Martxoaren 15ean izanen da Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen lehen itzulia, eta bigarrena, hortik aste batera. Hala ere, aurtengo bozkek dakartzaten aldaketak direla eta, herri gehienetan lehen itzulitik argituko da herriko kontseiluaren osaketa berria. 2025eko maiatzaren 11n bozkaturiko legeari segi, mila biztanlez gorako herriek bete beharreko baldintza herri guziei bideratu zaie lehen aldikoz: zerrenda osoak eta parekideak osatu beharra. Horrek ekarri du zerrenda gutiago aurkeztu direla. Kontaketa sistemari segi, bi zerrenda edota bakarra diren herrietan martxoaren 15ean argituko zaie Herriko Etxearen osaketa berria. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan gaindi ibilki, lehia gehien daukaten herriei begira jarri gara erreportaje honetan.
Otsailaren 26ko arratsaldeko seiak zuten zerrendak aurkezteko azken epea eta herri batzuetan azken unera arte aritu dira lista osatzeko buruhaustean. Neketsua izan da herri ttipi zenbaitetan, lehen aldikoz bi baldintza berri bete behar izan dituztelako: hautagaitza zerrendek osoa izan behar dute eta horrez gain, parekidea. Bi baldintza horiek mila herritarrez goragoko udalei zuzenduak ziren orain arte, baina 2025eko maiatzaren 11ko legeak guziei zabaldu dizkie.
Bestela erranda, bukatu dira kontseilari aulki bezainbat hautagaitza ukan gabe aurkezten ziren zerrendak; bukatu da zerrendetan gustuko ez zen hautagaitzaren izen-abizena marratu eta pertsona baztertzeko aukera; bukatu da zerrenda ezberdinetako hautagaitzak aukeratzeko posibilitatea... Horrek dakar herri ttipietan lehia gutiago sentituko dela aldi honetan. Lehia eta nola ez, kanpainan zehar egun argiz edo gordezka egiten ziren azpijoko eta satorkeriak.
Baina ez pentsa, berdin-berdin neketsua izan zaie udal handietako zerrenda batzuei ere, azken finean, zerrenda-kide kopurua ez delako guzietan bera: 100 biztanle baino gutiago duten herrietan zazpiko zerrenda osatu behar da, 100 eta 499 artekoetan hamaikakoa, 500 eta 1.499 artekoetan hamabostekoa, 1.500 eta 2.499 artekoetan hemeretzikoa, 2.500 eta 3.499 artean 23... horrela, Ipar Euskal Herriko hiri handienari so eginda –Baiona, 54.400 biztanle inguru– 50.000 eta 59.999 artekoetan 45eko lista osatu behar izan arte. Adibide gisa, Miarritzen (Lapurdi) eskuin muturreko RN zerrenda osatu nahian zebilen Michel Fournierren kasua aipatu dezakegu, lista osatzeko zailtasunak izanik erretiratu egin delako, finean, Richard Tarditsen "etiketarik gabeko zerrendan" sartzeko. Hala ere, mila biztanlez gutiagoko herrietan, zerrenda bi hautagaitza gutiagorekin aurkezteko salbuespena eman zaie.
Ipar Euskal Herriko errealitateari behakoa luzatuta, laster ohartzen gara herri ttipiz osatutako lurraldea dela: dituen 158 herrietatik 115ek dute mila biztanle baino gutxiago. Hots, gehiengo handia du aldaketak hunki. Funtsean, hiri potolo guti da, bakarrik bost herrik dutelako 10.000 biztanle baino gehiago: Baiona (54.306), Angelu (43.271), Miarritze (26.206), Hendaia (18.102), Donibane-Lohizune (14.857) eta Urruña (10.661).
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako 158 herriei dagokienez, 28k dute emakumezko bat alkate; 2014an hamazazpi ziren
Zerrendarik osatu ezean, bozkak ezeztatu eta prefetak izendatuko luke hiruzpalau pertsonako ordezkaritza, gutieneko betebehar administratiboak egiteko eta urgentziei erantzun ahal izateko; eta hortik hiru hilabetera, hauteskunde berri batzuk deituak lirateke –ez balitz hautagaitzarik, orduan prefetak beste behin izendatuko luke ordezkaritza berezi bat, hauteskunde berri batzuk antolatu bitartean–. Aldi honetan behintzat, Ipar Euskal Herriko 158 herriei dagokienez, ez da horrelakorik gertatu.
