“Itsutasuna nire bizitzaren egoera bat da, hor dago, baina ez da nire bizitzako motxila”

  • NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikaskideentzat Josemari edo José María Casado Aguilera da. Iruñeko Azpilagaña auzokoentzat eta lagunentzat aldiz, Txema. Horrela, norbaitek agurtzen duenean badaki zein testuingurukoa den. Ikasteko gogoz dago beti, eta lan handia egiten du desgaitasuna duten pertsonen eskubideen defentsan. Hezkuntzari lotutako dozenaka pasarte ditu.

Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Jose María Casado Aguilera (Puente Genil, Espainia, 1954)

 Zientzietan espezializatutako irakaslea zen, eta erretinosi pigmentarioa diagnostikatu ziotenean, espezialitatez aldatzea erabaki zuen. PT Pedagogia Terapeutikoko irakaslea izateko lehenengo oposizioak gainditu, eta PT izan da zenbait urtez. Horrez gain, GERNA Nafarroako Gaixotasun Arraroen Taldea eta Erretinosi Pigmentarioaren Nafarroako Elkartea sortu ditu. Psikologia ikasi du eta Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Masterra amaitzen ari da NUPen.

Urte dezente daramazu erretiroa hartuta.
2000an hartu nuen, nik aukeratu nuen datan. 00 urteko 11. hilabeteko 22. eguna aukeratu nuen [Gazteleraz, 2-2-1-1-0-0 litzateke]. Bizitza berri bat hasten nuela sentitzen nuelako aukeratu nuen. Orduan, aireratzea bezala zen: 2-1-0 goazen!

Erretinosi pigmentarioa diagnostikatu zizuten. Horrek markatu zuen erretiroa?
Bai. 1986an jaso nuen diagnostikoa. Gaixotasun horrekin jaiotzen zara, eta poliki-poliki erretinako fotorrezeptoreak hondatzen doaz. Zelulak begiko periferiatik erdigunerantz hiltzen doazenez, ez zara gertatzen zaizunaz ohartzen. Bat-batean konturatu nintzen estropezu egiten nuela behin eta berriz. Adibidez, auzoan nenbilela haur batek kale erdian utzitako bizikletarekin estropezu egiten nuen. Neure buruari galdetzen nion, nola ez ote nuen bizikleta ikusi. Beste batean, igual sorbaldarekin trafikoko seinale bati ematen nion. [Iruñeko] San Frantzisko eskolara lan egitera joaten nintzenean, behin baino gehiagotan Gurutze plazan zeuden zuhaitzen porlanarekin estropezu egiten nuen. Uste nuen erdi lo nindoalako zela. Gero ohartu nintzen ez nintzela horren despistatua eta ez nindoala horren lokartuta. Oftalmologorenera joan, eta erdiko ikusmenaren %10 neukan soilik.

Nola jaso zenuen diagnostikoa?
Oftalmologoa pixka bat bortitza izan zen. “Gaixotasun bat da eta itsu geratuko zara, mutiko”, esan zidan. Nik: “Noiz?”. Eta berak: “Ez dakigu”. Ordura arte gidatzen nuen, kalean ibiltzen nintzen eta nire gauzetara nengoen. Zientzietan espezializatutako irakaslea nintzen OHO Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean. Hori dela eta, etorkizuna birplanteatzen hasi nintzen.

"Oftalmologoa pixka bat bortitza izan zen. “Gaixotasun bat da eta itsu geratuko zara, mutiko”, esan zidan. Nik: 'Noiz?'. Eta berak: 'Ez dakigu'"

Urte horietan hezkuntzan zer-nolako lekua zuten desgaitasuna zuten pertsonak?
Ez neukan desgaitasunik zeukan inor ikasgelan. Bueno, Valladoliden [Espainia], Duchenneren muskulu-distrofia zuen haur bat zegoen. Gaixotasuna dela eta poliki-poliki mugikortasuna galtzen zoaz. Ikasgelan desgaitasuna zuen gazte bakarra zen. Uste dut behin matrikulatuta eman ziotela diagnostikoa, eta horregatik jarraitu zuela. Oso azkarra zen, eta ezin zenean eskolara etorri bere etxera joaten nintzen.

Orduan, non zeuden gainerakoak?
Etxean edo eskola berezietan. Itsuak, esate baterako, zazpi edo zortzi urterekin ONCEk zituen barnetegietara joaten ziren. Beti bazterrean eta bereizita. Hezkuntza orokorrean ez zegoen inor. 

