Martxoak 8a borroka egun gisa erabili du Euskal Herriko Mugimendu Feministak orain arte, eta egun ere hala egiten jarraituko dutela ziurtatu diote ARGIAri Ekhi Petriati (Iruñea, 1997) eta Lide Arrieta (Iruñea, 2003) bertako militanteek. “Askotariko zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan” ditu sistema kolonial kapitalista zisheteropatriarkalak, eta horren aurkako borrokan dihardu EHMFk, beraz, Martxoak 8a baliatuko du “tentsio horietako batzuk mahai gainean jartzeko” eta “indar erakustaldi bat egiteko”, Beste mundu bat feminismotik: dominazio sistemen aurrean borroka eta antolakuntza lelopean mobilizatuta.
Arrietak dio lelo horrek argi erakusten duela “munduko ordena hau aldatu” nahi dutela: “Ez dugu mundu honetan gure lekua egin nahi, baizik eta beste mundu bat irudikatzen dugu”. Mundu mailako testuinguruari begira jarri dira, ohartuta “klase zapalduentzat garai zailak” direla, Euskal Herritik hasi eta nazioarteko beste hamaika txokotaraino. “Munduaren luze zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguru bete-betean iritsi gara beste urte batez Martxoaren 8ra”. Hiriburuetan ordu hauetan egingo dituzte manifestazioak: 11:00etan Baionan tren geltokitik; 12:00etan Bilbon Jesusen Bihotzetik, Donostian Antiguako tuneletik, Iruñean Antoniutitik; eta 12:30ean Gasteizen San Anton plazatik.
“Gerra testuinguruetan, zein kolonialismo eta inperialismo testuinguru honetan, gorputz jakin batzuk dira lehen konkista territorio, eta hori salatu nahi dugu”, oroitarazi du Petriatik. Borroka internazionalistara dei egin dute, eta elkartasuna eta babesa adierazi diete Palestina, Venezuela, Mendebaldeko Sahara eta Kurdistango herritarrei, erresistentzian eta borrokan dabiltzan feministei, batik bat. “Desberdinkeriak areagotzen ari diren garaiotan, ahulenak ere ahulago dira, eta boteretsuak are boteretsuago”, ohartarazi du EHMFk. Horren adibide, etxebizitzarako sarbidea nork duen, baliorik gabeko lanetan nor dabilen, edota eskubideen jabe nor den.
Klase zapalduak are zapalduago, eta jendartea eskuinerantz gero eta gehiago biratzen. Horrelaxe irakurtzen dute egungo egoera, jakitun izanik sistemaren engranajea ondo olioztatuta dagoen seinale dela: “Nostalgia proiektu politiko bilakatu dute”, zehaztu du Arrietak. Alegia, ez dela “sentimentalismo hutsa”, baizik eta iraganeko ordena patriarkala idealizatzea eta orduko biolentziak eta miseriak ezkutatzea intentzio osoz eginikoa dela dio, “immobilismoa eta etsipena” sustatzea bezalaxe. “Sistemak nahi ditu pertsona puruak, garbiak, obedienteak izango direnak edo klase borroka bere gain hartuko ez dutenak. Horren kontra egiten duten subjektu eta mugimenduen kriminalizazioa martxan dago”. Immobilismoa ulertzen dute “berrantolaketa autoritario” baten ondorio gisa: “Norbanakoaren askatasuna eta garapena produktibitate terminoetan saltzen digute, egunerokoan gimnasioan edo lanean sartuta gauden pertsona prekarizatuoi; autoesplotatutako subjektuak gara”.
Dena den, obedientziaren engranaje hori oztopatzen dutenak ere gero eta gehiago direla uste du Petriatik: “Ikusten dugu zenbat eta halako politika gehiago zabaldu, geroz eta mugimendu gehiago agertzen direla ideia horien aurka antolaturik”. Argi dute eskuineranzko joerari erantzuteko kapazak izaten ari direla herri mugimendutik, eta mugimendu feministatik ere bai. EHMFk azken urteetan abiatutako borrokak gogorarazi dituzte, hala nola indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko greba feminista orokorra, eta tokian tokiko problematikei aurre egiteko dinamikak. Baina Petriati eta Arrieta harago doaz: “Militante feministok bagara subjektu antifaxista”. Faxismoaren terminologia nola erabili zehaztea inportantea dela uste dute, baita antifaxismoa zer den ere, “dena baldin bada faxismoa ezer ez izaten amaitu dezakeelako”.
“Gure garaipenen ondorioz, batzuek –alegia, gizonek– ikusten dituzte haien pribilegio batzuk kolokan, eta horri erantzuteko sortzen dituzte erreakzio horiek”, Ekhi Petriati, EHMFko militantea
Sistema kolonial kapitalista zisheteropatriarkalak betikotzen dituen zapalkuntzak Euskal Herriko testuingurura ekarrita, Petriati eta Arrietak azpimarratu dute hemen ere “erreakzio antifeminista handia eta mugimendu feministaren deslegitimazioa” daudela. “Gure garaipenen ondorioz, batzuek –alegia, gizonek– ikusten dituzte haien pribilegio batzuk kolokan, eta horri erantzuteko sortzen dituzte erreakzio horiek”, baieztatu du Petriatik. Horregatik da garrantzitsua M8an kalera ateratzea, Arrietak gehitu duenez: “Gure boteretzeak ekarri duelako euren desboteretzea, eta horren ondorio da gure gorputzetan eta bizitzetan jasaten ari garen haien erreakzioaren biolentzia”. Petriatik berretsi du indarkeria ez dela amaitu, nahiz eta lorpenak izan dituzten: “Indarkeria jasaten duten gorputzak jo puntuan daude, emakumeak eta sexu genero disidenteak. Jarraitzen dugu bazterrean, jarraitzen dugu erasoak jasaten, eta gainera, azken urteetan adibidez mugimendu transfeministaren aurkako erasoak indartu dira”.
