Analfabetatzeari ez

MAIDER LETURIAGA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Joan den otsailaren 5ean, Zabalik elkarteak Joseba Sarrionandia gonbidatua zuen, Otsail Ostegunak mintzaldi zikloan. Han egoteko xantzarik izan ez genuenok hitzaldiaren berri ukan ahal izan genuen Berria-ri esker, Ipar Euskal Herriko Hitza-n Oihana Teyseyre Koskaratek idatzi artikuluaren bidez. Kolonialismoaz eta poskolonialismoaz aritu zen, bereziki, Sarrionandia, eta azpimarratu zuen fenomenoak etenik ez duela izan Euskal Herrian, post- aurrizkiak faltsuki adieraz lezakeen arren. Ezen, urruneko kolonia "ohietan" bezala, kolonizazioa egiturazkoa dugu, hemen ere bai. Egiturazkoa, gizarte antolaketa osoan, bai eta gure pentsaeran eta hizkuntzan berean ere, "sintaxiraino" sartua delako, Sarrionandiaren arabera.

Poskolonialismoa 1970-1980ko hamarkadetan garatu zen gogoeta da, AEBetatik abiaturik, inperialismoa eta kapitalismoa biak bat doazela erakutsi zuena. Sarrionandiak azpimarratu bezala, garai haietan, jadanik, Manex Goihenetxek eta Emilio Lopez Adan Beltzak kolonialismoaren kontzeptua erabili zuten, Euskal Herriaren egoera esplikatzeko. Geroztik, Hego Euskal Herrian, bereziki, jorratzen den gaia da. Haatik, Ipar Euskal Herrian, oraindik baztertua den tabua da. Ezen, Frantzian, poskolonialismoa, eremu zientifiko gisa, duela hogei bat urte baizik ez zen onartu –eta Frantziak Europatik harago zeuzkan koloniekiko harremanak baizik ez aztertzeko, bistan dena–.

Madagaskar bezalako neo-analfabetoz beteriko kolonia "ohiak", zer bilakatuko dira? Espazio huts gisa ikusiko dituzte egungo herrialde boteredunek, bereganatzeko errazak eta egokiak

Donapaleuko solasaldian Sarrionandia publikoarekin elestatzen zela, ohartarazi zuen euskal idazleak badaudela, baina "galtzeko bidean den espeziea" irakurlea dela. Horrek oroitarazi dit Madagaskarko literatura garaikideaz irakurri berri dudana, Afrikako Hizkuntzetako Literaturen Entziklopedian (ELLAF): Madagaskarko literatur arloa dinamikoa da (tokiko hizkuntzan ekoiztutakoa ere bai, eremu frankofonoetan ez baita gutxi), baina "testuinguru sozioekonomikoa zaila delako, irakurlegoa nabarmenki murriztuz doa, irakurtzeko errefusa instalatzen da eta horrek analfabeto berri ugari sortzen ditu".

Eta Madagaskar bezalako neo-analfabetoz beteriko kolonia "ohiak", zer bilakatuko dira? Espazio huts gisa ikusiko dituzte egungo herrialde boteredunek, bereganatzeko errazak eta egokiak. Hori du erraten Marie Ranjanoro idazle malgaxe gazteak, histoirecoloniale.net webgunean. Europarrek asmatu funtzionamendu kolonialaren haritik, AEBak hasi dira beren immigranteak Afrikako kontzentrazio esparru batzuetara kanporatzen: Ruanda, Hego Sudan, Ghana edo Eswatini herrialdeekin izenpetu dituzte hitzarmenak, xede horren gauzatzeko. Ranjanorok gogorarazten du gisa horretako ideia ez dela berria: III. Reichak, Madagaskar planean, lau milioi judu uharte horretara deportatzekoak zituen –nehoiz gauzatu ez zen proiektua–. Egun, Ranjanororentzat dudarik ez da Madagaskar bezalako lehenagoko koloniak beti "joko eremuak direla, Mendebaldeko irudimenarentzat" eta, pragmatikoki, herrialde boteredunek "giza puskategitzat" dauzkatela, beren bortizkeriaren ondorioak xurituko dituzten eremu ezdeusak. 

Hainbat aditu frantsesek adierazten dute, egun, AEBen eta Europaren arteko zisma onartzeko eta aldarrikatzeko garaia jina dela. Eta, horrekin batean, Mendebaldea kontzeptua baztertzeko tenorea ere badela –Mendebalde (neo)(post)kolonialista, zibilizatzailea, unibertsalista, zapaltzailea–. Galdera da europar estatuek aldaketa horrekin bat eginen duten eta, Euskal Herriari doakionez, ttipi-ttapa ekiteko askatasun espazio aski ukanen dugun, ondoko urte eta hamarkadetan, gure haurrak ez ditzagun analfabetatzen ikus. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Kolonialismoa Historia
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.