Ez atsedenik, ez soldata duinik

  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak urteak daramatza zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen, baita enpresentzat zaintza negozio iturri bilakatu dela kritikatzen ere. Gaur arte, eta oraindik ere, emakumeen bizkar dago zaintza. Esparru horretan, prekarizatuen artean prekarizatuenak migratu duten emakumeak dira. Horri buruz zerbait badaki ELE Etxeko Langileen Bizkaiko Elkarteak: haien bulegoetan artatzen dituzten etxeko langileek agerian utzitako lan-baldintzen berri eman du, urtero bezala.

2025eko txosteneko datuek diote langile egoiliarren %68k kontratu idatzia eduki duela. Elkarteak azpimarratu du, ordea, idatzi horrek ia inoiz ez dituela jasotzen langileen lan-baldintzak lanaldiari eta soldatari dagokionez. Argazkian, etxeko langile egoi
2025eko txosteneko datuek diote langile egoiliarren %68k kontratu idatzia eduki duela. Elkarteak azpimarratu du, ordea, idatzi horrek ia inoiz ez dituela jasotzen langileen lan-baldintzak lanaldiari eta soldatari dagokionez. Argazkian, etxeko langile egoiliarrak lan erregimen hori ezabatzea eskatzen, Bilbon. Argazkia: Ecuador Etxea.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

ELE Etxeko Langileen Bizkaiko Elkarteak Bilbon dauka egoitza. 1991z geroztik lege-aholkularitza zerbitzu doakoa eskaintzen du, langileei euren eskubideen berri emateko, baita berauek exijitzen laguntzeko ere. Argibide-eske horietan bildutako datuekin estatistikak ondu dituzte, eta 2007tik aurrerakoak elkartearen webgunean dauzkate jasota. Elkarteari urtez urteko datuak argigarri zaizkio, etxeko langileen lan-baldintzen eta eskubide urraketen berri ematen dutelako, eta datuak eskuan, jendaurrean salatzen dute langileon egoera.

Emakume eta migratzaile, profila ez da aldatu
2025ean, 524 langilek jo zuten aholkularitza zerbitzura eta haiek bizitako 671 egoera jaso zituzten txostenean. Langileak bi taldetan banatzen dituzte datuak lantzerakoan. Batetik, kanpoko langileak, eta bestetik, etxeko langile egoiliarrak. Lehen multzokoek etxe batean egiten dute lan, baina ez lo. Bigarren multzokoak, berriz, bizitoki dute lantokia. Etxeko Langileen Elkarteak azpimarra berezia jartzen du langile egoiliarren egoeretan, haien lan-baldintzak baitira okerrenak. Erreportaje honetan, langile egoiliarren datuak baino ez ditugu xehatuko. Iaz 258 langile egoiliarrek egin zituzten argibide-eskeak, zerbitzua baliatu zutenen %38,45 da hori. Langileon ezaugarri nagusiak ez dira aldatu joan direneko urteetan: ia denak emakumeak dira, migratu dutenak, eta etxeetan zaharrak, dibertsitate funtzionala dutenak eta gaixoak zaintzen dituzte. Laurdena pasatxo egoera irregular administratiboan zegoen 2025ean.

%46k gauez ere artatu behar du zaintzen duen pertsona. Langile gehienak gauero altxatu ziren, gutxienez bi aldiz

Hamarretik batek ez dauka eguneko atsedenik
ELEk asteko gehienezko lanaldia 40 ordukoa izatea eskatzen du, "beste edozein lanen moduan har dezaten". 40 ordutik oso gora ibili dira elkartearen aholkularitza zerbitzura joan diren emakumeak. Egoiliarren %68k (ehunekoak borobildu egingo ditugu irakurketa erraztearren. Xehetasun osoz beheragoko infografian daude) 60 ordu baino gehiago egin ditu lan. 2024ko ehunekoa berbera izan zen. Egoera administratibo erregularrean edo irregularrean daudenen arteko aldeak nabariak dira datu horretan, gainerakoetan gertatuko den bezala: paperak dituztenen ehunekoa 65 da eta paperik ez daukatenena, berriz, 73. 

Lanorduak erruz eta atsedenak urri. Legeak ez du ezartzen eguneko atseden zehatzik, hau da, etxetik atera eta aisiaz gozatzeko denbora tarterik. Hala, atsedena neurtu daiteke legez asteko lanaldi luzeena (60 ordu) zein den kontuan hartuta. Kalkulu horren arabera, Bizkaiko elkartera jo duten langile egoiliarren %14k ez du eduki egunero etxetik ateratzeko baimenik. %3k bi ordu baino gutxiago izan ditu, %60k bi ordu, eta ia laurdenak bi ordu baino gehiago.

Asteko atsedenari dagokionez, legeak dio langile egoiliarrak gutxienez 36 odu jarraian atseden egiteko eskubidea duela. Laurdenak baino gehiagok ez dauka asteko batere atsedenik, hamarretik bat ez da iristen 24 ordu jarraian atseden hartzera, eta %18k 36 ordu baino gutxiago ditu segidan. %42k legeak agintzen dituen 36 orduak baino gehiago atseden hartzeko aukera dauka.