Parekidetasunerantz aitzinamendu inportantea eman da beraz, are gehiago, generoaren araberako txandakatzea bermatuta delako. 2000. urtean eman ziren lehen urratsak, 3.500 herritar baino gehiagoko herrietako zerrendetan bete beharreko baldintza gisa jarrita gizonezkoen eta emakumezkoen arteko oreka. Txandakatzearena, haatik, ez zen zehaztuta eta 2007an gehitu zioten aldizkatzearen obligazioa. 2013an, 1.000 herritarrez goragoko udalei bideratu zitzaien betebeharra eta aurten, lehen aldikoz guziei. Horren kontra antolatu denik ere bada, besteak beste, Frantziako Estatu mailan 3.000 sinadura baino gehiago biltzen dituen petizio bat plazaratuta.
Legeak beharturiko parekidetasunari esker geroz eta emakume gehiago dira Herriko Kontseiluetan. Gaur egun Frantziako Estatu mailan %42 dira –haatik, 1.000 biztanlepetik direnetan %37,3–. Baina, jakina, kontseiluko aulki guziek ez dute ardura edota ospe bera, eta demagun, auzapezei begiratuta, %82,5 dira gizonezkoak. Aldea are handiagoa da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan: kontseilarien %41 da emakumezkoa, baina %17,8 dira bakarrik auzapez (%10,7 ziren 2020an). Zenbakitan, 158 herriei dagokienez, 28k dute emakumezko bat alkate –2014an hamazazpi izendatu zirelarik–.
Hauteskunde guziek ez dute bozketa molde bera, baina herriko bozken kasuan, lehen itzulian botoen %50 lortuta ez da bigarren itzulirik, zuzenean sartzen delako zerrenda hori Herriko Etxera –aulkien erdiak garailearentzat eta besteak, guzien artean proportzionalki banatuta–. Haatik, hori ez bada gertatzen, lehen itzulian botoen %10 baino gehiago jasotakoek dute bigarren itzulirako sarrera –eta %5 baino gehiago dutenak fusionatu daitezke bigarren itzuliko zerrenda batekin–. Hori horrela, eta ikusita herri gehienetan bi zerrenda edota bakarra dutela, lehen itzulitik argituko da Ipar Euskal Herriko mapa politikoaren zati handiena.
Bakoitzak bere eskalan, herri guziek dute inportantzia, lehenik eta behin, bertan finkatzen direlako herriari buruzko norabideak. Baina eragin zabalagoa ere dute: Euskal Hirigune Elkargoan ordezkaritza izanik, Ipar Euskal Herri mailako politikan ere parte hartzen da, baita poloetan ere –elkargoaren baitako hamar herri-multzoak–.
Bestalde, jakinda euskarak ez duela inolako ofiziltasunik, Herriko Etxean bata ala bestea izanda, erabat aldakorra da euskarari bideratzen zaion lekua. Hori horrela, Euskararen aldeko engaiamenduaren barometroa bidali die Euskal Konfederazioak zerrenda guziei, hogei neurri konkretuei buruzko konpromisoa argitu nahian. Euskalgintzak nahiko argi du: "Euskararen berreskurapena ezinbestez herrietatik ere pasatzen da, eta garaia da 'herriek zer egin dezakete' paradigmatik 'herriek zer egin behar dute' paradigmara pasatzeko". Zerrenden interpelazio hori ohikoa da, eta horretan aritu dira, besteak beste, ELB sindikatua (EB-Mercosur hitzarmenari buruz), Herrian Bizi plataforma (etxebizitza eskubideaz), LAB sindikatua (funtzio publikoko langileen baldintzez) eta Surfrider Fundation (itsasbazterren egoeraz).
Hertsiki eta argiki zerrenda abertzale bat aurkeztu beharrean, zabalago jo eta abertzalez osaturiko ezkerreko lista bat aurkezteko hautu estrategikoa emankorra izan zitzaien EH Baikoei aitzineko bozketan. Aurten ere horrela aurkeztu dira nagusiki, eta 30 bat zerrendatan kontatu ditzakegu EH Baiko kideak. EAJk berdin, hamabost bat kide ditu zerrenda zabalagoetan sartuta –Hendaian, Baionan, Kanbon, Berrogaine-Larüntzen, Jatsun...–.