Aipatu duzu diagnostikoarekin bizitza birpentsatzen hasi zinela. Tartean, PT Pedagogia Terapeutikoko irakaslea izateko lehenengo oposizioak egin zenituen.
Itsu geratuko nintzela esan zidanez, shock egoeran geratu nintzen. Halere, astebete iraun zidan, horrelako egoeretan oso praktikoa naizelako. Hezkuntzan lan egiten jarraitu nahi nuenez, espezialitatez aldatzea erabaki nuen. Espezialitate berri bat zegoela ikusi nuen, eta nire kabuz prestatzen hasi nintzen. Oraindik ez zegoen unibertsitatean, baina Espainiako Hezkuntza Ministerioak oposizioak deitu zituen. Madrilera joan nintzen eta esan zidaten gure kabuz prestatu behar genuela gaitegia. 1986ko uztailaren 1ean hasi, eta 31n amaitu nituen.

Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA

Oposizioak prestatu zenituenean %10 ikusten zenuen. Nola egin zenuen?
Ikusmen zentrala oso ongi nuen. Bi aukera zeuden, desgaitasuna duen pertsona bezala izena ematea edo ez ematea. Nik %77ko desgaitasuna nuen. Beldurra sentitu nuen, uste nuelako zuzenean ez nindutela gaindituko ikusmenarengatik. Orduan, desgaitasunari buruz deus esan gabe matrikulatu nintzen. Erne ibili naiz beti, eta deskubritu nuen non egin behar genuen azterketa. Iturrama institutuan izanen zela jakin nuenean, lekua ezagutzera joan nintzen. Institutua nolakoa zen ikasi, eta oso erosoa zela ikusi nuen. Lehenengo, bigarren eta hirugarren azterketak pasa nituen, baina legeriaren inguruko azterketa egiteko lekuz aldatu, eta gimnasiora eraman gintuzten. Nik ez nuen gimnasioa ezagutzen. Gimnasiora sartzean, metro eta erdi ibili ostean, metro eta pikoko jaitsiera dago. Orduan, izugarrizko kolpea hartu nuen. Belauniko erori, jaiki, eta deus gertatu ez balitz bezala egin nuen. Azkenean, bost plazatik hirugarrena atera nuen. Super pozik gelditu nintzen!

Orduan, ez ziren ohartu?
Hortik urte pila batera, tribunaleko presidentearekin topo egin nuen, eta esan zidan Madrilen galdetu behar izan zutela ea gainditu zezaketen pertsona bat desgaitasuna zuena, baina ez zena aurkeztu desgaitasuna duten pertsonentzako plazara. “Baina bazenekiten?", galdetu nion. “Bai, noski,  mundu guztiak zekien”, esan zidan. Uste nuen oso ongi disimulatzen nuela. Orain argiago ikusten dut, ez diogula beldurrik izan behar horrelako gauzak esateari. Erraztasun gehiago daude eta gauzak egokitzen dizkizute. Sasoi hartan, ikusten ez nuenez, gainetik kentzeak beldurtzen ninduen.

Noiz hasi zinen lanean?
1985aren amaieran, Hezkuntza inklusiboaren legea atera zen, eta horrek desgaitasuna zuten pertsonak hezkuntza publikoan ikastea baimentzen zuen. Alabaina, ohiturarik ez zegoenez, irakasle batzuek uko egiten zioten ikasle desgaituak hartzeari. Nire lehen lana Tafallan [Nafarroa] izan zen, 1987an. Ez zegoen desgaitasunik zuen haurrik, baina foru gobernuak ohar bat atera zuen esanez irakasle batek desgaitasuna zuten bi ikasle izanez gero ikasle ratioa berrogeita pikotik, hogeita bostera jaitsiko zela. Orduan, irakasle askok desgaitasuna zuten ikasleak izatea onartu zuten.