Izan ere, “feminismoa urrunegi” joan delako ideia zabaldu dela jakitun dira, eta Arrietak ildo horretan ikusten du “transen eskubideak eta trans borroka mehatxutzat” hartzen dituztenen erantzuna, edota feminismoaren izenean arrazakeria erabiltzen dutenen jarrera. EHMFk argi utzi du euren posizioa intersekzionala dela, eta otsailaren 25ean kaleratutako ohar batean ere berretsi du ez duela onartuko euren izenean diskurtso baztertzailerik egitea, Coordinadora 8M. Euskal Herriko Mugimendu Feminista izeneko koordinadora sortu berriari erantzunez. Salatu dute hura osatu duten bederatzi eragileak abolizionistak eta trans baztertzaileak direla: “Ez dugu inork putak gure mugimendu eta asanbladetatik baztertzerik onartuko. EHMF ez da trans baztertzailea eta askotariko subjektuok osatzen dugu”.
Martxoak 8a ere askotariko subjektuek elkarrekin borrokatzeko egun gisa antolatu dute, eta aliantzen beharra azpimarratu dute. “Gure borroka feminista izateaz gain antikoloniala eta antikapitalista ere bada, eta ezinbestean aliantzetatik ekin behar diogu”, dio Arrietak eta Petriarik gehitu du mugimendu antirrazistarekin eta transfeministarekin eskutik joaten saiatzen direla beti: “Bakoitza bere borroka eta espazioetatik abiatuta, eta bakoitza bere arduratik”. Feminismotik eraiki nahi duten “beste mundu” horretara bidean, feminista zuriei dei egin diete euren pribilegio posizioetan ardurak hartzera, eta diskurtso arrazistak moztera.
Mugimendu Feministak ez du dei egin Martxoak 8ko manifestazioetara soilik, baizik eta martxoa kaleak hartzeko hilabetea dela azaldu du, eta gainerako borrokekin bat egitekoa. Martxoaren 21a da arrazakeriaren aurkako eguna: “Zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko”. Martxoaren 31, berriz, trans ikusgarritasunaren eguna da: “Ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara”. Eta beste bi deialdietara batzeko eskatu du EHMFk: martxoaren 17an greba orokorra, eta martxoaren 30ean etxeko eta zaintza langileen eguna.
Sindikatuek deitutako greba orokorra, gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izatea exijitzeko, mugimendu feministaren aldarrikapenekin bat dator, pertsona migratu eta arrazializatuak, emakumeak eta sexu genero disidenteak baitira soldata horren azpitik daudenen gehiengoa: “Subjektu zaurgarrienok ditugun bizi baldintzak mahai gaineratzea eta horien kontra egitera dator greba hau”, oroitarazi du Arrietak. Greba honen aurrekaria 2023ko greba feminista orokorra izan dela argi dute, eta sindikatuek greba antolatzerakoan mugimendu feministak orduan jarritako markoa kontuan izan dutela ikusi dute. “Zeinek sostengatzen du ekonomia gaur egun Euskal Herrian? Erreprodukziora dedikatzen diren gorputz horiek, hau da, gorputz feminizatu eta arrazializatuek”, ohartarazi du Petriatik. Aldarrikapen horiei segituz aterako dira kalera martxoaren 30ean ere, etxeko eta zaintza langileen lan eta bizi baldintzak baitira prekarioenak, Ez atsedenik, ez soldata duinik erreportajean argitzen denez. EHMFk alternatiba argi du: zaintza sistema publiko eta komunitarioa, eta auzi horretan ere, sektoreko langileekin aliatuta lanean jarraitzeko asmoa du. Bada zer borrokatu, “dominazio sistemen aurrean beste mundu bat” eraikitzeko.
Itaia emakume langileen antolakunde sozialistak Martxoak 8ko izaera borrokalaria eta iraultzailea aldarrikatu nahi ditu. Salatu du instituzioek eta enpresariek aurpegi zuriketarako erabiltzen dutela eguna, eta “eduki politikoz hustutako batasun abstraktua” nahi izaten dutela. Horren aurrean, Emakume langileok askatzeko batu borrokara lemapean, dei egin dute manifestazioetara. Hiriburuetako hitzorduak hauek dira: 11:30ean Donostian Boulevardetik; 12:00etan Bilbon Eliptika Plazatik, Gasteizen Andra Mari Zuriaren Plazatik; 12:30ean Iruñean Udaletxe Plazatik; 15:00etan Baionan Merkatu Plazatik.
Itaiako militanteek azaldu dutenez, emakume langileen zapalkuntza betikotzen duen sisteman, emakume langileak dira negozio-esparru, eta beraz, gizarte sozialista eraikitzen jarri behar dira indarrak. Argi dute emakume langileen borrokak balio behar duela “alternatiba iraultzailearen alde ahalik eta jende gehien lerratzeko, guztion ongizatea oinarri izango duen eta inolako zapalkuntzarik egongo ez den gizartea eraikitzera bidean”. Estatuen “biraketa autoritarioa”, faxismoa, eta ideia atzerakoiak eta matxistak indartu direla ikusita, dei egin dute Martxoak 8an borrokara batzera: “Esplotatzen gaituzten enpresarien aurka, erasotzen gaituzten erasotzaileen aurka, isilik nahi gaituzten faxisten aurka”.