Lehen aldikoz Lapurdiko herri pottoloak irabazi zituzten 2020an EH Bai inguruko zerrendek: Ziburu, Urruña, Itsasu... baita aitzinekoan lortutako batzuk atxiki ere –Hiriburu, Uztaritze–. Baxenabarren ere Herriko Etxe batzuk irabazi zituzten: Baigorrikoa, Ortzaizekoa, Donapaleukoa... Emaitzen balorapen biziki baikorra egin zuen EH Bai koalizioak. Nola ez, orduan lorturikoa errepikatzea eta ahalaz Herriko Etxe berri batzuk irabaztea du erronkatzat jarrita. Batzuek bidea besteek baino errazagoa izanen dute. Hala nola, parean aurkaririk gabe, bidea irekita du Hiriburun Alain Iriart abertzaleak, azken 25 urteetan auzapezgoan dagoenak; eta berdin-berdin daude Itsasuko auzapez Mizel Hiribarren, Baigorriko Antton Curutcharry edota Ortzaizeko Jean-Marc Oçafrain. Hurbiletik segitzekoak izanen dira, besteak beste, Angelu (Lapurdi), Ahetze (Lapurdi), Sara (Lapurdi) eta Donibane Lohizune (Lapurdi).
Urruñari dagokionez, hiru zerrenda lehiatuko dira, ofizialki hiruak "etiketarik gabekoak" direnak. Bata, gaur egungo auzapez den Filipe Aramendi abertzale ezkertiarrak zuzendutako ezkerreko lista; bestea, oposizioan egondako Sébastien Etchebarnena; eta hirugarrena, Martine Mignot-Carmék zuzendutakoa eta 2020an zerrenda eskuindarrean zeuden 11 hautagairekin aurkezten dena. Finean, duela sei urtetako hautua dute urruñarrek: ezkerretik zerrenda bakarra eta eskuin zein zentro-eskuinetik beste bi.
Uztaritzen Bruno Carrere auzapez abertzaleak lekukoa utzi dio Herriko Etxean bere ondoan egondako Pierro Rougeti –bera ere EH Baikoa–, eta parean zerrenda bakarra dute, Bruno Cendrèsena, hori ere ezkerrekoa. Lehiarik gogorrena baliteke Ziburun egotea. Duela sei urte, Eneko Aldana abertzalea buru, ezkerreko zerrenda zabala atera zen garaile, baina parean aurkari andana zituen –bigarren itzulian ere hiru hautagai mantendu ziren–, eta eskuineko zein zentroko botoen zatiketa horrek garaipenerako bidea erraztu zion. Aldi honetan, ordea, ezberdina da panorama: zerrenda bakarra du parean, Jean-Louis Poulouk gidaturikoa. Pouloutarrena familia ospetsua da Ziburun, bere aitatxi –Jean izenekoa– auzapeza izan zelako 1946-1971 eta 1977-1981 urteetan; bere aita –Michel– ere, 1981-1989 urteetan eta 2001-2020 urteetan bere lehengusu bat –Guy– izan zen Ziburuko alkate.
Nola ez, hurbiletik segitu beharrekoa izanen da Baionako lehen itzulia. Aurten ere nahi izan dute ezkerretik zerrenda zabal bakarra osatu, baina beste behin ez dute lortu eta guzira, hiru hautagaitza dira: Jean-Claude Iriart abertzaleak eta Colette Capdevielle sozialistak gidaturiko zerrenda zabala; abertzaleekin hartu-eman gatazkatsua duen Henri Etcheto sozialistarena; eta Sandra Pereira-Ostanelek gidaturiko ezker muturreko LFI Frantzia Intsumisoa zerrenda. Jean-Renée Etchegaray zentro-eskuineko auzapeza berriz aurkezten da eta ezustekorik ezean, bigarren itzulira pasa beharko luke, ikusita eskuinetik lehiakide bakarra duela, eskuin muturrekoa, Pascal Lesellierrek gidaturikoa. Matematikoki nahiko sinplea du ekuazioa ezkerrak: ezkerreko lehen indarra ateratzea, bigarren itzuliari begira ezkerreko beste zerrendekin negoziatzeko indar gehiago izateko –eta idealean, bere faborez triangeluarra (hiru hautagaitzen arteko lehia) baztertzeko–. Ageriko, baina badirudi duela sei urteko tirabira berak errepikatu daitezkeela.
Donibane Garazin bi zerrenda dira: Laurent Inchauspé auzapez eskuindarrarena eta parean, Xabi Larre abertzaleak gidaturiko ezkerrekoa. Baliteke lehia tinko izatea Baxenabarreko hiriburukoan, hain justu, azken aldian doi-doietarik gailendu zitzaiolako eskuineko hautagaitza abertzaleari –80 botoren aldea izan zen–. Ikusteke dago, baina argi da ezkerra garaile ateratzeak lurrikara eraginen lukeela betitik eskuinaren esku egondako hiriburu horretan. Mauleri dagokionez, Louis Labadot auzapez komunista berriz aurkezten da eta parean ditu bi lehiakide: Beñat Elkegaray abertzalea eta "apolitikoa" den beste bat zerrenda bat. Azken honek zerrendaburu du Armanda Accoce, 2020an auzapezgoa galdu zuen Michel Etchebesten axuanta izandakoa. Lehia gogorra egon zen 2020an: Labadot atera zen garaile lehen itzulian –615 boto–, ordura arteko auzapez Etchebest bigarren (547 boto) eta hirugarren Elkegaray –473 boto–; baina ez zen aliantzarik lortu euskaldunen kontra dabilen komunista jakobinoari bidea mozteko eta triangeluarra izan zen bigarren itzulian, Labadoti bidea erraztuta –Labadotek 748 boto, Etchebestek 709 eta Elkegarayk 397–.