Jaiegunak %42k baino ez ditu egin. %32k, berriz, ez ditu gozatu egunok eta lan egindako orduak ez ditu aparteko ordu moduan kobratu

Gauetan ere lan?
Datuak deigarriak dira. %46k gauez ere artatu behar du zaintzen duen pertsona. Ehuneko horretan sartu dituzte astean gutxienez bost gauetan, bakoitzean bi aldiz edo gehiagotan, zaindua artatzeko ohetik altxa behar duten langileak. Gehienak gauero altxatu ziren. Datu horietan ez dituzte sartu zainduaren hil hurreneko bi hilabeteak, zeinetan laguntza biderkatu egiten den. Gogoratu behar da langile horiek egunez ere zaintzen dutela pertsona bera. Beste langile batzuek lortzen dute gau osoz, zainduak eten gabe, lo egitea, baina horien artean %1 da zortzi orduko atsedenera iristen dena. Legeak dio lanaldien arteko atsedenak gutxienez hamabi ordukoa izan behar duela, nahiz eta langileak enplegatzailearekin adostu dezakeen hamar ordukoa izatea eta bi ordu horiek beste garai batean hartzea. Hala, gauez hamabi ordu baino gehiagoko atsedena %4k baino ez du; hamar-hamabi ordu artekoa %40k eta zortzi-hamar ordu artekoa %9k.

Erdiak baino gehiagok ez ditu jaiegunak egin
Langile egoiliarrek urtean hamalau jaiegun ordaindutako egiteko eskubidea daukate. Enplegatzailea eta langilea ados baldin badaude, jaiegunetan lan egin dezakete eta aparteko ordu moduan kobratu edo atseden-ordu horiek beste garai batean hartu. Jaiegunak %42k baino ez ditu egin. %32k, berriz, ez ditu gozatu egunok eta lan egindako orduak ez ditu aparteko ordu moduan kobratu. %24k bai, jaiegunetan lan egin du eta aparteko ordu gisa kobratu ditu.

Opor ordainduak askoz langile gehiagok hartu ditu, %64k. %15ak ez du oporrik egin, baina aparteko lanordu gisa kobratu ditu, eta %21ak ez du oporrik hartu eta ez ditu aparteko ordu gisa kobratu. Legez, 30 opor egun egiteko eskubidea daukate.  

%28k ez dauka gizarte segurantzarik
Datua oso argigarria da: langile batek ere ez du jaso egindako lanaldien pareko soldatarik. Horrez gain, aintzat hartzen baldin badugu 40 orduko lanaldia (kontuan hartu gabe langileok askoz ordu gehiago egin dituztela), egoera erregularrean zeuden langileen %19 ez zen iritsi lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzera, eta egoera irregularrean zeudenen portzentajea %51 da. 2024an, 40  orduko lanaldian lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzera heldu ez zirenen datuak okerragoak izan ziren.
Enplegatzaileak derrigortuta daude soldataren ordainketa agiriren bat ematera. Langileen %38k eskuan jaso du dirua, ordainketen inolako proba idatzirik gabe. Erdiari baino gehiagori bankuko kontu korrontean sartu diote dirua eta ia erdiak nomina jaso du. Soldataren inguruko informazio idatzia ez edukitzeak eragozpenak eragiten dizkie kredituak, bekak edo alokairu-kontratuak lortzeko. Horrez gain, lan harremanari buruzko oinarrizko informaziorik ez daukate, esate baterako, enplegatzailearen datuak.
Gizarte Segurantza ia langile guztiek zeukaten, %96k, baina datu hori egoera erregularrean zeudenena da. Egoera irregularrean zeuden langileek ez zuten Gizarte Segurantzarik, alegia, %28k. 

Emakumeen %68k kontratu idatzia eduki du. Elkarteak azpimarratu du, ordea, idatzi horrek ia inoiz ez dituela jasotzen langileen lan-baldintzak lanaldiari eta soldatari dagokionez. Etxe barrurako  kontratuek sistematikoki ezartzen dute lanaldiak astean 40 ordukoak direla eta oso gutxitan jasotzen dituzte presentzia-orduak, alegia, ordu horietan langilea ez da ari lanean, baina enplegatzailearen esanetara dago. Kontratu horretan ez da agertzen lanaldia nola banatzen den egunerokoan eta gauari buruzko baldintzak nola adostu dituzten langileak eta enplegatzaileak.

2025eko datuak dira. Etxeko Langileen Elkartearen webgunean urtetako datuak daude, alderatu nahi dituenarentzat. ARGIAk Isabel Otxoa ELEko kideari galdetu dio bilakaeraz. Urterik urte estatistikak oso antzekoak direla dio, batez ere egoiliarren lanorduetan, gaueko arretan, eta gutxieneko soldatan erreparatuz gero.


 

Espainiako Gobernuaren erregularizazioak nola eragingo die?

Duela gutxi Espainiako Gobernuak 500.000 paperik gabeko pertsona erregularizatuko dituela iragarri du. Kopuru horretan etxeko langile asko izango dira. ARGIAk Isabel Otxoa Etxeko Langileen Elkarteko kideari galdetu dio ea etxeko langileek haien eskubideetan zein alde antzemango duten paperik gabe lan egitetik paperekin lan egitera pasatuta. Azpimarratu du, gaur egun, asko eta askok bidegabeko egoerak jasan behar izaten dituztela paperak lortzeko, lan-kontratu eskaintza aurkeztu beharrean zeudelako. Erregularizazioaren ondorioz, lan kontratua ez dute aurkeztu behar izango, eta horrek esan nahi du aukera izango dutela lan harremana mozteko. Ondorioak, onak bezala, txarrak ere izan daitezke, eta Otxoak horren adibide bat eman du: "Ikusiko dugu zer gertatzen den, atzo bertan etorri zen langile bat aholkularitza zerbitzura, esanez kaleratu egin zutela erregularizazioa eskatuko zuela esan zienean. Kontuan hartu behar da 40 orduko lanaldietan Gizarte Segurantzako kostua 400 euro dela. Gaur egun, familia askok erregularizatu gabeko langileak kontratatzen dituzte gastu hori ez izateko".  


2026ko otsailaren 25
Bost emakumeren testigantzak
M3ko sarraskia eliza barrutik

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.