“La Ruina-k atsedena eskaintzen dio ekintzaile politikoari”

  • Ignasi Taltavull eta Tomas Fuentes umoregile kataluniarrek podcast arrakastatsua sortu dute oinarri oso errazarekin: ikuslegoan dagoen edonor, animatzen dena, oholtzara igo dadila eta konta dezala, mikrofonoa hartuta, noizbait gertatu zaion bizipen lotsagarriren bat. Aurpegi ezagunak ere gonbidatzen dituzte haien anekdotak kontatzera. Hain sinple, antzoki asko eta asko bete dituzte, baina osagai gehiago badira podcastak halako harrera izateko. Maiz heltzen dira Hego Euskal Herriko aretoetara.

Tomasa Fuentes eta Ignasi Taltavull. Argazkia: Aitor Aspuru / ARGIA CC BY SA
Tomasa Fuentes eta Ignasi Taltavull. Argazkia: Aitor Aspuru / ARGIA CC BY SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Sekulako arrakasta izaten ari zarete La Ruina-rekin. Nola sortu zen ideia? Eta espero zenuten horrelako zerbait?
Ignasi Taltavull: AEBetan oporretan geundela otu zitzaigun ideia. Baina ideia bat baino ez zen; ausartu behar ginen.

Tomas Fuentes: Gu, berez, gidoilariak gara, inoiz ez genuen ezer publikoaren aurrean egin, baina saltseatu nahi genuen eta elkarrekin zerbait egin. Eta hori otu zitzaigun. Baina dena ez da hain sinplea izan: bi urtez egon ginen ez atzera eta ez aurrera. Ez genuen topatzen une egokia, eta gure artean eztabaidatzen genuen ez genekielako ondo egingo ote genuen, jendearentzat erakargarria izango ote zen; eta horregatik, ez genion jendeari sarrera kobratu nahi. Baina azkenean, Bartzelonako La Llama komedia liburu dendari esker eman genuen urratsa. Proposamen ezin egokiagoa zen guretzat: leku txikia zen, 30 lagun inguru biltzeko modukoa, eta printzipioz egun bakarreko saioa egingo genuenez, pentsatu genuen ez ginela inorekin zorretan geldituko. 

Taltavull: Jarraitu genuen han bertan saio gehiago egiten, eta komunitate txiki baina sendo bat eratu genuen. Baina gerora izan dugun arrakasta ez genuen espero, eta ez zen helburua inondik ere. Alegia, soilik La Llama liburu dendan eginda ere, guretzat ondo zegoela.

Hasieran zuen lagunak izaten ziren gonbidatuak, haien anekdota barregarriak kontatzen zituztenak; jende ospetsua izaten duzue orain. Bilakaera nabaritu duzue?
Taltavull: Bereziki sumatu duguna da jendeak konfiantza eskaintzen digula. Hasieran ez gintuzten ezagutzen, eta orain gertutasunez hurbiltzen zaigu jendea. Horrek erraztu egiten du gure lana; badirudi lagunekin hitz egiten dugula. Hasieran, gonbidatuek ere zalantzak zituzten ereduari buruz, baina orain badakite zer topatuko duten.

Fuentes: Badakite ez dagoela arriskurik. Nik betidanik izan dut gogoko umore iraingarria, eta jendeari adarra jotzea, baina La Ruina-n ezin dugu hori egin, jendea ez baita eroso sentituko. Baina leku seguru bat sortu dugu, jende orok, errespetuz, barre egiteko.

Taltavull: Esperientzia kolektiboa da, eta ondo dago inor ez profitatzea beste baten esperientziatik mina sortzeko. Enpatiarako tokia da gehiago.

Leku segurua dela diozue, baina ez da besterik gabe sortu. Hau da, ideia berarekin, beste umoregile batzuk agian ez lirateke leku seguru bat sortzeko gai izango.
Fuentes: Inoiz ez dugu horri buruz hitz egin gure artean, baina bistakoa da jendea eroso egon behar dela euren pasadizoak kontatzeko.

Taltavull: Gu ere ez ginateke eroso sentituko inork txantxa homofoboren bat egingo balu, esaterako. Gauza argi bategatik: ez garelako homofoboak.