Azken kargualdian gatazka esanguratsu batzuei aurre egin behar izan duenik ere bada. Batzuk aipatzearren, Kanboko (Lapurdi) Herriko Etxearen gai-zerrendan egon da maiz Marieneako borroka. Laborantza lur batzuetan etxebizitzak eraikitzeko auzapezaren nahiarekin ez du bat egiten oposizioak, eta herritar mugimendu bat ere dabil proiektu urbanistiko horren kontra. Afera tinko izanen dela aurreikusi daiteke, baita aldi honetan bigarren itzuli bat izatea ere: Christian Devèze auzapez zentrista berriz aurkezten da, eta parean du aitzinekoan bezala, Argitxu Hiriart Urruty abertzalea. Aldiz, hirugarren bat ere dago lehian: Peio Etxeleku enpresaburu eta EAJko aurpegi ezaguna; 2020an Devèzen zerrendan zegoena. Hiriart Urruty Marienea egitasmoaren kontra dago, baita Etxeleku ere. Badakigu urte gatazkatsuak izan dituztela Beskoitzen (Lapurdi) ere, ikastola bat eraikitzearen kontra zegoelako auzapeza. Azkenean, gatazka luze baten erdian dimisioa aurkeztu zuen Fabienne Ayensa auzapezak 2024ko martxoan. Bozkak finkatu eta hiru zerrenda lehiatu ziren, Pascal Jocou ateraz garaile. Aldi honetan ere aurkezten da eta parean ditu Theo Salomon abertzalea buru duen hautagaitza eta Catherine Errecartek eramandakoa.
2020an irabazitakoa errepikatzea eta ahalaz Herriko Etxe gehiago irabaztea dute abertzaleek helburutzat
Hendaian ere gauzak aldatu dira sei urtez. Duela sei urte, adostasunak lortu eta Kotte Ecenarro auzapez sozialistari juntatu ziren abertzaleak bigarren itzulirako, baina batasunak ez zien luze iraun eta oposiziora pasa ziren sei hautetsi abertzaleak 2022an. Laugarren aldiz aurkezten da Ecenarro, eta aldi honetan lehen itzulitik jo du batasunaren alde: komunistak eta EAJ ditu ondoan, baita azken sei urteetan sutsuki oposizioan egondako Pascal Destruhaut zentrista ere. Ezkerreko abertzaleak parean ditu, Laetitia Navarron buru, eta hirugarren lehiakide bat ere du eskuinetik, Tristan Proteau buru.
Herri ttipiagoetara begirada jarrita bukatzera goaz itzulia. Batetik Izpurak (Baxenabarre) ere zeresana sortu du, Alderdi Sozialistako aspaldiko politikari ezaguna den Frantxua Maitia lehiara itzuli delako, duela hogeita bi urte utzitako auzapezaren aulkia berreskuratzeko asmoz. Bigarren zerrenda bat ere bada ezkerretik, Cécile Senderain buru. Orain arteko auzapeza ez da berriz aurkeztu eta bere zerrendako hiru Maitiari lotu zaizkio, eta beste lau, Senderaini. Ozazen (Zuberoa) ere bi zerrenda lehiatuko dira. Azkenik, Atharratze (Zuberoa): Maite Pitrau auzapezak jakitera emana zuen ez zela berriz aurkeztuko, besteak beste, emakume gisa jasan beharrekoa gogorra egin zitzaiolako. "Zenbat aldiz ez diet erran kontseiluko gizonei ez nintzela haien idazkaria; urrundik gatoz!", zioen otsailean Berria-ri eskainitako elkarrizketan. Azkenean, lehian mantentzeko erabakia hartu du, eta parean du 2020an jadanik lehiakide zuen Kévin Le Tout hautagaiak osaturiko zerrenda.
Martxoaren 15 eta 22an, emaitzen jarraipen berezia eskainiko dizuegu www.argia.eus webgunean.