argia.eus
INPRIMATU
2026ko martxoaren 4a
Hondora iristeko modu bat

Duela hilabete batzuk, Laura Ferrero idazlearen zutabe bat zabaldu zen han eta hemen. Maitasunaren definizioa ematen zuen bertan: maitasuna da zure bila etor daitezen. Burutara etorri zait nire lehengusuetako bat ikastolako autobuseko geltokira etorri zen aldi hura. Auto urdin batean zegoen, nire zain. Nire lehengusuak denak ziren ni baino zaharragoak, eta erdizka jabetzen nintzen egiten zituzten gauza batzuk ez zeudela ongi ikusiak, edo arauez kanpokoak zirela. Nire baitako sekretua zen hura.

Zain nago orain ere, Madril erdialdeko liburu denda batean. Esku artean daukat Pol Guasch-en liburu bat, idazleak bere aitaren suizidioari buruz idatzitakoa. Lerro batean bi esaldi besterik ez daude, deigarriak egin zaizkidanak: Zain egon. Zure zain egongo direla uste izatea. Zalantzan egon naiz liburua erosi ala ez. Ez dakit heriotzari buruzkoa delako liburua itxi eta apalategian utzi, edota hotelera eraman maitasunari zein adiskidetasunari buruzkoa dela ulertu nahi izan dudalako kontrazala irakurrita. Maitasuna beti gailentzen da, ordea. Zain egotea bada hondora iristeko modu bat. Badira esaldi bakar batengatik hondamendi batetik salbatuko nituzkeen liburuak.