Batua
Iraupena: 120 minutu
Non ikusi: Movistar Plus+ (euskarazko azpitituluekin), Filmin eta RTVE Play

---------------------------------

Laplacek uste omen zuen partikula guztien posizioa eta abiadura jakinez gero, unibertsoan gertatzen ari den, gertatu den eta gertatuko den guztia aurreikusi daitekeela, ez dagoela kaosarentzat lekurik. Beharbada hala da, ez dakit. Argi dudana da badaudela egoera batzuk, Laplacen deabrua izan ezik, asmaezinak diruditenak; gertatu izan direnera arte, behintzat.

Aurrekoaren adibide ditugu 1990eko hamarkadan Chiapaseko (Mexiko) indigena maien errebindikazioen berri eman zuten hackerrak; AEBetako komunitate juduak afroamerikarrekin bat egin izana azken horien eskubide zibilen borrokan; edo 1984an Erresuma Batuko meatzarien grebetan Meatzarien Sindikatu Nazionalaren babesle nagusietako bat lesbiana eta gay komunitatea izatea. Azken hori du ardatz Pride-k.

Mundu zaharra hiltzen ari zen garaian baina mundu berria oraindik sortzeke zegoen hartan kokatzen da pelikula. Tori-en politikak medio, behinola industrializazioaren buru izan zen herrialdea odolusten ari zen bitartean, Brighton edo Londres bezalako lekuetan ordura arte beti existitu baina gutxitan aipatutako komunitate bat azaleratzen ari zen.

Hala ere, bi munduek zeru-sabai bera zuten buru gainean: Margaret Tatcherren zapaten zorua. Meatzariak lanpostuen mantentzearen alde borrokan ziharduten bitartean, LGTBI taldeak zapalkuntzak salatzen eta eskubideak aldarrikatzen ari ziren. Ogiagatik protestatu zuten, baina larrosengatik ere bai. Eta, zapaldua izateak ematen duen nortasun horretan, bat egin zuten bi taldeek. 

Horrekin, eta handinahirik gabe, Warchusek pelikula hunkigarri bezain ahaztezin bat sortuko du, drama eta komediaren arteko kanal estuan nabigatuta. Filmak ez die beldurrik pertsonaien inperfekzioei; horien kontraesanak, aurreiritziak eta egoak azaleratzen baititu. 

Baina Pride ez da ondo kontatutako istorio on bat bakarrik. Badu zerbait, ondo deskribatzen asmatuko ez nukeen zerbait, ikusten dudan aldiro hunkitzen nauena. Desberdinen arteko batasuna-edo. Beste etorkizun bat posible zenaren ustea, agian.

Paradoxikoki, pelikulako momenturik ezagunenak, kantuaren uneak, ez dauka oinarri errealik. Meatzariek ez zuten Bread & Roses abesten. Baina pelikularen ondorioz, eta Mandela efektua medio, kantu horrekin lotzen ditugu, besteak beste, greba haiek. Unibertsoan sorpresarako lekua dagoen seinale...


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.