USAID agentziaren desegitea: dekretu batek milioika hildako ondorioztatzen dituenean

  • 2025eko urtarrilaren 20an bere kargualdia oso zalapartatsuki hasi zuen Ameriketako Estatu Batuetako presidente berriak, hainbat dekretu izenpeturik. Besteak beste, AEBen laguntza humanitarioko programen %83 eten zituen, eta horiek kudeatzen dituen agentzia 2026ko irailerako itxiko zuela iragarri zuen. Erabaki horrek herrialde txiroenetan milioika heriotza eraginen lituzke.

Afganistanen malnutrizioa pairatzen duen ume bat artatzen du langile humanitario batek. Halako laguntzarako baliabideak agortzerakoan, eta ez badira ordezkatzen, milioika dira hilko diren umeak.Wikimedia
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

AEB, munduko lehen ekonomia izanik, laguntza humanitarioaren hornitzaile handiena ere izan da luzez. 2024an, munduko laguntza humanitario guztiaren %42 hornitzen zuen. United States Agency for International Development –Nazioarteko Garapenerako Estatu Batuen Agentzia, USAID akronimoz ezaguna– laguntza humanitarioaren munduko hornitzaile handiena zen, 2025eko urtarrila arte; hilabete hartan presidente berriak erabaki baitzuen agentzia horren diruztatzea %83 murriztea.

1961ean sortu zen USAID agentzia, Kennedy presidentearen kargupean, bortz helburu nagusi zituela: hondamendietan laguntza hornitzea, muturreko pobreziari aurre egiten laguntzea, arazo globaletan –ingurumena barne– kooperazio teknikoa bideratzea, garapen sozioekonomikoa egitea eta AEBen interesak sustatzea. Azken helburu horri dagokionez, gerra hotz betean, Afrika eta Asiako hainbat estatuk independentzia eskuratu berritan edo independentziarako borrokan, Sobietar Batasunaren eraginari aurre egiteko tresna ere bazen USAID. Hala izanik ere, milioika bizitza salbatu zituen, testuinguru prekariotan gutxieneko zaintza horniturik. SESB desagertu ondoren ere jarraitu zuen. 2025eko martxoan argitaratu zen How Many Lives Does US Foreign Aid Save? (Zenbat bizitza salbatzen ditu atzerriko AEBen laguntzak?) analisiaren arabera, 2000ko hamarkadako datuak azterturik, urtean 3,3 milioi inguru ziren salbaturiko bizitzak. Evaluating the impact of two decades of USAID interventions and projecting the effects of defunding on mortality up to 2030: a retrospective impact evaluation and forecasting analysis (USAIDen bi hamarkadako esku-hartzeen eraginaren ebaluaketa eta diruztatzea kentzearen eraginak hilkortasunean 2030era arte proiektatzea: atzera begirako eraginaren ebaluazioa eta aurreikuspen-azterketa) lanak, berriz kalkulatzen du 2001-2021 epean ia 92 milioi izan direla salbaturiko bizitzak, horietarik 30 milioi umeak izanda. Lan horrek kalkulatzen du ere USAID agentziaren desegitearen ondorioz hamalau milioi heriotza gehiago izan daitezkeela ondorengo bortz urteetan. Autoreek diotenez, eragina pandemia edo maila handiko gatazka militar baten muntakoa litzateke. Baina, isilagoak eta barreiatuak –munduan eta denboran– izateagatik, ez dira hedabide handien titularrak elikatzeko aproposenak.

Garestia omen zen

Democracy Now hedabideak jakinarazi duenez, estatubatuarrek urtean pertsonako 15.000 dolar inguru ordaintzen dute zergatan, horietarik 24 USAID diruztatzera bideratzen zirelarik. Aurrekontu federalaren %1 baino gutiagokoa zen USAIDena, baina estatubatuar gehienek uste zuten aurrekontu federalaren %25 joaten zela atzerriko laguntzara, eta hori %10era "murriztu" behar zela. Uste oker horiek ongi baliatzen jakin zuen "gobernuaren eraginkortasunerako" DOGE departamenduak, zeinak, dirua aurreztu baino, gobernu federalari 21.700 milioi dolar galarazi dizkion eta AEBetan 135.000 milioi inguru kostatuko duten albo-kalte ekonomikoak eragin dituen. Hori, AEBetatik kanpo kalteturiko bizitzak kontuan hartu gabe.