"Haur eta familia 
askoren erreferentea 
nintzen, ikusten zutelako 
ikasiz gero etorkizun bat 
izan zezaketela”

Figura berri bat izanik, zer-nolako harrera zenuten PTek?
Hasiera ez ziguten uzten irakasleen klaustroan sartzen. Galdetzen ziguten ea zer egiten genuen eskolan. Guri ez ziguten ikasgela bat esleitzen, denei babesa emateko edo laguntzeko geundelako. Ez zuten aukera hori ulertzen. Hasieran beti konbentzitu beharra duzu. Tafallara bi irakasle joan ginen eta ludoteka bat sortu genuen. Eskolara joaten ginen, baina ez ziguten ikasgelan sartzen uzten. Ezin genuen deus egin, PTaren jarduna oso ezezaguna zen. Azaroan gripe epidemia bat egon zenez, irakasle asko gaixotu ziren, eta gutxi zirenez, zuzendariak klasea ematera bidali gintuen. Bi astez egon nintzen, eta irakaslea itzuli zenean ikasleak hasi ziren: “Josemari nahi dugu! Josemari nahi dugu!”. Badakizu nolakoak diren ikasleak. Poliki-poliki ikusi zuten ez ginela horren txarrak. Hala eta guztiz ere, beti zeuden guri begira, ikusten ea espektatibak betetzen genituen eta gu probatzen.

Nola heldu zinen Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentrora (NHEBZ)?
NHEBZ sortu baino lehen, Espainiako Ministerioak desgaitasunentzako arreta taldeak sortu zituen. Iruñean, adibidez, pertsona gorrei arreta emateko zentro bat zegoen, Txantrean. San Frantzisko eskolan desgaitasun bisualeko talde bat sortu behar zutela jakin nuenean, proba batzuk egin, eta 1989an edo 1990ean sartu nintzen. Psikologoa, gizarte langilea eta lau irakasle geunden. 1994an talde guztiak elkartu eta NHEBZ sortu zuten. Ikasleak euren ikastetxeetan zeuden, eta gu eskola horietara joaten ginen. 1998 aldera zuzendaritza aldatu zenean, desadostasun batzuk tarteko, lanerako ezintasuna eman zidaten.

Urte luzez egon zinen irakasle moduan, uste duzu ikasleentzat eta familientzat erreferente zinela?
Oso ongi lan egiten nuen familiak ulertzen nituelako. Haur eta familia askoren erreferentea nintzen, ikusten zutelako ikasiz gero etorkizun bat izan zezaketela. Nik argi ikusten nuen. Irakaslea izateaz aparte, beste lan asko egin daitezke itsua izanik. Horretarako irisgarritasuna bermatuta egon behar da. 2005era arte hezkuntzan oso galduta zeuden, eta zailtasun asko zeuden desgaituek lan bat izateko. Guk, adibidez, materiala egokitzen genuen ikasleek ulertu ahal izateko. Hala nola fitxak, liburuak eta grabazioak sortzen eta partiturak braillean idazten genituen.

Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA

Nola izan zen heldutan braille ikastea?
Ikusmenarekin ikasi nuen braille. 2000 edo 2001 arte ingurukoa ez nuen ikusten, baina zuzenean begiratzen nuena bai. Hatzekin beranduago ikasi nuenez, oso motela naiz. Heldutan ikasten duzunean ez duzu azkartasunez irakurtzen. Irakurtzen aditua den pertsona itsu bat ez dakit minutu batean berrogeita hamar hitz irakurtzera iristen den. Ni braille praktikoan moldatzen naiz; adibidez, igogailuan edo botiketan jartzen duena irakurtzeko. Liburu bateko orrialde bat irakurtzeko, agian, bost ordu behar ditut. Orduan, audio bidez egiten dut dena, bestela ez da funtzionala.

Poliki-poliki galdu duzu ikusmena. Zer aukera eman dizu horrek?
Nire kasuan diagnostikoa jaso nuenetik, ikusmena guztiz galdu arte hamalau urte pasatu ziren. Horrek aukera eman dit urte horietan guztietan prestatzeko, pentsatzeko eta gauzak egiteko. Diagnostikoa jaso nuenean izorratuta geratu nintzen, baina gero bizitzarako prestatzen hasi nintzen. Heldutan braille ikasi behar dela esaten dutenean, nik esaten dut gauza garrantzitsuagoak daudela. Adibidez, ikusi dezakezun bitartean, hiritik mugitzen ikastea, xehetasunetan arreta jartzea, lekuak ezagutzea eta usaimena, distantziak eta ukimena lantzea lagungarria izan daiteke. Beti ere obsesionatu gabe. Entzumen dikotikoa edo belarri bakoitzetik gauza bat entzuteko trebezia ere lantzen da. Adibidez, zurekin solasean nago, baina aldi berean atean zarata entzun dut, eta badakit garbitzailea hor nonbait dagoela. Elkarrizketara egoteaz aparte, inguruko soinuetara adi egotea, biziraupena da guretzat. Jendeak esaten duenean ikusten ez baduzu hobe entzuten duzula, gezurra da. Hori ez da berezkoa; horretarako, entzumena landu behar duzu.

