Otsailaren 19an egin zuten lehen bilera Bakerako Donald J. Trump Institutuan –AEBetako Bakerako Institutuari izena aldatu eta berea jarri zion abenduan presidenteak–. Bertan bildu ziren Trumpen inguruan 27 estatu-kide eta beste hainbeste "behatzaile" gisa. Gazarako osatu zuen Bake Batzordeak, azkenean, nazioarteari begiratu dio, mundu mailan bakea bermatzeko instituzio gisa aurkeztuta. Nazio Batuen Erakundea ordezkatu nahia sumatu diote anitzek. Hori izanda ere bere asmoa, NBEri gaina hartzeko aukerak ote ditu Trumpen nartzisismoak bultzatutako batzordeak?
Urtebetean gatazka odoltsu andana konpondu dut, direla Kanbodia eta Thailandia, Kosovo eta Serbia, Pakistan eta India, Israel eta Iran zein Armenia eta Azerbaijanen artekoa", baieztatu du Donald Trumpek National Prayer Breakfast-ean [Otoitzen Gosari Nazionala], hau da, 1953az geroztik otsailero AEBeko presidenteak egin ohi duen topaketan, ehundaka politikari, erlijio-ordezkari eta nazioarteko gomita elkartuta. Ohiko izaera nartzisista beste behin azaleratuta, nazioartean lortu su-etenak bere telefono deien emaitzak balira bezala dauzka Bakearen Nobel Saria jaso ez izana oraindik eztarrian trabeska daukan AEBetako presidenteak.
Mezu bera zabaldu zuen Davoseko Munduko Ekonomia Forotik urtarrilaren 22an, Bake Batzordearen abiapuntu ofizialaren kari: "Duela urte bat baino aberatsagoa, segurragoa eta baketsuagoa da mundua". Bankari, enpresaburu eta ultraaberats ospetsuenak munduko agintari boteretsuenen ondoan jartzen dituen foroan aurkeztu zuen erakunde berri hori, jakin badakigulako, bakea eta dolarra hertsiki lotzen dituen agintaria dela Trump; eta bere interesen alde doan "bake" hori zergapetze edota zigor ekonomikoz mehatxu eginda zein merkatu berriak adostuta lortzen duela.
Megalomania muturrera eramanda, ondokoa ere plazaratu zuen Bake Batzordeaz: "Munduaren historian inoiz sortu den eragin handieneko erakundeetako bat izanen da". Tonu beretik aritu zen otsailaren 19an Washingtonen egindako lehen bileran: "Botereari eta prestigioari dagokionez, inoiz izan den batzorderik garrantzitsuena da. Ez da sekula parekorik izan, munduko agintari handiak biltzen dituelako, gainera, oso eskuzabalak izan direnak". Abenduan izena aldatuta, ordura arte Bakerako AEBetako Institutua deitzen zen baina orain Bakerako Donald J. Trump Institutua izendaturiko lekuan egin zuten bilera garrantzitsu hori. Garrantzitsua, nagusiki hor agertu zitzaigulako errezibitutako babesa.
Hastapen batean Gazarako bideratutako Bake Batzordea, finean, haratago doala argi geratu zen Davoseko hitzartzean: egituraren zeregina "egonkortasuna sustatzea da, gobernantza fidagarri eta zilegi bat berreskuratzea eta gatazken eraginpean edo mehatxupean dauden eskualdeetan bake iraunkorra bermatzea". Hori horrela, aditu bat baino gehiagok diote Nazio Batuen Erakundea ordezkatzeko nahikeria ikusten.
Ohiko tonu erasokorrik baliatu ez badu ere, NBEri kritika zenbait bideratu dizkio Trumpek, "gehiegitan huts egin izana" leporatuta. Otsailaren 19ko bileran zentzu beretik jo zuen, Bake Batzordea "NBE zaintzeko tresna" izanen dela adierazita.
Baina, benetan hartu dezake NBEren lekua? Handinahiak ez dakar beti emaitza, are gehiago 197 estatu ordezkatzen dituen instituzio bat dagoenean parean. Lehen bilerari dagokionez, 47 estatuburu edo gobernuburu zituen bere ondoan, tartean batzuk "behatzaile" gisa, batzordearekin oraingoz bat ez egiteagatik –horien artean zen, demagun, Europako Batzordea; eta presentzia horrek berak desadostasun handiak eragin ditu Europako kideen artean–. Cloé Maurel historialariarekin hitz egin du France Culture irrati publikoak eta argi du: "NBEren gainetik pasa nahi du, NBE zaharkituta utzi eta ahalaz, anitzez demokrazia gutiagorekin dabilen batzorde horrekin ordezkatuta". Ikusita zein dituen lehen kide iraunkorrak, "sarrera ordainduta osaturiko klub baten itxura" hartzen dio, eta are gehiago, "diktadore klub" batena.
Nazio Batuen instituzioa ordezkatzeko egingarritasuna aztertu du Le club des juristes webguneak bere Le Conseil de la paix : une nouvelle organisation internationale? [Bake Batzordea: nazioarteko erakunde berri bat?] artikuluan. Nahiz eta mugak ikusten dizkion 1945eko instituzioari, berez erakunde gorena dela oroitarazten dute. Hau da, estatu bat bi egituretan egonez gero, Nazio Batuen egiturak luke nagusitasuna, bere legediko 103. artikuluari segi: "Nazio Batuetako kideek dituzten betebeharren eta nazioarteko beste edozein akordioren arabera dituztenen artean gatazkarik sortuz gero, lehenengoek izanen dute lehentasuna".