Xahuketa horren aldamenean nahiko xumea zen USAID: 2025 hasieran 10.000 langile zituen –Euskal Herrian proportzio bereko agentzia batek 93 langile lituzke–. Langile horietarik bat elkarrizketatu zuen Mediapart hedabideak iaz, murrizketa horien hasieran. Lau hitz erabiltzen zituen egoera laburbiltzeko: bapatekotasuna, basakeria, ankerkeria eta ezjakintasuna. "Erabat sinestezina da. Kaosa da. Ez dakigu deus ere, ezin dugu deus egin, ezin dugu lanik egin, Gure programa guziak, mundu osoan zehar, gelditzen ari dira. Ez dut hitzik, sinestezina da. Eta izugarriko hondamendia izanen da gure laguntza humanitarioa jaso ohi zuten milioika pertsonentzat".

Rovinaren hautua

Milioika pertsona horietarik dira Rovina izeneko hegosudandarra eta Jane haren alaba gazteena, The New Yorker hedabideak plazaraturiko Rovina’s choice (Rovinaren hautua) film laburrean agertzen direnak. Rovina Kenyan errefuxiatua da, haurdun zelarik haren senarra Hego Sudanen hil zen. Janek 2025ean muturreko malnutrizioa eta inflamazioa pairatzen zituen. Amak ospitalera eraman zuenean, giltzurrunak eta gibelak ez zuten normalki funtzionatzen eta azala galtzen hasia zen. Hamar egunez egon zen Rovina Janekin ospitalean, eta bertze umeek, etxean zeudenek –bertatik hamabi kilometrora–, janaririk ez zuten jada. Jane hobetzen hasi zela ikusirik, Rovinak erabaki zuen ezkutuka Janekin ospitaletik etxera itzultzea bertze umeak zaintzeko. Ospitalean ez zen erizain nahiko eta ez ziren ihesaz ohartu. Jane oraindik nekaturik eta ahul zegoen eta eguzkipean amaren bizkar gainean zapiz loturik egindako hamabi kilometro horiek gehiegi zitzaizkion. Biharamunean hil zen. Ume bat zaindu ala bertzeei jaten ematera joan: inongo amak ez lioke halako hautu bati aurre egin behar. Jane bezalako zenbat milioi ume izanen dira oinarrizko zaintza eskasean? Negu Gorriak taldeak abesturiko Bertolt Brechten olerki batek zioen "hiltzeko era ugari dago, [...] ogia ukatu, gaixotasun bat sendatu ez". USAID programen eteteak ez du bertzerik egiten.

Zer diruztatzen zuten lehen eta zer orain?

2004tik 2024ra, muturreko malnutrizioa pairatzen zuten umeen hilkortasun tasa Kenyako iparrean %20tik %1era apaltzea lortu zuten, osasun publikoan aditua den Atul Gawandek aipatu film laburrean azaldu duenez. "Formula aurkitu genuen, hona ekarri genuen eta orain berriz kentzen ari gara", dio adituak, ondokoa gehituta: "Eta eztandaren uhina etortzeko dago oraindik: txertaketa gutiago, HIESa eta tuberkulosia kontrolik gabe berriz hedatzea, milioika pertsona kalteturik". Larrialdiko laguntza eta umeen malnutrizioa sendatzea ez ziren USAIDen egiteko bakarrak: tuberkulosia, malaria eta HIESaren aurkako botikak eta txertoak ere ekartzen zituen, eta horiek zuten bizitza gehien salbatzen laguntzen.

Zoritxarrez, Ameriketako Estatu Batuak ez dira laguntza humanitarioa murrizten hasi den herrialde bakarra. Bozkatu berri den Frantziako Estatuaren aurrekontuan 800 milioi euro gutiago izanen dira garapenerako laguntzarako, eta Osasun Globaleko Erakundearen arabera horrek milioi bat bizitza zuzenki mehatxatzen ditu. 

1970ean munduko herrialde aberatsenek adostu zuten BPGaren %0.7 bideratuko zutela Hego globalerako garapenera. 55 urte geroago, batezbertzekoa %0,4 da eta AEBak edota Espainiako Estatuak ez dira horren erdira ere iristen. Are okerrago: joera ez doa hobera. 


Donald Trump kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Hurrengoa!

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.