Dinosaurook, nekez

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Literatura ez da debaldeko jarduna. Bertzelako eginbehar eta zaletasunei ebasten diegu idazten ematen dugun denbora. Hartara, zenbat esperantza gure kumea munduratzeko bezperan. Gero, errealitateak berehala jartzen gaitu gure lekuan. Gure idatziek lortzen duten oihartzuna gutitan izaten da gure espektatiben heinekoa. Esplikaezinari esplikazioa aurkitu nahirik, ihes egiten diogu azalpen xinpleenari: beharbada ez gara uste bezain finak.

Bistan da, kalitatea eta arrakasta ez dira beti orga bereko bidaide. Egun batean norbaitek egin beharko du oharkabean joan diren euskal liburu onen zerrenda. Nirean bere lekua du, merezimendu handiz, Edorta Jimenezen Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua-k. Hain justu ere, bere azken nobelaren karietara Berria-n egin dioten elkarrizketan hartu du ahoan mundakarrak lehenagoko lan hori. Hainbertze arrazoi arrazoizkoren artean, harritu nau Ostadarra-ren hegaldi motzari bere egileak aurkitu dion zergatiak: “Pertsonaiak ertzain torturatzaileak direlako”.

Ostadarra baino lehenago izan da zipaio torturatzailerik gure letretan. Xabier Montoyaren Azken afaria dut gogoan. Ertzaintzaren saihets errepresiboa agertu izan da Xabier Mendigurenen narrazioetan ere. Lan horiei egin zaien harreraren kaltetan? Kontrara, euskal literaturaren irakurleen soziologia kontuan hartuta, nago arrisku gehiago hartzen duela bere gain, liburuaren oihartzunari begira, bere idatzietara ertzain “jator” bat ekartzen duenak EAEko Poliziaren orbanak agerian utzi nahi dituenak baino.

Erradazue, tropeleko dinosauro ar saldo honek nola xarmatuko duen horrela datorren irakurlea, gure istorio maskulino hizkeraz eta konta moldez pindartsu(egi)ekin

Bertze nonbait josiko nuke nik begia. Alegia, ea ezaugarri jakin batzuetako euskal idazleoi husten ari ez ote zaigun urteen joan-etorrian geure inguruan lortu dugun plazatxoa. Erran nahi baita, betiko irakurleak doazkigun bitartean, hiltzen direlako edo aspertu ditugulako, berriekin ezin konektaturik ez ote gabiltzan.

Aspaldi honetan ohiko hizpidea dugu euskal irakurlea zenbat aldatu den. Ez da gaztelaniaren edo frantsesaren ekosistema literarioan gertatu ez denik. Feminizazioa, batetik. Pantailen artean hezitako belaunaldi digitala, bertzetik, irakurrizko ulermenean aurrekoak baino eskasagoa eta irudien bidez kontatzen diren istorioetara ohitua. Horri etxeko kontu bat gehitu: gure gatazka zaharrak belaunaldi horietan pizten duen gogo eza. Ohartu zarete euskal idazle gazteen lanetan ez dela ia-ia agertzen?

Orain erradazue, tropeleko dinosauro ar saldo honek nola xarmatuko duen horrela datorren irakurlea, gure istorio maskulino hizkeraz eta konta moldez pindartsu(egi)ekin, gure berun-urteekin behin eta berriz tematuta, gainera.

Jimenezek, Berria-ko elkarrizketa berean, dio pozik dagoela Aizkorak eta gutunak bere azken nobela lortzen ari den oihartzunarekin. Nik mesanotxean dut, txanda zain. Esperantzara kondenaturik gaude, erranak erran. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Literatura Kultura
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.