Epe luzerako ikuspegia eta pentsatzeko gaitasuna urritzen zaizkigula nabaritzen dugunean, arazoen seinale izaten da. Ezaguna dugun orubea aldatu eta aurrean dugunaren interpretaziorako heldulekuak galtzen ditugunean, ohikoa izaten da beldurrak azaleratu eta posizio erreakzionarioetarako joerak agertzea. Normala da, eta gure bizitzetako aspektu askotan egoera horretan gaude, baina kolektiboan aurrera egin behar dugu, egunerokotik.
Har ditzagun gure egunerokoa determinatu eta eraldatzen duten hurbileko bi gai, energia eta teknologia digitalak. Biak dira goizean esnatzen garenetik gurutzatzen gaituzten gaiak, erabileraz gure bizitzak markatzen dituzten eremuak, horien inguruko arazoak urrun ikusten baditugu ere. Ekonomia globaleko eskalan erabakitzen diren aferak direla uste dugu, eta gure egunerokoa markatzen badute ere, desmaterializatzeko joera izaten dugu, gure eragin esparrua txikiegia iruditzen zaigulako, eta horrek aldaketarako aukera murrizten digu.
Trantsizio sinplerik ez dago, eta konplexutasuna ulertzearekin batera pauso egingarriak diseinatu beharko ditugu
Eskala estrukturalean eragiteko aukera ematen du trantsizionalki pentsatzeak. Erronka handiegien aurrean, egiteko dagoena prozesu konplexu eta sozial bezala ulertu behar dugu, eta materialitatea egunerokotik egin. Trantsizioak eskala handian pentsatu behar ditugu, eta egunerokoan antolatu, justuak, eraldatzaileak eta bizigarriak izatea nahi badugu. Trantsizio sinplerik ez dago, eta konplexutasuna ulertzearekin batera pauso egingarriak diseinatu beharko ditugu, eskala txikian eta handian jardun beharko dugula onartuta, eskala behetik gorako logika saretuetan landuta, konplexurik gabe.
Egunerokoan, berriz, ziurtasunaren bila aritzea izango dugu oztopo, eta aldizkari honetako 2951. zenbakian Diana Francok proposatu zuen bezala, trantsizio horietan "migratzaile digitalak", trantsizioetan gabiltzan migratzaileak, garela onartu eta horrek sortzen dizkigun ezinegonak landu beharko ditugu. Aldaketa ez da erosoa, trantsizio prozesuak gure gorputzetara eta egunerokora eramatean deseroso egongo gara han eta hemen, eta horregatik behar dugu bide hauek elkarrekin egitea.
Trantsizio luzeak ditugu aurretik, eta praktikatik eraikitzea da bidea. Horregatik handitu dut nire parte hartzea Torrekua, Stop Fosilak!, Goazen Lagunok!, eta Ekiherri herriko energia komunitatea bezalako proiektuetan. Egunerokotik, kolektiboan, eskala maila ezberdinetan, trantsizio energetiko eta digitalean (eta etorriko direnetan) aurrera egin, pentsatu eta antolatzeko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.