Bake Batzordeak "nazioarteko zuzenbidearen arabera" jardungo duela baldin badio ere Trumpek, formularen lausotasunak kezka eragiten die juristei, are gehiago kontuan hartuta AEBetako presidenteak nazioarteko zuzenbideari begira duen "interpretazio malgua". Argiago erranda, bost axola zaio nazioarteko legedia, eta hor dugu azken froga: Venezuelaren inbasioa.
Bestalde, bake-bermeari dagokionez, bien zereginak konparatzen dituzte. Ofizialki, hiru esparrutan ekin nahian dabil NBE: prebentiboki, gatazkak saihesten; gatazken konponbidean; eta bakearen egonkortzean, ekimen politiko, ekonomiko eta sozialen bidez. Trumpen Bake Batzordeari dagokionez, ordea, ez da hain argi eta ondokoa diote juristek: "Formulazioen izaera ekibokoak, eta Trumpek Etxe Zurira itzuli zenetik sustatutako bake-plan ugarien ildotik, a priori, gatazka osteko (bir)eraikuntza ekonomikoan ardaztutako ekintzak uzten ditu agerian, Ekialde Hurbileko Rivierako proiektuaren antzera, nolabaiteko inperialismoak markatuak". Azkenik, indar armatuen aktibazioari dagokionez, berez NBEaren Segurtasun Kontseiluak luke azken hitza. Baina hori ere ez dago bermatuta, Trumpen jarrera ikusita.
Beste osagai bat ere gehitu du Maurelek France Culturen eskainitako elkarrizketan: diruz eta babesez ez dela iraganean bezain indartsu NBE. "Jada Trumpek ez du hartzen Nazio Batuen arauak errespetatzeko lanik, eta NBE ahulegia da jarrera hori zigortzeko, eta askotariko arau-hauste horiek gaitzesteko ebazpenak hartzeko". Batetik, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko bost kideek beto eskubidea izanik, "blokeoak" eta "paralisiak" ohikoak dira eta herrialdeen arteko "justizia-eza" areagotuz doa. Bestetik, diruz larri dago –nagusiki, AEBek 4.000 milioi dolar zor dizkiolako–. Oroit nazioarteko 66 instituzioetatik ateratzeko erabakia hartu dutela AEBek urte hastapenean, eta horietarik erdiak direla NBEri lotuta.
Hala eta guztiz ere, 197 kide izanda, NBE multilateralismoaren berme dela dio batak zein besteak; eta hori bada Bake Batzordearekiko alde nabariena. "Nazioartekoko ordenaren pribatizazio baten aitzinean gaude: Trumpen inguruan bideratuta dago eta botere osoa du", Maurelen hitzetan.
Zehaztu beharra dago Trump ez dela hor AEBetako lehendakari gisa eta bizi osorako presidengoa duela. Gaurko egunean, Bake Batzordeak 27 estatu-kide baino ez ditu biltzen –munduko biztanleriaren %18 bakarrik–, eta 60 estaturi bakarrik bidali die gonbidapena, Saharaz hegoaldeko Afrikako estatu bakar batek ere ez duelarik jaso. Kide iraunkor izateko 1.000 milioi dolar pagatu beharrak –egin ezean, hiru urterako izanen dute parte-hartzea– ere zeresana eragin du. Hots, multilateralismoaren kontrako norabidean doa arrunt Bake Batzordea.
Nazioarteko Harremanetarako Europako Kontseiluko ikertzaile Hugh Lovatt-ek dioenez, Trumpek "ez du multilateralismoa maite, kontzeptu horrek aditzera ematen baitu beste agintari batzuek, beste herrialde batzuek, haren botere bera dutela. (...) Nahiago ditu harreman aldebikoak edo hierarkikoak, Bake Batzordearen barruan bezala, mendera ditzakeelako".
AEBetako presidentearen erranetan, "7.000 milioi dolar baino gehiago" Gazara bideratzeko engaiamendua hartu dute hainbat herrialdek –Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Qatarrek nagusiki–, eta AEBek ere Bake Batzorderako 10.000 milioi dolarreko ekarpena iragarri dute Washigtongo bileran. NBErekiko zeingehiagokari dagokionez, erran beharra dago Nazio Batuen aurrekontua 5.400 milioi dolarrekoa dela. Bestela erranda, soilik Gazarako dirutzarekin gaindituta du NBEren aurrekontua.
Ikusi beharko da zer nolako norabidea hartuko duen instituzio berri horrek. Oraingoz ezjakintasuna eta mesfidantza dira nagusi. "Erregearen kontseiluaren" edota "Trumpen lagunen klubaren" itxura du erakunde berri horrek Bruno Tertrais politologoaren hitzetan, eta zaila zaio azalpen edota helburu politiko sendo bat kausitzea: "Azalpen logiko bat kausitzea ez da erraza, eta horregatik kontuan hartu behar da egoa eta dirua izan ohi direla Trumpen erabakien norabideak finkatzeko printzipioak". Horrek are gehiago hauspotzen du ezjakintasunak eta mesfidantzak eragindako kezka.