NaizPresidente
NaizPresidente
Autoekoizpena, 2025
-------------------------------
NaizRoxa talde bortitzaren kideek aspaldi ohartarazi gintuzten "Iqharaturic" geundela gizateriaren hondamendiaren ateetan, baina ez genien kasurik egin. Hala iragarri ziguten, gainera, haientzat propio egin zuen eta seguruenik Mikel Laboaren azken grabazioa izan zen hartan. Bada, dagoeneko Mikel joan zitzaigun, dena doa pikutara eta Cosmic Tentacles-eko maisuek azalean eta diskoaren barnean egindako ilustrazioek ezinhobeto irudikatzen dute barruan aurkituko duguna: hondamendia.
Eta orain, ia 20 urte geroago, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) NaizRoxa zirenek eta Gasteizko Vicepresidentes taldeko arimak NaizPresidente Frankestein-a eraiki eta jarri dute martxan, garai makur hauetan zapaltzen gaituzten agintari egolatra horien aurka merezitako energiaz, amorruz eta ozpinkeriaz oka egiteko. Bazen ordua halako amorrazioak eta egiak biak batean euskaraz ozen jaurtitzeko.
Presidente izan nahi dut abestia da laukotearen asmo erakusle argia, hasiera-hasieratik aurkituko dugunaren zalantza zipriztinik uzten ez duena, thrash, doom, Jousilouli taldearen eskola eta gordinkeria minutu eskasean laburtuta. Berehala dator Ni naiz Moises, garai hauetako gehiegikeriari eta inpunitateari oihukatutako stoner bizi-bizia, tenpo erdiak eta eskola zaharreko thrash-a ere dakarrena, itzela. Emaidazu Orfidal, alienazio sakonetik iratzartzeko thrash-core tarteka pisutsua eta tarteka "zapatilleroa", danbatekoa. Ke bonba bat da stoner pieza erraldoia, desertuko mamuei inongo inbidiarik ezta beldurrik ez diena. Extremeños terror, arrazakeriaren kontrako alegazio eskizoa, Spazztic Blurr-en ahaidea. Tartean Lanian lanian da beharraren mitoari buruzko hausnarketa eta, jakina, atsedenaldia. Jarraian dator indartsu stonerra eta rocka garraztu eta azaleratzen dituen Zenbakiak baino ez: egiazkoa eta borobila. Ez gaituzte maite, botere eta ustelkeriaren zartadak batzen ditu hardcorea, metal jostari zein pisutsua, stonerra eta guturala; hainbeste dago esateko! Eta, azkenik, Lapurrak da gorrotagarrienei zuzendutako muturreko metala.