Fuentes: Dena den, beti dago arriskua norbaitek zerbait desegokia esateko. Eta gertatu da, eta batzuetan publikoak berak adierazi du desadostasuna; horretarako ere aukera zabalik dago. Beste kasu batzuetan, zuzenekoaren presiopean, esan dezakegu zerbait asmo txarrik gabe, baina gero, bi aldiz pentsatuta, grabaziotik ezabatzen dugu.

Taltavull: Jendeari ez diogu normalean iseka egiten, ez dator gure izateko eran. Beste ikuskizun batzuetan bai, publikoa iraintzen dute, eta ondo dago baldin eta publikoa ados badago, eta baldin badaki horretarako igoko dela oholtzara.  

"Batzuetan badirudi trauma ustiatu behar dituela umoregileak"

Sona duzue Katalunian eta Espainiako Estatuan, baina ez zarete berri-berriak honetan. Ibilbide profesional luze eta sendoak dituzue La Ruina sortu aurretik: Kataluniako telebistaren Cracovia umorezko saioan aritu zarete gidoigile, baita Andreu Buenafuente umoregilearekin ere. Uste duzue La Ruina existituko litzatekeela ekoiztetxe eta hedabide kataluniarrik gabe?
Fuentes: Gure kasuan, ez dut uste. Terrat ekoiztetxean eta Buenafuente umoregilearekin lanean asko ikasi dugu gure podcastean hasi aurretik. Txisteak sortzeko gaitasuna baldin badugu, hori da asko idatzi ditugulako.

Taltavull: Esperientziaren eta zaletasunaren batuketa moduko bat da. Eta oso eskertuta gaude espazioa eman diguten lekuei: La Llama liburu denda aipatu dugu, baina garrantzitsua izan zaigu, baita ere, Bartzelonako Medi taberna, bakarrizketak antolatzen dituena. Zorionekoak gara ekoiztetxeetan lan egin ahal izan dugulako, gisa horretan ikasi dugulako, baina beti izan dugu lotura tabernetan eta underground giroan egiten den umorearekin. Hortik gatoz.

Espainiako Estatuan badirudi kataluniarrak zaudetela komediaren abangoardian: Andreu Buenafuente, Berto Romero, Xavi Daura, Marc Giró... eta zuek ere bai, jakina. 
Taltavull: Elkar eragiten dugu, saihestezina da. Ni umorearen bueltan hasi nintzen Venga Monjas bikote komikikoagatik [2006an sortu zuten kanala Youtube sarean, umore saioak egiteko]. Inspirazio ziren niretzat. Baita Marc Giró ere, Espainiako Estatuko telebistetan goi mailan dabilena. Eta Facu Díaz ere bai, urteak daramatza eta oso indartsu ari da. Horiek denak erreferente eta inspirazio dira. Gauza ederrak egiten dituzte, eta besteok ere pentsatu dugu egin dezakegula, edo probatu dezakegula, zergatik ez. Katalunian duela urte dezente hasi zen kultura hori hedatzen, baina uste dut Espainiako Estatuan ari dela apurka zabaltzen, joaten garen hiri askotan ikusten dugulako badirela mikro irekien saioak eta komedia alternatiboa loratzeko ideiak. Garrantzitsuak dira horrelako lekuak: Berto Romero eta Andreu Buenafuente umoregile bikainak dira, baina behar duzu toki publiko txiki bat bost minutuko testua probatzeko.

"Joera oso estatubatuarra da publikoaren aurrean erabat biluztearena"

Polarizazio politikoaren ondorioz ziurrenik, umoregile batzuk espazio handia hartu dute Espainian. Adibidez, David Broncanok eta Miguel Maldonadok. Baina zuen garapena naturalagoa izan dela dirudi. Eta hori, zuek, Katalunian, Procés independentista bizi izan duzuela bete-betean. 
Fuentes: Esango nuke La Ruina ez dela politikoa. Jakina, beti egon daiteke txisteren bat, eta ezkerrera jotzen dugu, baina ez gara arriskatzen zentzu horretan. Beste garai batzuetan egon gara umore politikoa egiten, eta Procés-ak bete-betean harrapatu gintuen. Nik, nire aldetik, nazkatuta bukatu dut. Aspaldi hasi nintzen Buenafuente umoregilearen telebista programan lanean, eta duela hiru urtera arte eguneroko politikako saioetan egin dut lan. Procés-aren ostean ezin nuen gehiago. Ezin nuen uneoro politikan pentsatzen egon. Gero, ikustea baino ez dago zer jende nazkagarri dagoen politikan. Zentzu horretan oso umore zuria da.

