LGBTI+ udal-diagnostikoak: erakunde-kosmetika ala politika eraldatzailea?

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hiruki Larroxan paradoxa deseroso bat bizi dugu aktibista transfeminista profesionalizatu gisa. Udalei LGTBI+ udal-diagnostikoak egiten laguntzen diegu, eta, aldi berean, geure buruari galdetzen diogu ea ekoizten dugun hori benetan eraldaketa-tresna den edo erakundeen irudia blindatzeko mekanismo sofistikatua. Eta, benetan, galdera ez da teknikoa, politikoa baizik.

LGBTI+ diagnostikoak behar material errealetik (eta identitariotik) sortzen dira. Alegia, indarkeriari lotutako bizipenak jaso, diskriminazioak identifikatu, zerbitzu publikoetan gabeziak hauteman eta, azkenik, politika publikoak diseinatu. Eta argi dugu lehen "argazki" hori gabe eskubide asko ez zirela aitortuak izango. Baina arazoa sortzen da diagnostikoa erakunde publikoa legitimatzen duen tramite bihurtzen denean, LGBTI+ pertsonen babeserako tresna eraldatzaile beharrean.

Izan ere, maiz ondorengo sekuentzia ikusten dugu. Udalak diagnostikoa egitea eskatu, emaitzen azken dokumentua prentsaurrekoan aurkeztu, "dagoeneko diagnostikoa duela" iragarri, drag artistak edo queer adituak kontratatu diagnostikoa plaza sinboliko batean sozializatzeko, eta ondoren, karpeta administratibo batean artxibatzen du. Horrela, aniztasuna erreputazio-kapital bihurtzen da (logika alderdikoietan, noski). Eta formalki betetzen den prozesua bada ere, gerora ez da askotan aurrekontu lehentasun bakar bat ere aldatzen, edo ez da erakunde publikoaren barne kultura zalantzan jartzen. 

Bitartean, erakundeekiko mesfidati zeuden LGBTI+ pertsonak, zeinak diagnostikoaren prozesuarekin ilusioa sentitu eta artikulatu diren, berriz ere, erakundeaz mesfidatzen dira, baina, oraingoan, esponentzialki.

Arazoa sortzen da diagnostikoa erakunde publikoa legitimatzen duen tramite bihurtzen denean, LGBTI+ pertsonen babeserako tresna eraldatzaile beharrean

Hor agertzen den tentsioak gu interpelatzen gaitu profesional gisa. Hortik gure galdera. Kutsu estetiko-kosmetikoa duten identitate-politikak sortzen laguntzen ari gara, ala benetan politika publiko eraldatzaile eta errealak diseinatzen laguntzen? 

Ikuspegi identitario hutsak behar espezifikoak zerrendatu eta neurri sektorialak proposatzen ditu. Eraldatzailea denak, ordea, udalerriaren eredua bera galdekatzen du: nork okupatzen duen espazio publikoa, zer iruditeria darabiltzaten eskoletan, nola banatzen diren baliabideak eta zer indarkeria onartzen diren normaltasun zisheterosexualaren izenean.

Gakoa ez baitago diagnostikoan bakarrik, prozesuaren ondorengo urrats eta erabakietan baizik. Eta, argiki, boterea birbanatzen ez duen diagnostikoa txosten bat besterik ez da. Aldiz, praktika instituzionalak eraldatu eta banderez haragoko egiturazko desberdintasunak lantzen dituena, eraldaketa-palanka bihur daiteke.

Identitate-politikak beharrezko lehen urratsa izan dira, bai. Baina, egun, erronka da udal-diagnostikoak aitortza sinbolikoan ez geratzea, eta desberdintasuna eragiten duten logikak desegitera ausartzea. Bestela, inklusioa apaingarria izango da. Eta justizia, hitz hutsa.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.