Polemika akaso entzuna izango duzue: 1991. urtean, Robert Venturi (1925-2018) arkitektoa Prizker sariaren onuraduna izan zen, bere lan ibilbidea bere kide eta emaztearekin batera egin bazuen ere. Arkitekturaren Nobel saria esleitzen zuen epaimahaiak argudiatu zuen, sariaren helburua arkitekto bakarraren irudiaren aitortzara zuzendua zela. Arkitekturaren eta arkitektoaren ikuspegi zaharkitu eta misoginoa hurrengo hamarkadan gainditua izan zen eta ondorengo deialdietan askotan eskaini zaio saria lankidetzako arkitektoei. Mugimendu bat sortu zen atzeraeragineko Printzker saria Venturiren kide Denise Scott Brown-i eskaintzeko, baina ukatua izan zitzaion.
Denise Scott Brown (1931) arkitekto, hirigile, irakasle, idazle-teoriko eta lan emankor askoren egilea da. Bere bigarren senarrarekin lanean ospe handia jaso zuen, batez ere Learnig from Las Vegas ko-idazketaren ostean, egiletza bakarrarekin ezagutzen den liburua. Arkitekturaren endogamian oso ohikoa da arkitekto bikotekideak elkarrekin lanean aritzea. Baina 1960ko hamarkadan lanean zihardutenen bikotekide femeninoen kasuan, emaztearen edo laguntzaile figuraren zama gainetik kentzea ez zen erraza izan. Denise biktima horietako bat izan zen.
Jane Jacobs-ek kaleetako bizitzaren inguruko defentsa egiteagatik erreferentzi bilakatzea lortu zuen, baina ez zen arkitektoa izan. Scott Brownek hiria forma geometriko eta giza-harremanen arteko artefaktu konplexu baten moduan landu zuen eta errealitate fisiko eta humanoa grafiatzeko mapping propio bat eratu zuen. Kaleko aktibitateen patroien bilaketan, Jacobsen kritikarekin bat egiteaz gain, hiria ulertzeko beste modu bat praktikaratu zuen. Kaleen egunerokotasunari, kultura pop eta kaletarrari lekua eman zion burututako plangintza estrategikoetan. Hirigintzarako tresna baliotsuak sortu zituen, egun oraindik egunerokotasun handia dutenak.
Apuntatu ezazue: Bilboko Arte Museoan, Denise Scott Brown arkitektoaren legatuaren erakusketa ikusgai da, maiatzaren 21 arte.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.