Taltavull: Jendeak badaki zer pentsatzen dugun, eta ez dugu gure burua zentsuratzen. Israel kritikatu behar badugu, egiten dugu; gu garelako. Edonola ere, La Ruina-n publikoa da protagonista.

Fuentes: Ez dut uste gertatuko zaigunik Héctor de Miguel Quequé umoregileari jazotakoa [aldi batez publikoki agertzeari uko egin dio, Espainiako eskuin mediatikoaren presioaren eraginez]. Eskuinak eta eskuin muturrak eztabaidak eta batailak sortzen dituzte, eta ezkerra atzetik joaten da suteak amatatzera.

Taltavull: Ekintza politikoa ezinbestekoa da, baina ni ez naiz ekintzailea, nik eskaintzen diot ekintzaileari atseden bat. La Ruina-ra etortzea, barre egitea eta borrokan jarraitzea. Dena den, guk erabaki dugu horrela izatea, eta inork ezin digu podcasta itxi, guk sortu dugulako eta gu garelako. Podcasta amaituko da antzokira inor etortzen ez denean. Horrek lasaitasuna ematen digu.

Fuentes: Proiektu hau barre egiteko da, eta beste gauza batzuk egingo bagenitu, mezu politikoa ziurrenik ez litzateke nahikoa izango, eta gainera, seguru ez litzatekeela barregarria izango.

Taltavull: Dena politikoa denez, gure ariketa politikoa da La Ruina-ko oholtzara igotzen den edonor, izan jatorri, adin edo generoko diferentekoa, eroso sentitzea.

Zuei buruz ere hitz egiten duzue oholtzan. Tomás [Fuentes], zu pertsona bakarti moduan aurkezten zara, eta Ignasi [Taltavull], zuk berriki hitz egin duzu alkoholarekin izan dituzun arazoen inguruan, eta homosexualitateaz ere hitz egin duzu, bai La Ruina-n eta bai zure bakarrizketa propioetan. Zaila al da plano pertsonala eta publikoa bereiztea?
Taltavull: Esango nuke ondo dagoela pertsona bera izatea. Nik ez dakit beste modu batean egiten, ez nuke jakingo pertsonaia bat eraikitzen eta planoak bereizten. Eromena iruditzen zait. Edo ez gara aktore onak, hori ere izan daiteke. Nire esperientzian, behintzat, esperientzia positiboa da. Askatzailea iruditzen zait alkoholismoa gainditzeko prozesua normaltasunez partekatzea. Prozesuan dabilen edo egon den jende askok idatzi dit, eta hortaz, zama bat izatetik, laguntza bilakatu da. Homosexualitateari dagokionez ere, berdin: ilusioa egiten dit ikusteak pertsona trans bat igoko dela oholtzara, bere prozesua kontatuko duela, normaltasunez eta grazia puntua bilatuta, eta eroso egingo duela.

Fuentes: Nik ezin dut komedia egin gainditu ez dudan gatazkaren bati buruz. Ez naiz Ignasi lagunagatik ari, nire ustez primeran egiten baitu, baina umoregile askok sendatu ez dituzten zauriak kontatzen dituzte, eta ez da dibertigarria. Joera oso estatubatuarra da publikoaren aurrean erabat biluztearena. Aukera bat da, baina nik ez dut gogoko. Nire kasuan, kontatzen ditudan pasarte batzuk benetakoak dira, eta beste batzuk erabat asmatutakoak. Ez dut esan nahi hori denik onena, baizik eta hori dela nik egiten dakidana.

Taltavull: Ondo ezagutzen zaitut, Tomas, eta iruditzen zait beti zarela zu La Ruina egiten duzunean. Beste kontu bat da zenbait gauza ez dituzula partekatzen, ez zarela askorik biluzten, baina hori ere ondo dago. Nire kasuan ere, dagoeneko bi urte dira ez dudala alkoholik edaten, eta duela oso gutxi kontatu dut publikoki. Nire inguruko jende guztiak bazekien, baina jendaurrean kontatzeko unea orain heldu da, orain eroso sentitzen naiz-eta. Baina esan duzuna: ez da derrigorrezkoa. Batzuetan badirudi traumak ustiatu behar dituela umoregileak. 


Podcast kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.