Nola landu zenuen?
Alde batean entzungailu bat jartzen nuen irratia entzuteko, eta bestean telebista. Horrela burmuina trebatzen nuen bi gauzak aldi berean ulertzeko. Hasieran ezinezkoa zen. Mundu guztiak bezala teklei begira idazten nuenez mekanografia ere landu nuen. Ezin nuenez idazteko makina leku guztietara eraman, ohean etzan, eta nire gorputzean idazten nuen ordenagailuarekin egongo banintz bezala. Kaletik nola mugitu ere landu daiteke. Horretarako, buruz ibilbidea birpasatzea lagungarria da. Adibidez, nire etxetik [Iruñeko] Gazteluko plazara joan nahi badut nondik joan behar naizen pentsatzen dut; hau da, ze eskailera, malda, oztopo eta beste dauden. Buruz egiten dut ibilbidea, eta horrela oztopo berriak agertzen direnean, hiria ikasteko esfortzua egin dudanez, beste bide bat hartu dezaket.

Ikasleekin ere horrelako ariketak egiten zenituen?
Bai. Adibidez, entzumena lantzeko saiatzen ginen hautematen soinu konkretu bat ea zen torloju bat, giltza bat edota lurrera erori den beste zerbait. Lantzen genuen ere ea plastikozkoa, gomazkoa edota metalezkoa zen. Uste dut zentzu horretan nire esperientzia oso lagungarria izan zela hezkuntzan erabiltzeko. Nik ere hori landu behar izan dudanez, beste modu batera irakasten dut. 

"Ikusi dezakezun bitartean, hiritik mugitzen ikastea, xehetasunetan arreta jartzea, lekuak ezagutzea eta usaimena, distantziak eta ukimena lantzea lagungarria izan daiteke”

Zein beste trikimailu daude orientatzeko?
Edozein dela hiria, kaleak beti udaletxetik gertuen dagoen zonaldetik hasten dira. Zenbaki bakoitiak ezkerrean daude eta bikoitiak eskuinean. Orduan, espaloitik banoa eta norbaiti galdetzen badiot zein zenbakitan nagoen, eta esaten badit 14, badakit eskuinaldean nagoela. Gero jakin behar dut zein den hurrengo zenbakia. Horrela badakit erdialderantz joaten ari naizen edo kanporantz. 

Horrez gain, ez diozu ikasteari utzi. MAL Master Amaierako Lanean desgaitasuna duten emakumeen kontrako genero indarkeria aztertzen ari zara. Zein informazio dago?
Lan handia izaten ari da, oso informazio gutxi dagoelako. Argitalpen gutxi daude eta ez dago datu ofizialik. Protokolo bat aktibatzen denean, formulario bat bete behar denean edo emakume batek laguntza eskatzen duenean, inprimaki horretan ez dago desgaitasuna duen pertsona zarela adierazteko aukerarik. 2025. urtean, Nafarroan, 2.800 salaketatik gora daude indarkeria matxistagatik. Ez da desgaitasunik duen emakumerik ateratzen, ez delako existitzen hori adierazteko epigraferik. Nire kabuz bilatu behar izan ditut datuak. Erakunde askorekin aritu naiz eta handik eta hemendik bilatu dut informazioa. Lana osatzeko indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeekin bilerak egin ditut.

Bada haserretzen zaituen iruzkinik?
Itsua izateaz aparte, pertsona ere banaiz. Gainera, oso pertsona poliedrikoa naiz. Itsutasuna nire bizitzaren egoera bat da, hor dago, baina ez da nire bizitzako motxila. Kanpotik desgaitasuna dugun pertsonak konpartimentu itxietan sartzen gaituzte. Jendea harritu egiten da, eta asko haserretzen nau esaten didatenean meritu handia dudala ikasten jarraitzen dudalako itsua izanik eta nire adinarekin. Ez daukat inongo meriturik, gustuko dut, eta jakin-min handia daukat. Nahiko nuke eskertu ere Erkuden Ruedaren laguntza pertsonala. Kontratatuta dagoen pertsona bat da, eta zenbait momentutan laguntza behar dudanean nirekin etortzen da. Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuaren diru-laguntza batekin, Bizimodu independentearen bulegoarekin eta nire ekarpen ekonomikoarekin mantentzen dudan laguntza bat da. 
 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.